Atzerri egunetik abegi egunera

Sormen agorra
ez da zigorra.
Aurrez idatzi altxorra,
horra bide zidorra

Landeia, 2011ko maiatza

Adela galdezka etorri zait gaur. Ekuatoriarra da, eta nahiz eta euskara ikasten ibili, badaude ulertzen ez dituen hitz asko, batez ere iparraldeko jendeari entzuten dizkionak. Eta halakoxe hitz batetaz galdezka hasi zait. “Frantsesez ari ziren batzuk entzun ditut abegi eguna gora eta abegi eguna behera. Zer da abegi?” Ziur ez nengoenez hiztegian begiratu behar izan dut. Abegi: harrera, acogida. “Non eta noiz ospatuko da egun hori? bertara joan nahiko nuke”. Hori ere ez nekien, eta hiztegian begiratu badut ere ezin izan diot erantzun.

Adelak gogor egin izan du lan, baldintza kaxkarretan ia beti, askotan zapaldu dute, baina duintasuna galtzeko zorian zenean zutitu eta aurre egin zion zapaltzaileari bere lankideekin batera. Mugitzen zebilen talde bat topatu zuen lanean, enpresaren gehiegikerien aurrean kito esan eta aurpegia emateko prest zegoena. Enpresan lanean hasi zenetik etorri zitzaion talde horretako ordezkaria babesa ematera. Bakarrik ez zegoela esan zion, langile talde majo bat zutela, eta nahi zuenean berekin kontaktuan jartzeko, edozein kezka, arazo edo beldur elkarrekin partekatzeko.

Hasieran ez zion kasu handirik egin, nahiz eta eskertu emandako harrera eta bere telefono zenbakia utzi izana. Berak lana egingo zuen bere herrira dirua bidali ahal izateko. Baina ordezkari hura noizean behin gerturatzen zitzaion, eta galdetzen zion zer moduz zihoan. Honela apurka-apurka konfiantza hartu zuen, eta bere kezka eta beharrak kontatzen hasi zitzaizkion.

Halako batean ordezkariak esan zion enpresak egiten zizkien irainei aurre egin behar ziotela, eta horretarako lankide guztiak batera aritu behar zirela. Adela horrela sartu zen talde hartan, eta langile ororen duintasuna babesteko mugimendu baten partaide bihurtu zen. Bera ez zen euskal abertzalea, baina justizia, elkartasuna, demokrazia eta askatasunaren aldeko bidea, konfiantza eta babesa eman zion ordezkariaren sindikatuarekin egin nahi zuen. Bertako partaide sentitzen zen. Bertako partaidea zen. Eta horrela ezagutu genuen elkar.

Euskal abertzale ez den jende asko dago gure sindikatuan. Gizartearen gehiengoaren nahi eta beharren araberako politiken aldarrikapenean bat egiten du, elite politiko eta ekonomikoen kontra. Kontuan izan pentsioen erreforma Espainiako legebiltzarreko %90ek babestuta onartu zela, nahiz eta gizartearen %72a kontra egon. Hori azaltzeko nahikoa da esatea Espainiako alderdiek bankuekin 144 milioi euroko zorra dutela. Elite politikoa aberats gutxi batzuen alde ari da gobernatzen, eta gizartetik geroz eta urrunago dago. Beste mundu bat posible dela sinisteak, eta beraren alde borrokatzeak batzen gaitu. Globalean pentsatu, lokalean ekin.

Baina zer da aberria? Sinismena? Sentimendua? Hizkuntza? Lurraldea? Horrela ikusita abertzale eta ez abertzaleen arteko banaketak urteak dira berdin jarraitzen duela. Batzuentzat aberria atzerria da, eta besteentzat atzerria aberri. Eta gainera, egun, aberri eguna baino azeri egunak ospatzen ditugu, abertzaleen artean zeinek nola hegemonia lortu.

Baina, zer da zuek aipatzen duzuen aberria?” galdetu izan dit Adelak. Aberria herritar oro bertako partaidetzat onartzen duen komunitatea da. Gaurko eta etorkizuneko herritar ororen eskubide eta betebeharrak segurtatzen dituen komunitatea. Produkzio, kultura eta kontsumo medioak herritarren esku eta herritarren beharrak asetzeko dituen komunitatea. Aberria da elkarrekin egiten dugun borrokaren bidez aldarrikatzen dugun gizarte justuago hori. “Aizu, ba, niri aberri hori gustatzen zait.”

Euskal Herriaren nortasuna plurala da, eta aberriaren oinarria arlo desberdinetan jar daiteke, izan euskara, lurraldea, sukaldaritza… Baina guretzat funtsezkoena gizarte justu, demokratiko eta burujabea da. Eta hori da gure abertzale izateko era; gizarte horren aldeko eguneroko borroka enpresa eta kalean, beste mugimendu sozialekin batera. Eta burujabetzaren bidean ez dugu aurrera egingo baldin eta euskal abertzale ez diren asko ez baditugu erakartzen.

Aurrera egin nahi badugu atzerri eguna abegi eguna bihurtzea baina ez dugu.

Advertisements

Tagged: , , , ,

2 thoughts on “Atzerri egunetik abegi egunera

  1. […] Atzerri egunetik abegi egunera […]

  2. […] praktikekin; estatugintza praktika horiekin lotzen dut. 2011n idatzi nuen gai hauen inguruan (Atzerri egunetik abegi egunera) gure eguneroko esperientziea oinarritzat […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: