Charlie Hebdo: bortxa lurrean, galderak airean

CharlieHebdoAgintariak

Unai Elorriagaren Iazko Hezurrak irakurtzen harrapatu ninduen Charlie Hebdoren atentatuak. Gogorra. Gordina. SPrako tranbia, Vant Hoffen Ilea… atseginak ziren, irribarre batekin irakurtzekoak. Estiloa aldatu du Unaik. Bortxaz, indarkeriaz, biolentziaz idatzi du metaforarik gabe, zuzen. Gogorra.

Atentatu egileek, ere, estiloz aldatu zuten. Ez zuten atentatu suizida egin. Kaleshnikovak erabili eta alde egin, akabatu zituzten arte. 12 pertsona hil eta Europa hankaz gora. Jakina, hau idatzi dezaket hildakoak ezagutzen ez nituelako, gertukoak ez zirelako, nire maitea ez zelako. Bestela… Hildakoetaz eta beren ingurukoetaz gogoratzea da lehen gauza, nola ez, elkartasuna eta besarkada.

Ordudanik denbora apur bat pasa da, zurrunbiloa baretu da, baina niri galderak gelditzen zaizkit. Errealitateak, harrapatzen saiatzen garenean, ihes egiten digu, itzalak nola, zeruertza gerturatzen garen adina urruntzen den bezala. Horregatik gehiago dio gutaz poema batek formula zientifiko batek baino. Horregatik gelditzen dira galderak airean beti, erantzunen gainetik.

Zerk eragin zuen atentatu ondorengo altxamendua? Zerk atera zuen jendea kalera? Zerk behartu zituen legebiltzarrak arbuio testuak adostera, kontzentrazioak egitera? Zerk bultzatu zituen Europako agintari guztiak, Netanyahu-rekin batera, Pariseko jende oldearen tartean barneratzera? Zerk inarrosi zuen Europa?

Badakit zer ez zen izan. Badakit ez zela 12 pertsonen heriotza izan: urtero milioika pertsona hiltzen dituzte goseak eta gaixotasun sendagarriek, munduan zehar zabalduta dauden gatazkek (Sudan, Mali, Egipto, Libia, Siria, Irak, Afganistan, Ukraina…). Mexikon, Igualan, Ayotzinapako 43 ikasle akabatu zituzten iaz, eta hemen ez zen hala uholderik sortu…

Ez da ere gertu izan delako, edo ez behintzat horregatik soilik: 2011n Kristau fundamentalista batek 69 pertsona hil zituen Utoyan (Norvegia); urtero, espainiar estatuan hamarnaka emakume hiltzen dituzte bikotekideek, eta ez da halako zurrunbilorik sortzen Europan. Galde diezaietela bestela C-Hepatitisak jota daudenei.

Ez dut uste ere, kazetariak edo marrazkilariak izateagatik denik. Ikasleak akabatzea baino okerrago dago komikilariak hiltzea? umeak beherakoarekin hiltzea baino sumingarriagoa da? etxekoandre bat hiltzea baina deitoragarriagoa? Ezetz esango nuke.

Nik uste beldurra izan dela jendea astindu duena, Troikaren erasoei aurre egiteko paralizatzen gaituen beldur berbera: mesedez gera gaitezela gauden moduan; etorkizun ireki ezezagunaren aurreko bertigoa. Charlie Hebdoren kontrako erasoa, Europako bizimoduaren kontrako eraso antolatu bezala ulertu du jendeak, ezagutzen dugunaren kontrako egiazko mehatxu islamiko gisa. Zibilizazioen arteko talka.

Nondik dator beldur hori? Erreala da mehatxua? Benetakoa al da zibilizazioen arteko talka, ala botereak zabaldu du mehatxu hori jendearengan? Zergatik atentatuaren aste horretan horrelako jarraipena hedabideetan? Jendeak benetan interesa zuelako ala botereak zuelako interesa?

Halako atentatuen aurrean badira ere konspirazioa izan dela diotenak. Konspirazioa izan daitekeela pentsatzen bada gauza bat dago argi: gertatutakoak botereari mesede egin dio. Horretan ez da dudarik. Botereak atentatua erabili du indartuta ateratzeko. Europar Batasuna bera eta Europako Batzordea inoiz baina kuestionatuago zeudenean, horra Pariseko argazkia: agintari guztiak herritar mobilizatuz inguratuta, pankarta beraren atzean. Shock Doktrina. Eskuak libre nahi dutena egiteko: fokuak etorkinengan jarri, mugak gogortu, askatasunak murriztu, segurkeria (sugekeria) areagotu. Baina hori azaltzeko ez da konspirazio teoriarik behar. Nahikoa da mendebaldeko boterearen gehiegikerien aurrean batzuk bortizki erantzutea, botereak eraso horiek bere onurarako erabiltzeko.

Eta bortxakeriaren gaiarekin batera etorri da adierazpen askatasunaren auzia, Berriak oso ondo tratatu zuena Dena da irrigarri erreportajean. Edozer esan dezake nahi duenak? Bai, edozer esateko askatasuna izan behar du norberak. Baina edozer esate horretan besteak kontuan izan behar dira? Eta besteak mintzen baditut? Eta zein da mintzen dudana, botereduna ala jende xehea? Eta zeinek mugatzen du adierazpen askatasuna, herri xeheak ala aginteak? Adierazpen askatasunaren alde azaldu diren agintariak adierazpen askatasunaren alde daude?

Mahomaren karikatura egiten duenak, zer helburu du? Islamak dio Mahoma ezin dela marraztu, baina guk badakigu marraztu daitekeela. Baina marrazten badugu musulmanak mintzen ditugu. Zer lortu nahi dugu Mahoma marraztearekin? Gu mendebaldeko jakintsuok musulmanak hezi nahi ditugu esanez begira zein inozoak zareten, guk Mahoma marrazten dugu eta ez da ezer gertatzen; sineskeria tontoa duzue, ikasi gugandik? Musulmanen ona bilatzen dugu musulmanak mintzen?

Galdera hauek nituela, Pablok Erromatarrei idatzitako gutuna etorri zitzaidan burura. Kristau batzuk haragia jaten zuten, eta bazekiten, haragia jan zein ez, Jainkoak berdin maite zituela. Baina baziren beste kristau batzuk uste zutenak haragia ezin zitekeela jan. Ataka horretatik nola atera galdetzen diote Pablori eta honek erantzun: “Janari-arazo batengatik, ez hondatu Jainkoaren egintza. Janari guztiak garbiak dira; hala ere, ez dago ongi besteak galbidean jarriz zerbait jatea. Hobe duzu haragia, ardoa edo dena delakoa utzi, horiek zure senideari oztopo baldin bazaizkio.”

Zentzuzko hitzak, Juan Mari Torrealdaik Berriako “Je suis Egunkaria” artikuluan erabilitakoak bezain: “Ez da etikoa, adibidez, adierazpen askatasuna babes edo ezkutu hartu eta, minoria, zapaldua edo baztertua kolpatzea eta iraintzea… legeak oro alde izanik ere. Ala bai?” Zer da Adierazpen Askatasuna botere harremanak mantentzeko erasorako arma edo zapalduak altxatzeko elkartasunerako esku luzatua?

Bortxaz beteta dago lurra, Elorriagak erakusten digun moduan, albistegiek behin eta berriz, temaz, irudi lizunez, gogorarazten diguten moduan (ezinezkoa da umeekin Gaur Egun ikustea).Baina bortxa goikoak erabiltzen du, botereaz, behekoa zanpatzeko. Eta bortxa behekoak erabiltzen du defendatzeko. Ez dira berdinak. Ala Bai? Galderak gelditzen dira airean…

Advertisements

Tagged: , , ,

One thought on “Charlie Hebdo: bortxa lurrean, galderak airean

  1. […] Charlie Hebdo: bortxa lurrean, galderak airean […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: