Zergatik ez da Katalunia independente?

Batzuek diote 2017an erabakimena eta arriskuak onartzeko prestutasuna falta izan zirela (“ez zen aprobetxatu Estatua desbordatua zegoen momentua”). Beste batzuek diote arazoa dela urriaren 27ko independentzia adierazpena ez gauzatu izana (“gobernuak aurrera egin eta mobilizazioarekin jarraitu izan bagenu independente ginateke”). Jordi Muñoz politilogo valentziarrak, ordea, beste iritzi bat du: nire ustez Katalunia ez da independentea 2017an ez zirelako independentzia lortzeko baldintzak ematen.

Principi de realitat. Una proposta per a l’endemà del Procés liburuan kontatzen du (Jordi Muñoz, 2020, Ed. L’Avenç). Zein izan zen Procés-aren akats nagusia? Independentismoak ez zuela sekula %50eko langa gainditu (2015eko I27an %47a lortu zuen, 2017ko U1ean parte hartzea %43koa izan zen eta 2017ko A21ean independentismoa berriro %47an gelditu zen). Gehiengo handia da, baina ez nahikoa. %50etik gorako gehiengo argiak ematen duen zilegitasun hori gabe ezinezkoa da Muñozen ustez independentzia lortzea. Espainiar estatuak zilegitasun demokratikoa galdu zuen kataluniarren aurrean, bai, baina arerioak zilegitasuna galtzeak ez dio automatikoki alternatibari zilegitasun osoa ematen. Zilegitasun hori landu eta irabazi egin behar da.

Dena dela, Muñozek dio Procésak, independentzia lortzea oso zaila dela agerian utzi duen arren, erakutsi digula ere independentismoa, mugimendu soziopolitikoa gisa, eta independentziaren aldeko iritzi publikoa Katalunian uste baina solidoagoa eta erresistenteagoa dela. Independentismoa ez da inoiz hain urrunera iritsi. Gero eta babes sozial eta elektoral egonkorragoa du eta goranzko joaerarekin darrai (ez dute errepresioarekin murriztuko, kontrakoa baizik).

Mugimeduaren ideian sakontzen du, esanez, azken hamarkadan Katalunian lankidetza eta lehia estua konbinatu duen aktore desberdinen sare batean oinarritutako mugimendu soziopolitiko bat eraiki dela, soziologia anitz eta transbertsala duen herrialdeko ehun asoziatiboarekin oso lotua. Azpimarratzen du ere mugimenduak harreman konplexuak dituela elite ekonomikoaren zati batekin eta, ideologikoki progresista izan arren, baita sektore zaurgarrienaren parte handi batekin ere, batez ere metropolikoekin.

Muñozek mugimendu honen oinarrian kokatzen ditu, hiru zirkulu kontzentriko bezala, independentismo tradizionala (gutxiengoa zena), autodeterminazio eskubideari erreferentzia konstantea eta autogobernua hobetzeko gehiengo handi eta transbertsalaren borondatea. Energia latente hau Estatutaren erreforma prozesuak aktibatzen du. Garrantzia berezia ematen dio ere liburuaren autoreak 2003ko tripartitari eta berauk proposatutako estatut erreformari, zubi bat eraiki baitzuen bi munduen artean (ERC-PSC/ICV): katalanismo federalistaren parte batek independentismora pasatzeko zubi hori erabiliko du. “Aliantza hura gabe asko konplikatuko zen gaur gauden tokira iristea.”

Dena den, liburuan dioen moduan, independentismoa ez da ezerezean hazi, testuinguru jakin batean eta beste aktoreekin elkarrekintzan baizik. Procésak eragin dituen erreakzioen artean hiru azpimarratzen ditu: Estatuaren erantzun autoritarioa, Katalunia barneko polarizazioa (Cs-en hauteskunde arrakastak adierazten duen moduan) eta ohiko velle catalanismearen nostalgia, lehengo statu quo lasaia faltan botatzen dutenena.

Baldintza horietan indartzen da mugimendu independentista, 2015etik 2017 bide-orri adostuarekin bat eginda. Batasun hura miraritzat jotzen du Muñozek, bat egite horren abaroan urriaren 1eko hiru hipotesi desberdin biltzen baitziren: batzuentzat negoziazioa bultzatzeko erreminta zen erreferenduma (Estatua negoziatzera behartzeko), beste batzuentzat altxamendurako erreminta zen (emaitza kalean defendatu eta Estatuari eskutik joango zitzaion altxamendua sortzeko; hipotesi honek indarra hartzen du urriaren 3ko greban) eta gehienentzat deskonexiorako erreminta zen, minik gabeko deskonexio expres bat (Kataluniako tradizio moderatuak bere egin zezakeen hipotesi bakarra). Gertatzen dena da hiru hipotesietako bakar batek ere ez duela emaitzik lortzen. Estatuak ez du negoziatuko, ezinezkoa da altxamendua gauzatuko duen mobilizazio mantentzea eta Estatuak bere indarra erakutsi du (deskonexio baketsua kimera bat zen).

Eta halaxe iristen da independentismoa traïdors eta hiperventilats artean banatzen den momentura. Zer egin? Jordi Muñozek bide bat proposatzen du.

2017koa krisi konstituzional bat izan zen, eta orain oreka berri batean sartzen ari gara, egonkorragoa edo ezegonkorragoa, luzeago edo laburrago iraungo duena, baina, dena dela, hurrengo urteetako jokozelaia definituko duena. Expres independentzia baztertuta oreka berria Kataluniako eta Espainiako politikaren eboluzioak ezarriko du.

Estatuan funtsean hiru gauza gerta daitezke: egungo ezkerreko gehiengoa kontsolidatzea, hiru eskuinek gobernatzea edo tarteko oreka bat, koalizio handi moduko bat.

Katalunian aldiz lau gauza gerta daitezke: independentismoa zabaltzea, independentismoa dagoen lekuan gelditzea baina erabakitzeko eskubidearen aldeko kontsentsuak gora egitea, egungo posizioak dauden lekuan gelditzea, edo independentismoaren desgastea.

Konbinazio desberdinak eginda ondorio batera iristen da autorea: soluzio politiko batera trantsizioa egiteko probabilitatea, funtsean, independentismoaren eboluzioaren araberakoa izango da. Soilik independentismoa indartu eta soluzio demokratikoaren aldeko %70a artikulatzeko gai bada imajina daiteke irtenbide baikor bat.

Hori jakinda, irabazteko aukerak handitzeko estrategia bat definitzen du, bi aldagai azpimarratuz: independentziaren aldeko gehiengo argia lortu alde batetik, eta soluzio demokratikorako erreferendumaren aldeko gehiengo zabal eta tranbertsal bat artikulatu, bestetik. Bi gauza diferente dira, eta, hortaz, desberdin pentsatu beharrekoak.

Independentziaren aldeko bozak denboran gorantz doaz, eta gorako joera hori soilik mantenduko da mobilizazioak badarrai (desmobilizazioa da mugimendu askoren arriskurik handiena). Dena den, autorearen ustez %50a gainditzeko gakoa egun ditugun instituzioen gobernantza da. Ez da nahikoa botere instituzionala lortzea; erabakigarriena botere horrekin zer egiten den da. Muñozi iruditzen zaio 2017tik hona gobernantza defizit bat izan duela independentismoak: jendeari iruditzen bazaio eguneroko arazo zehatzak konpontzeko ez duela balio, eta soilik etorkizun ezezagun bat proposatzen duela, zaila izango da independentismora jende berria batzea.

Independentismoak egiten duen autonomiaren gobernu on edo txarrak balioko dio boto emaileari errepublika independentea nolakoa izango den jakiteko. Egia da oso mugatua dela egin daitekeena, baina hobe da soluzioak bilatzea, muga hori ezer ez egiteko aitzaki gisa erabiltzea baino. Alderdi subiranisten lehen betebeharra da eskura dituzten instrumentuak erabiltzea arazoak konpondu, errealitatea eraldatu eta burujabetzaren abantailak egindakoarekin demostratzeko.

Dena den, Muñozek dio gehiengo argia ez dela nahikoa: independentismoak irabazteko aukera du, baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoen artean adostutako arau garbiak dituen erreferendum bat egiten bada, eta, beraz, galtzaileak emaitzak onartuko dituela bermatzen bada. Orain arte %70 hori artikulatzea ezinkezkoa izan da, besteak beste, procésak polarizazio emozionala eragin duelako. Distantzia emozional hori gainditzeko zubiak eraikitzea ezinbestekoa izango da. 2017 hartan independentismoak planteatu zuen enbatan, jende askok beldurra sentitu zuen bere eskubideak urratuko zirela pentsatzen zuelako. Independentismoak ez zuen beldur horrekin enpatizatu.

Zubiak eraiki eta polarizazio emozional hori baretzeko funtsezko instrumentua da independentziaren aldeko eta kontrakoen arteko berme komunetan pentsatzea: erabakiak hartzeko prozesuetako bermeak adostu eta etorkizuneko identitate eta kultura anitzen enkaje instituzionala ziurtatu emaitza dena delakoa izanda, dependentzia ala independentzia. Tolerantzia eta inklusioa praktikatzeak prozeduretan adostasunera iristea ekar dezake.

Elkarrizketaren aldeko apustuak, ere, lagun dezake bide honetan. Zentzu horretan elkarrizketaren mahaia, emaitzak eman zein ez, aukeratzat du Muñozek. %70aren artikulazio politikoa lagun dezakeen beste gako bat iruditzen zaio Estatuaren erantzun autoritarioaren eta errepresioaren kontrako kontsentsuaren lanketa dela. Eta nazioartera begira ere, independentziaren aldeko gehiengo argi batekin eta erreferendumaren aldeko fronte zabal bat artikulatuta, egoera asko aldatuko litzatekeela iruditzen zaio.

Liburua bikaina eta guztiz gomendagarria da. Procés guztiaren konplexutasunean ausardiaz murgiltzen da, gako asko ematen ditu eta etsipen, derrotismo edo noraezaren aurrean balioan jartzen du hamarkada honetan independentismoak lortu duena. Eta garrantzitsuagoa dena, independentzia lortzeko bide bat proposatzen du.

Lortu du meritu gehigarri bat Jordi Muñozek: lehen aldiz katalanez idatzitako liburu bat irakurri dut hasieratik bukaerara.

Tagged: , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

<span>%d</span> bloggers like this: