Gran jefe no kaka

Tribu bateko nagusiak beharrak egiteko arazoak zituela eta, indiar bat medikura bidali zuen. Suposatzekoa da Toro Sentadok (hala egoten baitzen, saiatzen) jasotako botika Morotik datozen susmagarriei benemeritak ematen dien gauza bera izango zela, batak zein besteek gauza bera bilatzen baitzuten: atzeko atea libratzea. Bi kasuetan emaitza berbera du ditxosozko pilulak, alegia, kakaz zipriztintzea guztia. Haatik, bakoitzaren motibazioa oso desberdina da. Batek behar hutsagatik egiten du; besteek, ordea, altxorra topatzeko.

Halaxe da, batzuk begiak itxi eta arnasari eusten diote zabor artean zerbaiten bila egun bat gehiago biziraun ahal izateko. Beste batzuk, aldiz, kakaz betetzen dira leporaino handinahikeriagatik, aurpegian gezurrezko irribarrea dutela. Usteldu egiten dira eta inguru guztia lohitu, kiratsa oso kutsakorra izanda berehala hedatzen baita. “Guztiak berdinak dira” dio jendeak. Baina ez, zorionez. Usteak erdia ustel.

Lan gehiago egin behar dugula esaten digute kolpe zorrik jotzen ez dutenek. Soldatak murriztu behar ditugula diruarekin zer egin ez dakitenek. Pentsioak jaitsi behar direla Mega Milioietako erretiroa ziurtatuta daukatenek. Eta gobernuetan daudenek amen, amen eta amen. Nor dugu agintzen? Diru sarrerak jarraitzeak emango digu pistaren bat edo beste…

Hipotekak ez ordaintzeagatik familiak kale gorrian uzten dituzten bankuek zorrak barkatzen dizkiete alderdi politiko sistemikoei. Zergarik ez ordaintzeko filigrana sofistikatuenak egiten dituzten enpresek (leun xamar esatearren) dirutzak ematen dizkiete gobernura helduko diren alderdiei. Ate birakariak gobernuetan ibilitako politikariak enpresetako administrazio kontseiluetara eramaten ditu. Zeren truke?

Hor ez da gelditzen kontua. Gobernuetara heltzen diren alderdi eta politikariak diruz hornitzeaz gain, banku eta multinazionalek usteldu egiten dituzte ere. Handikeria bila buruz murgiltzen diren igerilekua, botere ekonomikoak betetzen du kakaz. Ustelkeria beste arma bat da bere eskuetan, egoerak berdin jarrai dezan. Hau da, irabazten jarrai dezaten. Gauzak ez baitira aldatuko indarrak metatu eta antolatuko dituen lidergo autonomo, sendo eta koherenterik gabe. Autonomia ekonomikorik ez duen erakunde batek ezingo du ordaintzen dionaren kontrako erabakirik hartu. Koherentziarik ez duen erakundeak ezingo du bilatzen duen alternatiba eraiki, ez aldaketa eragiteko behar adina indar metatu ere. Eta ustelkeria susmopean bizi den edozein erakunderi ere berdin gertatuko zaio. Horra “guztiak berdinak dira” horren tranpa, arriskua.

Guztiok egiten dugu kaka atzeko zulotik, bai, baina guztiok ez gara boteredunen kaketan blaitzen. Batzuk langileok ordaintzen ditugun kuotetan oinarritzen dugu gure erakundea, eta horrek ematen duen autonomiatik ahalik eta koherenteen izaten saiatzen gara. Gauzak aldatu nahi ditugulako. Aldaketa soilik jendeak ekarriko duela badakigulako, lidergo sendo eta autonomo partekatu batek antolatutako jendeak. Botere ekonomikoaren kakaz estalia dagoenak ezingo du lidergo hori lortu, ongi bai baitakigu: gran kaka no jefe.

Advertisements

Tagged: ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: