Eztabaida piztu nahi dut

Idatzi honekin eztabaida bat piztu nahi nuke, eztabaida zintzo bat, iritzi eta ikuspuntu desberdinen bidez prozesu demokratikoaren bidea nola eta zeintzuk ibiliko dugun marrazten joateko asmoz, kezkatuta bainago. Inozoa naiz, badakit, pertsona arrunt bat izanda idatzi hau seguruenik hemen geldituko baita. Baina, aldi berean, nodo bat naizen aldetik, nire aletxoa eman nahi dut behintzat, sareko beste nodoren batek sokari tiraka jarraituko dion itxaropenaz.

Idazterakoan metaforak erabiltzeko esan ohi dute adituek. Irudiak direla pertsonei buruan errazen txertatzen zaizkien gauzak. Hona ba nire metafora:

–         Badugu alderdi politikoen koalizio indartsu bat, neoliberalismoaren arrak usteldu gabea. Europan hau kasu bakana da.

–         Badugu gehiengo sindikal borrokalari bat, boteredunen finantzaziotik aske, neoliberalismoaren kontra gogor egiten duena. Europan hau, ere, salbuespena da.

–         Badugu herri mugimendu indartsu bat, urteak daramatzana arlo desberdinetan lanean alternatiba txikiak sortzen eta inposizio desberdinen kontra borrokan

Hau ez da metafora bat, esango didazue, baina ni zientzia gizona naiz. Sentitzen dut. Hemen doakizue bigarren irudia:

–         Trantsizio batean gaude. Trantsizio honen irteera demokrazia sakonagoa izango da edo totalitarismo handiagoa.

Badut zuentzat hirugarren irudi bat ere, pertsona eta erakunde moten inguruan:

–         Badira pertsona eta erakundeak esaten dutena ez dagoela beste biderik, Europak inposatzen dituen politikak nahitaez ezarri behar direla.

–         Bagaude beste bide bat abian jar dezakegula diogunak. Beste politika batzuk egin daitezkeela, alternatiba badagoela, ezinbestekoa dugun mundu berri hori eraiki dezakegula indar nahikoa bilduz gero.

Bizi dugun krisi, trantsizio, aukera hau prozesu demokratiko batean bihur dezakegu bigarren motako pertsona eta erakundeek. Bidea abiatu behar dugunak bigarren motako pertsona eta erakunde hauek gara. Gu soilik has gaitezke bide hori ibiltzen. Bestela totalitarismorantz goaz. Lehen motako pertsona horiek zer? Horiek, bidean aurrera egiten dugun heinean, joango dira gerturatzen.

Baina gerturatu nora? Zertara? Zer da beste mundu horretan sinisten dugunok bilatzen duguna?

–         Zer aberastasun sortu behar den demokratikoki erabakitzea, kontuan izanda planetaren mugak eta planetan bizi den pertsona oro. Ekonomia demokratizatzea, enplegu publikoa garatzea.

–         Aberastasuna, zaintza lana eta enplegua era bidezko batean banatzea.

–         Zerga politiketan errotiko aldaketa, fiskaltasun progresiboa lortzeko.

–         Gizarte gastua handitzea pertsonen beharrizanei modu egokian erantzun ahal izateko.

–         Demokrazia parte hartzaileagoa, sakonagoa, agintariekiko herritarren kontu hartze handiagoa.

–         Etxe kaleratzeen amaiera.

–          2007ra itzulera ez. Bidezkoagoa den gizarte eredua, gizarte eraldaketa.

Hau esanda laugarren irudia dakarkizuet:

–         Garrantzi handikoa izanda ere, lortu nahi duguna ezinezkoa da instituzioetatik soilik eginda.

–         Ezinbestekoa da herri pedagogia eta mobilizazio ikaragarria. Eragile sozial eta sindikalek bultzatu behar dituzte instituzioak.

Hau guztia esanda, eskatzen dugun hori aurrera eramateko estrategia eta aliantzak definitu beharko dira. Esan bezala prozesu demokratiko bihurtu nahi dugu trantsizio hau. Prozesu demokratikoa bultzatzeko urratsak zehaztu behar dira, egutegiak, bide orria.

–         Nork diseinatuko du estrategia hau? Nork definituko ditu eman beharreko urratsak, epeak? Nork epe laburrean lortu nahi diren emaitza zehatzak? Nork definituko momentu bakoitzean borrokarako eduki zehatzak? Nola egingo da?

–         Alderdi politiko batek egin behar al du? Alderdi politiko desberdinek? Herri mugimenduek alderdi horrek edo horiek definitutakoari jarraitu beharko lieke?

–         Eragile sozial eta sindikalek egin behar al dute? Herri mugimenduek bere kabuz definitu beharko lukete bidea alderdiekiko inolako harremanik gabe?

–         Aldaketa nahi duten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileen artean sortutako plataforma batek egin beharko luke?

Nire ustez hau da momentu honetan argitu behar dugun gakoa. Oraingoz, bide honetan egin den urrats transbertsal eta itxaropentsuena mugimendu sozial eta sindikalen gunea izan da, niretzat. Hasiera baino ez da baina iruditzen zait horrek, denborarekin, eman dezakeela, mugak dituen arren. Nolabait argitu beharko litzateke gune horrek aldaketa nahi duten alderdi politikoekin izan beharreko harremana, komeniko litzatekeelako instituzioetatik egiten den lana eta herri mugimendu honek bultzatzen duena norabide berean joatea, kontuan izanda instituzioetako lanak eta kaleko mobilizazioek, banatuta eta norabide gabe joanda, ez dutela aldaketa eragiteko indar nahikorik izango.

Eta independentzia? Nire ustez independentzia lortzeko bi baldintza eman behar dira: arerioak oso gaizki egitea eta guk oso ongi egitea. Gure esku dagoena da guk egin beharrekoa ongi egitea, hau da, aldaketa demokratikoa eragiteko estrategia, urratsak, epea eta aliantzak horren aldeko erakunde desberdinen artean adostu eta bidean jartzea, elkarren arteko errespetu zainduz. Hala, sakontze demokratiko horren aldeko borrokan elkarrekin aritzeak, emaitza zehatzak lortzen joateak, zailtasun eta sariak partekatzeak, ekarri dezake geroz eta jende gehiago sentitzera independentzia demokrazia eta gizarte justizia gehiago dela.

Advertisements

Tagged: , , , , , , , , , , , ,

One thought on “Eztabaida piztu nahi dut

  1. […] interesa eta klase interesa ditugu gogoan erabakiak hartzean. Honetaz idatzi izan dut lehenago: Eztabaida piztu nahi dut, Zertan dabil ELA? eta Permach-ek ELAri luzatu […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: