Kooperatibismoa eta sindikalismoa ataka berean

Askotan entzuten dut sindikatuak kooperatiben kontra gaudela. Esaldi hau entzunda txundituta gelditzen naiz. Behin eta berriro ELAk 1976 onartu zituen printzipioak irakurtzen ditut: sindikatuak  “pertsona eta herri libre eta arduratsuak lortzeko lan egingo du, eta hori gauzagarri izango da produkzio, kontsumo eta kultura medioak langileen eskura eta zerbitzura egongo diren sozialismoan”.  Behin eta berriro irakurtzen ditut, ere, errepublika garaian ELAk sortu zituen kooperatiba, mutualitate, ekonomatoetaz diharduten duten liburuen pasarteak. Eta entzuten ditut kasuak, enpresa pribatua ixtear dela, langileek jabetza hartu eta kooperatiba bihurtzen dutenak sindikatuen laguntzarekin .
Iruditzen zait batzuetan jendeak ahaztu egin duela, edo ez dakiela, sindikatu bat zer den.  Demokrazia guztion balore gailentzat hartzen dugun honetan, normaltzat hartzen dugu enpresetan kapitala duenak agintzea eta langileek obeditzea. Iraultza frantsesak ez zuen ekonomia demokratizatu, eta ezta enpresa pribatuak ere. Enpresa batean enpresariak dauka boterea, eta nahi duena egin dezake langileekin, langileak soldata behar duelako hilko ez bada. Ez dago berdintasunik, langilea ahula da, eta enpresariak ahalik eta zuku gehien aterako dio. Enpresarien botere horretatik babesteko langileen batasuna da sindikatua; kontraboterea, enpresak eta ekonomia demokratizatzeko.
Beraz, kooperatiba, langileen esku eta zerbitzura dagoen enpresa bat bada, ezinezkoa da sindikatua kontra egotea, hain justu hori baita sindikatuaren helburua. Beste kontua da zenbait kooperatiba errealitatean zer diren, eta askotan tamainarekin du zerikusia, tamaina batetik aurrera kooperatibismoak bere funtsa gal baitezake. Esate baterako, nork erabakitzen du zer, zenbat, eta zeinentzat produzitu? botere desberdintasunik ba al da langileak edozer gauza onartzera behartzen dituena?  ba al dauka kooperatibak botere horren gehiegikerietatik langileak babestuko dituen erremintarik?
Nafarroako Caprabo saltokia Eroskik erosi zuenekoa datorkit burura. Eroskik langileak kooperatibista egiteko kanpaina abiatu zuen, langile bakoitzarekin bat banaka kooperatibista izatearen onurak besterik kontatuz. Langileek 9.000 euro ordaindu behar zuten hasteko, eta ordainean soldata igoerak eta urte amaierako irabazien banaketa eskaintzen zitzaizkien. 850 langileetatik 420k eman zuten baiezkoa.
Egun, ia guztiak damututa daude Ez dute sekula mozkinik jaso, soldatak izoztu eta lanordu gehiago onartu behar izan dituzte. Ezin dute protestarik egin, babesik gabe daude eta ezin dute erreklamazio legal, are gutxiago eskaera sindikalik egin. Urtean 200 ordu gehiago lan egiten dute hilean 50-100 euro gehiagoren truke.
Hau ez da nik kooperatibatzat hartzen dudan eredua. Hasteko mehatxuka eta ia behartuta bazkide egiteko eskatzen zaio jendeari. Zertarako eta lan ordu gehiago sartzeko. Zertan, eta  Eroskiren lehiakortasuna bultzatzen. Kooperatibismoa bokazioarekin, gizartea zerbitzatzeko proiektu kolektibo borondatezkoarekin lotzen dut.
Horrekin zerikusirik gutxi zuen txiste bat zebilen Arrasateko kooperatiba munduan orain urte batzuk. Ba omen zuen txakur zaindari bat Fagorrek, inguruan pertsonaren bat azaltzen zen aldiro zaunka hasten zena. Behin, ordea, norbait ondotik pasa eta ixilik jarraitu zuen egonean. Pertsonak harrerakoari galdetu zion: “Zer gertatzen zaio zakurrrari, gaixorik al da?” “Ez, bazkide egin dute”.
Bazkideen funtzionarizazioak eragiten zituen alferkeria eta utzikeriaz egiten zuen barre txisteak, lan baldintza egokiak ezinbestean hori zekarrelakoan. Jakina hori ez dela horrela. Utzikeria eta alferkeria motibazio ezak eragiten du, eta horretan enpresako proiektuak eta langileei eskatzen zaien lan ereduak dute eragina. Baina txistea beste era batera ere uler daiteke: txakurra otzandu egiten da bazkide eginda.
Langilea otzandu daiteke botereari aurre egiteko mekanismorik ez duelako, edo neoliberalismoaren arra barruan sartu zaiolako, hori baitu txarra neoliberalismoak, hegemonikoa egin zaigula kulturalki ere. Horrelaxe gaude, botere ekonomikoen menpe. Vicenç Navarrok oso ongi azaltzen du kontu hau eta halaxe egin zuen  MUn Arizmendiarrieta topaketetan egin zuen hitzaldian: “langile publikoak soberan ditugula esaten dutenei esan behar zaie Europako batez bestekotik oso urrun gaudela, eta ekonomia demokratikoagoa nahi badugu langile publiko gehiago falta direla.” Galderen txandan hiruzpalauk, gogor ekin zioten funtzionario gehiegi dauzkagula esaten, Navarrok emandako datuei entzungor. Neoliberalismoaren arra guztiok daukagu sartuta, eta  deigarria egin zitzaidan funtzionario kooperatibisten amorrua funtzionario publikoen kontra. Pribatizazioen bidez eta lan eskubideak murriztuz gizarte justuagoa lortuko dugula uste dute ba? Nondik ekarri nahi dute alternatiba? Edo, alternatibarik nahi al dute?
Kooperatibak gizartea eraldatzeko sortuak izan ziren, baina kontua da kooperatibak merkatuaren lehian murgilduak sorgingurpil batean harrapatuta daudela. Lehiakortasunaren izenean internazionalizazioa, deslokalizazioak, behin-behineko langileak, bazkide ez diren langile geroz eta gehiago, lan baldintza kaxkarragoak… Hori guztia merkatuaren itsasoan ez itotzeko. Kuriosoa lehiakortasuna hobetzeko lan baldintzak okertzea  new management-ek guztiz kontrakoa egiteko dioenean. Langileak zaindu, motibatu, enpresak demokratizatu gehiago hazteko. Norbaitek argituko al dit kontraesan hau?
Behin merkatuaren itsasoan murgilduta MCCren kooperatibismoak jarraitzen al du gizartea eraldatzeko instrumentu izaten? Korporazioko buruek kapitalismoari alternatiba bilatu nahi diote, ala eroso al daude enpresa kapitalistentzat new management-aren eredu izanda? Nola ulertu bere presentzia Gipuzkoa Aurrera batean, Greba deialdien aurrean hartutako jarrera, 12 bazkide epaitegietara eramatea, Indian eta Txinan, kapitalismo basatienaren aktore bat gehiago bihurtzea? Ez al du sistemak MCC irentsi?
Horra galdera, eta sindikatuek badakigu zerbait hortaz. II mundu gerra baino lehen sozialismoaren alde borrokatzen ginen, kapitalismoa gainditzeko asmoz. Ongizate estatuaren gozokia dastatuta, kapitalismo gizatiarra onartu, eta sistemaren parte izatera iritsi ginen, borrokarako grina ahulduz Hori aprobetxatuta etorri zen eraso neoliberala. Agur kareta guztiei. Eta eraso honen aurrean zer egin du sindikalgintzak? Batzuk elkarrizketa sozialaren antzerkiarekin jarraitu, gobernuen finantzaketaren menpe bizi direlako. Afiliazioari esker finantza autonomia daukagunok ordea askatasuna daukagu sistema honi aurre egiteko. Ongi baitakigu: borrokatuz gal dezakegu, baina borrokatu gabe galduta gaude.
Sindikatu bakoitzak bere hautua egin du. Garai kritikoan bizi gara, ezinbestekoa da hautatzea. Orain arte aberastasunaren banaketa justuagoaren alde borrokatu izan dugu. Kooperatibek ere horretan ekarpen handia egin dute. Arazoa da, gaur egun zer aberastasun sortu behar den, ere, erabaki behar dela kontzienteki, merkatu itsuak gidatutako hazkunde ereduak natur baliabideak ahitzera eraman baikaitu.
Petrolio merkearen garaia amaitu da, eta giza beharretan oinarritu behar dugu aberastasunaren sorrera, naturaren mugak errespetatuz eta sortutakoa ongi banatuz. Horretarako, ekonomia kontziente eta arduratsua izateko, politikak ekonomiaren gainetik egon behar du. Eta hori ez da lortzen zerbitzu publikoak murriztuz eta pribatizatuz, edo autogestio mugimenduak merkatuaren logika itsuan murgilduz. Ataka berean gaude guztiok.

Advertisements

Tagged: , , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: