Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (eta III)

4. Irteera egokia: Ekonomia demokratikoa

EkonomiaDemokratikoa

Bultzatzen gaituen korronte honek bizitza eskas batera garamatza. Lehen ikusi dugun Japoneko ur korrontea lurrikarak sortu zuen. Naturala zen. Korronte hau ordea ez. Korronte hau boterea duten gutxi batzuek sortzen ari dira, beraien mesederako, ezin baita unibertsalizatu, gehienon eta planetako baliabideen kontura, modu totalitarioan, ezin baitu gutxiengo batek gehiengo bat modu demokratikoan. Jakin badakigu, hau aldatu daitekeela, gure esku dagoela, ausardia da behar duguna.

Esan dugu beraz Gizakia dela salbatu behar duguna. Hori esanda, zertaz salbatu behar da gizakia? Gizakia salbatu behar da, egarritik, gosetik, bakardadetik, biluztasunetik, gaixotasunetik, ezjakintasunetik, esplotaziotik, bortxakeriatik. Gizakia ahula da, hauskorra, dependientea, besteen beharra du, ezin da bere kabuz bizi. Guztiok esperimentatu dugu hori, nahiz eta bultzatzen gaituen korronte nagusiak, askotan, sinestarazi nahi gaituzten izaki autonomoak garela. Guztiak izan gara ume, guztiok ezagutzen ditugu agureak. Guztiok egon gara gaixo, guztiok behar izan dugu besarkada bat, muxu bat. Gizakia ez da soilik ogiz bizi. Are gehiago, bizitza oparoa ogiaz gaindi dagoen horrek ematen du. Bizitza ona, bizitzea merezi duen bizia, ekonomia feministak dioen moduan, da nahi duguna, eta hori eraikitzen hasi behar dugu.

Nola eraiki dezakegu hori? Ekonomia demokratizatuz. Ekonomiaren zentroan pertsona ezarriz. Pertsonen beharrak asetzea helburu duen ekonomia, eta ez etekin geroz eta gehiago eskuratzea. Ekonomia bat eraiki behar da planetaren muga fisikoak errespetatuko dituena, eta kontuan izango dituena munduko biztanle guztiak. Hau da, unibertsalizatu daiteken gizarte eredua izan behar du.

Hitz potolo horiek esanda nondik has gaitezke?

– Egiten ari direnaren kontra mobilizatu. Borrokatu egiten ari direnaren kontra ausardiaz, eta pedagogia handia eginez, alternatibak badaudela eta etorkizuna guk eraikitzen duguna izango dela ikustarazteko.

– Finantzak estu lotu, berriro ere komunitatearen onerako lan egin dezaten. Horrek eskatzen du erregulazioak ezartzea, eta paradisu fiskalekin amaitzea.

– Energia urriko etorkizun horretan nahi dugun gizarterako zer lan/sektore diren beharrezko aztertu. Bai lan produktiboa, bai eta lan erreproduktiboa ere (zaintza lana, orain arte ezkutatuta egon den lan hori, nagusiki emakumeek egina).

– Egun dauden sektore batzuk beherantz egin beharko dute, beste batzuk desagertu… Beste sektore batzuk indartu egin beharko dira. Baina sektore batzuk desagertzera jo behar izateak ez du esan nahi bertan lan egiten dutenak soberan daudenik. Sektoreen eta lanen birmoldatze honetan langileak babes ekonomikoa eta trebakuntza jaso beharko dute lan berrietara egokitzeko.

– Etorkizunean, energia urriko gizarte ereduan, lanpostu gehiago egongo dira, ekonomia birlokalizatua izango delako eta petrolioarekiko dependentzia gutxiagokoa. Baina trantsizioa ematen den bitartean lana banatzea irtenbidea izan daiteke, bai lan produktiboa zein erreproduktiboa.

– Lan banaketak duen beste onura bat da soldatapeko lanaldia txikituta denbora gehiago gelditzen dela etxea eta familiarako, betetzen gaituzten gauzak egiteko, parte hartze politikorako, boluntariotzarako, auzolanerako…

– Arlo publikoa garatu, bai babes soziala bermatzeko, bai eta gizartearen beharrei erantzuteko ere: osasungintzan, hezkuntza, zaintza lanetan…

– Komunitatearen beharrei erantzuteko komunitatetik bertatik sortzen diren proiektu eta ekimenak bultzatu: kontsumo taldeak, finantza kooperatibak, energia kooperatibak, aseguru etikoak, txanpon lokalak, ekonomia solidarioa, bigarren eskuko azokak, denbora bankuak…

– Zerga politika goitik behera aldatu behar da, aberastasuna birbanatzeko instrumentu eraginkorra izan dadin. Gehien dutenek ere gizartearen onerako lan egin dezaten.

Hauek neurri batzuk besterik ez dira. Alternatibak badaude, eta gauzagarriak dira. Batzuk oraintxe jar ditzakegu martxan, inoren zain egon gabe. Beste batzuk indarra eta gehiengoak eskatzen ditu aurrera eraman ahal izateko, egun, aldaketa nahi dugunok ez dauzkagunak. Beraz, garrantzitsua da indar-harremanak aldatuko dituzten ekimen indar metatzaileak martxan jartzea. Hortxe zeresan handia dute gure esku dauden alternatiba txikiek.

Sistemak alternatiba txikiak ez ditu galerazten, bere interesak ikutzen ez dituzten bitartean. Sistema barruan sor daitezke logika kapitalistatik kanpo dauden proiektu txikiak, jendeari erakutsiko diotenak gauzak beste era batera egin daitezkeela. Proiektuotara jendea erakartzen da, jendeak bizi egiten du gauzak egiteko beste modu bat, eta hori indarberritzailea izateaz gain, oso kutsakorra da. Jakina, alternatiben sarea handitzen den heinean Sistemak bere interesak jokoan ikus ditzake eta kontra ekingo dio. Indar-harreman kontua.

Nire ustez, proiektu alternatibo hauek, nahi dugun etorkizuna dosi txikietan orainaldira ekartzeaz gain, eraldaketarako jendea erakartzeko modu bat dira. Hau da, nahi dugun eraldaketa eragiteko ezinbestekoa dugun indarra metatzeko beste modu bat. Zorionez etorkizuna geuk eraikiko duguna izango da.

Advertisements

Tagged: , , , , , ,

One thought on “Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (eta III)

  1. […] Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (eta III) […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: