Huyck Wangner Peroteko langileak, ikaragarriak zarete!

Zizurkilgo Huyck Wangnerreko langileei

“Zer, dena konpondu duzue?” Ez dakit txantxetan dioen, adarra jo nahi nauen edo borrokan alperrik gabiltzala iradoki nahi didan, baina izugarri zaila egiten zait erantzun bat ematea. Orain bizi izan dugun guztia aletu behar diot honi? Bizitako barreak, malkoak, beldurrak kontatzen hasiko al naiz? Ulertuko du zerbait? Ideiak bat bestearen atzetik datozkit arrapaladan. Bost segundutan irribarrez diot “Bai, enpresa zabalduko dute berriro eta langile gehiago hartuko dituzte.” Kar kar kar! Zer urrun sentitu nuen laguna, geroz eta txikiago ikusten nuen gure artean handitzen zihoan amildegiaren beste aldean. Arintasun berberaz jokatuko luke nire lanpostua balitz jokoan zegoena?

Alemaniatik etorri berri naiz. Lau egun pasa ditut egun bapatean bizitza proiektua kolokan sentitzen duten 17 pertsonekin. Atlantikoaren beste aldean multinazional batek munduko mapa du zabalduta mahai obalatuan. Paretan zenbakiz jositako diagrama. Gizon potolo bat eserita besaulkian. Purua du ahoan, haserre dirudi. “Eskuin zutabeko zenbaki horiek ez zaizkit gustatzen, datu horiek biderkatu egin behar dira!” Bere esaneko gizon luzanga eta mehar batek mapan dauden hiru banderatxo kendu eta zakarretara botatzen ditu. “Horrela, akaso, nahi dituzun emaitza horiek lor ditzakegu.” Erabaki erraza han, 74 familirentzat kolpe latza hemen.

Borrokatzea erabaki dute langileek. Egoneza, buruhausteak, negarrak elkarrekin eramatea. Itxaropena kolektiboki eraikitzen dute. Indarra batak besteari ematen dio. Hiru hilabete greban, mobilizazio etengabean. Antolakuntza sendoa. Harremanak geroz eta estuagoak. Geroz eta hitz gutxiago behar dituzte elkar ulertzeko. Begirada batek asko esaten du, keinu batekin guztia ulertzen da. Geroz eta gusturago daude taldean. Are gehiago, taldean sentitzen dira erosoen. Parekoak ulertuko ez dituen esplikazio amaigabeak eman beharrik gabe. Intentzio txarrik gabe ematen diren begirada edo esku kolpe paternalistarik gabe. Momentu gogor hauek pasatzeko zer modu egokiago lankideekin ahal dena egiten baino. Urteetan eta urteetan egin duten lan hori defendatzeko borrokatzen baino. Bai, parekoa erraldoi ikaragarria da, garaipena zaila da oso, baina burua zutik mantentzen kolektiboki lortzea baina gauza hoberik ba al da!

Bidaira joan aurretik ez nuen inor ezagutzen. Lau egun izan dira. Begietara begiratzen duten pertsonak ezagutu ditut.Bihotzez hitz egiten dutenak, bizitzaren hauskortasunaz jakitun. Sentimenduak normaltasunez partekatzen dituztenak, begiak erraz bustitzen zaizkienak, barre algaraka aritzen direnak. Talde bat ezagutu dut, ahal duena egiten saiatzen dena, animoak goian mantentzen ahalegintzen dena, borrokaren garrantziaz jabetu dena eta ekindako bideari tinko eutsi nahi diona.

Alemanian egon gara, erraldoiaren sorbaldan-edo. Erraldoiaren begiek ikusi dituzte gure aurpegiak. Pertsona arruntak, bizi ahal izateko, familia aurrera ateratzeko lan egin nahi dutenak, ez banderatxo bat mahai obalatu bateko mapa gainean. Erraldoiak zer egingo duen ez dakigu. Badakigu, ordea, bidai honek zer eragin izan duen taldearen animoan. Ikaragarria izan da. Tolosara banderak airean heldu ginen, alai, hunkituta, borrokan jarraitzeko grinaz, motibazioz beteak.

“Zer, dena konpondu duzue?” Dena ez, baina oinak lurrean, begiak garaipenean, bidea elkarrekin borrokaz egiten jarraitzeko indarberriturik etorri gara. Ikaragarriak zarete. Biba zuek!

Hemen dituzue Alemaniako esperientziaren irudi bideo eta idatzi guztiak

Advertisements

Tagged: ,

9 thoughts on “Huyck Wangner Peroteko langileak, ikaragarriak zarete!

  1. Imanol Zaldua 7:06 am apirila 22, 2013 Reply

    Hi Unai la ostia haiz!!! Zorionak eman nahi dizkik baino zorion bikoitza. Ta gainera eskerrak eman iten ari haizen guztiarengatik. Batetik, 40 urte egiten ditukelako eta bestetik egin duan hidatzearengatik, oso oso ona. Etzaiak irakurtzea asko guztatzen baino ikaragarria iruitu zaiak bidaiaren hausnarketa, hau dek pentsatu eta adierazi ezin dana irakurtzea. Milla milla esker eta milla zorion.

    • unaionederra 10:29 am apirila 22, 2013 Reply

      Mila esker Imanol, hi bai fenomenua!! Saiatu hadi sentitzen dekena hitzetan jartzen, ariketa earra dek eta! Eta badakik, twitero bihurtu nahi badek, hemen nauk.

  2. Mikel Zabaleta 9:39 am apirila 22, 2013 Reply

    Esaten duzun moduan, oso zaila da hitz batzuekin bizitako guztia azaltzea. Baina, guztia ez bada ere, esandakoa egoki adierazi duzu, barrutik etortzen diren hitzekin. Bejondeizula!
    A, eta ahaztu gabe, ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO! Gaurko asanblada ostean pote batekin ospatuko dugu zure urteurrena.

    Mikel.

    • unaionederra 10:26 am apirila 22, 2013 Reply

      Mila esker eta ea zuen energia trasmititzen asmatzen duzuen. Eusti goiari!

  3. garmendia 11:10 am apirila 22, 2013 Reply

    Mila esker denagatik, testua oso ona!! holako jendearekin gustoa ematen borroka hontan segitzea. Zorionak urtebetetzeangatik!!!

    • unaionederra 11:17 am apirila 22, 2013 Reply

      Aupa hi Garmendia!! Autobusean bezala, beti hor aurrean, en la linea del frente que se note que estas presente!

  4. idoia, irantzu , nerea(ezin izan zuen joan)eta goretti 1:31 pm apirila 22, 2013 Reply

    Aupa Unai!! Urte askotarako……ZORIONAK! Hemen gaude, Perot-en, guardia egiten. Oraindik hunkiturik jarraitzen dugu, bidaia, lanbateko ongi etorria……ZUEK!! Bai, esker mila bihotz bihotzez. Perot-eko langileok ez dugu etxiko. Muxuak. A!! Ordu batzuez utz ezazu ordenagaiua eta zure eguna disfrutau!!!!!!!

    • unaionederra 1:53 pm apirila 22, 2013 Reply

      Mila esker! Pakean utzikot ordenagaikua ta familia heldukot. Ongi zaindu Perot!

  5. […] Huyck Wangner Peroteko langileak, ikaragarriak zarete! […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: