Tag Archives: borroka

Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?

zapalkuntza

Irudipena dut euskalgintza apur bat astindu duela independentziaren inguruko diskurtso berriak. Niretzat haize freskoa izan dena kezkagarria zaio zenbaiti, irrigarria besteri. Euskara alboratuko ote den, lurraldetasuna baztertu, historia gutxietsi… Normala da, modu probokatzailean egin baita diskurtso berri hau, eztabaida pizteko asmoz. Helburua lortua

Dena den, sentsazioa dut euskalgintzak defentsiban erantzun duela, hobe bizitzeko independentzia eta euskaraz bizitzeko independentzia kontrajarriak bailiran. Esango nuke, lehia hori piztea leporatu diotela Unai Apaolazari. Zergatik ez dakit, Apaolazak oso argi hitz egin baitu: Ez dago mailaketa bat independentziarako arrazoien artean”;“Ongizatea izango da alor guztietan, bai ekonomikoan, bai “identitario” deitzen diogun horretan eta denean; denak suspertu behar dira, denak bultzatu”.

Apaolazari iruditzen zaio zapalduta bizi garela, espainiarren zein frantziarren eta euskal herritarren arteko botere harremana oso desorekatua dagoela, eta egoera aldatu nahi du, berdintasuna lortze aldera. Horretarako independentziaren aldeko borrokara erakarri nahi du ahalik eta jende gehien, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez. Normala da, burujabetza indar-harreman kontua baita; zenbat eta independentista gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoa gauzak aldatzeko.

Gizon eta emakumeen arteko botere harremana ere guztiz desorekatua dago. Emakumeak zapalduta bizi dira. Feminismoek emakumeen ahalduntzearen alde borrokatzen dute, emakumeak burujabe izan daitezen. Patriarkatuarekin amaitzeko ahalik eta jende gehiena batu behar dute borrokara, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez, izan emakume edo ez, indar-harreman kontua baita sistema aldatzea. Eta gogor borrokatu beharko dute mugimendu feministek hori lortzeko, beraiek ez badute egiten, ez baitu beste inork egingo.

Era berean, langile mugimenduak langileen burujabetza bilatzen du, langileak antolatuz eta borrokatuz. Sorreratik izan da borroka kolektiboa, langilearen eta ugazabaren arteko botere harremana guztiz desorekatua baita. Zenbat eta langile gehiago batu, orduan eta indar handiagoa gauzak aldatzeko. Horregatik bilatzen ditu sindikatuak langile abertzaleak eta ez abertzaleak, euskaldunak eta erdaldunak, bertan jaioak eta kanpotik etorriak, helburua baita ahalik eta indar handiena aktibatzea zapalkuntza sortzen duen kapitalismoarekin amaitzeko. Langile mugimenduak borrokatu behar du langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko, bestela, beste inork ez baitu egingo.

Esan izan dute lan erreforma, esaterako, ez dela sindikatuen kontua soilik, zabalagoa dela, legea aldatu gabe ez dela lan erreforma atzera botako. Gertatzen dena da alderdiek hamaika kontu izanda, ez dituztela langileen beharrak lehenetsiko, langileak aktibatu eta mugimendu indartsu bat sortzen ez dugun bitartean. Eta hori langile mugimenduaren ardura da.

Berdin gertatzen zaio euskalgintzari. Euskararen menpeko egoera aldatu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa du jende gehiago euskararen aldeko borrokara biltzea. Erakarri nahi ditu abertzaleak eta ez abertzaleak. Erakarri nahi ditu euskaldunak eta erdaldunak.

Orain, independentismoan sortzen ari den diskurtso berria kritikatzen du, hobe bizitzea lehenesten duelako euskara baztertuz (ez dakit euskaraz sortu eta adierazten den diskurtsoak zein puntutan baztertu duen euskara). Gertatzen dena da, independentista izateko arrazoi asko dagoela, eta euskara izarra izatea nahi duenak gogor borrokatu beharko du hori lortzeko.

Askotan, gure ardura dena ez dugu behar bezala egiten, edo ez dugu, behintzat, nahi ditugun emaitzak lortzen, eta besteei leporatzen dizkiegu gure gabeziak. Ulertzen baitut, euskararen alde ari direnak, ere, hobe bizitzeko egiten dutela. Hemen, denok nahi dugu bizitzea tokatu zaigun epe labur honetan ahalik eta hobe bizi. Asmatu nahi dugu, besteak beste, hau delako daukagun bizitza bakarra. Hemen eta orain asmatzen dugu, edo akabo. Eta, kontrajarria badirudi ere, batzuk geure bizitza konplikatuta hobe bizi gara, horrek zentzuz betetzen baitu mundu honetan egiten ari garen ibilaldia.

E egunaren zain ez dugu egon behar. Burujabetza egunero eraiki behar da. Zapalduen burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza, ekonomia burujabetza… Egunero eraikitzen joan behar dugu burujabetza hori, burujabetza borroka desberdinak saretuz (Alternatiben Herrian egin zen bezala), bai baitakigu Euskal Herria independentea denean ez dela izango ez euskalduna, ez sozialista, ez feminista, ez ekologista, ez guztiz demokratikoa, ez burujabea. Borrokak eta eraikuntzak jarraitu beharko du.

Orduan zertan gabiltza? Gure ondorengoei mundu hobea uzten saiatzen; geure bizitza zentzuz betetzen saiatzen. Burujabetza borroka desberdinak saretu. Lehia? Zapalkuntzari.

Advertisements

Elikadura burujabetzarik ez, lurrak berreskuratu gabe

PassoFundoMSTakanpamendua

Beari kokotsa dardarka hasi zaio, begiak hezetu. Burua makurtu eta guri begira “no puedo…” esan digu. Parean mende erditik gora duen emakumea, hiru seme alaben ama, zortzi biloben amona, urte bete dela bere okindegia utzi eta MST-rekin Passo Fundon  lur sail bat okupatzea erabaki zuena, beste 300 familiarekin batera. Abokatu iruzurgile batek usteltzen zituen ehunka hektarea. Terra e Vida akanpamendua: plastiko beltzez estalitako barrakoak, produktu agroekologikoz ereindako sailak, oiloak, txerriren bat, antolakuntza, borroka, eta duintasuna. “Ocupar, resistir, produzir”.

MST-k denboraz prestatzen ditu okupazioak. Urte bete pasa daiteke plana zehatz mehatz diseinatzen duten bitartean, eta gau batean 100, 1000, 2000 familiak, oinez gehienetan, autoz batzuetan, bide bihurrietatik kilometroak egin ondoren aukeratutako lur sailan sartzen dira, eta urteetan beren bizileku prekario eta mehatxatua izango den akanpamendua eraikitzen dute. Aukeratutako lur sailak ustelkeriaz goraino estalita dauden jendilajearenak izan ohi dira, urtetan abandonatuak izandako lurrak.

TerraVidaAkanpamenduaMST

Bere bizipena kontatu zigun, zuhaitza baten azpian lurrean eserita ginela, akanpamenduko konpañerak. Orain urte betetik dagoela hemen, eguna lanean pasatzen duela, noizean behin hirian bizi den bere semeetako bat datorkiola bisitan, badakiela edozein momentutan militarrak sar daitezkeela familiak handik botatzera, baina berak lur bat nahi duela bertatik bizitzeko, eta borrokan tinko jarraituko duela, etsi gabe.

MST-koek erabiltzen duten taktika bat da, lurra okupatu bezain laster, lurrak landatzea (artoa, babarrunak, mandioka…), Brasilgo lege batek baitio landatutako lurretako produktuak landatu dituenarentzat direla. Kanporaketa saihesteko, edo zailtzeko gutxienez, beste modu bat.

Galderen txanda amaitu zitzaigunean, hain justu, bota zituen Endikak denbora gelditu eta bihotzak xamurtu zituzten hitzak; berea ez zela galdera, barruan gorde ezin zezakeen aitorpena baizik: “espresa ezin dezakegun ohorea da guretzat zuekin hemen egon eta zuen bizipenak entzutea; zuen borroka eta tinkotasuna eredu ikaragarria da guretzat”. Beari hiru urte hauetan Brasilen MST-koekin bizitako guztia lehertu zitzaion barruan, sentimendu eta emozioek gaina hartu zioten, eta portugesez atera ez zitzaizkion hitzak txalo zarta Euskal-Brasil herritarrak ordezkatu zituen.

MSTakanpamendua

Une berezi batetik bestera gabiltza Brasil Hegoaldean mikrobus baten barnean. Egun batean hilabete bat pasatzen dugu guk hemen. Mugimendu desberdinetako jendearekin elkartzen gara, bizitza hobearen bila nekazaritza agroekologikoan oinarritutako alternatibaren alde borrokatzen duen jendea, La Vía Campesina. Kutsatzen eta pobretzen gaituzten agronegozioaren, agrotoxikoen, multinazionalen kontrako borroka etengabea.

Soja landa amaigabeak ikus ditzakezu, eta ondoan baratza txikiak, bertako hazi garbiekin ereindako barazki eta fruitu desberdinekin, modu organikoan ekoitziak, inolako pozoirik gabe. Oso modu grafikoan ikusi dugu Quilombon, MMCko (Movimento de Mulheres Camponesas) Justinaren etxean. Nola lortu transgenikoek eta soja sail berde erraldoiek oasi organiko txiki hauek ez irenstea? Latza da borroka.

Agronegozioak elikadura kutsatua ekoizten du, gaixotu egiten gaitu, nekazaritza agroekologikoak baina lanpostu gutxiago sortzen du, ingurumena hondatzen du, eta esportaziorako monokultiboak bultzatzen ditu, lurra ihartuz… Hitz batean, agronegozioa brasildarrentzat, mundu osoarentzat, arrisku bat da, baina geroz eta gehiago ari da hedatzen. Zer dela eta? Gutxi batzuk diru mordoa irabazten dutelako horren kontura, eta diru horrekin politikariak erosten dituztelako. Horrek azal dezake PT-ren gobernuak, nekazaritza agroekologikoaren aldeko neurri garrantzitsuak hartu baditu ere, azken finean, eta gauzak aurrekontuetara ekartzean, 170.000 milioi erreal bideratzea agronegoziora, agroekologiara 30.000 milioi bideratzen dituen bitartean.

Justina MMC QuilomboBorroka oso zaila da, eta Justinak hala azaldu zigun Quilomboko bere etxean, gazteen erreleboa nola dagoen galdetuta: “gazteek utzi egin dute landa eremua. Kontraesana dirudien arren gure seme alabak hemen ondoko hiltegi industrial batean egiten dute lan. Modu intentsiboan, esportaziora bideratutako oilasko fabrika honek 1800 langile ditu, eta beraien artean daude gure seme-alabak. Guk daukagun lur eremu honek senarra eta ni bizitzeko baino ez ematen. Seme-alabei lurra falta zaie, baina bizitzeko errenta bat behar dute. Lurrik ez dutenez, errenta hori lortzeko modu bakarra beren lan indarra saltzea da, eta gauzak hala, guk borrokatzen dugun agronegozioan egiten dute lan.” Langile klasearen definizio paregabea egin zigun 60 urteko Justinak modu naturalean, beraien errealitatea azaldu zigunean.

Horixe da kapitalismoak ezartzen duen eredu, hemengo mugimenduek gogor borrokatzen dutena nekazaritza agroekologikoa bultzatuz, elikadura burujabetza helburu. Baina, nola lortu seme alabentzat lurrik ez bada? Lurrak okupatuz, lurrak berreskuratuz. Handikiek lapurtutako lurrak berriro ere nekazarien eskuetara bueltatuz.

Ez dut esan, baina akanpamenduetan urte luzez eutsi ondoren, borroka askoren ondoren, gobernua behartua izaten da familia horiei lur bat ematera zenbaitzutan. Hori gertatzen denean (5 urte pasa daitezke, 10 urte, badaude 18 urte akanapamenduan daroaten familiak…) akanpamendua asentamendu bihurtzen da, eta bertan, jada, jendeak bere etxea eraikitzen du eta bizi berriarekin hasi, nekazaritza eta abeltzantzan, kooperatibetan antolatuta, modu garbian ekoitziz, mundua elikatuz. La Vía Campesina.

Brasilen MST-k badu mistika

MSTren Escuela Nacional Florestan Fernandes, Sao Paulo ondoan. Apirilak 9 ditu, goizeko zortzietarako ordu laurden falta da, mistika garaia.

Trebatzaileen trebakuntzan dabilen talde batek antolatu du. Lau emakume ilaran bosgarren bati begira. Saski bat darama batek loreekin, nezkazaria. kainabera eta arraina bigarrenak, arrantzalea. Langile kasko bana buruan azken biak. Parean dagoenak ezker ukabila gora altxata “¡sí se puede!”. Besteen oihartzuna jarraian, “¡sí se puede!”.

MSTflorestanfernandesMistika

Taldea lideratzen duen emakumea gizonak jipoitzen du etxean. Gizon batek lorez betetako saskia kendu dio indarrez nekazariari, armadun baten laguntza behar izan du. Beste horrenbeste egin du arrantzalearekin; indarrez kendu dizkio kainabera, arraina eta saskia. Bi emakumeak lurrean gelditu dira buruz behera. Kartel batek azaldu digu kontua: “dispossession of commoms”. Komunaren desjabetzea.
Langile kaskoa daramaten bi emakumeak meatzean lanean dabiltza, harriari joka. Beraien lanak gutxiago balio duela diote, emakume izateagatik gutxiago pagatzen dietela.

Orduan azaldu da berriz saskiak lapurtu dituen gizona. Lurrean etzanda zeuden nekazari eta arrantzaleari eskua eman, zutiarazi eta bere meategian lan egitera “gonbidatu” ditu.
Lau emakume dira jada harriari jo eta su ari direnak. “Azkarrago!” oihuka gizonak. Kink, kink, kink. “Azkarrago!”. Kink-kink, kink-kink, kink-kink. “Azkarrago!”. Garraxika hasi dira emakumeak: “Nekeak jota, gaxo gaude! Ezin dugu gehiago!”.

Falta zen emakumea azaldu eta “elkarrekin borrokatu behar dugu!” bota die. Orduan kantuan hasi dira, mundua alda daitekeela, bizitza berri bat borrokaz eraiki daitekeela. Prozesioan hasi dira kantuan, txaloka. Gu ere ginbidatu gaituzte barrura. Nora goaz? Ez dakigu. Aurrerantz garamatzate doinu, erritmo eta korronteak. Eraiki dezagun mudu berria. Lorategi batera iritsi gara. Masta biren oinetan bandera bana, Via Campesinakoa eta MSTkoa. Inguruan kokatu gara guztiok.

Internazionala kantatuz banderak gorantz hasi dira. Goizeko zortziak. Nolako indarra, emozioz, estetikaz, bizipenez betetako ordu laurdeneko errepresentazio batek. Nolako trebakuntza, mistika antolakuntza bera, eta mistikan parte hartzea. Horrela hasten den egun bat, nola amaituko da?

Pello Guibelalde Intxortako trintxeran

Irudia

Argazkia www.intxorta.org-tik hartua

Istorio hau benetako gertakizunetan oinarritua dago (hemen)

Bideo baterako gidoia izan daiteke, norbait animatzen bada (izan daitezke bi erromatar Asterix eta Obelixenean, izan daitezke yankien fuerte bat Indiarrek inguratua, izan daiteke gerra eszena bat… Norberaren gustura egin dauteke; Kontua da koitadu hauek inguratuak daudela eta elkarrizketa larritasunak itota ematen dela)

Intxortako gaina keak estaltzen du. Balak txistuka dabiltza hegan,leherketek mendi osoa jartzen dute dardarka. Dinbi! Danba! Oihuak suma daitezke burrunba artean, urrats batzuk bizkor gerturatzen. Gorputz bat lurrera. Izerdia, arnas estua, hautsa. Albo batera tu egin eta bizkarra arez betetako zakuen kontra bermatu du trintxeran. Kaskoa ukitu batez goratu, hasperen egin, eta zugan jarri ditu begiak.

