Ivan Gimenez:«Hasierako militantea erromantikoagoa zen, konpromiso argikoa»

Ivan Gimenez kazetariak “ELA en Nafarroa” liburua argitaratu berri du. Horren arira Joxerra Senarrek Berriako Egitura gehigarrian (2012/09/09) egindako elkarrizketa dakart hona interesgarria iruditzen zaidalako besteak beste hau diolako Ivanek: “gu ez gaude erakundeetatik kanpo sindikatu abertzalea izateagatik, benetako sindikatua izateagatik baizik”

Euskalerria irratian egin zioten elkarrizketa ere hemen daukazu

Uneko lehentasunen ondorioz, ELAk kasu bakanetan baino ez du begirada atzera bota. Nafarroan ehun urte bete dituela baliatuta, hutsune hori estaltzera dator Ivan Gimenez. Gaur egungo langile belaunaldientzat balio handikoa dela uste du.

«Ivan, kazetaria eta nafarra izanda, zergatik ez dituzu ELAren Nafarroako historiari buruzko ohar batzuk egiten?». Iazko martxoan, ekitaldi batean proposamen hori egin zioten Manu Robles Arangiz fundazioko kide Ivan Gimenezi (Iruñea, 1976) eta baiezkoa eman zuen. Hasieran ohar soil batzuk izan behar zirenak, azkenean liburu bilakatu dira: ELA en Nafarroa, 100 años de transformación y lucha—ELA Nafarroan, ehun urteko eraldaketa eta borroka—. Gimenezek aitortu du zenbat eta gehiago sakondu ikerketan «gero eta altxor distiratsuagoak» topatu dituela, baina hainbeste datu eta testigantza izateak zailtasunak eragin dizkio liburua idazterakoan. Egungo langile belaunaldiei iragana ezagutarazteko balio izatea espero du.

Izenburuan ELAren ehun urteko er aldaketa aipatzen da.Zein eraldaketa orokor izan du?

Erakunde batek ehun urte irauten baditu, halabeharrezko aldaketak ditu. ELAk ere bai. Bere sorreran, kristautasun kutsua zuen. Leon XIII. aita santuaren rerum novarum entziklika ospetsua zen bere oinarri ideologikoa. Lehen solidario haiek justizia soziala eta guztien arteko anaitasuna iragartzen zuten, baina denborak aurrera joan ahala, borrokatu gabe hori lortzea ez zela posible ikusi zuten. 1934ko urriko Asturiasko meatzarien altxamendua oso adibide esanguratsua da. Modu ez-ofizialean bada ere, sindikatuak borrokarako erabakia hartu zuen. Alderdi abertzaleak grebara ez joateko agindua eman ondoren, Iruñeko eta Tafallako solidarioek grebara deitu zuten, eta Tafallakoak kartzelaratu egin zituzten. Horrek badu bere balioa.

Irudipen orokorra da urte askoz EAJri lotuta egon zela,baina argi uzten duzu autonomia izateko kezka bazuela 30eko hamarkadan.

36ko gerraren aurretik ez dago daturik, eta ezin dugu erlazionatu gure afiliatuak beste alderditako afiliatu ere ba ote ziren. Oso zaila da. Dena den, detaile bat. Gerran, Euskal Itsas Armadan inkesta bat egin omen zuten marinelen jatorri ideologikoari buruz, eta ELAren lau afiliatutik bakarra zen EAJren afiliatua. Proportzio hori eraman dezakegu beste arlo guztietara, gerra aurretik. Dario Ansel historialari italiarrak frogatu du gerra izan ez balitz, bide bereiziak egingo lituzketela ELAk eta EAJk.

Sindikatua Bilbon sortu eta urtebetera, ezarri zen ELA Nafarroan. Nolakoak izan ziren lehen urteak?

Hutsune handia dago, eta jada ez dugu konponduko.

Zergatik galdu dira datuak?

Adibidez, Iruñean gerraren lehen egunean, 1936ko uztailaren 19an, Jose Luis Garcia Falces kale Nagusiko ELAren egoitzara joan eta artxibo guztiak erre zituen aitak aginduta —ELAko Nafarroako presidente zen— . Hori Iruñean gertatu bazen, beste tokietan ere bai. Horregatik, orain ehun urteko lehen solidario horien inguruan ez dago jakiterik.

ELAko kideak solidario deitzen ziren, Bienvenido Durruti ren anarkista taldea bezala.Nolakoak ziren ELAko solidario haiek?

Garai hartako militanteak nolakoak ziren ezagutarazteko hainbat biografia agertzen dira liburuan. Erromantikoagoa zen jarduera. Agian, ikuspegi sindikala garatu gabe izan arren, bazekiten zer egin behar zuten. Zapaldurik direnen alde lan egiteko asmoa eta borroka zuten. Bakoitzak bere erara, ondo antolatu gabe, baina konpromiso argi eta pertsonalarekin. Horren adibidea dira Aingeru Irigarai, Pablo Artxanko, Julia Fernandez Zabaleta…

Hain zuzen ere,erresistentzia kutxa, sortu zuten duela 80 urte.

Duela 80 urte sortu ziren Iruñean erresistentziarako sozietateak. Gremioek osatzen zuten. Beharra zegoela ikusten zuten, eta, beste gauzek garrantzia bazuten ere, gakoa hori zen. 80 urte geroago, behar hori ikusten duen sindikatu bakarra da ELA, baina hori zen sindikatu guztien sorrerako arrazoia.

Liburuan,datuekin batera, testigantzek bere garrantzia dute.Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Asko hunkitu ninduen Jose Maria Amadozen historiak. Jarauta kalean jaio zen. Iruindar petoa zen. Iruñeko bulegarien federazioko idazkaria zen. 20 urterekin, Francoren aurka borrokatzeko Euskal Gudarostean sartu zen, eta gerra galdu ondoren Santoñako portuan harrapatu zuten. Azken gauean bere arrebari idatzitako eskutitza badugu. 22 urterekin fusilatu egin zuten solidarioa izateagatik Derion. Badira beste istorio asko. Emilio Majuelo eta Josu Chueca historialariek beti esan izan dute jende xumearen historia ez dagoela idatzita. Horien omenez ere idatzi da liburu hau.

Gerrak erabat hautsi zuen sindikatua. Nolakoak izan ziren ondorengo urteak?

Oso ilunak. Batzuk kartzelaratu zituzten, eta Iruñeratzean ELAko militante izateari utzi zioten halabeharrez. Beste batzuk ez ziren kartzelara joan, baina beldurrak jota utzi egin zuten. 1940ko eta 1950eko hamarkadan, klandestinitatean egon ziren militante batzuk baina ez dago erregistrorik, ezta dokumentu klandestinoetan ere. «Gure artean izenik ere ez genion elkarri ematen, bada ez bada ere», esan zidan Fernando Zibiriainek. 1948ko dokumentu batean, Miguel de Navarra goitizena duen batek Nafarroako egoera deskribatu zuen. ELA «deseginda » egon arren, militante batzuk sakabanatuta eta beldurtuta direla aipatu zuen.

Diktaduraren azken bost urteetan gatazka giroak eta grebek nabarmen egin zuten gora.Zer paper jokatu zuen ELAk?

Nafarroan ez zegoen sindikaturik antolatuta, ELA izan ezik. Gutxi eta sakabanatuta izan arren, bere siglak bazituen. Gainontzekoak fabriketan osatzen ziren langileen batzordetatik osatu ziren. Handik gero jaio ziren CCOO eta LAB. Batzorde horietan zeuden ere ELAko militanteak. Greba mitiko horietan badira paperak eta propagandak ELAren siglekin. Bada ere beste adibide bitxi bat. Authin, gaurko VWren fabrikan, oso greba gogorra izan zen, eta ELAren bitartez hemengo langileak joan ziren Europako metaleko arduradunarekin elkarrizketa bat egitera… Horrek esan nahi du ELAk bazuela langileei tresna bat emateko ardura.

Legeztatzearekin batera,Nafarroan ia ezerezetik jarri zen abian berriro ELA.Nolako izan zen beste hasiera hura?

Ez zegoen egoitzarik, ez zegoen ezer. Lehen hauteskunde sindikalak egin ziren 1978an, eta botoen %4 lortu zituen ELAk. Oso gutxi zen, baina panorama sindikala atomizatua zegoen. Ordutik hona, izugarrizko bilakaera izan da. Bere garaiko langileen batzordetatik ateratako militanteak etorri dira gurera, edo guregandik hurbil dauden sindikatuetara. Izaera apurtzaile hori beste sindikatuek utzi ahala, besteok hartu dugu. ELA da adibide garbiena.

UPN boterera iristean, aurretik PSNko Gabriel Urralburuk irekitako bidean sakondu eta elkarrizketa sozialaren ereduaren alde egin zuen.

Jesus Mari Otaegik oso gogoeta zorrotza egiten du liburuan. Berak zioen moduan, gu ez gaude erakundeetatik kanpo sindikatu abertzalea izateagatik, benetako sindikatua izateagatik baizik. Gu ez gara sartuko horien negozioetan. Gero eurak ‘euskaldunak badatozela’ eta horrelako mezu apokaliptikoak egiten dituzte. Nafarroan etengabea da arlo sozialean, politikoan, eta sindikalean… Erakunde ofizialetan ez dute ELA sartzea nahi eta ELAk ere ez du beharrik ere.

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: