Tag Archives: demokrazia

Barkamen eske, #155ariEZ manifestazioaren arrakastagatik

155ariEZmanifa

Zapore mingotsa utzi dit azaroak 4ko Bilboko manifestazioaren biharamunak. 155. artikulua salatzeko manifestazio arrakastatsua egin, eta zertaz hitz egin zen astelehenean? Euskal Herria ez da Katalunia.

Hemen ez ditugu hango hedabide publikoak. Ez galtzeko modukoa da astehenean Radio Euskadiko Ganbara saioko kazetariak Gure Esku Dagoko Zelai Nikolasi egin zion galdeketa (2h20min-tik aurrera hasten da). Ez da zaila Zelai itsutzen duen foko zuri bat imajinatzea bere aurpegi aurrean. Ikaragarria.

Han milioka pertsona mobilizatu dituzte hainbat urteetan zehar kristaltxo bat ere apurtu gabe. Hemen larunbateko manifa ostean pintaketak agertu dira hainbat batzokietan. Urrun daukagu, oraindik, Kataluniako kultura ez biolentoa.

Prozesuaren motorra diren hango mugimendu sozialak ez dira hemengoak. Larunbateko manifestaziora EAJ ez dator, eta Gure Esku Dagok egiten du autokritika. Hedabideak ikusita, badirudi Gure Eskuren errua dela EAJk manifan ez parte hartu izana. Aizue, EAJ erabakitzeko eskubidea duen alderdi autonomo bat da, eta egokiena iruditzen zaiena egiten dute. Hori ez dago gure esku, ez dago Gure Eskuren esku.

155. artikuluaren aurrean GEDek uste du Euskal Herrian mobilizatu egin behar garela. EAJk uste du ezetz. Zer egingo luke Kataluniako mugimendu sozialak? Manifestazioaren arrakasta hauspotu eta alderdi abertzale batek ez parte hartu izana tristuraz azpimarratu, akaso deitoratu, are kritikatu, agian.

Hemen, ordea, autokritika da egiten dena, “ez dugulako asmatu EAJ erakartzen”. Autoflajelazioa; beste harri bat gehiago motxilara. Ia ia, mobilizazioaren arrakastagatik barkamen eske gabiltza… Baina, zer gertatu da, benetan?

Nik, hemen, nire ikuspegia emango dut. Ea jende gehiagok parte hartuta, pasa dena ahalik eta modu zintzoenean deskribatzea lortzen dugun:

Urriaren 24ko astea da. 155. artikulua etortzear, eraso larria demokraziari, gure aurka ere erabil daitekeena. Erantzun ahalik eta zabalena prestatzeko beharra, bilera (EAJ ez dator eta dio manifestazioan ez duela parte hartuko) eta prentsaurrekoa urriaren 26rako aurreikusten da, Puigdemontek DUIa aldarrikatuko duen eguna (printzipioz). El Correo-ko albiste honekin esnatzen gara 26 hartan.

OlatzBarriuso

Eta ondoren dator EAJ manifara ez atortzeko arrazoia azaltzen duen albistea: Puigdemontek DUIa aldarrikatu ordez hauteskundeak deitzeko lanean dabiltza jo eta su Urkullu eta Ortuzar. Osteguneko prentsaurrekoa bertan behera utzi eta astelehenera pasatzen da, ostiral hartan bertan DUIa eta 155.a baitatoz.

Gauzak horrela, normala denez, manifestazioaren deitzaileek adierazpen bat adosten dute, manifestaziora joango direnek partekatzen dutena idatzita; ez, etorriko ez direnei gustatuko ez zaien zerbait jartzeko beldurrez idatzita.

Beti esan izan da zentsura eraginkorra dela, baina askoz gehiago mugatzen gaitu autozentsurak, aurrera egitea galarazteraino.

Saiatu ginen ahalik eta manifestazio zabalena egiten, ezin dugu inor behartu parte hartzera, ordea. Ginenon artean gauzak ahalik eta egokien egiten saiatu ginen, eta emaitza oso ona lortu genuen, aurreko bi manifestazioetan baina jende gehiago bildu baikinen Bilbon. Zorionak manifestazioko deitzaileei, bene-benetan!

Autogobernuaren lantaldea, biluzik

EinsteinZertarako ikasi behar dugu latina? Eta historia? Eta filosofia? “Hori da un rollo ez duela ezertarako balio”. Umeek eta nerabeek egiten dituzten ohiko galdera eta baieztapenak. Ume haiek, ordea, adinean aurrera egin dute, eta zenbait aginte postuetara iritsi dira. Eta dirudienez galdera horien atzean oinarri sendoak aurkitu dituzte ikasketak aldatzeko, eskola mailan zein unibertsitatean. Enpresen beharretara egokitzea da erronka, ikasketak amaitzean enplegua aurkitu ahal izateko.

Jakina, modu horretan, zientziek ospea eta arrakasta lortu duten bitartean letrak ordea  baztertuak izan dira; zertarako denbora alperrik galdu grezierazko testuak aztertzen? Gero eta teknokratagoak gara. Ideologia, politika, ekonomia… ez dira garai batean bezala mundua eraldatzeko tresnak, ondo kudeatu beharreko gaiak baizik. Mundu erreala dena da, eta berau ahalik eta hobekien eta modu eraginkorrenean kudeatzea da kontua, auzi guztiak teknikoak eta zientifikoki neurtu beharrekoak bailiran. Horregatik gutxiesten gaituzte baloreetaz, etikaz, bidegabekeriekin amaitzeaz, mundu hobea eraikitzeaz… hitz egiten dugunean. Idealista hutsak, errealitatetik kanpokoak, ameslariak… omen gara. Mundu mugatu eta zikin honetan nork bere ardura hartu eta erabakietan “ez bustitzeko” aitzakiak omen, guk esaten ditugunak.

Bada, momentu batez, sinistuko dut hori hala dela, auzi guztiak teknikoak direla, eta zientifikoki neurtuko dut Autogobernuaren lantaldeak  ia 4 urte hauetan egin duen lana. Hau da, bere garaian fiskikan ikasi nuena behingoz erabili egingo dut, eta hala demostratuko dut ez nuela hura alperrik ikasi.

Lanaren formula honokoa da:

W = F x d
(Lana=Indarra x distantzia)

Ez dut ukatuko lantaldean ibili den jendeak indarra erabili duela; Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak indar handia jarri dutela lantalde hau emankorra izan dadin. Baina distantzia neurtzean dator arazoa: 2014tik hona mugitu garen diztantzia, optimista jarrita, zero da. Are, Espainiako gobernuak, PSOEren laguntzaz, 155. artikulua aplikatu duen honetan, autogobernu lantaldea larru gorritan gelditu da, guztiz biluzik. Zertan gabiltza txori eta loreez eztabaidan, autonomien Estatua bera desagertu denean?

Ikuspegi teknokratiko batetik, beraz, Autogobernuaren lantaldearen eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da.

Baina, aizue, zer gertatzen da lan hori politikoki neurtzen badugu? Hau da, autogobernuan aurreratu duguna neurtu ordez, EAJk urte hauetan aurreratu duena neurtzen badugu? Ño! Orduan bai! Orduan formulak lantaldean lan handia egin dela frogatua gelditzen da.

Guztia teknikoa dela sinestarazten diguten bitartean, ez ote digute politikoki gol bat bestearen atzetik sartzen? Indar handia jarri, bai, baina lana, norentzat?

Estatu konfederala ala akordioa

IbarretxeMaragall

Guztiok bizi nahi dugu lasai, besteekin ongi konponduz, liskarrik gabe, elkar errespetatuz. Elkarrizketa, adostasuna, akordioa, bakea, aldebikotasuna… nik ere nahi nituzke. Nork ez?

Baina jendea gosez hiltzen da, armaz, erraz senda daitezkeen gaixotasunez. Jendea kalean bizi da, mehatxupean, beldurrez, ihes egitera behartua dago. Jendea ez da hilabete amaierara iristen, esklabo da, beste batzuentzat lan egitera behartua dago miseria baten truke, askotan ezeren truke. Hilabeteko kontratuak, egun batekoak, bi ordukoak. Eskubide bat bestearen atzetik urratzen da. Oinarrizko eskubideak, sozialak, zibilak, politikoak. Desberdintasunak handitzen ari dira, demokratzia pobretzen.

Basoa erdi betea edo erdi hutsik ikus daiteke. Batzuetan alde onei erreparatzen diegu, besteetan txarra paratzen zaigu mutur aurrean. Dena den, berdin jarraitzea erabakitzen dugu, bakearen izenean, bizitza gehiago ez konplikatzearren. Hobe gauzak bere horretan uztea, izan ere, zailtasunetan eta liskarretan sartuta ere, zer lortuko dugu? Erdi ongi edo erdi gaizki egonda ere, hobe lasai, ezaguna zaigun egoera batean; zertarako sartu nola amaituko diren ezin asma dezakegun abentura utopikoetan?

Esango nuke gehienak hor kokatzen garela; arruntena dela gure ezin egonak eta hausturak barnean gorde eta egunerokoarekin jarraitzea iskanbilarik ez sortzearren. Zenbaitetan, ordea, zerbait gertatzen zaigu, aktibatu egiten gara ez dakigu nola, eta bapatean espero ez genuen borroka batean aurkitzen gara, korronte ezezagun batek bultzatuta. Katalunia da adibide bat.

Euskal Herrian, ordea, ez gaude puntu horretan. Aukera egon liteke, dena den, inflexio puntu batean sartzeko, Kataluniak eraginda. Kontua da batzuek inflexio puntu horri heldu nahi diotela kosta ala kosta eta beste batzuk, aldiz, ahalak eta bi egiten ari direla aukera hori uxatzeko.

Arre ala so honetan etorri da Urkullu Lehendakariaren Estatu konfederalaren proposamena. Aldebikotasuna eta akordioa Espainiarekin, Estatu konfederala ortzimugan. Eta Egibarrek argitu digu zer den Estatu konfederala: Europar Batasuna da adibide bat.

Gadera da: Ibarretxek 2004ean proposatu zuena ez al zen gauza bera? Eusko legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen erabakitze eskubidea jasotzen zuen Estatutu berria, eta Kongresuan ez zioten eztabaidarako ere atea zabaldu. Estatuan nazio politiko bakarra dago, eta berak soilik du erabakitzeko eskubidea. Garaian esaten zen Estatutu berriak ez zuela kontsentsu nahikorik lortu EAEn, PSEren adostasunarekin etorri balitz desberdina zitekeela; Kataluniara begiratzeko, haiek ari zirela Estatutu proposamena ongi josten.

Halaxe zen, 2005ean Kataluniako parlamentuan %89ko babesa jaso zuen tripartitoaren estatutu proposamenak. Kataluniako PP bakarrik azaldu zen kontra. Zapaterok esana zuen Kataluniak onartzen zuen estatutua bere horretan onartuko zuela. Baina ez. Madrilen ezinezkoa zen estatutu hori zetorren moduan onartzea (Katalunia nazioa da zioen estatutuak) eta Artur Masek Zapaterorekin akordioa lortu zuen Katalanek onartutako estatutua desitxuratuz (nazio hitza sinboliko bihurtzen zuen) sekretupean egindako bilera batean.

Estatutu desitxuratu hura 2006an onartu zen Kongresuan gehiengo osoz, eta ondoren Katalunian erreferendumean herritarrek baietza eman zioten, parte hartze eskasarekin eta atsekabe puntu batekin.

Ulertu nahi dut hau dela estatutu berriaren bidea elkarrizketa, aldebikotasuna, akordioa eta legea (Konstituzioa) errespetatuz egitea. Ez? Hau da, estatutu berritik nazio hitza eta erabakitze eskubidea kendu behar da Kongresuak gehiengoz onartu eta aurrera egin dezan. Berdin du Katalunian, zein Euskadin, zer kontsentsu lortzen duen.

Gauzak horrela eta konstituzioa errespetatuz, Kongresuko oniritziarekin eta Kataluniarrek erreferendumean emandako baietzarekin estatutu horrek aurrera egin beharko luke, ezta? Bada ez. PPk Auzitegi Kontsituzionalera jo zuen estatutu horren aurka, eta Konstituzionalak, bide legal guztiak egin zituen estatutu desitxuratu hura are gehiago desitxuratu zuen 2010ean artikulu batzuk antikonstituzionalak zirela ebatziz eta baliorik gabe utziz. Hortik dator, hein handi batean, gaur egun Katalunian bizi dena.

Beraz, ikusi dugu Espainian aldebikotasunak, elkarrizketak, akordioak eta bidea konstituzioak markatzen duen moduan egiteak nora daraman. Ezinezkoa da erabakitze eskubidea jasotzen duen estatutu bat aurrera ateratzea bide horretatik. Ibarretxeren saiakerak erakutsi zuen. Kataluniak egin zuen bideak are gehiago. Espainia ez da Britainia Handia. Espainia ez da Kanada. Nahi genuke, baina ez da, azken hamarkadak ezin argiago erakutsi digun moduan (aurretik konbentzituta ez baginen!).

Hortaz, Espainian Estatu konfederala aldebikotasunez eta adostasunez lortzea oximoron bat da, zirkuluaren koadratura. Bata ala bestea, ezin dira biak elkarrekin eman. Kontu da proposamen hori eginda zer bilatzen duen Urkulluk: aldebikotasuna eta adostasuna Madrilekin, gauzek bere horretan jarrai dezaten, ala Estatu konfederala, Kataluniak bultzatuta, hemen aldaketa prozesu batean abia gaitezen.

Esango nuke Lehendakariak berak erabili zuen esaldiak argitzen duela kontua, “en el horizonte de un estado federal” esan baitzuen. Ortzimuga ezin da inoiz harrapatu, gerturatu ahala ihes egiten du.

Bizitzatik abiatutako burujabetza

97 fm irratia

97 fm irratia

Noizean behin 97 FM Irratian Ikarorik gabe saiotxo bat egiten dugu. Hemen duzue atzo grabatu genuen irratsaioa:

https://archive.org/embed/IkarorikGabe3

Bestelako mundu bat irudikatzen dugu, eta norabide horretan hegan egin nahi dugu, norabide horretan pentsatu, hausnartu, eraldatu, eraberritu. Ikararik gabe egin nahi dugu hegan, ez dugu Ikarori gertatu zitzaion bezala hegoak urtu eta behera erortzerik nahi.

Lurrean etzanda deitzen da Ruper Ordorikaren azken albuma. “Zerutik gertu ez da ondo egoten … nik hemen egon nahi dut, lurrean etzanda”. Lurrean etzanda, eta zerura begira, kapitalismo basatiari aurre egiteko. Ikarorik gabe, nola bestela?

Eta lurrean etzanda, elikadura burujabetzaz aritu gara saioaren lehen zatian. Joan den apirilean, Euskal Herriko delegazio bat ibili da Brasilen zehar elikadura burujabetza bultzatzeko esperientzia desberdinak ezagutu asmoz. Unai Oñederra ere han izan genuen, eta han ikusi eta ikasitakoak kontatuko dizkigu.

Bertan, gertutik ezagutu du, beste askoren artean, MST (Movimiento de Trabajadores Sin Tierra) mugimendua. Via Campesinaren parte den mugimendu honek, argi dauka: elikadura burujabetza ez da soilik nekazarien kontua, langile klase osoarena baizik. (hemen bere bloga eta argia).

Gurean, martxan da dagoeneko Etxalde mugimendua: nekazaritza iraunkorraren alde baserritarrek osatzen dute. Elikadura burujabetzaren alde, nekazaritzari loturiko pertsonei irekia dago.

Burujabetzaz ari garenean, gauza askotaz ari gara: ari gara elikaduraz, ari gara ekonomiaz, zaintzaz eta bizitzaz… Burujabetza, gai sozial eta nazionala. Izenburu hori du Manu Robles-Arangiz fundazioaren azken monografikoak. Burujabetzaren ildo nagusiari jarraituz, Eskozia eta Kataluniako prozesu soberanistei erreparatu diegu, Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen inguruan hausnartu dugu. Gurera, Euskal Herrira ere begiratzeko, nola ez.

Hortaz, Burujabetzaren kontzeptuarekin bueltaka ibili gara. Edukiz jantzita datorren burujabetza, esparru anitz dauzkana. Burujabetza prozesu bezala, continuum gisa. Gizarte ereduaren garrantziaz, trantsizio sozio-ekonomikoaz aritu gara, nazionala eta soziala uztartzeko beharraz. Edukiz bete dugu Identitatearen kontzeptua bera ere. Burujabetza, neoliberalismoari planto egiteko, estatuaren deslegitimazioari eta krisiari aurre egiteko.

Hegada honetan bidaide izan ditugu, besteak beste, Jordi García Jané, David Fernández, Joseba Azkarraga Etxagibel, Jule Goikoetxea, Joseba Sarrionandia, Jonathan Freeland, Irvine Welsh eta Vicenç Navarro.

Dokumentu eta informazio gehiago:

Burujabetza, Cuestión Social y Cuestión Nacional

Nekazariek eta gizarte eragileek hordago txikira, Argia 2015/06/14

Menos Samba e mais traballar, Unai Oñederra, Emeki Kunama

Enpresetan partaidetza: aukera ala amarrua?

[Atzo eta gaur Enpresetan partaidetza sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dituen jardunaldi batzuetan izan naiz. Gaur sindikatuen mahai inguruan esandakoak dakartzat hona:]

alternatiba

Partaidetza entzutean zer ulertzen duzue?

Partaidetzaz hitz egin behar nuela eta oso ongi etorri zitzaidan atzo hemen egotea. Bereziki baliagarria suertatu zitzaidan Peter-en hitzaldia. Berak esan zuen ideia berritzaileenak garagardo baten inguruan lagunen arteko solasaldietan datozela.

Horixe egin nuen atzo hemendik ateratzean, bi lagunekin garagardo bat hartu eta gaurko nire interbentziorako ideia berritzaileak partekatu. Ez ditut izenak esango, hemen baitaude, baina txalo bat eskatuko dizuet beraientzat, ez niri lagundu didatelako, zuei lagundu dizuetelako baizik, ez baitizuet aurretik prestatuta nuen txapa sartuko.

Beste detaile bat, eta atzo gai honetaz ez zen batere hitz egin, ni atzo garagardo baten inguruan lagun birekin ideia berritzaileetaz aritu izan nintzen nire emaztea gure hiru umeekin zegoelako. Funtsezkoa da zaintza, baita partaidetzan ere. Partaidetzan inplikatu ahal izateko bizkarrak zainduta izan behar baititugu.

Hori esanda partaidetza guretzat gizarte neoliberalaren eraldaketan urrats bat izan daiteke. Urrats bat ekonomia demokratikoaren bidean. Urrats bat bizitza ekonomiaren erdian jartzeko. Eta ekonomia feministaren aldarria egingo dut. Bizitza hauskorra da, ahula, zaindu egin behar da. Kapitalismoak, ordea, bizitza suntsitzen du. Enpresa helburu bihurtzen du eta bizitza bitarteko. Guk merezi duen bizitza eraikitzeko, zaintzeko eta ospatzeko ekonomia nahi dugu. Ditugun baliabide mugatuak komunitatearen beharrak asetzeko balioko duena.

