Alternatiba irabazteko ahaldundu

“Urrea esan eta urria eman”. Esaera zaharren kutxa egiaz gainezka dago, baina ez beti zentzu bereko esanahiz. Ez alferrik, egia kontraesanez josita egoten baita: zure egia, nirea, gurea… Hau berriro agerian geratzen da Nicolas Sarkozyk berak bota zuen esaldi bat gogora ekartzean; pairatzen dugun krisiaren hasieran esan zuenez, “kapitalismoa birsortu beharra dago”. Orduan arazo gisa ikusten ziren finantzen desarautzea eta paradisu fiskalak, eta ekonomian esku-hartze publikoa berreskuratzea ezinbestekoa omen zen… haizeak eraman zituen hitzok.
Ordutik hona bost greba orokor egin ditugu, hain zuzen ez erabakiak jite hartakoak direlako, erabat kontrakoak baizik. Betidanik inposatu nahi izan dizkiguten erabakiak hartzen ari dira; erabaki horiek are gehiago botere ekonomikoaren mesederako dira; duela urte batzuk ez ziren halakorik egitera ausartuko. “Shock doktrina” ari dira ezartzen. Demokrazia erabilgarria da eurentzat etekina ateratzeko aukera ematen badie; hala ez denean, baztertu egiten dute. Nork bere klasearen interesak defenditzen ditu, eta indar-korrelazioa da erabakigarria.
Desobedientzia sindikala
Krisiaren aitzakiaz hartutako erabakien artean langile-klaseari kalterik handiena lege laboralen eta negoziazio kolektiboaren erreformak ekarriko dio. Erreformaren helburua, soldatak eta lan-baldintzak okertzea, patroiarentzat esplotatzea eta etekin handiagoa ateratzea errazagoa izan dadin. Orain arte hitzarmen probintzialek gutxieneko betebeharra ezartzen zien enpresarioei, baina legea aldatuta, erabateko askatasuna daukate lan-baldintzak hitzarmen estatalaren parera murrizteko (halako hitzarmenik balego); honek batez beste esan nahi du %20 soldata gutxiago eta %20 lanordu gehiago. Sektoreko hitzarmen estatalik ez badago, Langileen Estatutu hutsa aplikatuko da. Esklabutzaren garaietara itzultzen gara.
Zapateroren erreformaren aurka greba orokor bat egin genuen, eta beste bat Raxoiren erreformaren aurka. Baina legea aurrera atera eta dagoeneko aplikatzen ari dira. Hartara, bi aukera ditugu:
1. Ez daukagu legea indargabetzeko adina indarrik. Ezin da ezer egin, patronalak graziaz zerbaitetan amore ematen ez badu. Hots, langile-klaseak bere subiranotasunari uko egin eta patronalari uzten dio erabakitzeko eskubidea (honez gero bere esku dagoena).
2. Enpresa bakoitzean, antolatu eta borrokara joaz gero, lor daiteke erreforma ez aplikatzea. Langile-klaseak bere boterearen kontzientzia hartzen du, erabakitzeko eskubidea bereganatu eta desobedientzia egintza bat egitea hautatzen du: “erreforma laborala ez da enpresa honetan sartuko”.
ELAn bigarren aukera hautatu dugu. Enpresaz enpresa joatea erabaki dugu, jokoan zer dagoen azalduaz, langileen kontzientzia piztuaz: antolatu, afiliatu eta borrokatuz gero, erreforma beren enpresan ez aplikatzea lor daiteke. Hori egiteko boterea badaukagu; kontzientzia hartu eta lanari ekin behar zaio. Ez dago hau egitea ezinezko den enpresa, ez lantokirik. Oso zaila, konplexua eta nekagarria da… baina hori da bide bakarra. Eta hala ari gara berresten lorpen hori erdietsi dugun enpresetan.
Zenbait enpresetan, jendea antolatuta eta afiliatuta dagoela, greba egiteko mehatxua nahikoa da enpresarioak erreforma laborala ez aplikatzea bermatzen duen hitzarmena sina dezan. Baina hauek oso kasu bakanak dira. Gehienetan greba luzeak behar dira erreforma geldiarazteko. Demanen hiru hileko greba eta enpresa-batzorde mordo baten elkartasuna behar izan ziren lortzeko. Izan ere, botereari aurre egitea eta desobeditzea erabakitzen duen jendeak bere inguruan babesa eta solidaritatea izaten du, eta borrokarako ahalmen hori zabaltzen du. Enpresa bateko langileen desobedientzia eskualdean zehar hedatu egiten da, beste enpresa batzutara jauzi egiten du.
Hala gertatu zen Atarrabiako Newark San Andres paper-fabrikan zein Laudioko Guardianen. Greba garaian beharginak akanpatuta egon ziren lantegi ondoan gau eta egun, eta babesa, argia, berotasuna, edari zein jatekoak jaso zituzten herriko jendearen, udalaren, tabernarien edo supermerkatuen aldetik. Urnietako Demaneko langileen borrokarekin enpresa-batzorde ugarik bat egin zuen. Eta Bilboko Zabalguneko parkingeko zazpi langileek gauza bera diote; egunero, auzoko jendeak animatu egiten zituen. Baina gainera, borroka egin ahala kolektiboa indartu egiten da, adiskidetasuna pizten da, taldea batu egiten da, eta antolatzeak eta afiliatzeak ematen duen boterearen kontzientzia hartzen da. “Borrokatuz gero, gal dezakegu, baina borrokatu ezean, galduta gaude” diote Ariznabarrako langileek (Gasteiz); hauen greba ia hiru urtez luzatu zen. (Borroka hauen eta antzekoen kontakizunak hemen dituzu nahi izanez gero)
Kasu hauetan, eta beste batzutan, erreforma laborala geldiaraztea lortu da. Gero eta langile gehiagok, gero eta enpresa gehiagotan, esan du “hemen erreforma ez da aplikatuko”, eta horren arabera jokatzea erabaki du, edozein dela ere ondorioa. Hau da gure erantzukizuna sindikatu garen aldetik: langile-klasea azpiratzeko eta pobretzeko egin duten legeari aurre egitea, eta borroka hori enpresetan gauza dadin lortzea.
Desobedientzia instituzionala
Langile publikoei ere etengabe eraso egiten diete beren baldintzak okertzeko, krisiaren aitzakiaz bata bestearen atzetik datozen murrizketekin. Kasu honetan ere langileek borrokatu beharra daukate, esaterako udal batek, aldundi batek, gobernu foralak edo autonomikoak Gabonetako ordainsaria ken ez dezan. Ezin da kontu hori gobernu baten borondate onaren edo gaitasunaren mende utzi.
Baina erakundeak, defizitaren kontrola eta aurrekontuen murrizketa medio, gizarte guztia pobretzen ari dira. Gehiengoaren bizi-baldintzak kaltetzen dituzte, gutxi batzuren mesedetan. Hain zuzen, sindikatu gisa, gizarte-mugimenduekin grebak eta protestak antolatu ditugu, erakundeak goitik agintzen zaiena ez betetzera behartzeko.  Oraingoz horretarako ez dugu kalean nahikoa indar biltzerik iritsi, baina indarra gero eta handiagoa da.
Haatik, gauza bat argi ikusten dugu: alderdi edo koalizio batek, gizartea zanpatzen ari diren politika hauentzako alternatiba bat nahi badu, boterera iristekotan aukera bakarra du, Madrildik eta Europatik inposatzen diren legeak ez obeditzea. Ez dago beste biderik. Desobedientzia hautatuz gero, langile jendearen babes handia izango du: beste enpresetan borrokan eta desobeditzen ari den jendea; immigranteen sarekadei aurre egiten diena; AHTa, fracking proiektuak edota Pasaiako kanpo-portua geldiarazi nahi duena; etxegabetzeen, emakumeen hilketen nahiz presoen egoeraren kontra diharduena… Instituzio batek Madrildik eta Europatik datozen lege injustuak ez obeditzea erabakitzen badu herritarrei arnasa emango die aldaketaren aldeko lehian; borrokara erakarriko ditu, alternatibaren pedagogia egingo du, zerutik etorriko ez den alternatiba, borrokatuz eta kaleetan mobilizatuz irabaziko dugun alternatiba.
Hau guztia ez da bapateko asmakizuna; zerbaitegatik aipatzen dugu, enpresetako eguneroko borroka esperientzietan hori bizi eta sentitzen baitugu. Borrokak berak kontzientzia handiagoa eta indar kolektibo areagotua ematen du. Eta enpresetan borrokan dagoen jendeak bat egingo du gauza bera egiten duen erakundeekin.
Noski, bide horretatik joateko aliantzak egin eta estrategia bat marraztu behar da, eta antza hori ez dago gaurko agenda instituzionalean.

Advertisements

Tagged: , , , , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: