Tag Archives: burujabetza

M8ko greba feministak erakutsi diguna

Ez nuen oroitzen koadrilan guztiok gizonak ginela; martxoaren 9an konturatu nintzen. Afal aurreko poteoan txantxak, txisteak. Afal orduan, txotx deietan, “utzi pasatzen horiei, bestela…”, neskak zetozenean . Orduek aurrera egin ahala, iragazkiak ezabatuak, barruko minak, haserreak, erresistentziak, jarrera erreaktiboak. Bezperan, feministek Euskal Herriariari orri bat oparitu zioten mobilizazioen Guinnes errekorren liburuan, eta koadrilan, pozez zoratzen ospakizunetan egon ordez, erretxinduta zeuden batzuk.

M8 magikoaren hamaika irakurketa egin(go) dira, mila eta bat ikasgai atera; nik ere badut nirea: greba feministaren arrakasta Euskal Herriko mgimendu feministak azken urteotan egin duen lan nekagaitzaren fruitua izan da (eskerrik beroenak greba hau posible egin duzuenoi; badakit batzuentzat oso exijentea izan dela; esango nuke Bilboko Alternatiben herria amaitzean idatzi nuen postak ez duela gaurkotasunik galdu).

Helburuak garbi, bideari ekiteko prest zeudenen artean aliantza egin, bide orria, mugarriak, proiektuak… adostu eta aurrera. Emakumeen mundu martxa, feministok prest, indarkeria matxistaren kontrako erresistentzia, festetako antolakuntza, Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba…

Autonomia osoz. Alderdi politiko baten edo bestearen jarrerak baldintzatu gabeko bidean. Diskurtso erradikala, garbia, ahoan bilorik gabe, tonua apaldu gabe, alderdi politiko hau edo hura minduko ote den arduratu gabe, erabakimenez, konplexurik gabe, mugimenduari inongo mugarik jarri gabe, potentzial osoa garatuz: mugimendura  gehitu nahi dena gehitu dadila.

Batzuek barre egingo zieten. “Nora zoazte hauekin edo haiekin kontatu gabe. Horrela ez duzue ezer lortuko. Betiko lau katuak besterik ez…”Zer nolako ikasgaia.

Eta martxoaren 8an magia sortu zen.  Uholdea nonahi. Marea horretan murgilten ez zena itotzeko arriskua zuen. Samara Veltek Berrian esan zuen: “Batzuei kezka sortu zaie, eskuineko alderdiak ere ahalegindu direlako protestaz jabetzen, bezperan grebari kritika biziak egiten zizkietenetako batzuk lanuztera gehitzeraino“.

Atzo agerraldia egin zuen Euskal Herriko mugimendu feministak: “Alderdi politiko batzuek interes elektoralengatik egindako babes keinuak salatu nahi ditugu“. Horixe da mugimendu sozial autonomo indartsu bat. Bere bidea egin, eta alderdiak interpelatzen ditu konplexurik gabe, gauzak garbi esanez. Zer nolako ikasgaia.

Burujabetza prozesua ere halakoxea imajinatzen nuen nik.

Ezkerraren erronkak Euskal Herrian

Hona hemen atzo Bergaran (Sortu Bergarak antolatutako eskola herritarrean) emandako hitzaldiaren transkripzioa

SARRERA

Arratsalde on guztioi eta mila esker hemen hitz egiteko aukera emategatik. Ibaik deitu zidanean eta galdetu zidanean ea parte hartuko genuen Ezkerraren erronkei buruzko mahai inguru batean, asko poztu nintzen. Pentsatu nuen, “joño, badago oraindik ezkerrari buruz aritu nahi duen jendea!”. Ohikoago da entzutea ezkerra lehengo gauza dela, orain modernoagoa da esatea “ni ez naiz ez ezkerrekoa ez eskuinekoa”. Horregatik poztu ninduen sirena kantu horiei entzungor egiten dien jendea badela jakitean.

Egia da ezkerra oso lotuta egon izan dela barne zatiketak, eztabaida amaigabeak, eszisioak eta ezin ikusiekin. “Zu ez zara ezkerrekoa, ni zu baino ezkerrerago nago…” zenbat dogma bete behar, zer zaila purutasunaren purutasuna lortzea. Oso modu kominko eta ederrean islatu zuen errealiteta hori La Vida de Brian filmak.

Ni, hemen, eztabaida horretatik ihes egiten saiatu eta zentratuko naiz, ezkerrak duiten erronken aurrean, ELAn egiten saiatzen ari garen horretan.

  1. Egoeraren azterketa txiki bat egiten hasiko naiz, probokazio bat erabiliz: duela 60 urte eskuinak ezker politikak egiten zituen. Orain ezkerrak eskuin politikak egiten ditu.
  2. Egoera zein den ezagututa, gure ustez ezkerraren erronkak zeintzuk diren azalduko dut eta erronka horien aurrean gu zer egiten ari garen kontatzen saiatuko naiz.
  3. Amaierarako saiatuko naiz esandakoa laburbiltzen, hemendik ateratzen zaretenean zerbait behintzat gogora dezazuen.

Gogoratu behar duzuen laburpentxo hori honen oso antzekoa izango da: guretzat ezkerrak Euskal Herrian duen erronka da herritarrei gardentasunez eta pedagogia handia eginez gertatzen ari dena azaltzea: galtzen ari gara, gutxi gara, eta gaudenon artean nahi dugun gizarte eredua eraikitzen joan behar dugu; epe luzeko estrategia batekin, behetik gora, langileak, emakumeak, herritarrak boteretuz; aldaketa ez baita lortuko ez dakit zer mahaitan, ez dakit zer gobernutan, ez dakit zer sinatuta; aldaketa lortuko da sinatu den hori gauzatzeko indarra, gaitasuna eta medioak eraikiak baditugu.

1. EGOERAREN AZTERKETA: PROBOKAZIO BAT

Hasteko, beraz, probokaziora joko dut.

50. hamarkadan Estatu Batuetan errenta altuenak zituztenek errentaren %91 ordaintzen zuten zergetan.

50. hamarkadan Estatu Batuetan enpresa handiek ordaintzen zituzten zergek diru sarrera federalen %30a suposatzen zuen.

50. hamarkadan Estatu Batuetan Eisenhower eskuindarra zegoen gobernuan.

Europan ere garai hartan, esaterako, herrialde gehienetan aberastasunaren %70-75a soldatetara zihoan.

Eta orain zer gertatzen da?

Soldatak Estatu Batuetan 1969etik 2009ra %28 jaitsi ziren.

Errenta altuenek %91 ordaintzetik %35a ordaintzera pasa ziren. Obamak proposatu zuen %39ra igotzea, baina pentsa zein urrun gelditzen den %91 hartatik!

Enpresa nagusiek zergetan ordaintzen dutena diru sarrera federalen %6,6 baino ez da.

Europan joera berbera errepikatzen da. Eurogunean 1996-2006 hamarkadan mozkinak %36 igo ziren, lan kostuak, ordea, %18,2.

1992an soldaten pisua aberastasunean %70ekoa zen eurogunean. 2005ean %62koa. Alemanian 1995etik 2009ra sozietateen gaineko zerga 26 puntu jaitsi zen eta errenta altuenen zerga 9,5 puntu. Schroeder, ezkerra, zegoen gobernuan.

Datu hauek zer erakusten dute? Asko-asko sinplifikatuz (eta ongizate estatua emakumeen, kolonien eta planetaren esplotazioan oinarritu zela ahaztu gabe): 50-80 aldian oro har ezker politikak egiten ziren gobernuan eskuinekoak egonda ere. 80. hamarkadatik aurrera, ordea, joera guztiz kontrakoa da: eskuineko politikak egiten dira ezkerra gobernuan egonda ere.

Nola azaldu hori? Zergatik 50. urteetatik aurrera egiten zituzten ezker politikak eskuinekoek? Hemen ere gauzak oso labur esanda, langile mugimenduaren indarra eta komunismo erreala izan ziren kapitala itun bat egitera behartu zutenak. Sistema salbatzeko kapitala prest zen tarta hobeto banatzeko. Baina kapitalak itun hori mantendu zuen, apurtzeko aukera ikusi zuen arte. Horrela, 1973ko krisia aprobetxatuz eta SHOCK doktrina erabiliz, erasora jo zuen, eta ziklo neoliberala abiatzen du, bereziki Thatcher eta Reagan agintera iristen direnean.

Eta Euskal Herrian zer? Esan behar da EAE eta Nafarroan ongizate estatua, diktadura dela eta, beranduegi eta modu oso mugatuan iritsi zela, 80. hamarkadan, Europan eta Estatu Batuetan ziklo aldaketa abiatua zenean. 90. hamarkadarako hemen ere neoliberalismoa gailendu zen.

Datu batzuk ematearren: EAEn 1993an soldatetara zihoan aberastasunaren %54,7. 2006an aldiz %48,3. Kapitalak lan errentek baina askoz gutxiago ordaintzen du. Zerga zuzenen %80 langileok ordaintzen dugu, kapitalak %11 besterik ez. Ignacio Zubiri Ekonomia Katedradunak dioen moduan, hemen enpresek oso gutxi ordaintzen dute zergetan, edo ezer ez (enpresen %80k dio galerak dituela edo 6.000 euro baina gutxiago irabazten duela urtean).

Beraz, eta laburbiltzeko, 50. hamarkadatik aurrera lortzen da kapitalak ezker politikak onartzea, langile mugimenduak indarra duelako, eta bloke komunistaren alternatiba erreala (bere gauza on eta txarrekin) hor dagoelako mehatxu gisa. Beraz, gaur egun aldaketa lortzeko gakoa, berriro ere, kapitala behartuko duen indarra eta alternatiba erreala lortzea izan daiteke.

Ez dut zati hau amaitu nahi aldaketa hori lortzeko itxaropena piztu zuten bi kasu aipatu gabe, dugun erronka definitzeko oso baliagarriak iruditzen zaizkidalako:

1. Lehena Grezia da. Syriza gobernura iritsi zenean, bertan genuen itxaropena. Begira noraino iritsi ziren: erreferenduma egin eta Europako memorandumari ezetz esan zioten. Baina ez zuten B planik. Ez zeuden prestatuak Europar Batasunaren erasoaren aurrean beren kabuz aurrera egiteko.

Bigarren kasua Katalunia da. Begira noraino iritsi ziren. Oroimenean iltzatuak ditugu urriaren 1eko erreferendumaren irudiak. Independentzia aldarrikatzera iritsi zen Parlament-a. Baina gauza ez aurrera ez atzera dago. Ez zuten beren kabuz errepublika independiente gisa abiatzeko behar zutena eraiki.

2. EZKERRAREN ERRONKA ETA GU EGITEN ARI GARENA

Bi kasuok erakusten digute, burujabetzak eraikitzean dagoela ezkerraren erronka; mahai batean, gobernu batean, zerbait sinatzen denerako, sinatzen den hori beteko dela bermatuko duten burujabetza horiek eraikitzean. Sinatuko den hori, erabakiko den hori, gauzatu ahal izateko langileen, emakumeen, herritarren babes eta indar antolatua landuta egon behar du eta beharko diren medioak eraikiak, nahi dugun gizarte eredu horren balioetan oinarrituz. Horra hor gure ustez ezkerrak Euskal Herrian egun duen erronka nagusia. Baina hori nola egiten da?

Galdera horri erantzuteko, lehen esan dudan moduan, gu egiten ari garen horretan zentratuko naiz, iruditzen baitzait esan eta egiten duguna bat etortzea, ahal den neurrian behintzat, ezinbesteko ezaugarria dela aldaketan arrakasta izateko.

Egiten ari garena hiru hankatan dago bermatua:

1. Ezkerreko diskurtsoaren erreferentzia mantendu eta mobilizatu

Alde batetik, inposatu nahi dizkiguten politikei ezetz esan behar diegu: lan erreforma, pentsioen erreforma, negoziazio kolektiboaren erreforma, AHT, Erraustegia, TTIP, CETA, Europako tratatua, zergen jaitsiera, pribatizazioak, murrizketak… Ezinbestekoak dira protestak, mobilizazioak, grebak… erreferentzia alternatiboak markatzen jarraitzeko. Jendeari gogorarazteko politika neoliberal hauek ez direla derrigorrezkoak, aukerazkoak baizik.

Behin eta berriz entzun behar dugu: baina zertarako protestatu, zertarako greba egin, zertarako manifestaziora joan? Bat ez gatozela esateko, beste bide batzuk badaudela gogoratzeko, erabaki hauek hartzen dituztenen interesak agerian uzteko… Gutxi gara, bai; ez ditugu erabaki hauek gelditzea lortzen, hala da, baina erreferentzia markatzen jarraitu behar dugu.

Diskurtsoarekin eta mobilizazioekin ezkerreko erreferentzia mantentzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Jendearen behar materialei erantzun behar zaie. Oro har, jendea proiektu batera erakarriko dugu bere baldintza materialak hobetzeko balio dugula egiaztatzen badu. Diskurtsoak garrantzia dauka, baina lehen urratsa jendearen bizimodua hobetzeko baliagarria izatean datza.

2. Enpresa eta lan zentroetan langileak antolatu eta lan baldintzak hobetu

Horixe da, hain justu, egiten saiatzen ari garena: sindikatua baliagarri bihurtu, lan erreformen, prekarietatearen eta langile pobreen aroan langileen lan baldintzak hobetzeko. Hauxe da erronkari erantzuteko gure bigarren hanka.

Langile mugimenduak II. Mundu gerra ostean kapitala itun bat sinatzera behartu zuenean, nondik atera zuen indarra? Ez zuen instituzioek oparitu zioten aitortzatik atera, baizik eta langileen artean egotetik, langileak antolatzetik, itxaropena eta aldaketarako grina kutsatzetik, hobekuntzak eta eskubideak langileak beraiek mugituz, borrokatuz lortzen direla sinistaraztetik. Antolakuntzaz eta borrokaz lortutako garaipen bakoitzak jende gehiago erakartzen zuen. Behean eraikitako indar horrek behartu zuen kapitala ongizate estatuaren ituna sinatzera. Itun horrek eman zien sindikatuei aitortza instituzionala, mahai bateko sinadura batekin langile askoren lan baldintzak hobetzeko aukera. Baina aitortza instituzional horrek, eta horren ondorioz jasotako diru publiko guztiak eraman zituen sindikatuak langileengandik eta lan zentroetatik urruntzera. Eta orain, kapitalak ituna apurtu duela, sindikatuei mahai batean sinadura batekin langileen lan baldintzak hobetzeko aukera kendu die.

Nola berreskuratu indarra? Langileengana itzuliz, enpresetara eta lan zentroetara joanez, hasierako sindikalismora bueltatuz: langileak berak antolatzen diren tokietan eta langileek berek borrokatzen duten tokietan soilik lortuko da lan baldintzak hobetzea. Langileei egia esanda; argi esanda beraiek direla antolatu eta borrokatu behar dutenak, ez dagoela sindikaturik sinadura batekin edo negoziazio batekin lan baldintzak hobetuko dituena, ez bada langile berorien parte hartzerik gabe. Hori bai, guk erresistentzia kutxa, zerbitzu juridikoak, negoziazio kolektiboko gabinetea, eta gure ezagutza eta jakinduria guztia jartzen diegu eskura. Baina beraiek dira konpromisoa hartu, antolatu eta borrokatu behar dutenak, gure laguntzarekin.

Eta halaxe garaipentxoak lortzen gabiltza (500etik gora enpresa hitzarmen lan erreforma kanpoan uzten dutenak), eta antolatu direnak ikusten dute sindikatuan antolatzeak merezi duela. Eta garaipentxo hori eredu da beste leku batzuetarako, eta beste leku horietan antolatzen hasten dira, eta horrela garaipentxoak hedatzen doaz, jendea gehitzen.

2017 urte hasiera 2016ko garaipenak ospatu genituen protagonista ahalik eta gehienekin. Ehunetik gora garaipen zenbatu genituen. Aurten ere iazkoa zerrendatu eta ospatuko ditugu. Enpresa txiki eta ertainetan ere ohiko bihurtzen ari da lan erreforma kanpoan uzten duten hitzarmenak lortzea.

Azken aldian garaipen batzuk aipatzeko: Debako zabor biltzaileak, UTE Urola-Debako errepideetako langileak, Euskaldunako azpikontratak, AHT eta Tabakalera (ZULOAN liburuan daude xehetasunak), Occidental eta NH hoteletako garbitzaileak, Aransgi fundaziokoak, Zarauzko garbitzaileak, Dachser-ekoak, DHL-Mercedesekoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak, kiroldegietako azpikontratak (Amurrio, Zarautz…), Bizkaiko erresidentzietakoak

Dena den garaipen hauek guztiek ez dute langile guztien lan baldintzen hobekuntza ekartzen. Hori da erronka, lan zentro antolatuak hedatzen eta hedatzen joan harik eta lan baldintzak guztiei hobetuko zaizkien arte.

3. Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarrituta, alternatiben sarea eraiki

Baina langileen bizi baldintzak ez dira soilik lan zentroetan jokatzen, lan zentrotik kanpo ere. Ongizate Estatu eraisten ari diren honetan, pribatizazioak eta murrizketak eguneroko ogia direnean, kapitalismoak bizitza bera suntsitzen du. Kapital metaketa erdigunean jartzen duen sistema ordezkatu nahi dugu bizitza duina erdigunean jartzen duen sistemagatik. Ekonomia demokratikoa bilatzen dugu, guztion artean erabaki dezagun zeintzuk diren ditugun beharrak, nola erantzungo diegun behar horiei… Hein batean orain arte, bere gabezia guztiekin, sistema publikoak halako zerbait egiten zuen, baina orain sistema publikoa erasopean egonda nork egingo du? Hortxe kokatzen da ekonomia sozial eraldatzailea.

    1. Iparralde eredugarria da halako proiektuetan, eta guk ahal dugun neurrian Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta soziala, 2013ko Alternatiba eguna Baionan, I-Ener energia berriztagarria ekoizteko elkartea… bezalako proiektuak babestu ditugu. Eta eredu honen azken emaitza Bakearen Artisauena da.
    2. Goienerreko bazkide gara, eta gure lokaletan Goienerrek bermatzen digu energia berriztagarria. Kanpaina bat egiten ari gara ELAkideak Goienerrera pasatzeko
    3. Fiareko bazkide gara, eta kontuak dauzkagu bertan.
    4. Koop57ko bazkide gara, bertako zuzendaritza batzordean eta batzorde sozialean gara
    5. EHko eskubide sozialen kartan parte hartzen dugu EHk behar duen alternatiba eraikitzen joateko, eta horren barruan jendartean ESE ezagutarazteko Bilbon Alternatiben Herria antolatu genuen eta aurten Iruñean antolatuko dugu.

Hauek guztiak proiektu txikiak dira, bai. Baina erronka da sarea zabaltzen eta hedatzen joatea. Proiektu hauek jendea erakartzen dute, eta jendea ahalduntzera darama. Erronka da denborarekin hau unibertsalizatzea, guztientzat izango den sistema demokratiko bat ezarriz bizitza duina erdigunean izango duena.

3. LABURBILDUZ

Erronka da burujabetzak eraikitzea. Hau da, bizitza erdigunean jarriko duen sistema eraikitzen joatea, jendea ahaldunduz, esaten duguna praktikan jartzen saiatuz, sare hori hedatuz, jendea erakarriz; eredu hau unibertsala izateko indarra, medioak eta kemena bilduz, mehatxuak mehatxu, erasoak eraso, bizitza erdigunean jarriko duen herri burujabe baterantz. Hori lortzeko hiru esparrutan ekiten dugu: erasoei eta erabaki politikoei aurre egiten jarraitu kalean eta diskurtsoan, langileak antolatu beren lan baldintzak hobetzen eta ahalduntzen joan daitezen, eta ESE bultzatzen, hedatzen eta eraikitzen parte hartu, esaten duguna guk ere praktikatuz.

Horra ezkerrak EHn dituen erronkak; horra gu zer egiten saiatzen ari garen. Esango digute ezkerraren asuntoa zaharkitua dagoela, lehengo garaikoa dela. Baina ez da horrela.

Eusko Jaurlaritzari entzungo diozue Auzolana esaten politika neoliberalak ezartzen dituen bitartean. Markel Olanori entzungo diozue burujabetza esaten, maiatzan Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko American Entrerprise Institute think tank estatu batuar neoliberalarekin akordioa sinatu zuen bitartean.

Baina arazo larritzen da ezkerra bozkak irabazteko diskurtso ez ezker ez eskuinekoekin hasten denean. Axier Lopezek modu argian esan zuen Argian: ez bazara ez eskuin ez ezkerrekoa, zentro komertzialekoa zara.

Eta amaitzeko badakizue nork esan zuen lehen aldiz “gu ez gara ez ezkerreko ez eskuineko”? Primo de Riverak, falangetaz ari zela. Eta Mussolinik jarraitu zion, faxismoaz ari zela. Beraz, kontuz ibili halakoak entzuten dituzuenean!

Mila esker!

Estatu konfederala ala akordioa

IbarretxeMaragall

Guztiok bizi nahi dugu lasai, besteekin ongi konponduz, liskarrik gabe, elkar errespetatuz. Elkarrizketa, adostasuna, akordioa, bakea, aldebikotasuna… nik ere nahi nituzke. Nork ez?

Baina jendea gosez hiltzen da, armaz, erraz senda daitezkeen gaixotasunez. Jendea kalean bizi da, mehatxupean, beldurrez, ihes egitera behartua dago. Jendea ez da hilabete amaierara iristen, esklabo da, beste batzuentzat lan egitera behartua dago miseria baten truke, askotan ezeren truke. Hilabeteko kontratuak, egun batekoak, bi ordukoak. Eskubide bat bestearen atzetik urratzen da. Oinarrizko eskubideak, sozialak, zibilak, politikoak. Desberdintasunak handitzen ari dira, demokratzia pobretzen.

Basoa erdi betea edo erdi hutsik ikus daiteke. Batzuetan alde onei erreparatzen diegu, besteetan txarra paratzen zaigu mutur aurrean. Dena den, berdin jarraitzea erabakitzen dugu, bakearen izenean, bizitza gehiago ez konplikatzearren. Hobe gauzak bere horretan uztea, izan ere, zailtasunetan eta liskarretan sartuta ere, zer lortuko dugu? Erdi ongi edo erdi gaizki egonda ere, hobe lasai, ezaguna zaigun egoera batean; zertarako sartu nola amaituko diren ezin asma dezakegun abentura utopikoetan?

Esango nuke gehienak hor kokatzen garela; arruntena dela gure ezin egonak eta hausturak barnean gorde eta egunerokoarekin jarraitzea iskanbilarik ez sortzearren. Zenbaitetan, ordea, zerbait gertatzen zaigu, aktibatu egiten gara ez dakigu nola, eta bapatean espero ez genuen borroka batean aurkitzen gara, korronte ezezagun batek bultzatuta. Katalunia da adibide bat.

Euskal Herrian, ordea, ez gaude puntu horretan. Aukera egon liteke, dena den, inflexio puntu batean sartzeko, Kataluniak eraginda. Kontua da batzuek inflexio puntu horri heldu nahi diotela kosta ala kosta eta beste batzuk, aldiz, ahalak eta bi egiten ari direla aukera hori uxatzeko.

Arre ala so honetan etorri da Urkullu Lehendakariaren Estatu konfederalaren proposamena. Aldebikotasuna eta akordioa Espainiarekin, Estatu konfederala ortzimugan. Eta Egibarrek argitu digu zer den Estatu konfederala: Europar Batasuna da adibide bat.

Gadera da: Ibarretxek 2004ean proposatu zuena ez al zen gauza bera? Eusko legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen erabakitze eskubidea jasotzen zuen Estatutu berria, eta Kongresuan ez zioten eztabaidarako ere atea zabaldu. Estatuan nazio politiko bakarra dago, eta berak soilik du erabakitzeko eskubidea. Garaian esaten zen Estatutu berriak ez zuela kontsentsu nahikorik lortu EAEn, PSEren adostasunarekin etorri balitz desberdina zitekeela; Kataluniara begiratzeko, haiek ari zirela Estatutu proposamena ongi josten.

Halaxe zen, 2005ean Kataluniako parlamentuan %89ko babesa jaso zuen tripartitoaren estatutu proposamenak. Kataluniako PP bakarrik azaldu zen kontra. Zapaterok esana zuen Kataluniak onartzen zuen estatutua bere horretan onartuko zuela. Baina ez. Madrilen ezinezkoa zen estatutu hori zetorren moduan onartzea (Katalunia nazioa da zioen estatutuak) eta Artur Masek Zapaterorekin akordioa lortu zuen Katalanek onartutako estatutua desitxuratuz (nazio hitza sinboliko bihurtzen zuen) sekretupean egindako bilera batean.

Estatutu desitxuratu hura 2006an onartu zen Kongresuan gehiengo osoz, eta ondoren Katalunian erreferendumean herritarrek baietza eman zioten, parte hartze eskasarekin eta atsekabe puntu batekin.

Ulertu nahi dut hau dela estatutu berriaren bidea elkarrizketa, aldebikotasuna, akordioa eta legea (Konstituzioa) errespetatuz egitea. Ez? Hau da, estatutu berritik nazio hitza eta erabakitze eskubidea kendu behar da Kongresuak gehiengoz onartu eta aurrera egin dezan. Berdin du Katalunian, zein Euskadin, zer kontsentsu lortzen duen.

Gauzak horrela eta konstituzioa errespetatuz, Kongresuko oniritziarekin eta Kataluniarrek erreferendumean emandako baietzarekin estatutu horrek aurrera egin beharko luke, ezta? Bada ez. PPk Auzitegi Kontsituzionalera jo zuen estatutu horren aurka, eta Konstituzionalak, bide legal guztiak egin zituen estatutu desitxuratu hura are gehiago desitxuratu zuen 2010ean artikulu batzuk antikonstituzionalak zirela ebatziz eta baliorik gabe utziz. Hortik dator, hein handi batean, gaur egun Katalunian bizi dena.

Beraz, ikusi dugu Espainian aldebikotasunak, elkarrizketak, akordioak eta bidea konstituzioak markatzen duen moduan egiteak nora daraman. Ezinezkoa da erabakitze eskubidea jasotzen duen estatutu bat aurrera ateratzea bide horretatik. Ibarretxeren saiakerak erakutsi zuen. Kataluniak egin zuen bideak are gehiago. Espainia ez da Britainia Handia. Espainia ez da Kanada. Nahi genuke, baina ez da, azken hamarkadak ezin argiago erakutsi digun moduan (aurretik konbentzituta ez baginen!).

Hortaz, Espainian Estatu konfederala aldebikotasunez eta adostasunez lortzea oximoron bat da, zirkuluaren koadratura. Bata ala bestea, ezin dira biak elkarrekin eman. Kontu da proposamen hori eginda zer bilatzen duen Urkulluk: aldebikotasuna eta adostasuna Madrilekin, gauzek bere horretan jarrai dezaten, ala Estatu konfederala, Kataluniak bultzatuta, hemen aldaketa prozesu batean abia gaitezen.

Esango nuke Lehendakariak berak erabili zuen esaldiak argitzen duela kontua, “en el horizonte de un estado federal” esan baitzuen. Ortzimuga ezin da inoiz harrapatu, gerturatu ahala ihes egiten du.

Mendira joan burujabetza prozesua atzeratzeko?

Interesez irakurri dut Xabier Letonak Mario Zubiagari egin dion elkarrizketa Argian. Hiru ohartxo egin nahi nituzke:

  1. Zubiagak dio burujabetza sozialerako indar metaketa eta Gure Esku Dagoren (GED) egungo dinamika ez direla kontrajarriak. Esango nuke halaxe ikusten duela ELAk ere, azken Aberri eguneko agiria irakurtzea edo ELAko militanteek GEDen galdeketetan izaten ari diren parte hartze aktiboa ikustea.
  2. Dio Lizarra eliteen prozesua izan zela. GED ez dela eliteen prozesua, mugimenduan inplikatzen diren herritarrak joango direla norabidea zehazten. Ederki. Baina iruditzen zait garrantzitsua dela, ere, burujabetza prozesua, gehiago itxaron gabe, abian jarri nahi duten eragileek estrategia, epe eta eta helmuga, zein tarteko helmuga batzuk, adostea aurrera egin dezagun. Ez daitezen beste hamar urte pasa, autogobernu lan taldeetan, geldirik, zenbaitzuk ez dutelako prozesua abiatu nahi, oraingoz.
    Ildo horretan ulertu behar da Elorrietaren, zein ELAren, proposamena. Adostu dezagun bide bat abiatzeko prest gaudenak, martxan jartzeko.
  3. Horregatik harritu egin nau elkarrizketa amaierak: Zubiagak kezka azaltzen du ELA ez ote den mendira joango, bere autonomian eroso, neoliberalekin ezer ez adosteko aitzakiarekin, prozesua bost-hamar urte atzeratzeko. Hain justu, ELAk egiten duen proposamena kontrako zentzuan doanean. Hau da, prozesua abiatzeko, geldirik egon nahi dutenen zain egon gabe, jar gaitezen martxan, baina ez mendira joateko, burujabetza eskuratzeko baizik.

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

ehburujabe-368x339“Estatutua hil da” esan genuen Gernikan 1997an. Estatutuaren kontra geunden? Ez. Estatutuak tresna baliagarria izateari utzi zion? Ez. Orduan, zergatik esan genuen hilda zegoela? Espainiako estatuak erabaki zuelako, aldebakartasunez, estatutua ez zela beteko, ez bizitza honetan, ez eta hurrengoan ere. Guk aldebiko prozesu bat nahi genuen, eta nahi dugu, baina Madrilek ez.

20 urte joan dira inflexio puntu bat izan zen ekitaldi hartatik; ez alferrik. Estatuak orduan esan genuena berretsi besterik ez du egin; EAEn gehiengo osoz onartu zen estatutu berriaren proposamena baztertuz, Kataluniako legebiltzarrean ia aho batez onartu zen estatutu berria mesprezatuz, EAEn zein Nafarroan gehiengoz onartzen diren legeak aldebakartasunez balio gabe utziz… Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere: indar-harreman kontua da.

Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi badugu, indar metaketa prozesu bat abiatu beharko dugu; prozesu mobilizatzaile bat, helburu zehatz eta partekatuekin, zeinaren bidez iritsi behar dugun Estatua negoziatzera behartzera, eta ezezkoan tematzen bada, independentzia aldebakartasunez aldarrikatzera, Katalunia egiten ari den moduan.

Bide horretan, uste genuen, behin ETAk borroka armatua utzita, bi familia abertzale nagusiak gai izango zirela burujabetza prozesua abian jarriko zuen estrategia minimo bat adosteko. Ez zen horrela izan, eta denbora gelditu egin da.

EAJk, egun, ez du halako prozesu bat abian jartzeko asmorik, gogorik. Bere aurpegi soberanista lozorroan gordeta, hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu; kaleetan ez du jendetzarik topatzen burujabetza prozesua aldarrikatuz; eta Kataluniara begiratzen duenean, bere alderdi anaiaren gainbehera ikusita, “abentura soberanistetan” sartzeko tentazio oro uxatzen zaio.

EH-Bildu saiatzen da, bai; ez da eskaintza faltagatik izango: akordio proposamen bat hemen, beste akordio proposamen bat han, EAJ erakarri nahian, bere zenbait helbururi uko egiteko prestutasuna erakutsiz, akordioren batean esplizituki uko eginez, balizko burujabetza prozesu bat martxan jartzeko esperantzarekin, Maltzaga abiapuntu bakarra bailitzan. Eta halaxe gaude, geldirik, Maltzagako geltokian, zain.

Argi dago: Gernikako ekitalditik 20 urte beteko diren honetan, beste inflexio puntu bat behar dugu. Gernikan “Estatutua hil da” esan genuen; oraingoan “Maltzaga hil da” esan genezake. Maltzagaren kontra gaude? Ez. Maltzagak tresna baliagarria izateari utzi dio? Ez. Orduan, zergatik diogu hilda dagoela? EAJk azken hamarkadan argi utzi duelako ez duela burujabetza prozesu bat abiatzeko inolako asmorik. Estatutuaren heriotzatik Lizarra-Garazi etorri zen. Orain galdera da: Maltzaga ondoren, zer?

Azken hamarkadan agerian gelditu da geure bizitzan eragin kaltegarria duten erabakiak hartzen ari direla, gero eta urrunago, gero eta jende gutxiagok. Burujabetza egunez egun, urtez urte, galtzen gabiltza arlo guztietan, eta multinazionalen mesedetan desberdintasunak, prekarietatea, pobrezia eta sufrimendua zabaltzen ari dira. Inor gutxik jarriko du hau ezbaian.

Dena den, batzuk diote hau dela dagoena, ezin dela besterik egin, sakrifizioak ezinbestekoak direla, austeritate politikak zintzo-zintzo eta liskarrik gabe onartuta, gauzak bere onera itzuliko direla. Esan genezake gauzak diren bezela mantentzearen aldekoak direla hauek.

Beste batzuk, ordea, aldaketaren aldekoak gara. Diogu gauzak beste modu batera egin daitezkeela, geure bizitzetan burujabetza berreskuratu behar dugula, eta Europatik datozen erabaki politikoei entzungor eginez, guri komeni zaizkigun erabakiak hartzen joan gaitezkeela.

Eliteak kezkatuta daude azken aldian aldaketaren aldekoak gailentzen ari direlako. Populista ezizena jarri diete, eta zaku berean sartu dituzte Eskozia, Brexit, Le Pen, Podemos, Katalunia eta Trump, tranpa beraiek eginez. Aldaketa nahi dugunok burujabetza berreskuratzearen alde gaude, baina bi burujabetza mota daude:

  1. Izuan, autoritatean, seguritatean, arrazakerian, desberdintasunean, erresistentzian oinarritutako burujabetza kontserbadorea, atzera bueltatu nahi lukeena, ezer ez aldatzeko.
  2. Demokrazian, parte-hartzean, aniztasunean, parekidetasunean, iraunkortasunean, itxaropenean oinarritutako burujabetza sozial eraldatzailea, herri berria, bizitza berriak eraikitzeko.

Bizi ditugun garai interesgarri hauetan, arazoa politika neoliberala da (jarraitasuna aldarrikatzea arazoan sakontzea da). Aldaketa autoritarioa ez da soluzioa, arriskua baizik (bizitzaren kontrakoa; Le Pen, Trump…). Arazoarentzako irtenbidea eta eskuin muturraren arriskuarentzako antidotoa aldaketa demokratikoa da, burujabetza sozialean oinarritua. Hain justu, hau aldarrikatzen dugu gehiengo sindikalak, mugimendu feministak eta ekologistak, aniztasunaren eta errefuxiatuen aldeko mugimenduek, ekonomia sozial eraldatzaileak, inklusioaren eta giza eskubideen aldekoek, ezkerreko alderdi eta mugimendu politikoek…

Hortaz, “Maltzaga ondoren, zer?” galderari, hala erantzungo nioke nik: burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta.

Martxan jarri. Korrontea sortu. Denborarekin, agian, korronte horrek indar nahikoa hartuko du, eta orduan, beharbada, Maltzaga berpiztu egingo da, Katalunian bezala. Nork daki, ez gara igarleak. Garrantzitsuena, orain, prest gaudenak abian jartzea da.

Marmotaren eguna

gm51

Testu hau Gai Monografikoak 51: Burujabetzara bidean argitalpenaren sarrera da

Oroitzen dut, atzerrira joan eta euskalduna nintzela esaten nuenean, bi erreakzio mota jasotzen nituela parean nuen pertsonaren arabera: konplizitatea Estaturik gabeko nazio batekoa bazen, eta gurasokeria bere Estatua zuen norbait zenean. Are gehiago, eskoziarrek eta katalanek mirespenez begiratzen ninduten; portugaldarrek, suediarrek, italiarrek, alemaniarrek… barkatu egiten zidaten kaikukeria, interneten garaian burujabetzaz hitz egiten jarraitzea…

Denbora aurrera doa, gauzak aldatzen dira, eta hemen gaude gu mirespenez begira Eskozia eta Kataluniara, eta hor ditugu greziarrak, ingelesak, frantsesak, holandarrak… burujabetzaz hitz egiten. Krisiaren gauzak. Baina kontuz, soberanismo guztia ez baita eraldatzailea. Itxaropenean eraikitzen den soberanismo progresistaz gain, bada beldurrean oinarritutako soberanismo bat: kontserbadorea. Eta zabaltzen ari da

Dena aurrera doa, bai, baina hemen estatutu berriaz eta aldebikotasunaz hitz egiten jarraitzen dugu, marmotaren egunean. Gauza bat da ekonomia zirkularra, sustatu behar dena, eta beste bat politika zirkularra, beti puntu berberera itzultzen dena. Komenigarria da ez nahastez.

Non gaude? Zer gertatu da azken 40 urtetan? Zer lezio ikasi ditugu? Nola eraiki burujabetza espazioak? Zer ari dira egiten munduko beste leku batzuetan? Non da aldaketaren motorra? Gobernuan dago? Gizarte mugimenduetan? Beharrezkoa al da Estatua izatea? Nahikoa al da?

Galdera hauek, eta gehiago, genituen buruan “Burujabetza nazionala eta auzi soziala” jardunaldiak antolatu genituenean ekainean Gasteizen. Bertan ezagutu genituen Solonek Bolivian, Arrufatek Katalunian eta Berhocoirigoinek Iparralden ateratako irakaspenak. Estatu egiturak berebiziko garrantzia dute, bai, baina azpimarratu zuten ahalegin berezia egin behar dela gizarte mugimendu autonomoa indartzeko eta burujabetza espazioak sortzeko, proiektu zehatzak eraikiz komunitatetik komunitatearentzat.

Lasagabasterrek euskal autogobernuaren (galeraren) errepaso historiko bat egin zuen, eta Madrilen jarrera Canadak Quebec-ekin izan zuenaren ispiluan konpaartu zuen: kontrako poloak. Madrildik zerbait espero dezakegu? Erantzun borobila eman zuen: “hemen ez du inork negoziatu nahi. Baina badakizue, askatasuna eta eskubideak ez dira oparitzen, hartu egiten dira.”

Puntu honetan Apaolazak, Etxartek eta Eskisabelek pista batzuk eman zizkiguten gehiengo zabala lortuko duen mugimendu soberanista bat eraikitzen joateko, abertzaletasunetik haratago, eta giza eskubideak, justizia soziala eta demokrazia bezalako balio unibertsaletan oinarrituz.

Amaiera Muñoak jarri zuen ELAren azken 40 urteetako ibilbidearen errepasoa eginez, sindikatuaren birfundaziotik hasi (III. Kongresua, 1976) eta aurrera begira ditugun erronka nagusiak marraztuz, bi bereziki azpimarratuta: genero parekidetasuna eta justizia klimatikoa.

Burujabetza nazionala eta auzi soziala txanpon beraren bi aldeak dira, ez zirkuluaren koadratura. Madrilekin aldebikotasun ezinezkoa egiaztatuta, zein beharrezkoa den zirkulu honetatik ateratzeko bide orri bat definitzea, gutxieneko amankomunak definituz. Gai Monografiko honek horretan lagunduko duela espero dugu. Zirkula beza.

Lehia burujabetzaren aldeko borroken artean?

zapalkuntza

Irudipena dut euskalgintza apur bat astindu duela independentziaren inguruko diskurtso berriak. Niretzat haize freskoa izan dena kezkagarria zaio zenbaiti, irrigarria besteri. Euskara alboratuko ote den, lurraldetasuna baztertu, historia gutxietsi… Normala da, modu probokatzailean egin baita diskurtso berri hau, eztabaida pizteko asmoz. Helburua lortua

Dena den, sentsazioa dut euskalgintzak defentsiban erantzun duela, hobe bizitzeko independentzia eta euskaraz bizitzeko independentzia kontrajarriak bailiran. Esango nuke, lehia hori piztea leporatu diotela Unai Apaolazari. Zergatik ez dakit, Apaolazak oso argi hitz egin baitu: Ez dago mailaketa bat independentziarako arrazoien artean”;“Ongizatea izango da alor guztietan, bai ekonomikoan, bai “identitario” deitzen diogun horretan eta denean; denak suspertu behar dira, denak bultzatu”.

Apaolazari iruditzen zaio zapalduta bizi garela, espainiarren zein frantziarren eta euskal herritarren arteko botere harremana oso desorekatua dagoela, eta egoera aldatu nahi du, berdintasuna lortze aldera. Horretarako independentziaren aldeko borrokara erakarri nahi du ahalik eta jende gehien, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez. Normala da, burujabetza indar-harreman kontua baita; zenbat eta independentista gehiago lortu, orduan eta aukera handiagoa gauzak aldatzeko.

Gizon eta emakumeen arteko botere harremana ere guztiz desorekatua dago. Emakumeak zapalduta bizi dira. Feminismoek emakumeen ahalduntzearen alde borrokatzen dute, emakumeak burujabe izan daitezen. Patriarkatuarekin amaitzeko ahalik eta jende gehiena batu behar dute borrokara, izan abertzale edo ez, izan euskaldun edo ez, izan emakume edo ez, indar-harreman kontua baita sistema aldatzea. Eta gogor borrokatu beharko dute mugimendu feministek hori lortzeko, beraiek ez badute egiten, ez baitu beste inork egingo.

Era berean, langile mugimenduak langileen burujabetza bilatzen du, langileak antolatuz eta borrokatuz. Sorreratik izan da borroka kolektiboa, langilearen eta ugazabaren arteko botere harremana guztiz desorekatua baita. Zenbat eta langile gehiago batu, orduan eta indar handiagoa gauzak aldatzeko. Horregatik bilatzen ditu sindikatuak langile abertzaleak eta ez abertzaleak, euskaldunak eta erdaldunak, bertan jaioak eta kanpotik etorriak, helburua baita ahalik eta indar handiena aktibatzea zapalkuntza sortzen duen kapitalismoarekin amaitzeko. Langile mugimenduak borrokatu behar du langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko, bestela, beste inork ez baitu egingo.

Esan izan dute lan erreforma, esaterako, ez dela sindikatuen kontua soilik, zabalagoa dela, legea aldatu gabe ez dela lan erreforma atzera botako. Gertatzen dena da alderdiek hamaika kontu izanda, ez dituztela langileen beharrak lehenetsiko, langileak aktibatu eta mugimendu indartsu bat sortzen ez dugun bitartean. Eta hori langile mugimenduaren ardura da.

Berdin gertatzen zaio euskalgintzari. Euskararen menpeko egoera aldatu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa du jende gehiago euskararen aldeko borrokara biltzea. Erakarri nahi ditu abertzaleak eta ez abertzaleak. Erakarri nahi ditu euskaldunak eta erdaldunak.

Orain, independentismoan sortzen ari den diskurtso berria kritikatzen du, hobe bizitzea lehenesten duelako euskara baztertuz (ez dakit euskaraz sortu eta adierazten den diskurtsoak zein puntutan baztertu duen euskara). Gertatzen dena da, independentista izateko arrazoi asko dagoela, eta euskara izarra izatea nahi duenak gogor borrokatu beharko du hori lortzeko.

Askotan, gure ardura dena ez dugu behar bezala egiten, edo ez dugu, behintzat, nahi ditugun emaitzak lortzen, eta besteei leporatzen dizkiegu gure gabeziak. Ulertzen baitut, euskararen alde ari direnak, ere, hobe bizitzeko egiten dutela. Hemen, denok nahi dugu bizitzea tokatu zaigun epe labur honetan ahalik eta hobe bizi. Asmatu nahi dugu, besteak beste, hau delako daukagun bizitza bakarra. Hemen eta orain asmatzen dugu, edo akabo. Eta, kontrajarria badirudi ere, batzuk geure bizitza konplikatuta hobe bizi gara, horrek zentzuz betetzen baitu mundu honetan egiten ari garen ibilaldia.

E egunaren zain ez dugu egon behar. Burujabetza egunero eraiki behar da. Zapalduen burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza, ekonomia burujabetza… Egunero eraikitzen joan behar dugu burujabetza hori, burujabetza borroka desberdinak saretuz (Alternatiben Herrian egin zen bezala), bai baitakigu Euskal Herria independentea denean ez dela izango ez euskalduna, ez sozialista, ez feminista, ez ekologista, ez guztiz demokratikoa, ez burujabea. Borrokak eta eraikuntzak jarraitu beharko du.

Orduan zertan gabiltza? Gure ondorengoei mundu hobea uzten saiatzen; geure bizitza zentzuz betetzen saiatzen. Burujabetza borroka desberdinak saretu. Lehia? Zapalkuntzari.

Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa

Donostia m30

“Estaturik gabeko naziotik naziorik gabeko estatura”. “Abertzaletasunak independentismoa mugatzen du”. “Eztabaida ez da nazio izan edo ez izan, demokrata izan nahi dugun edo ez baizik”. Indar berezia duten esaldiak. Are, bertigoa ematera iristen direnak. Ikusi bestela Joxe Manuel Odriozola (Nazio-identitatea merke-zurrean), Eneko Bidegain (Identitateaz) eta Hasier Etxeberriaren (Abertzaletasunaz eta aeronautikaz) erantzunak. Amildegi ertzetik behera begiratu eta amaierarik ez ikusi; harritxo bat bota eta soinurik ez entzun, haizearen hotsa soilik. Orain arte eusten gintuen zorua utzi eta salto egin?

