Zure begiradak dena esaten du

Landeiarako idatzi nuen artikulua urriaren 6an. Susmoa nuen Katalunian gauzak aldatuko zirela, dena den, idatzi nuen moduan uztea erabaki dut.

Zenbat alferrikako hitz. Zenbat argumentu, esplikazio, arrazoi. Zenbat lan burutik ahora eraman beharrak eraikitzen, besarkada batekin nahikoa denean. Askotan keinu batek gehiago esaten du klase magistral batek baino; luzatutako esku ireki batek, begirada batek. Horregatik, bizi dugun garai politiko nahaspilatu hau begiraden bitartez aztertuko dut.

Hasteko gora begiratuko dut, Eskoziara. Mende batzuk dituen sistema demokratikoa, eta, zergatik ez esan, Espainiako agintariak baina azkarragoak diren gobernuburuak. Cameronek independentziarako erreferenduma egiteko baimena eman zien Eskoziarrei, ezetzak aise irabaziko zuela ziurtzat jota. Zerk bihurtu zuen ustea ustel? Zer gertatu zen erreferendum bezperatan establishment-a dardarka jartzeko? Baietzaren aldekoek ezkerrera begiratu zutela. Ingalaterra neoliberalaren aurrean, Eskozia sozialdemokrata aldarrikatu zuten: ekonomia produktiboa indartsua, sistema publiko sendoa, zerga sistema progresiboa…

Kontua da hori ez zela nahikoa izan. Gutxigatik ezezkoa izan zen garaile, eta bertako batek dioenez “ez gara %51era iritsi eskoziarrei pentsioa zenbatean geldituko zitzaien esatea ahaztu zitzaigulako”. Argi uzten du honek, erabakiak hartzerako orduan, jateko gauzek duten garrantzia. Gizarte eredua funtsezkoa da herritarrak erakartzeko.

Gertatzen dena da guri ez digutela erabakitzen uzten. Gu bizi garen Estatuan demokrazia, mendeak izan ordez, jaioberria da (apur bat zorrotz jarriz gero, oraindik jaiotzear dela ere esan liteke) eta horrek gauzak oso desberdin egiten ditu, eskuinera begira jartzen gaitu horrek. Eta zer topatzen dugu han? Katalunia.

Nora begira daude kataluniarrak? Beraien legebiltzarrera. Gertutik zaintzen ari dira herriak kalean eskatu duena legebiltzarrak betetzen duela, hainbat urtez luzatzen ari den mobilizazio indartsu etengabeaz. Eta galdeketaren alde dauden alderdiak nora begira daude? Kalera. Kaleak batasuna eskatzen die eta erabakimena, alderdiak erakusten ari direna bestalde. Madrilek bere jarrera gogorrarekin seguruenik hori bilatzen du, subiranisten batasunaren haustura. Baina, askok kontrakoa pentsatzen bazuten ere, alderdiek batuta darraite, kalean dagoen indarrak bultzatuta, dudarik gabe.

Begiratu dugu gora, begiratu dugu ezkerrera, begiratu eskuinera eta dena da inbidia, dena da “eta gu zer?”. Nora begira dago EAEko lehendakaria? Behera, Madrilera. Begiradak dena esaten du. Baina gu ez gara lehendakaria soilik. Gu askoz gehiago gara, gure kabuz ere begiratu dezakegu.

Behera begira jar gaitezke gu ere, baina ez mapan, gorputzean baizik. Eta zer ikusten dugu? Eskuak. Eskuak ezker eskuin, itxaropenaren iturri.

Hauteskunde zurrunbilotan sartzear garen honetan Gure Esku Dago indartu ezean jai daukagu. Kaleak behartuko ditu alderdiak erabakitze eskubidea den ariketa demokratikoan martxan jartzen. Ateratzen dugun zaratak, lortzen dugun indarrak behartuko ditu begirada guregana zuzentzen.

Advertisements

Tagged: , , , ,

One thought on “Zure begiradak dena esaten du

  1. […] Zure begiradak dena esaten du […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: