Zer zor?

Zorra gora eta zorra behera (ez nahastu, mesedez, gaztelaniazko hitzarekin!). Dirua behar baduzu, daukanari eskatu behar, eta daukanak bere baldintzak ezartzen ditu. Ez dago gehiego eztabaidatu beharrik. Halaxe da eta kito.
Merkatuek dirua daukate, eta estatuek ez. Estatuek merkatuei eskatzen diete dirua, eta hauek interes eta baldintza jakin batzuk exigitzen dizkiete gobernuei: gastu soziala murriztu, langile publikoak kaleratu, BEZa igo, jubilazio adina atzeratu, soldatak jaitsi, lan erreformak egin, etb. Gobernuek ez dituzte politika hauek aplikatu nahi, baina dirurik ez dagoenez, ez dago beste erremediorik. Merkatuek eta Europak agintzen dute.
Erraz ulertzen da kontua. Ez du konplikaziorik. Oparotasun garaia pasa da eta orain sakrifizioak onartu behar ditugu, jende arduratsua bagara. Gauzak argiak eta errazak dira, ez da behar galderarik. Hala komeni da behintzat, galderak egiten hasiz gero pitzadurak azaltzen baitira, konplikazioak.
Behin norbaiti entzuten diozu 2001ean Argentinak zorrak ordaintzeari uko egin ziola. Kontxo, hori egin al daiteke? Beste bati Ekuadorrek beste horrenbeste egin zuela 2007an; eta egunkari arraroren baten Islandiako kasua irakurtzen duzu.
Badirudi, beraz, zorrak ez direla beti ordaindu behar. Badagoela legedi bat dioena zenbait kasutan zorrak ez ordaintzea legezkoa dela. Historian zehar adibide mordoxka omen daude. Baina, non azaltzen da hori guztia krisiaz betetzen diren informazio orrialde andanetan? Ba, hementxe duzu, eskuartean duzun koadernotxo honetan.
Gertatzen dena da, behin galdetzen hasita, galdera bat bestearen atzetik datorkizula. Zorra ordain daiteke edo ez baldintzen arabera. Baina zorra nondik dator? Zergatik da estatuen, enpresen eta jendearen zorra hain handia? Halabeharra da, edo erabaki politiko batzuen ondorio?
Zergatik jo behar dute Europako estatuek merkatuetara diru bila? Nondik lortu dute dirua merkatu horiek? Eta dirua duten horiek exigitzen dituzten politika horiek beti berberak al dira, ala herrialdez herrialde eta baldintzen arabera aldatzen dira? Ezartzen diziguten neurriek norbaiti egiten al diote mesede?
Galdera guztiok erantzun sinpleak dituzte, Europan gertatzen ari dena azaltzeko orri hasieran kontatu dizudan kontakizuna bezain erraz eta sinplea, baina beste ikuspuntu batetik kontatua. Gertakari guztiak alde desberdinetatik kontatu baitaitezke, eta hasieran kontatutako hori, hain justu, krisiarekin aberasten ari direnen ikuspegitik sortutakoa da.
Gertatzen ari denaren gure kontakizuna, langileena (enplegua izan ala ez, autonomo izan ala kooperatibista, bertan jaioa izan zein kanpotik etorria, emakume zein gizon, etxedun zein etxegabe) orri hauetan daukazu, komeni zaizkigun irtenbideekin batera; Eric Toussaint eta Antonio Sanabriak uztaileko uda ikastaroan esandakoak ahaztu ez, gogoan txerta ditzagun.
Zertarako? Gure alternatibak jendearen artean zabaltzeko.  Esaten baitute egiten ari direna egitea beste erremediorik ez dagoela. Jakina, beraien onurarako hau egitea besterik ez dago. Baina gure onurarako beste neurri batzuk dira hartu beharrekoak. Eta nork irabazten du? Indar gehien duenak.
Alternatibak badaude, indarra da falta zaiguna. Horixe da hain justu mobilizazioekin bilatzen duguna: indar harremanean irabazi, energiaz kargatuz eta gure kontakizuna zabalduz. Hurrengo geltokia: irailaren 26ko Greba Orokorra.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: