Tag Archives: berria

Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?

Bata zein bestea aukeratu, beti irrikatuko ditugu lan ordu atseginak. Zail jartzen digute, ordea.

45181869464_86d435eec6_z

Motibazioa, komunikazioa, adimen emozionala, lidergoa, ekintzailetza, mindfulness, coaching… Gosaria gerentearekin, familian patinatzera enpresarekin, talde dinamikak hotel atseginetan, enpresa lasterketak… Langileen partaidetza, gardentasuna, erreferendumak… Enpresa kultura berriaz ari dira patronalak, legebiltzarrak, gobernuak eta guruak. Best-seller bihurtu dira autolaguntzako liburuak. Zentzu komun berria ekarri digu neoliberalismoak.

Aldaketa da normaltasun berria. Berrikuntza, etengabea. Malgutasuna, ezinbestean. Ezagutzaren ekonomia, 4.0 industria, etorkizun hurbilean. Langile berriek erronkak bilatzen dituzte, ametsak, askatasuna. Errutinak azkura ematen die, alde batetik bestera ibili nahi dute. Horra diskurtsoa, baina, errealitatea?

Bilboko NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileek 2,5 euro kobratzen zuten garbitutako gela bakoitzeko. Justu iristen dira hilean 800 euro irabaztera. Hilabetetik gora eman dute greban. Abenduaren 18an egoera hau nabarmen hobetu duen akordioak lortu zituzten.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileek %7-13 arteko soldata arrakala dute kale garbitzaileekiko. 2018ko irailaren 19tik dira greban.

Berrikuntzaren eredutzat saltzen den Donostiako Tabakaleran, Ubik liburutegiko bitartekarien soldatak (goi mailako ikasketekin, hainbat hizkuntza menperatuta, ezagutzaren ekonomian lan eginda), ez dira 1.000 eurora iristen. Gainera larunbata eta igandetan lan egin behar dute, ordutegi itogarriak dituzte eta ezin dute opor egunik hartu. 2018ko abenduaren 22tik daramate greban.

Eta enpresa kultura berria?

Ah, bai, langile hauek azpikontratatuak eta externalizatuak dira… hain justu, langileak prekarietate gordinean itota, administrazio publikoek eta enpresek dirua aurreztu eta irabazteko, hurrenez hurren.

Partaidetza, gardentasuna, komunikazioa, motibazioa… beste langile batzuentzat dago pentsatuta. Gasteizko DHL-Mercedesekoentzat, esaterako. Bertan, 2013an enpresa kultura berria ezartzen hasi zirenetik, gertatutakoa kontatu du Jon Las Heras EHUko ikertzaileak Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen dokumentuan. Merezi du irakurtzeak. Dena den, eta Jon Las Herasen lanaren spoilerrik egin gabe, esan dezakegu neoliberalismoak ekarri duen diskurtso ederrak errealitate latza ezkutatzen duela, baita enpresa kultura berria ezarri duten enpresetan ere.

Zuzendariek ardura eta askatasuna ematen diete langileei: bezeroekin guztiz konprometitzeko askatasuna. Horra, barne kontrol berria. Horra, autoesplotazioa. Horra, dedikazioa eta lan orduak biderkatzeko modua. Horra, bizitzaren inbasioa. Antsietatea, medikazioa eta meditazioa: zergatik, zertarako eta zeinentzako ari naiz bizitza galtzen?

Nire auzoan: ¿eres de fuera?

Berria20160331

Gauza bitxia gertatu zitzaidan atzo goizean. Zuri gelditu nintzen. Zer esan, zer pentsa jakin gabe. Nire auzoan bertan izan zen, etxetik metro gutxira. Munduko herrialde euskalduneneko hiri euskaldunenean. Donostian; ez Honolulun edo Ouaagadougoun.

Egia esan, goizeko 7ak ziren. Ilun zegoen, giro txarra, eta bakarrik ginen autobus geltokian. Bera eta ni. Berrogeita hama hirurogei urte inguruko emakumea. Ez dakit. Agian Donostia 2016 izango da, aste santuaren amaiera, turismoaren gailurra, bisitarientzat bizi garela… baina indarge gelditu nintzen.

Joan Mari Torrealdaik harribitxi asko utzi izan dizkigu (harribitxi bat izan da, eta da, bera, egia esan), eta Berrian egin zioten elkarrizketa batean erantzun honek arreta deitu zidan:

“Euskal mundua unibertso bat da, ez eranskin edo zatitxo bat. Osotasun bat badago hor, baina ez da ezagutzen. Orain esaten da bi kultura —erdal kultura eta euskal kultura— bizkar emanda egon direla. Ez da egia. Gu erdal kulturaren barruan ere bagaude; haiek daude gugandik aparte. Beraz, planteamendua egiten badugu era horretara, sekula ez gara iritsiko gauzak ondo analizatzera. Gure tragedia da subsumituta gaudela erdal munduan: edo euskara ez dakitelako edota euskara jakinda ere beren erreferentzia mundua kanpoan dagoelako, gure mundua ezezaguna da haientzat. Eta ezagutzen ez dutenez, gero bihurtzen da bigarren mailakoa, interesik gabea… Ezagutu ere egin gabe.”

Bada, atzo hitzok haragi bihurtu ziren.

Markesina azpian postontzitik hartu berri nuen egunkaria ari nintzen irakurtzen: Hollandek atzera egin duela, harrituta, ea lan araudiaren aldaketan egin ote zuen atzera, eta ez, konstituzio aldaketan egin omen zuela atzera… eta orduan iritsi zen galdera. Egunkarira begira zegoen, harridura aurpegiarekin. “¿Eres de fuera?” “No, soy de aquí” atera zitzaidan eta plof gelditu nintzen. “No, como he visto que estabas con esos papeles… suele haber gente de fuera por aquí, que no sabe qué autobus coger, que andan un poco perdidos… por ayudar… como hay un hotel ahí al lado…”

Lagun batek zioen moduan: bi mundu!