Ez dut uste Imanol Galfarsoro, Unai Apaolaza eta Jule Goikoetxeak egoera hain dramatikoan jarri nahi gaituztenik. Ni, behintzat, identifikatuta sentitzen naiz diotenarekin, ikusten baitut zer egiten duten Diario de Navarrak eta El Correok sistematikoki: sindikatuak abertzaletasunaren ardatzaren arabera polarizatu (ez gu indartzeko, jakina).

Guk beti azpimarratzen dugu CCOO eta UGTgandik aldentzen gaituena ez dela abertzaletasuna, eredu sindikala baizik: Autofinantzatutako konfrontazio-sindikatua gara gu eta gobernuek finantzatutako kontzertazio-sindikatua beraiek. Baina bost axola, egunkari horietan beti irakurriko duzu “los sindicatos nacionalistas”, langile ez abertzaleek ez dezaten gurekin bat egin; gure hazkundea mugatzeko asmoz hain zuzen ere.

Horregatik jarraitzen dut interes handiz Galfarsoro, Apaolaza eta Olariagak Lapiko Kritikoan eta hAUSnART aldizkarian abiatu zuten lana. Gomendagarriak dira, zentzu horretan, Independentzia Helburu liburua, Apaolazaren Hegemonia eta estrategia independentista eta Bilgarria artikuluak, zein Jule Goikoetxeak Apaolaza berari OTORDUAKen egiten dion elkarrizketaren bideoa.

Jule Goikoetxeak berak, OTORDUAKen Apaolazak egiten dion elkarrizketan azpimarratzen du independentzia prozesuak ez duela aberrian oinarritu behar, baizik eta demokratizazio prozesu bat izan behar duela: Euskal demokrazia sortzeko estatugintza prozesua. Beraz, kontua litzateke demostratzea jende ez abertzaleari Euskal demokrazia maila gorena ezinezkoa dela Espainiar Estatu barnean, ezinbestekoa dela Euskal Estatua sortzea eskatzen dugun demokrazia maila sakonera iritsi ahal izateko. Eta hori lortu behar da diskurtso eta ekintzekin, praktikekin; estatugintza praktika horiekin lotzen dut. 2011n idatzi nuen gai hauen inguruan (Atzerri egunetik abegi egunera) gure eguneroko esperientziea oinarritzat hartuz.

Burujabetza prozesua balio unibertsalekin lotzean dago gakoa, eta ideia potentea iruditzen zait. Horregatik harritu ninduen bapatean (17:49 min) Jule entzutea, PNVtaz ari zela, “zuek espainiar estatugintza egiten ari zarete, ez euskal estatugintza”, iruditzen zaidalako berriro nazio kontuetan sartzen dela. Hau da, estatugintza demokratizazioarekin lotzen badugu, demokratizazioan sakontzen duen estatugintza oro izango da ona. Ez abertzale bati espainiar estatugintza edo euskal estatugintza moduan planteatzen badiozu auzia, espainiar estatugintza hartuko dizu lehen aukera gisa, demostratzen ez diozun bitartean espainiar estatugintzak ezin duela iritsi bere nahi demokratikoak asebetetzera, hori lortzeko modu bakarra Euskal Estatua sortzea dela. Eta hori diskurtsoz eta praktikaz demostratu beharko diozu, jakina.

Harrituta nengoen, beraz, berriro urrats bat atzera ematea modukoa iruditzen baitzitzaidan. Akaso nire interpretazio txar bat izan zitekeen, baina Galfarsoro irakurtzean ikusi nuen halako gaizki ulertuak saihesteko berak baduela formula bat: “Horregatik niri “euskal estatua” baino atseginagoa egiten zait “Estatua Euskal Herrian” esatea” (Independentzia Helburu, 309 orr.).

Amaitzeko, burujabetzara bidean unibertsalen balioa azpimarratzen duten lan akademiko hauen adibidetzat dudan gure praktika partikularraren zertzelada batzuk eman nahi nituzke. Esaterako Nafarroako Erriberan hauteskunde sindikaletan %20a dugu. Emaitza hau ez da izan abertzaleak garelako. Emaitza hau ez du gure diskurtsoak ekarri. Emaitza hau egiten dugun lanak eman digu: Erriberako langile askori demostratu diogu beraien lan baldintzak hobetzeko erreminta egokia garela. Beraien behar konkretuei erantzuten asmatu dugu.

Diskurtsoak badu garrantzia, baina ez langileak sindikatura erakartzeko lehen momentuan. Lehen momentuan praktikak dira langileak erakartzen dituena. Behin langileak ELAn daudela hartzen dute indarra gure diskurtso eta trebakuntzek. Langilearen bizi baldintzak ez direla soilik enpresan jokatzen,  enpresatik kanpo ere langileak garela, gizarte eredua eta politika publikoek berebiziko garrantzia dutela eta antolatu eta mobilizatu ezean, kontrabotere indartsu bat osatuz, langile klasearen kontrako politikak ezarriko dituztela. Langile borrokak eta beste mugimendu batzuen borrokek ekarri dituztela ditugun eskubide demokratikoak. Langileok ezin besteko dugula kalitatezko demokrazia, eta hau etengabe borrokatu behar den demokratizazio prozesu bat dela, indarra galtzean demokraziak atzerantz egiten baitu.

Ikuspegi horretatik da garrantzitsua langileon bizi baldintzentzat burujabetza prozesua, demokratizazio prozesu bat baita. Baina ez soilik hori: Euskal Herriko langileek gure lan- eta bizi-baldintzak Euskal Herrian bertan borrokatu eta erabakitzea hobea da langile klasearentzat indar-harreman hobea dugulako. Euskal Herrian sindikatuak ez daude salduak eta borrokarako prest dira. Espainiako sindikatuak, aldiz, gobernuen eta enpresarien esanetara daude, Frankismo ondoren hartu zuten eredu sindikalaren ondorioz. Eta hori langile askok zuzenean esperimentatzen dute izan estatuko hitzarmen bat aplikatzen diotelako, izan Estatu mailako enpresa batekoak izanda ikusi dutelako Madrileko enpresa batzordean langileak saldu egiten dituztela, eta hemengo lan zentroan lan baldintzak hobetzeko, hemen bertan antolatu eta borrokatzea beste biderik ez dutela. Esperientzia hori bizi duenak erraz estrapolatu dezake borroka horretan atera dituen ondorioak arlo politikora, sindikatuaren diskurtso eta trebakuntzaren bitartez.

Hemen gizarte eredua aldatu eta burujabetza lortu nahi badugu, abertzale eta ez abertzaleak antolatu eta borrokara bideratu behar ditugu. Ez abertzaleak burujabetzara eraldaketarako borrokak erakarriko ditu eta abertzaleak burujabetzarako borrokak erakarriko ditu eraldaketara. Bi borrokak batera eginez lortuko dugu biak gauzatzeko behar ditugun gehiengoak.

 

 

 

Burujabetzara bidean, soberan Niak

815919846_9055Batzuk hain dira jakintsuak, hainbeste-hainbeste dakite, ez dakitela ikasten erakusten, eta ez dakitela erakustean ikasten.

Batzuk hain liluratuta daude bere buruarekin, hain bereziak sentitzen dira, munduko salbaziorako kode sekretuaren jabe, besteentzat ez dutela begirik, belarririk, bihotzik… Urrun, txiki, ezdeus ikusten dituzte parean jartzen zaizkienak.

Halakoei egoak ebaki bagenizkie, gureak izango ziren, ez zuten alde egingo. Baina horrela ez zen gehiago joria izango beraien negozio). Egoa ebaki ez eta hegoak eman dizkiegu, ordea, eta gora egin dute, Olinporaino.

Oroitzen dut telebistako eztabaida bat. Ez dakit zer kate zen: ETB, Antena 3, Tele 5… Berdin du. Gauza da adineko eminentzia bat zegoela alde batean, ordena eta egonkortasunaren gizon eredugarria. Parean mugimendu sozieletako neska gazte bat. Printzipioz, eztabaida desorekatu horietako bat, sistema-gizonak parekoa ego te absolvo-ka tratatzen duen horietakoa. Jorratu zuten gaiak ere bost axola: antimilitarismoa, krisia, AHT, indarkeria sexista, langileen eskubideak, migrazioak…

Gauza da gizon prestuak bere eskola magistrala eman zuela, bere superioritateaz bestea behin eta berriz ixilaraziz. Halako batean neskak hartu zuen hitza: “niri esan zidaten parekoengan arreta jarrita ikasten dela gehien; erakusten duena dela, hain justu, gehien ikasten duena. Beraz, ikasteko gogoa dudanez, nik ere zerbait erakutsiko dizut.” Eta txaketako botoiak askatzen hasi zen. Gizonak, saio guztian lehen aldiz, begiak zabal zabal, arreta osoz begiratzen zion parekoari.

A punto egon ziren saioa moztu eta iragarkietara joateko, baina neskak eskua bularraldeko poltsikoan sartu besterik ez zuen egin. Liburutto bat atera, eta irakurtzen hasi zen:

Ikasle batek Egia besteei erakusteko asmoa azaldu zuenean, Maisuak hurrengo proba proposatu zion:
– Hitzaldi bat eman nire aurrean, prest zauden jakin dezadan.
Hitzaldia benetan izan zen inspiratua. Amaitu bezain pronto eskale bat gerturatu zitzaion. Ikasleak, instantean zutituta, bere kapa oparitu zion eskaleari asanblearen lilurarako.
Beranduxeago Maisuak esan zion:
– Zure hitzak bedeinkatuak ziren, seme maitea, baina ez zaude prest oraindik.
– Zergatik?, galdetu zion atsekabetuta ikasleak.
– Bi arrazoirengatik: eskaleari ez diozulako bere beharrak azaltzeko aukerarik eman, eta ez duzulako gainditu zure bertutearekin ingurukoak txunditzeko desioa.
(Exhibición; Anthony de Mello)

Besteei beren beharrak azaltzeko aukerarik ematen ez diena, eta norberaren bertuteekin ingurukoak liluratu nahi dituena ez dago prest besteei Egia erakusteko. Asko jakin dezake, asko idatzi, oso ongi hitz egin, baina zerbait falta zaio, zerbait garrantzitsua.

Bada, irudipena dut halako guru bat ibili dela aurreko astean telebista, irrati eta egunkarietan bere egia zabaltzen, Kontzertu eta Itun Ekonomikoari buruz liburu mardula idatzi ondoren. Euskal Herriko burujabetzan Kontzertuaren eta Itunaren garrantziaz ohartarazi nahi gintuen. Asko daki, oso ongi hitz egiten du, jarioa dauka, eta ikasgai oso inetersgarriak ematen ditu, baina zerbait garrantzitsuak egiten dio kale. Ni, ni, ni eta ni. Ipuineko Maisuak ez dakit Egia azaltzeko aukerarik emango zion…

https://youtu.be/pYlTE55kG_I

Euskal Herriko burujabetza bidean, ere, Autogobernurako ponentzia landu dute Eusko Legebiltzarrean. “Aditu” desberdinak pasa dira bertatik. Legebiltzarreko inori ez zaio iruditu Gehiengo Sindikalak gaiaren inguruan esatekorik duenik. Gonbidatu zuten, ordea, han eta hemen bere negozioa saltzen ibiltzen den guru bat. Berdin dio zer gaietaz hitz egin behar duen, beti bereaz dihardu: ni, ni, ni eta ni. Legebiltzarkideei ere bere lezioa eman zien ohikoa duen gurasokeriaz.

https://www.youtube.com/watch?v=KLS7jmlkS1w

Halako pertsonen lilurak gurujabetzara eraman gaitzake, baina ez burujabetzara. Ez dut inoiz sinistu norberak bere interes propioa bilatuz, ni, ni eta ni, guztiontzako onura etorriko denik. Burujabetza lan kolektiboa izango da, gu, gu eta guka eraikiko dena. Burujabetzara bidean, Ni puztua gehiago puztu nahi duten suge sorgintzaileak ez daude oraindik prest guri Egia erakusteko.

Ezinezko aldebikotasuna

UrkulluEskoziarra

8. EGBn gure heldutasunak goia jo zuela zirudien. Denetaz genekien, lezio ederrak ematen genizkien txiki zein nagusiei. Ikastolako handienak izanda, irakasleak kenduta, gandorra tente ibiltzen ginen. Orain, batxilergokoak ikusten ditudanean, unibertsitateko ikasleak entzuten ditudanean, umetxoak iruditzen zaizkit, gurasokeriaz begiratzen ditut: “Ai! Bizitzak erakutsiko dizuena…” Denbora ez da alferrik pasatzen.

Badago joera bat, ez dakit naturala den, baina ohikoa bai, ameskeriatik errealismora, idealismotik pragmatismora, utopismotik epe laburreko interesak bilatzera, infantilismo deitu izan zaionetik heldutasuna esan zaionera: “Ezinezkoen alde ez ezazue borrokatu, ni ere hala ibili nintzen, baina esperientziak erakutsi dit pragmatikoa izaten”. Gerora entzun dut hori teorizatua dagoela, Poder Adulto deitzen zaio, Endikak azaldu zidan Brasilen gela berberan lo egin genuenean. Lasciate ogni speranza, Danteren hitzetan.

Dena den, guztiak ez daude ados. Batzuentzat idealen alde borrokatzeak, utopia bilatzeak, ezinezkoak eskatzeak, aurrera egiteko balio du. La utopía sirve para caminar. Beste batzuentzat, ordea, infantilismo zeinua da: maximalismora jotzea ez mugitzeko aitzakia baino ez da, eguneroko arduretan ez lokazteko aitzakia. Baina denbora ez da alferrik pasatzen, eta normalean idealismotik pragamatismora egitea da joera.

Estatutismotik soberanismora egin dute batzuk, federalismotik independentismora beste batzuk, eta beste batzuk… Joera ohikoena pragmatismora da, bai, baina bada salbuespenik.

Irlanda zen gure erreferentea garai batean, Eskozia esistitu ere egiten ez zenean kasik, eta begira orain. 2006ean Masek Zapaterorekin PSC-ren estatutuari lehen cepilladoa eman zion bilera izkutu batean; 2007ko agostazoan PSOEk bere adar nafarra berbideratu zuen (zulora), PSNrik gabeko aldaketa pentsatze hutsa amets bat zenean.

Azkar doa denbora, geroz eta azkarrago gainera. Gauzak gertatzen dira, egoerak aldatu, eta Urkulluri Kataluniako prozesuaz galdetzen diotenean Eskoziako eredua nahiago duela erantzuten du, ingelesez egiten duenean azentu espainola ateratzen zaion arren. Katalanek ere nahiago dute Eskoziako eredua, baina bilbotarrek ez bezala, ezin dute aukeratu non jaio.

Normalena idealismotik pragmatismora egitea da, baina bada salbuespen bat. Ez da Mas. Mas 2006ean pragmatikoa zen, eta gaur egun ere pragmatikoa da. Berak, Kataluniako asko eta askok bezala, ikusi du aldebikotasuna ezinezkoa dela, Espainiarekin independentzia beste aukerarik ez dagoela. Pragmatismotik maximalismora jauzi egin duena Urkullu da. Denborarekin, ezinezkoa eskatzen hasi da harrigarriki. Zergatik? Batzuentzat ezinezkoa eskatzeak aurrera egiteko balio du; beste batzuentzat quieto parado gelditzeko. Ziur naiz badakizula zein den bere arrazoia.