Edu Apodakak, Lenin gogora ekarriz, ezkerraren infantilismoaren arriskuaz idatzi du Garako artikulu batean, eta “errealismo eta pragamatismoaren konpromiso iraulzailea”ren aldeko aldarria egin du. “Ziurtasun absolutua ezabatu behar dugu geure burutik”; “utopiak eta konpromiso praktikoak kontrajartzea baino erreakzionagorik ez dago”; “garaipena beti aurrerago dagoela sinistea inoiz ez garaitzeko desioa baino ez dela ahaztu barik”. Bat nator berarekin. Horregatik harritu nau infantilismo hori ELAri egokitu dionean, hain justu, ELAren jarduna errealismoan eta pragmatismoan oinarritzen denean.
ELA Hego Euskal Herriko lehen sindikatua da, alde handiarekin, ordezkaritzaren %35arekin eta 100.000 afiliaturekin. Sindikatuak emaitza horiek lortzen ditu errealitatean oinarrituta langileen beharrei pragmatismoz erantzuten dielako; erreminta baliagarria delako langileen eguneroko beharrei erantzuteko.
Garaipenak lortzen ditugu, azkena Beasaingo Antzibar kiroldegian. Ez dute soldatapeko esplotazioarekin amaitu, ez dute sozialismoa lortu, baina beren lan baldintzak hobetu dituzte.
Garaipen hauek, ospatu eta zabaldu egiten ditugu, antzeko egoeran dauden beste zentroetako langileak ere helburu zehatzen bila antola daitezen eta borrokatu dezaten. Eta emaitzak lortzen ditugu.
Ekonomia soial eraldatzailearen alde ere egiten dugu. EHko Laborantza Ganbaran, Euskoa moneta sozialean, I-Enerren, Goienerren, Fiaren, Koop57-n… parte hartzen dugu. Alternatiba “txiki” hauek zabaltzeko Alternatiben herria antolatu genuen Bilbon EHko Eskubide Sozialen Kartaren baitan, eta aurten Iruñean egingo dugu ekainaren 2an.
Sistema aldatzen dute alternatiba hauek? Ez. Baina eguneroko bizitzan sistemaren logikatik aparte bizitzeko, urrats zehatzak emateko, aukera eskaintzen digute eta indarra metatzeko, jendea erakartzeko, proiektu garrantzitsuak dira.
Bai negoziazio kolektiboan, bai EHko Eskubide Sozialen Kartan, bai ekonomia sozial eraldatzailean, bai greba feministan… utopiak eta konpromiso praktikoak uztartzen ditugu.
Apodakak dio, ere, Ezker Abertzaleak “kontrabotere hutsean jarrai dezala” nahi dugula. Ezker Abertzaleaz ari denean alderdi politikoaz edo hautes-koalizioaz ari bada, alderdi edo hautes-koalizioen helburua hauteskundeak irabazi eta gobernatzea dela jakinda, esaten duenari ez diot zentzu handirik aurkitzen. Beste kontu bat da, irabazteko asmoz, aukeratutako estrategiarekin bat gatozen edo ez. Hori beste kontu bat da.
Ostegunean Tuteran izan nintzen bertako ELAko 20 ordezkari berriri ikastaroa ematen (Erriberan %21eko ordezkaritza dugu). 20 horietatik hiru migranteak ziren. ELAren autonomia politikoaz ari nintzela, esan nien “hemen galdezka hasiko banintz, bakoitzak agian alderdi politiko desberdin bati eman dio bozka”, eta afrikar jatorriko batek esan zuen “edo agian ez dio inori bozka eman”. Pertsona horrek ez du topatu bere behar edo interesei erantzuten dion alderdi edo hautes-koaliziorik. Zein hautesle mota bilatzen du EH Bilduk irabazteko?
Suposatzen dut Apodakaren artikulua Ezker Abertzaleko barne eztabaidetan-edo kokatu behar dela. Agian bere asmoa eztabaida horretan hausnarketan sakondu eta bide bat marraztea izan da. Baina niri behintzat, artikuluaren lehen irakurketaren ondoren, soilik hiru gauza gelditu zaizkit buruan: Lenin, infantilismoa eta ELA. Agian hori ere zen bere intentzioa: “ELAren sirena kantu” horiek gainetik kentzeko sindikatua infantilismoarekin lotzea. Agian.
Tagged: apodaka, ELA, Ezker Abertzalea, infantilismoa, lenin
Kaixo,
Hasteko nire iruzkinaren tonua argi azaldu nahi nuke: kezkatzen nauen gai bati buruz eraikitzailea izan nahi duen iruzkina da hau, zure artikuluari hartzen diodan errespetuzko tonu bera erabili nahi lukeena:
Ezker abertzaleko militantea naiz, eta ELA eta LABen arteko elkarlanaren potentzialean sinesten dut, ELAri EHBildu interpelatzeko autonomia errespetatuz, noski, are gehiago, interpelazio hori EHBildurentzat onuragarria delakoan. Gustura irakurri nuen Elorrietaren liburua, eta aro berri bat hasiko zela espero nuen arren, iraileko adierazpenetik hoba katramilatuta gaudela dirudi. Hor kokatzen dut artikulu-erantzun saltsa hau.
Apodakaren artikukua lekuz kanpo zegoela uste dut, ez dut uste ez ELA ezta ezker abertzalea berak aipatzen dituen posizioetan daudenik.
Bestalde, ELAk ezker abertzaleari egiten dizkion hainbat kritikekin bat nator, batez ere Maltzagarekin tematuta dabilen horrekin.
Baina, era berean, jarraitzen zaituztet sarean ELAko erabakigunetan zaudeten koadro askori, oso formatuta eta zorrotz iritzi interesgarriak ematen. Zuk aipatutako borroka eta alternatiba fronte askotan zabiltzaten iraultzaileak. Eta uste dut ez dela erabat erreala ELA horrekin berdintzea, ezker abertzaleak bezalaxe ELAk ere miseria ugari dituelako, inertziak gainditzeko etab.
Ez dut uste zuen islada denik zuen sindikatua, herrietara eta enpresetara joan besterik ez dago horretarako. Esparru horietan ez da zuk aipatutako eboluzio hori eman, ELA betiko ELA da, bere indar eta akats guztiekin (batzuk aipatzearren korporatibismoa, ETA ondorengo egoeran LABek izan dezakeen hazkundearen beldurra eta legebiltzar kanpoko ertzain bokatxazaleen jarrera hura edo hezkuntzan LABi egindako txistualdia).
Beraz, uste dut prepotentzia gehiegi dagoela bi aldeetan, eta elkarlana beharrezkoa izanda, indarra elkarguneetan jartzea behar dela.
Nork bere etxetik hasteko nahikoa lan duelako, besteen gabeziak ikusterako.
Besarkada handi bat, espero dut elkarlan hori lehenbailehen martxan jartzea. Behar dugu.
Animo eta aurrera
Aupa, Axi! Asko eskertzen dut iruzkina eta erabilitako tonua. Horretarako balio behar dute blog eta sare sozialek, elkarrizketaren bidez urrunago joateko. Orain ezin dizut erantzun, baina saiatuko naiz bihar. Ongi izan!
Aupa, Axi! Bikain asmatu duzu tonuan eta eskertzen dizut ekarpena. Prepotentzia dagoela bi aldeetan? Ez dakit, badakidana da elkarlana ezinbestekoa dela. Kontua da nola asmatu elkarlan hori eraikitzen. ELA baditu bere miseriak, jakina, bizi dena pertsona eta erakunde guztiok bezala. ELAren oinarria, altxorra, indarra, sindikatua behar duen langile jendea da. Jende hori ez dago ideologizatua, batzuk abertzaleak dira, beste batzuk ez, batzuk euskaldunak dira, beste asko ez, batzuk progresistak dira beste batzuk ez… Komunean dutena da sindikatura batu direla boteretik babesteko edo beren lan baldintzak hobetzeko. Hortik aurrera sindikatuaren erronka da bere jende honekin batera ibilbidea egitea antolakuntza gehiagora, indar gehiago biltzera, eraldaketarantz, eta bide hori ezin da bakarrik egin, eraldaketa nahi duten beste eragileekin egin behar da.
Gure ustez elkarlan hori LABekin abiatu behar da. Eta behin eta berriz ikusten den moduan hortxe dago koska. Gauza bat da konpetentzia sindikala hauteskundeetan, eta beste bat da konpetentzia sindikala erreibindikazioetan/mobilizazioetan/grebetan. Hori konpntzen ez dugun bitartean zaila da elkarlan estrategikoa, et,a denborak erakusten duenez, gauza oso konplikatua da hori; eta minez diot.