–          Nola daiteke hau? Nolako borroka! –esan dizu.
–          Lurralde honetan ezingo dugu gehiago iraun. Gure kontrako giro honek akabatu egingo du gurekin.
–          Ez esan!
–          Gure tropek bakardade gordina sufritzen dute. Kezkak jota bizi dira, guztiz gogaituta daude.
–          Ez dago elkarrizketekin berriro hasteko aukerarik?
–          Haiena da ardura! Zer nahi dute? Lurraldea suntsitu. Horretarako ez dezatela gurekin kontatu! Gu prest gara proiektu partekatuekin hasteko, elkarlanean, guztion parte hartzea bultzatu, komunikazioari garrantzi handia emanaz…
–          Baina gogor borrokatzen badugu gainditu ditzakegu!
–          Ez. Ezin dugu. Orain gutxi gure kontrako zerga bat ezarri zuten.  Gure jendea ospa egiten ari da. Lurralde hau salgai dago jada. Honezkero hau egin badute gure kontra, zer ez dute egingo aurrerantzean! Herri honengatik gehien egin dugunak gara, baina hau guztia jasan ondoren, berandu da.
–          Baina nora joango gara?
–          Ondoko lurraldeetara. Han ez dago hemen daukagun giro liskartsua. Han ez dute gure kontra hemen bezala egiten. Pentsa, hemen ELA eta LABek %75a dute. CCOO eta UGTk %25. Araban azken bi hauek erditik gorako ordezkaritza dute. Han metaleko langileek %32 gutxiago irabazten dute eta urtean 38 ordu gehiago egiten dute lan. Hemen ezin dugu lehiakorrak izan.
–          Horregatik dago blokeatua negoziazio kolektiboa hemen?
–          Bai. Hitzarmen kolektiboak enpresen lehiakortasunerako erreminta izan behar dute. Soldaten bilakaerak enpresaren eboluzioa kontuan izan behar du, eta lanaldia malgua izan behar da enpresaren beharretara egokitu dadin.  Sindikatuen proposamenak hortik badoaz ez da arazorik izango gure sinadura jasotzeko. Orain, planteamendu horien kontra badoaz, ez dugu sekula sinatuko.
–          Baina, ez al da lurralde hau, hain justu, langabezia txikiena duena? (datuak hemen)
–          Kar kar kar! Ez zara enteratzen!  Langabezia ez da gure ardura. Are gehiago, langabezia altu batek mesede egiten digu, gure ardura, gure enpresentzat ahalik eta mozkin gehien eskuratzea baita. Langabezia altuarekin errazagoa da soldatak jaistea, eta soldatei kentzen dioguna guretzat doa.  Zuk eta nik ez dugu enplegu beharrik ederki bizitzeko ezta? Ez zaitez nahastu, beraz. Biharko egunak argitzerako leku lasaiagoetan izango gara.

Honi buelta eman behar diogu

Corrugados Azpeitiako langileak gogoan

Denbora zeraman lanik aurkitu gabe. Langabezia saria ez zuen jasotzen jada. Oinarrizko errenta besterik ez. Bi alaba. Emazteak lan franko, baina etxean, ikusezin hori.

Bi hilabete daramatza lan berrian. Oraingoz ez du ezer kobratu, ikasten ari da. Ikastaroa omen da baina bera lanean dabil. Konponketak egiten ditu, etxeetan kableak bota. Telefonicaren azpikontrata baten azpikontrataren azpikontratak azpikontratatu du. 10:00tan hasten da lanean. 23:00tan amaitzen du. Grosen. Bera ez da Donostian bizi. Autoz doa. Hasieran OTA ordaintzen hasi zen baina erotzekoa zen hainbat aldiz autoa mugitu behar hura. Parking baten bonoa atera du. 100 euro hilean uste dut. Berak oraindik ez du ezer kobratu, ikasten omen dabil.

Bere lana egiteko zenbait aparailu behar zituen. Bere kabuz erosi ditu. 1000 euro ordaindu ditu. Emaztea eta bi alaba ditu. Oinarrizko errenta ez du kobratzen. Lanean ikasten ei dabil, ikastaro bat egiten eta ez du kobratu oraindik. Autoaren, parking-aren, aparailuen gastua ala inbertsioa berak ordaindu ditu. Etxera gaueko 11:30tan iristen da. Alabak betaurrekoak behar ditu. Bestea, bizkarreko arazoak dituela eta, medikuetara joan etorrian ibili ohi da. Osasun publikoak ez dio hori kubritzen.

Emaztea eta bera pozik daude zerbait aurkitu duelako. Denbora zeraman ezer topatu gabe. Hau gutxienez zerbait da. Telefonicarentzat lan egiten du, azpikontrataren azpikontrataren azpikontratak azpikontratatua. Legala da.

LaBolsa.com-eko berria 2013ko otsailaren 28an: “Telefónica obtuvo un beneficio neto de 3.928 millones de euros en el ejercicio 2012, lo que supone un 27,3% menos que en el año anterior, tras realizar saneamientos por 2.536 millones de euros, según ha comunicado este jueves la compañía a la Comisión Nacional del Mercado de Valores (CNMV).”

Ez omen da greba egiteko garaia, piketeak biolentoak ei dira, gastu sozial gehiegi daukagula diote.

Zuk errealitatea nondik begiratzen duzu, bizitza aurrera ateratzeko zailtasunak dituenaren begietatik ala, pertsona arrunten arazoetatik urrun, irabaziak puzteko negozioa leku batetik bestera eraman dezakeenaren begietatik?

Alternatiba irabazteko ahaldundu

“Urrea esan eta urria eman”. Esaera zaharren kutxa egiaz gainezka dago, baina ez beti zentzu bereko esanahiz. Ez alferrik, egia kontraesanez josita egoten baita: zure egia, nirea, gurea… Hau berriro agerian geratzen da Nicolas Sarkozyk berak bota zuen esaldi bat gogora ekartzean; pairatzen dugun krisiaren hasieran esan zuenez, “kapitalismoa birsortu beharra dago”. Orduan arazo gisa ikusten ziren finantzen desarautzea eta paradisu fiskalak, eta ekonomian esku-hartze publikoa berreskuratzea ezinbestekoa omen zen… haizeak eraman zituen hitzok.
Ordutik hona bost greba orokor egin ditugu, hain zuzen ez erabakiak jite hartakoak direlako, erabat kontrakoak baizik. Betidanik inposatu nahi izan dizkiguten erabakiak hartzen ari dira; erabaki horiek are gehiago botere ekonomikoaren mesederako dira; duela urte batzuk ez ziren halakorik egitera ausartuko. “Shock doktrina” ari dira ezartzen. Demokrazia erabilgarria da eurentzat etekina ateratzeko aukera ematen badie; hala ez denean, baztertu egiten dute. Nork bere klasearen interesak defenditzen ditu, eta indar-korrelazioa da erabakigarria.
Desobedientzia sindikala
Krisiaren aitzakiaz hartutako erabakien artean langile-klaseari kalterik handiena lege laboralen eta negoziazio kolektiboaren erreformak ekarriko dio. Erreformaren helburua, soldatak eta lan-baldintzak okertzea, patroiarentzat esplotatzea eta etekin handiagoa ateratzea errazagoa izan dadin. Orain arte hitzarmen probintzialek gutxieneko betebeharra ezartzen zien enpresarioei, baina legea aldatuta, erabateko askatasuna daukate lan-baldintzak hitzarmen estatalaren parera murrizteko (halako hitzarmenik balego); honek batez beste esan nahi du %20 soldata gutxiago eta %20 lanordu gehiago. Sektoreko hitzarmen estatalik ez badago, Langileen Estatutu hutsa aplikatuko da. Esklabutzaren garaietara itzultzen gara.
Zapateroren erreformaren aurka greba orokor bat egin genuen, eta beste bat Raxoiren erreformaren aurka. Baina legea aurrera atera eta dagoeneko aplikatzen ari dira. Hartara, bi aukera ditugu:
1. Ez daukagu legea indargabetzeko adina indarrik. Ezin da ezer egin, patronalak graziaz zerbaitetan amore ematen ez badu. Hots, langile-klaseak bere subiranotasunari uko egin eta patronalari uzten dio erabakitzeko eskubidea (honez gero bere esku dagoena).
2. Enpresa bakoitzean, antolatu eta borrokara joaz gero, lor daiteke erreforma ez aplikatzea. Langile-klaseak bere boterearen kontzientzia hartzen du, erabakitzeko eskubidea bereganatu eta desobedientzia egintza bat egitea hautatzen du: “erreforma laborala ez da enpresa honetan sartuko”.
ELAn bigarren aukera hautatu dugu. Enpresaz enpresa joatea erabaki dugu, jokoan zer dagoen azalduaz, langileen kontzientzia piztuaz: antolatu, afiliatu eta borrokatuz gero, erreforma beren enpresan ez aplikatzea lor daiteke. Hori egiteko boterea badaukagu; kontzientzia hartu eta lanari ekin behar zaio. Ez dago hau egitea ezinezko den enpresa, ez lantokirik. Oso zaila, konplexua eta nekagarria da… baina hori da bide bakarra. Eta hala ari gara berresten lorpen hori erdietsi dugun enpresetan.
Zenbait enpresetan, jendea antolatuta eta afiliatuta dagoela, greba egiteko mehatxua nahikoa da enpresarioak erreforma laborala ez aplikatzea bermatzen duen hitzarmena sina dezan. Baina hauek oso kasu bakanak dira. Gehienetan greba luzeak behar dira erreforma geldiarazteko. Demanen hiru hileko greba eta enpresa-batzorde mordo baten elkartasuna behar izan ziren lortzeko. Izan ere, botereari aurre egitea eta desobeditzea erabakitzen duen jendeak bere inguruan babesa eta solidaritatea izaten du, eta borrokarako ahalmen hori zabaltzen du. Enpresa bateko langileen desobedientzia eskualdean zehar hedatu egiten da, beste enpresa batzutara jauzi egiten du.
Hala gertatu zen Atarrabiako Newark San Andres paper-fabrikan zein Laudioko Guardianen. Greba garaian beharginak akanpatuta egon ziren lantegi ondoan gau eta egun, eta babesa, argia, berotasuna, edari zein jatekoak jaso zituzten herriko jendearen, udalaren, tabernarien edo supermerkatuen aldetik. Urnietako Demaneko langileen borrokarekin enpresa-batzorde ugarik bat egin zuen. Eta Bilboko Zabalguneko parkingeko zazpi langileek gauza bera diote; egunero, auzoko jendeak animatu egiten zituen. Baina gainera, borroka egin ahala kolektiboa indartu egiten da, adiskidetasuna pizten da, taldea batu egiten da, eta antolatzeak eta afiliatzeak ematen duen boterearen kontzientzia hartzen da. “Borrokatuz gero, gal dezakegu, baina borrokatu ezean, galduta gaude” diote Ariznabarrako langileek (Gasteiz); hauen greba ia hiru urtez luzatu zen. (Borroka hauen eta antzekoen kontakizunak hemen dituzu nahi izanez gero)
Kasu hauetan, eta beste batzutan, erreforma laborala geldiaraztea lortu da. Gero eta langile gehiagok, gero eta enpresa gehiagotan, esan du “hemen erreforma ez da aplikatuko”, eta horren arabera jokatzea erabaki du, edozein dela ere ondorioa. Hau da gure erantzukizuna sindikatu garen aldetik: langile-klasea azpiratzeko eta pobretzeko egin duten legeari aurre egitea, eta borroka hori enpresetan gauza dadin lortzea.
Desobedientzia instituzionala
Langile publikoei ere etengabe eraso egiten diete beren baldintzak okertzeko, krisiaren aitzakiaz bata bestearen atzetik datozen murrizketekin. Kasu honetan ere langileek borrokatu beharra daukate, esaterako udal batek, aldundi batek, gobernu foralak edo autonomikoak Gabonetako ordainsaria ken ez dezan. Ezin da kontu hori gobernu baten borondate onaren edo gaitasunaren mende utzi.
Baina erakundeak, defizitaren kontrola eta aurrekontuen murrizketa medio, gizarte guztia pobretzen ari dira. Gehiengoaren bizi-baldintzak kaltetzen dituzte, gutxi batzuren mesedetan. Hain zuzen, sindikatu gisa, gizarte-mugimenduekin grebak eta protestak antolatu ditugu, erakundeak goitik agintzen zaiena ez betetzera behartzeko.  Oraingoz horretarako ez dugu kalean nahikoa indar biltzerik iritsi, baina indarra gero eta handiagoa da.
Haatik, gauza bat argi ikusten dugu: alderdi edo koalizio batek, gizartea zanpatzen ari diren politika hauentzako alternatiba bat nahi badu, boterera iristekotan aukera bakarra du, Madrildik eta Europatik inposatzen diren legeak ez obeditzea. Ez dago beste biderik. Desobedientzia hautatuz gero, langile jendearen babes handia izango du: beste enpresetan borrokan eta desobeditzen ari den jendea; immigranteen sarekadei aurre egiten diena; AHTa, fracking proiektuak edota Pasaiako kanpo-portua geldiarazi nahi duena; etxegabetzeen, emakumeen hilketen nahiz presoen egoeraren kontra diharduena… Instituzio batek Madrildik eta Europatik datozen lege injustuak ez obeditzea erabakitzen badu herritarrei arnasa emango die aldaketaren aldeko lehian; borrokara erakarriko ditu, alternatibaren pedagogia egingo du, zerutik etorriko ez den alternatiba, borrokatuz eta kaleetan mobilizatuz irabaziko dugun alternatiba.
Hau guztia ez da bapateko asmakizuna; zerbaitegatik aipatzen dugu, enpresetako eguneroko borroka esperientzietan hori bizi eta sentitzen baitugu. Borrokak berak kontzientzia handiagoa eta indar kolektibo areagotua ematen du. Eta enpresetan borrokan dagoen jendeak bat egingo du gauza bera egiten duen erakundeekin.
Noski, bide horretatik joateko aliantzak egin eta estrategia bat marraztu behar da, eta antza hori ez dago gaurko agenda instituzionalean.