Tamainak inporta al du?

1.000 milioi pertsona gosez bizi da munduan datu ofizialen arabera. Ez da elikagai falta, ez. Mundu guztia eta gehiago asetzeko janaria egon badago, baina gaizki banatua. FAO erakundeak 2009ean emandako datuen arabera, 30.000 milioi euro beharko lirateke urtean arazo larri honi amaiera emateko. Dirutza izan arren, injustizia hau konpondu nahi ez duen inor egon al daiteke? Badirudi baietz…

Hamarkadak daramatzate erreskate eske behar larrian dauden milioika pertsona hauek ezertxo ere jaso gabe, eta zer, eta bankuak izan dira erreskatatuak: El País-en arabera 8 Estaturen artean, honezkero, 1,2 bilioi euro eman dizkiete bankuei diru publikotik. Diru horrekin akabo gosea munduan 40 urtetarako! Izugarria da, baina egia berdaderua.

Halako aldrebeskeria zuritzeko bankuak ezin direla erortzen utzi diote. Handiegiak omen. Beraz, argituta gelditzen da mendeak erantzun gabe zeraman galdera: tamainak inporta du.

Hain justu, arlo publikoa gizenegia delako ari omen dira murrizketak murrizketaren atzetik ezartzen. Dieta gogorra botere ekonomikoaren aurrean fin eta lirain azal dadin. Halaxe nahi baitute, ongizate estatu anorexikoa.

Baina bada ulertzen ez dudan gauza bat. Ez al dago kontraesan bat hemen? Bankuak handiegiak direlako salbatu, eta arlo publikoa, aldiz, handiegia delako akatu. Kontxo! Dirudienez azkarregi eman diogu erantzuna galdera unibertsalari. Badirudi ez dela tamaina kontua.

Europak 100.000 milioi mailegatu dizkio Espainiako estatuari bankuen zuloak, soilik bankuenak, estaltzeko. Eta nork itzuliko dio diru hori interesak gehituta Europari? Esaten dutena esaten dutela, Estatua da mailegua itzuli beharko duena %3ko interesekin. Baina nondik hartuko du dirua Gobernuak behar larrian dagoen garai hauetan? Zuk bera duzu erantzuna zoritxarrez: gure patriketatik, orain arte egin duten bezala, Europako Troikak berak ezarriko baititu mailegua itzultzeko hartu beharreko neurriak: BEZ-a igo, langile publikoak kaleratu, soldatak jaitsi, pentsio publikoetan guraizea sartu, osasungintza eta hezkuntza publikoan murrizketetan sakondu… Azken finean, ongizate estatua argaldu Bankuak gizentzeko. Pertsonak libreago egiten dituen elkartasun saretik kendu, irabazien esklabu diren putreei emateko.

Kontua zaharra da. Betidanik dago pastel bakarra, handiagoa izan ala txikiagoa. Gauza da nola partitzen den. Azken hiru hamarkadatan zati geroz eta handiago kendu digute, eta egun gertatzen ari dena da Kapitalaren azken kolpea: shock egoera sortu betidanik egin nahi izan dutena egiteko. Zer? ongizate estatua negozio iturri bihurtu esku pribatuetara pasata.

Erreskate” honek ezagutzen dugun gizartea goitik behera aldatuko du, azken lan erreformak orain arte ezagutu ditugun lan harremanak aldatuko dituen moduan. Bankuentzat da erreskatea eta guretzat amildegirako azken bultzada. Pobreziak eta behar larriek gora egingo dute, daukagun ongizate estatu pobreak eskaintzen digun babes apurra pikutara botatzen duten bitartean. Galdera da: elkartasun sare hau desagertuta, nork eta nola bermatuko du elkartasuna?

Ez da makala Eusko Langileen Alkartasunak aurrean daukan erronka. Izan ditu lehenago halakoak, baita latzagoak ere, eta jakin du erantzun egokia ematen. Nork dio ez dugula orain ere berdin eginen?

Advertisements

Tagged: , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: