Monthly Archives: azaroa 2014

Nola eraiki EHko subjektu politiko eraldatzailea?

KartaSoziala

Ekonomia Sozial Solidarioa

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Nazioarteko lehen jardunaldietan izan berri naiz Zaragozan. Parte hartzaile asko, gauzak aldatzeko gogo handia eta beste ekonomia bat eraikitzeko proiektu biziak. Alternatiben mugimendua indarra hartzen ari da, asko dago kontatzeko, baina gaurkoan, REAS Euskadiko Carlos Askunzek lehen egunean, bai goizez zein arratsaldez, errepikatu zuen ideia bati buruz aritu nahi dut: ekonomia sozial solidarioa subjektu politiko gisa indartzeko beharraz.

Ostegun arratsaldeko bere hitzaldian ekonomia sozial solidarioa kapitalismoaren alternatiba prefiguratzen duten praktika multzo bezala definitu zuen.Autonomia, autoeraketa eta burujabetzan oinarrituz, nahi eta behar dugun beste ekonomia horren balioak egun bizitzen hasteko modua dela esan zuen. Gizartea eraldatzeko mugimendutzat aurkeztu zuen Ekonomia Sozial Solidarioa.

Bost erronka marraztu zituen:

1. Subjektu politiko gisa indartu. Sare lanean sakondu. Politika publikoak proposatu eta beste eragile batzuekin mintzakidetza bultzatu.
2. Jende gehiago bildu. Kontsumoa arma politiko bihurtu. Ekonomia Solidarioko zirkuituak eraiki. Elkar trukerako eredu alternatiboak landu.
3. Finantza instrumentuak indartu eta ugaritu.
4. Diskurtsoak eta ezagutzak eraiki.
5. Ekonomia Sozial Solidarioaren sarea hazi eta sostengatzeko moduak asmatu.

Euskal Herriko eskubide sozialen karta

Egun hauetan eskualde desberdinetan aurkezten ari gara urte beteko prozesu parte-hartzailearen ondoren ekainean aurkeztu genuen Eskubide Sozialen karta. ”Gaurko egoera errotik aldatzeko mugitzen hasi gara” dio Kartak sarreran, horretarako “beharrezkoa da ekoizpen eta kontsumo ereduak aldatzea […] Gutun honek sintesia egin nahi du langile-klasearen eta sektore herritar zabalen helburu eta aldarrikapenik sentituenekin.”

“Iritsi da EHko emakume eta gizonezkook beste proiektu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko garaia. […] Jarduera ekonomikoaren erdian pertsonak kokatu behar dira […] Egungo metatze kapitalista beste produkzio, banaketa, kontsumo eta zaintza eredu bat bihurtu behar dugu, gure beharrizanak asetzeko […] Ibiltzeko eta bidea egiteko garaia dugu. Horregatik proposatzen dugu EHko Eskubide Sozialen Gutun hau.”

Gutunaren oinarriak honokoak dira:

1. Parte hartze sozial aktiboa
2. Mobilizazio soziala ardatz duen prozesu iraunkorra.
3. Naturaren mugak errespetatu: Bestelako produkzio eta kontsumo eredu bat.
4. Bizitza erdigunean: Iraunkortasun orekatua lehenetsi.
5. Pertsonak merkatuaren gainetik. Ekonomia jendartearen zerbitzura.
6. Aberastasunaren bidezko banaketa.
7. Lanen bidezko banaketa. Enplegu duina.
8. Kolektiboa denari balio eman.
9. Pertsonen eta herrien arteko elkartasuna.
10. Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu burujabea.
11. Euskal Herriko instituzioek honen arabera jardun behar dute.

Nola eragin nahi du Eskubideen Kartak eraldaketa? “Instituzioei exijitzen diegu euren gain har dezaten herritarrenganako duten ardura […] Instituzioek helburu hauek beren jardun politikoaren erdigunean jarri behar dute.”

Hau da, prozesu parte hartzaile baten ondoren, marraztu dugu zeintzuk izan behar luketen eraiki nahi dugun Euskal Herri berri horrek bermatu beharko lituzkeen eskubideak. Baina eskatzen jarraitzen dugu, eta badakigu Instituzioek ez digutela nahi duguna emango, ez baitugu indar-harreman nahikorik.

Ezinbestekoa da eskatzen jarraitzea, eta eskatzen duguna lortze aldera mobilizatzen jarraitzea. Baina beste hanka bat falta zaio horri: indar-harreman nahikorik ez dugun heinean, eta instituzioen politikak aldatzeko gaitasunik ez dugun heinean, guk joan beharko dugu eraikitzen, gure kabuz, era autonomo, autoeratu eta burujabean nahi dugun ekonomia hori. Hain justu Ekonomia Sozial Solidarioak dioen eta egiten duen moduan. Horregatik hartu du EHko Eskubide Sozialen Kartak urriaren 24rako Alternatiba “alternatiben herrixka” antolatzeko konpromisoa; instituzioei politika jakin batzuk eskatzeaz gain, nahi eta behar dugun ekonomia hori dagoeneko eraikitzen joan gaitezkeelako, goikoen zain egon gabe.

Eraldaketarako subjektu politikoa

Ekonomia Sozial Solidarioak soilik ezin du sistema aldatu. Mobilizazioek soilik, gaur gaurkoz, ezin dute sistema aldatu, ez baitugu indar-harreman nahikorik. Indar metaketa da behar duguna, baina emaitza zehatzak lortzen ez dituzten mobilizazioek ez dute indarra metatzeko gaitasunik. Ekonomia Sozial Solidarioak, ordea, emaitza zehatzak lortzen ditu. Sistemari hozka txikiak ematen dizkio, eta horrek jendea motibatzen du, indartzen du. Indar-harremanean irabazteko modu egokia da Ekonomia Sozial Solidarioa, sistema kapitalista gainditzeko norabidean kokatuta badago betiere.

Ekonomia Sozial Solidarioa eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, voilà EHko eraldaketarako subjektu politikoa.

Ekonomia Sozial Solidarioa: patronala ala langile mugimendua?

Hasi eraikitzen eta bizitzen amesten duzun gizarte hori. Horra ekonomia sozial eraldatzailearen (ESE) indargune nagusia. Behin ezagututa, behin bertan murgilduta, aurrera begira jarriko zaituen txinparta bat jabetzen da zutaz, yes we can.
Horrek ez du esan nahi ESEa errealitate uniforme bat denik. Agerian utzi zuen atzo eztabaida batek Zaragozan ospatzen ari de ESEaren Nazioarteko Lehen Jardunaldian .
REAS Madrid-eko Marcos de Castrok, esaterako, ESEa elkarrizketa instituzionaleko mintzakide ofizial gisa onartuko duen lege bat nahi du, oraingoz pribilegio hori patronalaren eta sindikatuen eskutan baitago soilik. “CEOEk ez gaitu ordezkatzen, beraiek esan ziguten jabetzaren ikuspegi desberdina daukagula. Baina, norbaitek al daki zein ordezkaritza maila duen CEOEk? Nola neurtzen da hori?” Euskal Herrian egiten dugun gadera bera bota zuen Madrileko REASekoak.
“Sindikatuek ere ez gaituzte ordezkatzen. Guk gure ordezkaritza propioa behar dugu, plataforma unitario batean. Europan urteak dira Gizarte Elkarrizketa ESEarekin ere egiten dela. Era berean ESEak infantilismoa gainditu eta gai guztietaz hitz egin behar du: fiskalitateaz, politika ekonomikoaz…”
Saio berean zegoen CEPESeko ordezkariak (Economia Sozialeko patronala) arrazoiaren zati bat eman zion. “Gu patronala gara baina CEOEk ez digu lekurik uzten elkarrizketa mahaian. Monopolioa nahi du. Hori oso erraz konpon liteke erabaki politikoa baita. Gertatzen dena da CEOEk mehatxu egiten duela: hauek onartzen badituzue ni banoa. Bestalde, kontuz fiskalitateaz eta beste gai batzuri buruz hitz egiteaz, hor iritzi desberdinak izan ditzakegu eta.”
Jordi Estivil (Xarxa d’Economia Solidaria) ez dator bat ordea: “Elkarrizketa soziala II. Gerra mundu ondoren sindikatuak ongi lotuak izateko amarrua izan zen, pastelaren zati baten truke. Zer emaitza eman du Europako Gizarte Elkarrizketa horrek? Zerua promestu ziguten, baina zerbait lortu al da? Ez didatze emaitza zehaztik aurkeztu.”
“Mahai horiek ez dute ezertarako balio indar-harremanik ez baduzu, eta ESEak indarra izateko egin behar duena da auzoetan ESEko proiektuak garatu. Horrela irabaziko du indar-harremanean. Batzuk mahai horietan parte hartu nahi duzuela? Parte har ezazue, guk ez.”
Jordik Catalunyarako Catalunyako legebiltzarraren agindupean prestatzen ari diren ESEko legea aurkeztu zuen,. 12 herrialde desberdinetako legeak aztertu ondoren Ekuador (edukiengatik) eta Italia (prozesuagatik) hartu dituzte eredutzat. Argia izan zen Jordi: “guk egingo dugun proposamena maximozkoa da. Badakigu ez dugula indar-harremanik lege hau dagoen bezala aurrera ateratzeko, baina guretzat garrantzitsuena prozesua bera da. Jendearekin lege honetaz hitz egin, pedagogia egin, kontzientziazio lana egin. Prozesu amaieran alderdiei aurkeztuko diegu. Orduan esan beharko dute zer pentsatzen duten, zer egingo duten. Nahiz eta ez ezer egin, guk kontzientziazio prozesua burutua izango dugu jendearekin.”
XESeko Joan Lluisek esan zuen Ekonomia Soziala zer den adierazteko orduan ez diotela forma juridikoari eman lehentasuna bere ustez kooperatiba ugari baitaude kooperatibistarik gabe. “XESen adibidez, Ekonomia Solidarioa egiten ez duten erakundeak onartzen ditugu (ekonomia solidarioa babesten duten sindikatu eta auzo elkarteak adibidez). Guk ekonomia eraldatu nahi dugu, ez baitugu sinisten ekonomia kapitalistan. Ez badugu horretan burua, partxe batzuk jartzen besterik ez gara ibiliko.”
Amaieran danbatekoa eman zuen Brasiletik etorritako Rogerio Dallok (COLACOT, Porto Alegreko aurrekontu partehartzaileak bultzatzen dituen elkartea) “zer da patronal gisa mahai batzuetan parte hartu nahi izate hori? Barkatuko didazue baina gu langile mugimendua gara!” eta hori argi ez badugu, akabo.

Nola irten kapitalismotik ekonomia sozial eraldatzaileaz

Urriaren 29an Jordi Garcia Janek (Xarxa d’economia solidaria de Catalunya) eman zuen hitzaldi batean izan nintzen. Hitzaldia Donostiako udaleko Lankidetza sailak eta Talaios Kooperatibak antolatu zuten. Bertan, Jordi, ekonomia sozial eraldatzailearen sintesi bikaina egiteaz gain, poskapitalismorako trantsizioa eta poskapitalismo hori nolakoa izan daitekeen marraztera ausartu zen. Ikaragarri gustatu zitzaidan, eta horregatik erabili zuen diapo aurkezpena eskatu genion. Gustura eman zigun eta hemen daukazue nahi baduzue.