Elikadura burujabetzarik ez, lurrak berreskuratu gabe

PassoFundoMSTakanpamendua

Beari kokotsa dardarka hasi zaio, begiak hezetu. Burua makurtu eta guri begira “no puedo…” esan digu. Parean mende erditik gora duen emakumea, hiru seme alaben ama, zortzi biloben amona, urte bete dela bere okindegia utzi eta MST-rekin Passo Fundon  lur sail bat okupatzea erabaki zuena, beste 300 familiarekin batera. Abokatu iruzurgile batek usteltzen zituen ehunka hektarea. Terra e Vida akanpamendua: plastiko beltzez estalitako barrakoak, produktu agroekologikoz ereindako sailak, oiloak, txerriren bat, antolakuntza, borroka, eta duintasuna. “Ocupar, resistir, produzir”.

MST-k denboraz prestatzen ditu okupazioak. Urte bete pasa daiteke plana zehatz mehatz diseinatzen duten bitartean, eta gau batean 100, 1000, 2000 familiak, oinez gehienetan, autoz batzuetan, bide bihurrietatik kilometroak egin ondoren aukeratutako lur sailan sartzen dira, eta urteetan beren bizileku prekario eta mehatxatua izango den akanpamendua eraikitzen dute. Aukeratutako lur sailak ustelkeriaz goraino estalita dauden jendilajearenak izan ohi dira, urtetan abandonatuak izandako lurrak.

TerraVidaAkanpamenduaMST

Bere bizipena kontatu zigun, zuhaitza baten azpian lurrean eserita ginela, akanpamenduko konpañerak. Orain urte betetik dagoela hemen, eguna lanean pasatzen duela, noizean behin hirian bizi den bere semeetako bat datorkiola bisitan, badakiela edozein momentutan militarrak sar daitezkeela familiak handik botatzera, baina berak lur bat nahi duela bertatik bizitzeko, eta borrokan tinko jarraituko duela, etsi gabe.

MST-koek erabiltzen duten taktika bat da, lurra okupatu bezain laster, lurrak landatzea (artoa, babarrunak, mandioka…), Brasilgo lege batek baitio landatutako lurretako produktuak landatu dituenarentzat direla. Kanporaketa saihesteko, edo zailtzeko gutxienez, beste modu bat.

Galderen txanda amaitu zitzaigunean, hain justu, bota zituen Endikak denbora gelditu eta bihotzak xamurtu zituzten hitzak; berea ez zela galdera, barruan gorde ezin zezakeen aitorpena baizik: “espresa ezin dezakegun ohorea da guretzat zuekin hemen egon eta zuen bizipenak entzutea; zuen borroka eta tinkotasuna eredu ikaragarria da guretzat”. Beari hiru urte hauetan Brasilen MST-koekin bizitako guztia lehertu zitzaion barruan, sentimendu eta emozioek gaina hartu zioten, eta portugesez atera ez zitzaizkion hitzak txalo zarta Euskal-Brasil herritarrak ordezkatu zituen.

MSTakanpamendua

Une berezi batetik bestera gabiltza Brasil Hegoaldean mikrobus baten barnean. Egun batean hilabete bat pasatzen dugu guk hemen. Mugimendu desberdinetako jendearekin elkartzen gara, bizitza hobearen bila nekazaritza agroekologikoan oinarritutako alternatibaren alde borrokatzen duen jendea, La Vía Campesina. Kutsatzen eta pobretzen gaituzten agronegozioaren, agrotoxikoen, multinazionalen kontrako borroka etengabea.

Soja landa amaigabeak ikus ditzakezu, eta ondoan baratza txikiak, bertako hazi garbiekin ereindako barazki eta fruitu desberdinekin, modu organikoan ekoitziak, inolako pozoirik gabe. Oso modu grafikoan ikusi dugu Quilombon, MMCko (Movimento de Mulheres Camponesas) Justinaren etxean. Nola lortu transgenikoek eta soja sail berde erraldoiek oasi organiko txiki hauek ez irenstea? Latza da borroka.

Agronegozioak elikadura kutsatua ekoizten du, gaixotu egiten gaitu, nekazaritza agroekologikoak baina lanpostu gutxiago sortzen du, ingurumena hondatzen du, eta esportaziorako monokultiboak bultzatzen ditu, lurra ihartuz… Hitz batean, agronegozioa brasildarrentzat, mundu osoarentzat, arrisku bat da, baina geroz eta gehiago ari da hedatzen. Zer dela eta? Gutxi batzuk diru mordoa irabazten dutelako horren kontura, eta diru horrekin politikariak erosten dituztelako. Horrek azal dezake PT-ren gobernuak, nekazaritza agroekologikoaren aldeko neurri garrantzitsuak hartu baditu ere, azken finean, eta gauzak aurrekontuetara ekartzean, 170.000 milioi erreal bideratzea agronegoziora, agroekologiara 30.000 milioi bideratzen dituen bitartean.

Justina MMC QuilomboBorroka oso zaila da, eta Justinak hala azaldu zigun Quilomboko bere etxean, gazteen erreleboa nola dagoen galdetuta: “gazteek utzi egin dute landa eremua. Kontraesana dirudien arren gure seme alabak hemen ondoko hiltegi industrial batean egiten dute lan. Modu intentsiboan, esportaziora bideratutako oilasko fabrika honek 1800 langile ditu, eta beraien artean daude gure seme-alabak. Guk daukagun lur eremu honek senarra eta ni bizitzeko baino ez ematen. Seme-alabei lurra falta zaie, baina bizitzeko errenta bat behar dute. Lurrik ez dutenez, errenta hori lortzeko modu bakarra beren lan indarra saltzea da, eta gauzak hala, guk borrokatzen dugun agronegozioan egiten dute lan.” Langile klasearen definizio paregabea egin zigun 60 urteko Justinak modu naturalean, beraien errealitatea azaldu zigunean.

Horixe da kapitalismoak ezartzen duen eredu, hemengo mugimenduek gogor borrokatzen dutena nekazaritza agroekologikoa bultzatuz, elikadura burujabetza helburu. Baina, nola lortu seme alabentzat lurrik ez bada? Lurrak okupatuz, lurrak berreskuratuz. Handikiek lapurtutako lurrak berriro ere nekazarien eskuetara bueltatuz.

Ez dut esan, baina akanpamenduetan urte luzez eutsi ondoren, borroka askoren ondoren, gobernua behartua izaten da familia horiei lur bat ematera zenbaitzutan. Hori gertatzen denean (5 urte pasa daitezke, 10 urte, badaude 18 urte akanapamenduan daroaten familiak…) akanpamendua asentamendu bihurtzen da, eta bertan, jada, jendeak bere etxea eraikitzen du eta bizi berriarekin hasi, nekazaritza eta abeltzantzan, kooperatibetan antolatuta, modu garbian ekoitziz, mundua elikatuz. La Vía Campesina.

Advertisements

Tagged: , , , , ,

One thought on “Elikadura burujabetzarik ez, lurrak berreskuratu gabe

  1. […] Elikadura burujabetzarik ez lurrak berreskuratu gabe […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: