Langile klasea? Oui, c’est moi

OlentzeroSare sozialak islatzen duen errealitatea fikziozkoa dela esan ohi dute. Komunitate endogamikoak osatzen direla, eta iritzi berberak dituztenak elkarri segika, datsegitka eta retuitka dabiltzala. Egon ohi dira salbuespenak, dena den. Sortzen dira noiz behinka elkarrizketa aberatsak eta sorpresak.

Jarri nuen txio bat Zubietako erraustegiaren eraikuntzan lan-baldintzak hobetuko zituen akordioa ospatuz, eta erantzuna etorri zen berehala: oso erraustegi laborala izango dugu. Elkarriketa baten ondoren esan zuen zer zegoen txio ironiko horren atzea. “Erraustegia duten langileek ez dute nire sinpatiarik”.

Jarri nuen Zuzeun Euskadiko Orkestra Sinfonikoko langileek grebari esker  lortu zuten garaipenaren posta eta etorri ziren orkestrako langileen kontrako mezuak. Diru publikoa xahutzen duten pribilejiatu batzuk omen dira.

Errenteriako OTAko langileen grebaren harira ere que hay de lo mío hutsak dira, iritsi zitzaidan.

Erantzun hauek Olentzeroren ipuin hura ekarri didate gogora:

Opari bat egin nahi zion Olentzerok langile klaseari eta hantxe jaitsi zen bere zakuarekin herrira. Olentzerok, herri ezezagun hartan galdu xamar zebilenez, laguntza eskatu zion kalean aurkitu zuen gizon bati.

Hasi ziren etxez etxe opariak banatzen, baina “ez, ez” esan zion gizonak lehen etxera iritsi zirenean, “hor ez. Hori funtzionaria da, pribilejiatu bat”.  Hurrengora zihoaztela, berriro, “uf! hori ere ez, hori AHT eraikitzen ari da”. Aurrera jarraitu zuten. “Hemen ere ez, badakizu… hemengoa bere gauzetarako bakarrik mugitzen da”. “Etxe hartakoak txoni batzuk dira, horiekin ezin da ez iraultza ez ezer egin…”. “Etxe honetakoak ere ez. Marx nor den ere ez dakite!”.

Olentzero larritzen ari zen, baina pisu zarpail batzuk ikusi zituenean zuzen jo zuen haruntza ezer galdetu gabe, gizonak alkandoratik tiraka gelditu zuen arte. “Horiek ez dute lanik egiten. RGIaz bizi dira; udalak oparitu dizkie pisuak. Badakizu, kanpotik gure lanaz aprobetxatzera etorri diren kanpotarrak…”.

Halaxe zeharkatu zuten herri osoa azken etxera heldu ziren arte. Olentzerok gizonari begiratu zion etsipen puntu batekin, baina jaso zuen baiezko keinuak begiak piztu zizkion eta gorputza erne jarri. Zarata zetorren etxe barrutik. Garbigailu bat zentrifugatzen, plater hotsak, ume negarrak, emakume baten oihua aginduak ematen… janari usain ona zetorren leihotik.

Jo zuen Olentzerok atea eta txokolatezko emakume bat azaldu zitzaion trapuaz eskuak lehortzen zituela. “Langile klasea?” galdetu zuen Olentzerok. “Kar, kar, kar! Ze ona! Hau etxea garbitzen duena da eta! Badakizu… laguntza behar zuen eta mesedetxo bat egitearren xoxa batzuren truke etxea garbitzen du…”.

Sukaldetik, zartagin soinu eta erauzkailuaren burrunba artetik, emakume ahots batek galdetu zuen, “zein da?”. Olentzerok, hanka puntetan jarrita, sukalderantz luzatu zuen  lepoa ahotsaren jabea ezagutu nahirik.  Gizonak, burua ezker eskuin, begiak lurrean jota etsipen puntu batez, “ez, ez… nire emaztea da. Ez du lanik egiten…”.  Olentzerok ezin zuen sinetsi. “Orduan, zein da langile klasea herri santu honetan?”. “Langile klasea c’est moi”.

Advertisements

Tagged: , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: