Udaberri berria

Aurten udaberria aste bete atzeratuko da. Ez du lozorrotik atera nahi. Hotzak kikiltzen du, bihotz izoztuetatik datorren haize bolada honek. Bertan goxo gustura dago, behetik gora ongi estalia. Koloreek eta biziak apurtxo bat gehiago itxaron beharko dute. Eta guk, eutsiko al diogu udaberri nahiari?
Ez da  erraza izango. Orain gutxi beste atzerapen bat izan genuen. Negu ekaitza batek otsailaren 4rako deitua genuen manifestazioa atzerarazi zigun.  Luzea egin zitzaigun itxaronaldia. Luzeagoa 25erako bidean beste ekaitza larriago bat gainera bota zigutenean: Lan eta Negoziazio Kolektiboaren erreforma. Tenperaturak zerora igotzeko indarrik ez zuenean utzi gintuzten biluzik, lehiakortasun, produktibitate, eta mozkin hotzen aurrean inolako babesik gabe. Dardarka, sudurrak blai, yetiaren azpian.
Ez da berria. Ez da bat batean, krisiari irtenbide bila zebiltzala, bururatu zaien ideia. Aspalditik bilatzen zutena gauzatzeko aukera profitatu dute. Hotzez, izoztuta mantendu nahi gaituzte, berogailu ziztrinenera, ere, gerturatzeko edozer gauza onartzera behartuta egon gaitezen.
Ez da hori, ordea, bilatzen duten gauza bakarra. Gu guztiok biluzik uzteak badu beste ondorio bat: jantzita daudenekiko lotsa, sumisioa. Berogailuak dituztenak ongi jantzita utzi baititu erreforma honek. Eta gu, biluziok, erakusleiho batean jarri gaituzte gure mitxelin, zimur, eta orban guztiak agerian ditugula, jantzita utzi dituztenentzat antolatu duten pasarelan aurrera eta atzera.
Baditu gauza onak, ere, egoera honek (beti eutsi behar diogu alde onari). Ohitu egiten da bat biluztasunera, lotsa galtzen du, eta gorputza zaildu egiten zaio. Are gehiago, biluzik gaudenon artean sortzen den konplizitateak identitate bat ematen digu. Ezer ezkutatzeko ez dutenen artean harreman natural eta sakona sor daiteke. Eta hori ongi antolatuz gero, asko lor daiteke.
Bestalde, inoiz baino ageriago geldituko da zein dagoen jantzita, nork duen berogailua. Jakina, hotzak, lotsak, ahultasunak eraman gaitzake bat banaka berogailura gerturatzera. Onar dezakegu jantzita daudenek agintzen diguten oro. Azken finean hori da nahi dutena. Baina berogailura gehiegi gerturatuz gero erre egin gaitezke, batez ere, eskaintzen digutenak duen kalitate eskasagatik.
Beraz, bat banakako irtenbide hori ez da epe luzerako baliagarria. Hiltegira daramatzaten ardi eskilatuak baino ez ginateke izango. Bestea da benetan merezi duen bidea, biluzien artean sortzen den harreman horretatik sor daitekeena. Ez dugu ahaztu behar berotzeko modu egokiena elkar berotzea dela, eta ez naiz zenbait kaskodunen borra eta pilotakadaz ari. Gure artean zenbat eta gehiago gerturatu, zenbat eta gehiago izan, are eta goxoago egongo gara, indar eta konfiantza handiagoa lortuko dugu. Ez zen hori izan otsailaren 25ean Bilboko kaleetan bizi izan genuen sentsazioa? Ez al zen hori izan aurreko hiru grebetan hiriburutan eguerdian elkartu ginenak bizi izan genuena?
Kalera atera ez zirenek ez dakite zer sentitzen den bertan, nolako indar eta itxaropenak hartzen gaituen. Baina guk badakigu. Edozein ekintza da eraginkorra etxean inor gelditzen ez denean. Grebak, kazeroladak, plaza okupazioak geldiezinak dira baldin eta guztiok bertan topatzen bagara. Arabiarrek, argentinarrek eta islandiarrek izan dute beraien udaberria. Gurea 29an loratuko da itxaropen eta indarrez.
Kalean ikusiko gara. Gora greba orokorra!

Advertisements

Tagged:

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: