Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (II)

3. Irtenbide faltsua: ekofaxismoa

IrteeraFaltsua

Gatozen bada bizi dugun krisi ekologikora. Zenbat aldiz entzun dudan “salba dezagun planeta”. Planetak gure beharra balu bezala! Planetak ederki daki gu gabe bizitzen, milioika urtetako esperientzia du. Ez dut uste, gainera, nahita ere, gizakiak gai izango ginatekeenik planeta suntsitzeko. Gaitasuna badugu, eta abilidadea ere, gure artean suntsitzeko, hori bai. Gai gara gizakiarekin amaitzeko, geure suizidio kolektiboa. Beraz, salba dezagun planeta baino, nire ustez indarra jarri behar da, ez planeta salbatzen, gizakia salbatzen baizik. Bizi behar dugu bizi oparoa.

Batzuentzat agian, gizakia salbatzeko, nahikoa da gutxi batzuk salbatzea. Gutxi batzuk lehengaiak, energia, pilatzen badute, arrisku guztietatik babestuko dituzten bunker bat eraikitzen badute, salbatuko dira. Horretan ari dira. Esango dute horrela gizakia salbatuko dela. Niretzat, ordea, hori gizakien hondamendia baino ez da, gutxiengo hori biziko baita beste guztien kontura. Planeta osoak guztiontzako eskaintzen zituen aberastasun eta lehengaiak gutxi batzuentzako xahututa. Ekofaxismoa deitzen zaio horri.

Jakina ez digute horrela esango, beti saiatzen baitira kapitalismoa demokraziarekin lotzen, hori hala ez den arren. Hain justu, zerbait baldin badago demokratikoa ez dena, hori ekonomia kapitalista da. Eta egun ekonomia politikaren jabe egin da. Atera kontuak… Adibidetxo bat jartzearren:

Egun batetik bestera AEB-ek 700.000 milioi dolar eman zizkien krisira ekarri gintuzten bankuei Beste horrenbeste egin zuen Europak aurrerago, behar hori zegoela argudiatu, bestela hondamendira joango ginatekeela. Inori galdetu gabe erabakita.

Oroitzen dut orduan Mundo Negrok atera zuen editorial bat. Zioen munduko gosearekin amaitzeko 30.000 milioi euro behar zirela urtean, ordura arte esaten zitzaiela ez zegoela hainbeste dirurik. Eta hara! Gutxi batzuek behar dutenean, harri azpitatik azaltzen dira milioiak eta milioiak.

Hortik gutxira lehen aipatu dudan Haitiko lurrikara gertatu zen. Oroitzen dut deigarriak egin zitzaizkidala kartel mordo bat kalean eta metroan: Haitik zure laguntza behar du, sartu zure dirua kontu korronte honetan.

Kuriosoa da. Sekula ikusi gabea dut “Banku hau larri dago, Banku honek zure laguntza behar du, sartu zure dirua kontu honetan”. Kasu horretan, guri ezertxo ere galdetu gabe eman zitzaien bankuei gure dohaintzekin inoiz jasoko den dirua baina askoz ere gehiago. Zergatik ez dute berdin egiten Haitirekin? Bankuei eman zaiena orain ari zaizkigu gure poltsikoetatik kentzen. BEZa igoz, soldatak murriztuz, hezkuntza eta osasun maila jaitsiz, laguntza sozialak murriztuz, nazioarteko lankidetzarako dirua murriztuz…

Antzeko izan zen Japoniako lurrikara ondorengoa ere. Tsunamia eta Fukushimako hondamendia gertatu zenean zer pasa zen? Burtsak hondoa jo zuela. Zer esan nahi du horrek? Gizartearen beharrak handitzen direnean kapitalak ospa egiten duela. Halaxe da eta, Kapitalak ez dio gizartearen beharrei erantzuten, bere helburua mozkinak pilatzea da, geroz eta gehiago irabaztea. Kontraesana dago kapitalaren beharren eta gizartearen artean, eta kontraesan hori nabarmenago da krisi ekologikoa bizi dugun garaian, Mendebaldean kontsumismoak behera egin beharko lukeenean, kapitalismoak kontsumismoak gora egitea behar baitu. Esango didazue zer duen horrek demokratikotik.

Baina zer esango digute: ez arduratu krisi ekologikoaz, hori iluminatu batzuen kontua da. Hemendik ateratzeko berdin jarraitu behar dugu baina lan gehiago eginez. Teknologiak salbatu gaitu, nahikoa lan egiten badugu aurkituko dugu irtenbidea, aurkituko dugu petrolioaren ordezkoa…

Hasteko, hori kontraesanean dago Ikerketa eta Garapenean egiten den inbertsioekin, esan bezala, gaur egun lehentasuna dibidendoek dute eta. Baina teknologian egiten den inbertsioa ere zertan egiten da? Ez naiz farmazeutiken kontuekin sartuko, adibide xumeago bat jarriko dut: Hortzetako orea egiten zuen enpresa bati zer gomendatu zion I+G-ko ikerlariak produktu hobekuntza gisa? Hortzetako pastaren hodiko irteera ahoa handiagoa egitea. Horrela ore gehiago kontsumituko da, eta gehiago saldu. Zer diozue?

Ez da hor gelditzen gauza. Aurrekoan ordenagailu bat eraman nuen konpontzera dendara. Portatil bat zen. Lau urte izango zituen. Ez dakit zer zuen, ni nahiko txarra naiz teknologia kontuetan, ez zebilen ongi. Dendara eraman nuen eta dendakoak esan zidan: hau hobe duzu botatzea eta berri bat erostea. Merkeago aterako zaizu. Ezaguna egiten zaizue?

Gehiago. Etxeko telefono zaharra, betiko hura, hondatzen ez ziren haietakoa, aldatzeko esan ziguten Telefonicakoek. Orain berriek Domo dutela, pantaila, erantzungailua… Aldatu genuenetik gutxienez bost aldiz aldatu digute. “Aizue hau ez dabil” esanez deitzen dugunean, langile bat dator eta zuzenean berria bat jartzen digu. Halaxe. Merkeagoa da berria konpontzea baino. Zer logika du horrek?

Ez naiz lehena hau esaten ezta? Denok komentatzen dugu lehengo etxetresnek gehiago irauten zutela… Ez dakit ikusi duzuen “Comprar, tirar, comprar” dokumentala. Bertan zaharkitze programatuaz hitz egiten da. Aparailuak ez dakit zenbat denborara apurtzeko diseinatzen direla. Horretan saiatzen direla ikerlariak, horretan ematen beraien esfortzua. Dokumentalean bonbilen adibidea jartzen du. Lehen, helburua bonbilek ahalik eta gehien irautea zen. Horretan saiatzen ziren ikerlariak. Ba omen dago Estatu Batuetan 100 urte piztuta daraman bonbila bat. Horrekin enpresek ez zutela nahikoa irabazten-eta, erabaki zen bonbilen iraupena 3000 ordura mugatzea lortzen saiatu behar zutela ikerlariek.

Are gehiago. Produktuen energia eraginkortasuna hobetzen den kasuetan ere, ez da lortzen energia kontsumo totala murriztea. Errebote efektua deritzo horri. Produktu bat eraginkoarrego da, baina produktu hori gehiago saltzen denez, guztira energia kontsumoa handitu egiten da. Ez da emaitza onik, hortaz, krisi ekologikorako.

Gogoan izan bi galderak. Hau unibertsalizatu daiteke? Zeini egiten dio mesede, gutxi batzuei ala gizarteari? Hau alda daiteke?

Gandhik esana da: izan zaitez zeu munduan ikusi nahi duzun eraldaketa. Eta arrazoia du. Baina ezin zaiona exijitu pertsona arruntari da heroi bilakatzea. Artzek dezente ongi azaltzen du poema honetan.

Behar duguna ez daukagunean
behar duguna nahi,
baina behar duguna ukan orduko,
ez aski hura
eta behar ez duguna nahi

Jendeak, normalean, nahiko kontu ditu egunerokoan aurrera ateratzen bizitza gehiago konplikatzeko. Esan nahi dut. Jendeak egiten du errazena zaiona. Korronte bat badago, korronte horren norabidena ibiliko da. Eta zein korrontetan bizi gara?

Jokutxo bat egingo dugu korrontea zein den detektatzeko. Ea estropadekin probatuko dugu: Zer desberdintasun ikusten dituzue bi irudien artean?

Estropadak

Aldaketarik sumatzen al da korrontean? Ea hurrengo ariketak laguntzen duen. Zer aldatu da?

EskuPilota

Begira estropadak ikustera joaten ginenean orain ez hainbeste nolakoak ziren trainerak. Begira orain. Begira frontoira joaten ginenean pilota ikustera nolakoak ziren frontoiak. Begira orain.

Publizidadea nonahi, etxeraino. Tinbrea jo eta, “Iberdrolatik nator, utziko didazu faktura bat, berehala erakutsiko dizut nola aurreztu dezakezun argiaren faktura”. “Ez zait interesatzen, mila esker”. “Nola? Ezer egin gabe faktura merkeago ordainduko diguzu faktura bat erakusten badidazu”. “Este es tonto”, pentsatuko zuen!

YoNoSoyTonto

Baina hori ez da guztia! Eguna amaituta, umeak oheratuta, ohean etzan, hasperen luze bat bota, eta lo hartzen ari zarela telefono deia. Jaiki, salara joan, erdi larrituta erdi amorratuta eta telefonoa hartzean “Si, puedo hablar con el Señor Unai Oñederra, por favor?” entzun.

Bakea emango al duzue? Merke-merke guztia, lehengaiak xahutzearen kontura, energia alperrik galtzearen kontura, langileen kontura, hondakinak Afrikan pilatzearen kontura, bizia akabatzearen kontura. Guztia merke-merke eta publizidade horren oldarkorra, zergatik? Zertarako? Gogoan izan buruan dauzkagun bi klabeak. Zeren eta ezer txarrik egin gabe, besterik gabe inguruneak bultzatzen zaituena eginaz, gauzak ongi badoazkizu, topatuko duzu zeure burua igande baten egun pasa egiten merkatalgune erraldoi batean, erosketa orga goraino betea, etxea ordaintzeko 35 urtetarako mailegu bat duzula. Hori da inguruan arnasten duzuna, eta, normala denez, inguruan dagoena egiten duzu, pertsona normala baitzara. Korronte horretatik ateratzea, orde, bai zaila. Zer lan. Zenbat esfortzu. Zenbat gaizki ulertu. “Zer arraroa zaren. Ez hainbeste buelta eman gauzei… Que agonias zaren…”

Baina hemen gaudenak badakigu erosten diren gauzek ez gaituztela zoriontsu egiten. Ez gara ogiz soilik bizi, eta ogi gabe ere ezin bizi. Badakigu, ordea, merke-merke produktu gehiegikeriak bizitza eskasten duela, eta guk bizi oparoa nahi dugu.

Bultzatzen gaituen korronte honek bizitza eskas batera garamatza. Lehen ikusi dugun Japoneko ur korrontea lurrikarak sortu zuen. Naturala zen. Korronte hau ordea ez. Korronte hau boterea duten gutxi batzuek sortzen ari dira, beraien mesederako, ezin baita unibertsalizatu, gehienon eta planetako baliabideen kontura, modu totalitarioan, ezin baitu gutxiengo batek gehiengo bat modu demokratikoan menderatu. Jakin badakigu, hau aldatu daitekeela, gure esku dagoela; ausardia da behar duguna.

Advertisements

Tagged: , , , ,

One thought on “Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (II)

  1. […] Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (II) […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: