unaionederra -ri buruz

Antiguotarrak gara gu tralaralarala tralarala

Ali antza

Ireki zaitez Sesamo!”, eta harkaitza ez da mugitu. Altxorra barruan dago, baina hitz magikoek jada ez dute balio. Nola mugitu sarrera eragozten duen harritzarra?

Amaitu duzu lana gaurkoz. Eman dizkiozu enpresari eman beharreko 8 orduak. Orain asanblada batera zoaz, eta gauean bilera duzu bazterketaren kontrako plataformakoekin. Lanean, bestela, gustura zabiltza: enpresa txikia da, talde giro ona duzue, egiten duzun lana atsegin zaizu, eta eroso bizi zara irabazten duzunarekin.

Betetzen zaituena, ordea, lanetik kanpo egiten dituzun hamaika mobidak dira. Ez duzu aspertzeko betarik. Alde batetik bestera beti, bilera amaigabetik amaigabera, kontsumismoaren kontra borrokan, baztertuekin elkarrizketan, pobreziaren kontrako mobilizazioetan, bidezko merkataritzako postuetan… Militante nekagaitza zara, zeure ideiekin kontsekuentea.

Ulertzen ez duzuna da sindikatuen mundu hori. Zure enpresan ez da horrelakorik. Ez duzu sindikatuko inor ezagutzen, eta beraietaz dakizuna entzun edo irakurtzen dituzun kontuak dira: alperrontziak direla, ipurterreak, berekoiak, ilargian bizi direla, greba egiten besterik ez dakitela, ez dutela ezertarako balio, dirulaguntzetaz bizi direla…

Tere ordezkari sindikala da. Erreferente bat bere lankideentzat. Ez zuen uste ordezkari lana hain zaila izango zenik, eta zerrendetan joateko eskatu ziotenean baiezko eman zuen, jaso zuen txapa handiak akituta. Hasieratik garbi zeukan gauzak ongi egin nahi zituela. Burubelarri murgiltzen zen arazoekin zetorkion lankide bakoitzarekin. Buruhauste asko, kezka gehiago, lorik gabeko gau franko. “Nork demontrek agindu zidan niri hemen sartzea?”

Tereri krisia egokitu zaio. Enplegu erregulazioak, lan erreformak, murrizketak, enpresako itunaren negoziazioa. Langileei arnasa ematen saiatzen da, baina zaila da. Lehenengo berak hartu behar du, eta ez zaio tarte gehiegirik gelditzen. Jendea beldurtuta dago, bere kontuak ditu. Antolakuntzaren eta afiliazioaren beharraz hitz egiten saiatzen da behin eta berriro, baina kontuak izkin asko dauzka! Nola konbentzitu jendea?

Enpresan sortzen zaizkion betebeharrez gain, sindikatuak deitzen dituen mobilizazioetan, ere, hartzen du parte. Eskerrak normalean ordu sindikalak balia ditzakeen, bestela bereak egingo luke! Sindikatuko militante fina da, eta gelditzen zaion denbora pilak kargatzen saiatzen da, bateriak off egin ez dezan.

Gaur Terekin gelditu zara, berriro, zerbait hartzeko. M29ko manifan egin zenuen topo berarekin. Eskolatik ez zenuen ikusi. ELAko pegatina zeraman soinean. Neska interesgarria iruditu zitzaizun, betidanik Ez zenekien ELAn zebilela, baina begira, gizarte zuzenagoaren aldeko borrokak elkartu zintuzten berriro. Hortxe dator bera. Grebarako zure babesa emateko idatzi zenuen emaila etorri zaizu gogora: “Apoyo la huelga de los sindicatos sin que sirva de precedente…”

Baditut lagunak “sin que sirva de precedente…” gau batean liatu zirenak. Batzuk, oraindik, elkarrekin darraite. Ez da erraza; desberdinen artean proiektu amankomuna eraikitzeko bidea hesiz betea dago. Mesfidantzak gainditu behar dira, urratsak moldatu, hizkuntza desberdinak bateratzen joan, orduak, egunak eta urteak hitzak trukatuz. Horrela borroka txiki batzuk irabazi dituzte; beste batzuk galdu. Borroka nagusiarekin zer gertatuko den, auskalo! Baina, elkarrekin zoriontsu bizi dira mundu hobe baterako sarrera oztopatzen duen harritzarra mailukatzen dabiltzala dakitelako.

Kalea

Barrainkua, goizeko zortziak. Emakume bat Circulo de Lectores parean liburuei begira. Harrituta pasa nintzen bere ondotik. Zeregin ezean, denbora pasa zebilela zirudien, goizeko ordu horietan, normalena, presaka dabilen jendea topatzea denean. Tabernara sartu nintzen, kafea hartzera, buruan emakumeari buruzko nire pelikula egiten nuela.
Han bertan topatu nuen tabernatik ateratzean, eta hitz egiten hasi ginen berak egindako galdera batetik abiatuta.
Bilbon gauzak asko garestitu zirela esan zidan, oso garesti zegoela guztia. “Donostian okerragoa da gauza. Han taberna batean sartze hutsagatik hamar euro erakutsi behar dituzu” nik. “Hemengoa al zara? Azentuan igartzen zaizu” berak. “Bai, jende askok esaten dit. Ni normalean euskaraz aritzen naiz, eta gero gaztelaniaz ez zaizkit hitzak etortzen…”. “Ba hemen jende askok egiten du gaztelaniaz”. “Bai baina nire inguruan euskaraz egiten dugu gehienok. Zu nongoa zara ba?” “Zamorakoa”.
Pare bat kontu gehiago esan eta ezker eskua luzatu zidan. Nik eskuko trasteak bestera pasa eta eskua eman nion. Baina keinuren bat egingo nuen, berak bi muxu emateko imintzioa egin baitzuen. Ez nuen behar bezain azkar erreakzionatu eta muxurik eman gabe alde egin genuen, behar bezala agurtu ez nuen sentipenak gaztigatzen ninduela.
Ez naiz kalean aurkitzen dudan lehen pertsonarekin hitz egiten hasten den horietakoa. Elkarrizketa berez sortu zen, naturaltasunez, berak egindako galderarekin: “¿no tendrás un euro para tomar un café?

Kooperatibismoa eta sindikalismoa ataka berean

Askotan entzuten dut sindikatuak kooperatiben kontra gaudela. Esaldi hau entzunda txundituta gelditzen naiz. Behin eta berriro ELAk 1976 onartu zituen printzipioak irakurtzen ditut: sindikatuak  “pertsona eta herri libre eta arduratsuak lortzeko lan egingo du, eta hori gauzagarri izango da produkzio, kontsumo eta kultura medioak langileen eskura eta zerbitzura egongo diren sozialismoan”.  Behin eta berriro irakurtzen ditut, ere, errepublika garaian ELAk sortu zituen kooperatiba, mutualitate, ekonomatoetaz diharduten duten liburuen pasarteak. Eta entzuten ditut kasuak, enpresa pribatua ixtear dela, langileek jabetza hartu eta kooperatiba bihurtzen dutenak sindikatuen laguntzarekin .
Iruditzen zait batzuetan jendeak ahaztu egin duela, edo ez dakiela, sindikatu bat zer den.  Demokrazia guztion balore gailentzat hartzen dugun honetan, normaltzat hartzen dugu enpresetan kapitala duenak agintzea eta langileek obeditzea. Iraultza frantsesak ez zuen ekonomia demokratizatu, eta ezta enpresa pribatuak ere. Enpresa batean enpresariak dauka boterea, eta nahi duena egin dezake langileekin, langileak soldata behar duelako hilko ez bada. Ez dago berdintasunik, langilea ahula da, eta enpresariak ahalik eta zuku gehien aterako dio. Enpresarien botere horretatik babesteko langileen batasuna da sindikatua; kontraboterea, enpresak eta ekonomia demokratizatzeko.
Beraz, kooperatiba, langileen esku eta zerbitzura dagoen enpresa bat bada, ezinezkoa da sindikatua kontra egotea, hain justu hori baita sindikatuaren helburua. Beste kontua da zenbait kooperatiba errealitatean zer diren, eta askotan tamainarekin du zerikusia, tamaina batetik aurrera kooperatibismoak bere funtsa gal baitezake. Esate baterako, nork erabakitzen du zer, zenbat, eta zeinentzat produzitu? botere desberdintasunik ba al da langileak edozer gauza onartzera behartzen dituena?  ba al dauka kooperatibak botere horren gehiegikerietatik langileak babestuko dituen erremintarik?
Nafarroako Caprabo saltokia Eroskik erosi zuenekoa datorkit burura. Eroskik langileak kooperatibista egiteko kanpaina abiatu zuen, langile bakoitzarekin bat banaka kooperatibista izatearen onurak besterik kontatuz. Langileek 9.000 euro ordaindu behar zuten hasteko, eta ordainean soldata igoerak eta urte amaierako irabazien banaketa eskaintzen zitzaizkien. 850 langileetatik 420k eman zuten baiezkoa.
Egun, ia guztiak damututa daude Ez dute sekula mozkinik jaso, soldatak izoztu eta lanordu gehiago onartu behar izan dituzte. Ezin dute protestarik egin, babesik gabe daude eta ezin dute erreklamazio legal, are gutxiago eskaera sindikalik egin. Urtean 200 ordu gehiago lan egiten dute hilean 50-100 euro gehiagoren truke.
Hau ez da nik kooperatibatzat hartzen dudan eredua. Hasteko mehatxuka eta ia behartuta bazkide egiteko eskatzen zaio jendeari. Zertarako eta lan ordu gehiago sartzeko. Zertan, eta  Eroskiren lehiakortasuna bultzatzen. Kooperatibismoa bokazioarekin, gizartea zerbitzatzeko proiektu kolektibo borondatezkoarekin lotzen dut.
Horrekin zerikusirik gutxi zuen txiste bat zebilen Arrasateko kooperatiba munduan orain urte batzuk. Ba omen zuen txakur zaindari bat Fagorrek, inguruan pertsonaren bat azaltzen zen aldiro zaunka hasten zena. Behin, ordea, norbait ondotik pasa eta ixilik jarraitu zuen egonean. Pertsonak harrerakoari galdetu zion: “Zer gertatzen zaio zakurrrari, gaixorik al da?” “Ez, bazkide egin dute”.
Bazkideen funtzionarizazioak eragiten zituen alferkeria eta utzikeriaz egiten zuen barre txisteak, lan baldintza egokiak ezinbestean hori zekarrelakoan. Jakina hori ez dela horrela. Utzikeria eta alferkeria motibazio ezak eragiten du, eta horretan enpresako proiektuak eta langileei eskatzen zaien lan ereduak dute eragina. Baina txistea beste era batera ere uler daiteke: txakurra otzandu egiten da bazkide eginda.
Langilea otzandu daiteke botereari aurre egiteko mekanismorik ez duelako, edo neoliberalismoaren arra barruan sartu zaiolako, hori baitu txarra neoliberalismoak, hegemonikoa egin zaigula kulturalki ere. Horrelaxe gaude, botere ekonomikoen menpe. Vicenç Navarrok oso ongi azaltzen du kontu hau eta halaxe egin zuen  MUn Arizmendiarrieta topaketetan egin zuen hitzaldian: “langile publikoak soberan ditugula esaten dutenei esan behar zaie Europako batez bestekotik oso urrun gaudela, eta ekonomia demokratikoagoa nahi badugu langile publiko gehiago falta direla.” Galderen txandan hiruzpalauk, gogor ekin zioten funtzionario gehiegi dauzkagula esaten, Navarrok emandako datuei entzungor. Neoliberalismoaren arra guztiok daukagu sartuta, eta  deigarria egin zitzaidan funtzionario kooperatibisten amorrua funtzionario publikoen kontra. Pribatizazioen bidez eta lan eskubideak murriztuz gizarte justuagoa lortuko dugula uste dute ba? Nondik ekarri nahi dute alternatiba? Edo, alternatibarik nahi al dute?
Kooperatibak gizartea eraldatzeko sortuak izan ziren, baina kontua da kooperatibak merkatuaren lehian murgilduak sorgingurpil batean harrapatuta daudela. Lehiakortasunaren izenean internazionalizazioa, deslokalizazioak, behin-behineko langileak, bazkide ez diren langile geroz eta gehiago, lan baldintza kaxkarragoak… Hori guztia merkatuaren itsasoan ez itotzeko. Kuriosoa lehiakortasuna hobetzeko lan baldintzak okertzea  new management-ek guztiz kontrakoa egiteko dioenean. Langileak zaindu, motibatu, enpresak demokratizatu gehiago hazteko. Norbaitek argituko al dit kontraesan hau?
Behin merkatuaren itsasoan murgilduta MCCren kooperatibismoak jarraitzen al du gizartea eraldatzeko instrumentu izaten? Korporazioko buruek kapitalismoari alternatiba bilatu nahi diote, ala eroso al daude enpresa kapitalistentzat new management-aren eredu izanda? Nola ulertu bere presentzia Gipuzkoa Aurrera batean, Greba deialdien aurrean hartutako jarrera, 12 bazkide epaitegietara eramatea, Indian eta Txinan, kapitalismo basatienaren aktore bat gehiago bihurtzea? Ez al du sistemak MCC irentsi?
Horra galdera, eta sindikatuek badakigu zerbait hortaz. II mundu gerra baino lehen sozialismoaren alde borrokatzen ginen, kapitalismoa gainditzeko asmoz. Ongizate estatuaren gozokia dastatuta, kapitalismo gizatiarra onartu, eta sistemaren parte izatera iritsi ginen, borrokarako grina ahulduz Hori aprobetxatuta etorri zen eraso neoliberala. Agur kareta guztiei. Eta eraso honen aurrean zer egin du sindikalgintzak? Batzuk elkarrizketa sozialaren antzerkiarekin jarraitu, gobernuen finantzaketaren menpe bizi direlako. Afiliazioari esker finantza autonomia daukagunok ordea askatasuna daukagu sistema honi aurre egiteko. Ongi baitakigu: borrokatuz gal dezakegu, baina borrokatu gabe galduta gaude.
Sindikatu bakoitzak bere hautua egin du. Garai kritikoan bizi gara, ezinbestekoa da hautatzea. Orain arte aberastasunaren banaketa justuagoaren alde borrokatu izan dugu. Kooperatibek ere horretan ekarpen handia egin dute. Arazoa da, gaur egun zer aberastasun sortu behar den, ere, erabaki behar dela kontzienteki, merkatu itsuak gidatutako hazkunde ereduak natur baliabideak ahitzera eraman baikaitu.
Petrolio merkearen garaia amaitu da, eta giza beharretan oinarritu behar dugu aberastasunaren sorrera, naturaren mugak errespetatuz eta sortutakoa ongi banatuz. Horretarako, ekonomia kontziente eta arduratsua izateko, politikak ekonomiaren gainetik egon behar du. Eta hori ez da lortzen zerbitzu publikoak murriztuz eta pribatizatuz, edo autogestio mugimenduak merkatuaren logika itsuan murgilduz. Ataka berean gaude guztiok.

Udaberri berria

Aurten udaberria aste bete atzeratuko da. Ez du lozorrotik atera nahi. Hotzak kikiltzen du, bihotz izoztuetatik datorren haize bolada honek. Bertan goxo gustura dago, behetik gora ongi estalia. Koloreek eta biziak apurtxo bat gehiago itxaron beharko dute. Eta guk, eutsiko al diogu udaberri nahiari?
Ez da  erraza izango. Orain gutxi beste atzerapen bat izan genuen. Negu ekaitza batek otsailaren 4rako deitua genuen manifestazioa atzerarazi zigun.  Luzea egin zitzaigun itxaronaldia. Luzeagoa 25erako bidean beste ekaitza larriago bat gainera bota zigutenean: Lan eta Negoziazio Kolektiboaren erreforma. Tenperaturak zerora igotzeko indarrik ez zuenean utzi gintuzten biluzik, lehiakortasun, produktibitate, eta mozkin hotzen aurrean inolako babesik gabe. Dardarka, sudurrak blai, yetiaren azpian.
Ez da berria. Ez da bat batean, krisiari irtenbide bila zebiltzala, bururatu zaien ideia. Aspalditik bilatzen zutena gauzatzeko aukera profitatu dute. Hotzez, izoztuta mantendu nahi gaituzte, berogailu ziztrinenera, ere, gerturatzeko edozer gauza onartzera behartuta egon gaitezen.
Ez da hori, ordea, bilatzen duten gauza bakarra. Gu guztiok biluzik uzteak badu beste ondorio bat: jantzita daudenekiko lotsa, sumisioa. Berogailuak dituztenak ongi jantzita utzi baititu erreforma honek. Eta gu, biluziok, erakusleiho batean jarri gaituzte gure mitxelin, zimur, eta orban guztiak agerian ditugula, jantzita utzi dituztenentzat antolatu duten pasarelan aurrera eta atzera.
Baditu gauza onak, ere, egoera honek (beti eutsi behar diogu alde onari). Ohitu egiten da bat biluztasunera, lotsa galtzen du, eta gorputza zaildu egiten zaio. Are gehiago, biluzik gaudenon artean sortzen den konplizitateak identitate bat ematen digu. Ezer ezkutatzeko ez dutenen artean harreman natural eta sakona sor daiteke. Eta hori ongi antolatuz gero, asko lor daiteke.
Bestalde, inoiz baino ageriago geldituko da zein dagoen jantzita, nork duen berogailua. Jakina, hotzak, lotsak, ahultasunak eraman gaitzake bat banaka berogailura gerturatzera. Onar dezakegu jantzita daudenek agintzen diguten oro. Azken finean hori da nahi dutena. Baina berogailura gehiegi gerturatuz gero erre egin gaitezke, batez ere, eskaintzen digutenak duen kalitate eskasagatik.
Beraz, bat banakako irtenbide hori ez da epe luzerako baliagarria. Hiltegira daramatzaten ardi eskilatuak baino ez ginateke izango. Bestea da benetan merezi duen bidea, biluzien artean sortzen den harreman horretatik sor daitekeena. Ez dugu ahaztu behar berotzeko modu egokiena elkar berotzea dela, eta ez naiz zenbait kaskodunen borra eta pilotakadaz ari. Gure artean zenbat eta gehiago gerturatu, zenbat eta gehiago izan, are eta goxoago egongo gara, indar eta konfiantza handiagoa lortuko dugu. Ez zen hori izan otsailaren 25ean Bilboko kaleetan bizi izan genuen sentsazioa? Ez al zen hori izan aurreko hiru grebetan hiriburutan eguerdian elkartu ginenak bizi izan genuena?
Kalera atera ez zirenek ez dakite zer sentitzen den bertan, nolako indar eta itxaropenak hartzen gaituen. Baina guk badakigu. Edozein ekintza da eraginkorra etxean inor gelditzen ez denean. Grebak, kazeroladak, plaza okupazioak geldiezinak dira baldin eta guztiok bertan topatzen bagara. Arabiarrek, argentinarrek eta islandiarrek izan dute beraien udaberria. Gurea 29an loratuko da itxaropen eta indarrez.
Kalean ikusiko gara. Gora greba orokorra!

Bokazioa ez esplotatzea denean

Gora bokaziozko lana, bokazioa esplotatzea ez denean. Gora sormenak munduari egiten dizkion opari ederrak. Gora langile zein ekintzailea betetzen duen ongi egindako lana. Bizitzari zentzua ematen dion gure aportazioa. Gizarte hobea lortzeko elkarlana. Gora bizitza posible egiten duen zaintza lana, ahulenak eta gehien sufritzen dutenen egoera hobetze aldera ematen diren biziak. Gora auzolana, atsedena, festa, alaitasuna, gizartearen beharrak asetzeko lan kolektiboa, oparitu zaigun planeta honekiko maitasunezko erlazioa. Gora irri, negar, lan, neke, besarkada trukaketa boluntarioa. Gora ekonomia demokratikoa.

Behera lan esplotatua. Behera merkatu, mozkin, hazkunde eta leihakortasun itsuak. Behera lan baldintza miserableak. Behar hutsagatik gure lan gaitasuna saldu beharra. Behera burua makurtu eta edozer gauza onartzera behartzen gaituen kapitalismoa. Behera kapitalismoa beste alternatibarik ez dela esanez langileak eta planeta nahierara erabili nahi dituztenak. Behera bizitzaren zentruan enpresa jartzen dutenak, enpresan eman gaitezen bizitza guztia antolatu nahi digutenak.  Behera gehien dutenen diktadura ekonomiko-politikoa. Behera esplotatzaile boteredunei botere osoa ematen dien lan erreforma. Behera lan erreforma txalotzen dutenak. Behera indartsuenaren legea.

Gora babesik gabe utzi dituen lan erreforma honen kontra antolatzen diren esplotatuen borroka. Gora esplotatzaileen aurrean modu kolektiboan erantzuten diotenak. Gora, ere, eplotazioaren tamainagatik jazarpenean bizi eta antola ezin daitezkeen esplotatuak. Bizitza aurrera ateratze hutsarekin husten direnak.  Gora otsoari mozorroa kendu eta bere haginak agerian uzten dituena. Gora bestelako mundu baten sinistu eta berau lortzeko esplotatzaileen kontra borrokatzen dutenak. Gora Greba Orokorra!

Flexiseguridad euskaraz

Berdina al da ur basoa eta baso ura? Ez, ezta? Euskaraz hitzen ordenak badu garrantzia. Ez al dizute inoiz sagardo botila bat eskatuta kasko huts bat ekarri, irribarrearekin “botila sagardoa esan behar da” esanez? Niri bai. Gauza da, euskaraz, azken hitzak definitzen duela esanahia. Eta kontu handia izan behar da hitzekin; inuzenteki hizkeran hitz berri bat sartuta, konturatu gabe atzetik, ezarian, ideologia bat barneratzen baitigute.

Orain, krisia dela eta, lan erreforma berri bat inposatu nahi diguten honetan, Europa iparraldetik, Danimarkatik zehazkiago, Flexicurity-a inportatu nahi digute. Hori ei da gure gaitz guztiak konponduko dituen miraria, eta horretaz hitz egiten da bolo-bolo. Jakina, hitz egin, eta idatzi, herri honetan batez ere espainieraz egiten da, eta arazorik gabe flexiseguridad bezala itzuli dute ditxosozko edabe miragarria.

Zorionez badugu, oraindik, euskarazko egunkari bat, eta berauk eman digu hitz preziatuaren euskarazko ordaina: malgusegurtasuna. Hementxe datoz nire dudak.

Danimarkan itzulpen hau egokia dela esango nuke. Han, presio fiskal altu batekin eta gizarte babes sendo batekin, langilearen segurtasuna bermatua dago. Langileek malgutasuna onartu dute, baina segurtasuna ziurtatuta dutela jakinda. Garatu duten sistema hau ez da gauetik goizera ezarri duten zerbait, urteetako kultura eta garapen baten emaitza baizik.

Gatozen orain Euskal Herrira, eta zoritxarrez Madrilera, oraindik gizarte segurantza espainiarren eskutan dago eta. Zertaz ari da patronala flexiseguridad-eaz hitz egiten digunean? Malgutasunaz ari da, argi eta garbi. Langileon segurtasuna bost axola zaie. Horren erakusle da urtetik urtera, erreformaz erreforma, langileak (ahulenak) babesteko sortu zen langileen estatutua hustuz joan direla mozkinen mesedetan. Langileok, bai, malgusegurtasuna eska dezakegu, baina patronalak ez. Patronalak segurmalgutasuna da eskatzen duena. Geure indarrak soilik bihur dezake segurmalgutasuna malgusegurtasun. M29 greba orokorra!

Mugimendu sozialen auzolana

Fumar mata. Horixe jartzen du tabako paketeetan. Eta jendeak erretzen jarraitzen du. Esaten dute momentuan bertan osasunean kalterik nabaritzen ez delako izan daitekeela. Kaltea epe luzera sortzen ei da, eta jabetzen garenerako askotan beranduegi izaten da. Berbera gertatzen omen da wifiarekin, mobilekin, uhin magnetikoekin…
Ur berotan egosten den Igelaren ipuinak dioena da: igel bat ez da inoiz sartuko irakiten dagoen uretan, sartzen duzun momentuan erre egiten baita eta jauzi batez ihes egiten baitu. Ur epeletan sartuta ordea, eta ura apurka-apurka berotuz, igelak egosita amaituko du, geroz eta erlaxatuagoa baitago ur epeletan, ura 100 gradura iristen denerako salto egiteko gaitasuna galduta.
Galdetu ekologistei ea ez den egia hori. 60. hamarkadatik ari dira esaten planetak mugak dituela, desarrollismo itsuak hondamendira eramango gaituela, baina ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dugu. Petrolioa eta beste lehengaiak amaitzen ari dira, baina AHTarentzako piloitzarra etxe ondoan plantatuta aurkitu arte ez gara mugitzen.
Berbera esan dezakete feministek ere. Generoagatik ematen den edozein desberdintasunen aurrean, edo emakume bat erasotua den bakoitzean, pankarta atzean ez da nahi adina jende atzematen. Baina, hurrengoa zeu izan zaitezke! Modu berean xenofobiak gorantz egin arren, etorkinen kontrako neurri bat bestearen atzetik onartzen diren arren, kaleak ez dira betetzen. Hurrengoan zu izan zaitezke eta etorkina! Laguntza sozialak ere behera eta behera, eta mugimendu sozialetako jende prestuak ekintza ikusgarriak egin behar ditu argazkietan ateratzeko, ez baitute jende asko biltzea lortzen. Baina hurrengo baztertua zeu izan zaitezke eta! Zerrenda nahi adina luza daiteke  langabeekin, desjabetuekin, jazartuekin…
Sindikatuetan ere berbera gertatzen da askotan. Zaila da jendea mugiaraztea, eta askotan sindikatuak ezertarako balio ez duela pentsatzen du askok EREa berari egokitu arte.
Gehiengo sindikalak greba egin zuen 2009an esanez politikak aldatzen ez baziren murrizketak etorriko zirela, eta hala izan da: doikuntzak, murrizketak, lan erreformak, pentsio-sistemaren erreforma, Negoziazio Kolektiboaren erreforma…
Eta zer politika dira salatzen genituen horiek? Azken 30 urteetan aplikatzen ari diren erabakietaz ari ginen, neoliberalismoa deritzon horretaz. Erabakiak hartzen joan dira: merkatuak zabaldu, deslokalizazioak bultzatu, enpresa publikoak pribatizatu, behin behineko kontratuak sortu, ETTak martxan jarri, kapital eta enpresen errentei zergak barkatu, zerbitzu publikoak murriztu, eraikuntzaren burbuila elikatu… Erabakiak hartzen joan dira ekonomia guztia finantzen esku utzi arte.
Urak 100 ºC-ak lortu al ditu jada? Zenbatera gaude irakiten hasteko puntutik? Jauzia eman eta  lapikotik ateratzeko gai izango ote gara? Izango gara baldin eta jabetzen bagara ekologisten, feministen, langabeen, baztertuen, etorkinen, desjabetuen, langileen arazoek zuzenean ukitzen gaituztela. Ez dira besteen arazoak, nireak baizik. Ni gelditu naiteke urik gabe, gasik gabe, elektrizitaterik gabe. Ni izan naiteke indarkeria sexistaren hurrengo biktima. Ni izan naiteke hurrengo etorkina, ni hurrengo langabetua, ni hurrengo desjabetua, hurrengo baztertua. Zu eta ni oso hauskorrak gara.
Konturatzen bagara besteen arazo desberdin horiek nireak ere badirela; konturatzen bagara irtenbidea ez dagoela besteen esku, gu garela aldaketa eragin behar dugunak, orduan jabetuko gara borroka desberdinen arteko auzolana beste biderik ez dugula: borroka bakoitza bere baserriarekin, berea den horretan ekin eta ekin, besteek lan hori ezin baitute egin. Nork bere baserriak jori eta emankor mantentzeak egiten du herria bizi, eta baserrien arteko auzolanak emango digu indarra egiteko jauzi.

Zergatik murrizketak arlo publikoan?

Arlo publikoko Murrizketak arrazoi hauegatik egiten dira:

- Arlo publikoa gehiegi garatu da. ¿Es el sector público excesivo?

- Langile publiko gehiegi dago. En España no sobran funcionarios sino defraudadores y los dirigentes patronales que los encubren

- Langile publikoak pribilegiatuak dira. Osasunbidean behin-behinekotasun tasa %44,5koa izan zen 2008an

- Defizita apal mantentzeko gastuak jaitsi behar dira. Defizit=diru sarrerak-gastuak. Zergatik ez dira diru sarrerak igotzen?

- Zergak igotzen baditugu aberatsek alde egingo dute. Europako aberatsek askoz zerga gehiago ordaintzen dituzte eta ez dute ospa egiten.

- Ez dago beste inon gastuak murrizterik. AVEs, Aeropuertos, Autopistas y Tranvías

Murrizketak egiten krisitik aterako al gara? EZ, kontrakoa baizik. Krisiak eta langabeziak langileoi eragiten digun beldurra erabiltzen dute murrizketak egin eta gaur administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzuak pribatizatzeko. Negozio iturri berria krisia eragin dutenentzat. La ofensiva del capital sobre la sanidad pública.  La doctrina del shock

Zer desberdintasun dago, baina, zerbitzu publiko eta pribatuaren artean? zerbitzu publikoak gizartearen beharrei erantzuten die, eta zerbitzu pribatuek mozkinak dituzte helburu. Horregatik gelditzen dira behar asko estali gabe, eta sortzen dira behar superfluoak mozkinak lortzearren. Arlo publikoko lanaldi igoerak eta soldata jaitsierak gainera, arlo pribaturako eredu gisa erabiliko dira.

Zein kaltetzen dute murrizketa hauek? arlo publikoko langileak, arlo pribatuko langileak, zerbitzu publikoen erabiltzaileak, herritarrak oro har.

Zeinen alde egiten dira orduan? Kapitalaren alde. Zergatik?  La oscura financiación de los partidos

Egoera honi buelta emateko indarra baino ez zaigu falta Tenemos que obligarles a hacerlo

Otsailaren 4an denok Bilbora!

Amaitu da biniloaren garaia

Akordatzen al zara binilozko diskoetaz? Nik ahaztuak nituen. Baina zenbait mediotan kanta bat pintxatzen hasi dira, binilozko garaian ere entzuten zena, eta bapatean etorri zait disko beltzaren irudia. Oroimen grafikoa deitzen diote.

Kantua zuk ere ezagutuko duzu. Klasiko bat: “Non dago ELA?” edo bere remix bertsioa: “Orain ELAk zer egingo du?”. Harrigarria da berriro kanta hura entzutea, demostratzen duelako badela jendea 100 urte pasata ere, Hego Euskal Herriko langileen %36aren babesa eta ehun milatik gora afiliatu dituen euskal sindikatu nagusia ez duena ezagutzen.

Beraz, labur eta zu ez aspertzeko moduan errepikatuko dut: ELA langileekin dago enpresetan eta kalean, kapitalaren erasoaren aurrean babesa eskainiz, negoziazio kolektiboetako mehatxuei aurre eginez, milaka espediente indibidual zein kolektibori erantzunez, eta alternatiben alde borrokatuz; alternatibak badaude eta. Zentzu horretan gehiengo sindikalaren barnean hiru grebak antolatu, dekalogoa gizarteratu, eta Kutxen bankarizazioaren kontra egin du. Balio handiko lana. Krisiaz aprobetxatu nahi direnen kontra egin diren mobilizazio nagusi eta ia bakarrak, zoritxarrez. Ez da ahaztu behar mobilizazio hauek guztiak Ezker Abertzalea, EA, Aralar eta Alternatibaren babesa jaso zutela. ELAk hortxe jarraitzen du, erasoa ez baita amaitu, eta geroz eta larriagoa baita.

Baina binilozko diskoek bi alde dituzte, baita maxi-single klasiko honek ere. Arraroa da, beraz, alde bateko kanta baizik ez jartzea. Beste aldekoa ez al dute entzun nahi? Ez al zaie kanta gustatzen? Zein da, baina, B aldeko kantu izkutatu hori? Horratx: “Zer egingo du ezkerrak gobernura iristean?”

Joxerra Gartziari kenduko dizkiot hitzak: berdin dio gobernua noren esku dagoen, eskuinaren dotrina ezartzen dute denek. Historikoki demostratua dago gobernura iristen diren ezkerreko alderdiek eskuinerantz jotzen dutela, ezkerrerantz tiratzen dituen mugimendu sozial eta sindikalik ez badute.

Egoera ekonomiko eta soziala ez da batere hobetu. Are gehiago, geroz eta okerragoa da. Baina bada aldatu den zerbait: arestian aipatutako alderdi gehienak gobernu arduretara iritsi dira. Pentsa genezake dekalogoa eta grebak babestuta, eta Kutxen pribatizazioaren kontra azalduta, gauzak aldatuko zirela.
Hasiera, behintzat, ez da oso itxaropentsua izan: Kutxa Bank sortzearen aldeko boza gehiengo sindikalarekin hitz egin gabe eta gure eskaerak baztertuz; dekalogotik urrun gelditzen diren neurri fiskalak, gurekin hitz egin gabe ere. Dekalogoko 9. puntuak zioena ez ahaztearren: erabaki ekonomiko eta sozial garrantzitsuak gizarte eragileekin hitz eginda hartuko dira.

Gerta liteke gehiengo sindikalaren mobilizazio eta eskaerak, eta autodeterminazioa bera, hauteskundeak irabazteko erabiltzea. Zilegia da, eta boterea lortzeko alderdien arteko borrokan ohikoa. Baina, behin hauteskundeak irabazita zer?

Egun ez dago indar harremanik autodeterminazioa lortzeko, ezta beste eredu sozioekonomiko batera jauzi egiteko ere. Abertzaletasunera eta ezkerrera jende gehiago erakarri behar dugu. Ezinezkoa aliantza eta estrategia partekaturik gabe. Errespetuan, harreman kode adostuetan eta desberdintasunen onarpenean oinarritutako aliantzetaz ari gara. Euskal Herri langilearen nahi eta beharrei erantzungo diona, naturaren mugak eta herrialde pobretuak kontuan hartuta.

Itzal dezagun tokadiskoa eta eser gaitezen hitz egitera, alderdien hauteskunde lehien interesetatik askatuta langileen nahi eta beharrei erantzungo dion gehiengo sindikala sortzeko. Langileak, borrokak aurrera darrai!

Zergara gu?

Zergatik zergara alde handia dago. Zergek zer garen zertzen dute. Zergatik? Zer o no zer, garenetik izan nahi dugunera jauzia egiteko ezinbestekoa delako herriak aukeratutako administrazioek kaulitatiboki eta kalitatiboki baliabide gehiago biltzea. Kalitatezko politika egiteko: fiskalitatea.

Politiketan ez da aldaketarik etorriko zerga-politikan erreforma sakonik egin gabe. Beraz, sakon aztertu beharko dugu erreren forma. R: buru bat gainean eta bi hanka azpian. Hankak kenduz burua besterik ez zaigu gelditzen: D. Eta orduan erreforma ordez zergen deforma dator. Horrekin ez dago politika aldaketarik.

Zeintzuk dira, baina, bi hanka horiek? bide instituzionala eta soziala. Aldaketa egiteko presio sozialik gabe, jendea erretzeaz gain, erreak hanka bat galduko luke: P. Orduan ez genuke zerga erreforma izango baizik eta, barka erderakada, una P. reforma.