Partaidetza, hortaz, izan daiteke urrats bat prozesu horretan. Baina KONTUZ! Partaidetza izan daiteke ere mantra neoliberal bat kapitalismoaren aurpegi ankerrena betikotzeko, babes kolektibori gabeko autoesplotazioa helburu.

Partaidetzaren onurak

Hemen partaidetzaz asko hitz egin da. Atzo luze jardun genuen gaiaz, eta guretzat pozgarria izan da ikustea, sindikatutik ezagutzen dugun errealitatetik urrun, badirela enpresariak partaidetza guk ulertzen dugun moduan ulertzen dutenak eta praktikan jartzen dituztenak kooperatibetan eta S.L-tan. Badirela enpresaburuak epe ertain luzera begiratzen dutenak, langileen ahalduntzean sinisten dutenak, ekonomia produktiboan sinisten dutenak.

Baina nik badut kezka bat, eta suposatzen zuetako gehienek ere izango duzuela, eta da partaidetza horrek eragin dezakeen ekonomiaren eraldaketa. Zer punturaino ez den gelditzen, ontzat eta aldaezintzat ematen den sistema kapitalistan, etxe barruan gauzak ahal den egokien egitean (eta zelako lanak hori lortzeko!). Arrisku berbera dugu sindikatuok ere. Atzo hemen batek aipatzen zuen bakoitzak duen konfort egoera, bertan goxo hori. Arriskua dugu sindikatuok ere lan hitzarmen on bat lortu eta hor gelditzekoa, ekonomiaren eta gizartearen eraldaketan gehiago eragin gabe.

Arrisku hori ekiditeko izan ohi dugu harreman ekonomia sozial eraldatzailean dabiltzan kooperatiba, eragile eta elkarteekin. Horregatik gara Fiareko eta Goienerreko bazkide. Horregatik gabiltza EHNE Bizkaiarekin elikadura burujabetzaren gaia sindikalgintzan nola sartu aztertzen, horregatik egoten gara Talaiosekin, COOP57-koekin, Indianoekin, Sants-eko mugimendu kooperatibistarekin ahal dugunetan. Akuilu bat dira guretzat, bertan goxo gelditzen galarazten digutenak, eta ikuspegi berriak zabaltzen dizkigutenak, hauek bai, benetako eraldaketarako.

Zer testuinguru “partaidetza eredua” sustatzeko?

Nik jolastxo bat egingo dut, guk topatzen dugun testuinguruaren adibideak emango ditut eta gero zer testuinguru behar lukeen aipatu.

Badakizue enpresaria behartua dagoela legez enpresa-batzordearekin datuak eta informazioa partekatzera. Baina ez du egiten. Informaziorik ez du partekatzen. Partaidetza sustatzeko gutxienekoa da gardentasun eta informazioa partekatzea. Argi utzi zen hori hemen atzo.

Badakizue enpresetan hauteskundeak egiten ditugula langileen ordezkariak aukeratzeko. [By the way esan behar dut patronalaren ordezkaritza erabakitzeko esan behar dut ez dela hauteskunderik egiten…] Bada, ELAren izenean aurkezten diren langile askok mehatxuak jasotzen dituzte, lanpostua aldatzeko xantaia, erosi nahi izaten dituzte, kaleratuak ere izan dira… Ez dago hauteskunde librerik egiterik. Parte hartzea sustatzeko ezinbestekoa da nahi duenak aukeratzen duen zerrendetan aurkeztu ahal izateko askatasuna izatea.

Nik Manu Robles-Arangiz Institutuan egiten dute lan, ELAren fundazioa trebakuntza sindikala egiteko. Bada, aurreko hilean eskaera bitxi bat jaso genuen Bizkaiko zaharren egoitzetako eta etxeko zaintza lanetan dabiltzan ELAko ordezkarien eskutik. Bitxia lehen aldia zelako halako eskaera bat jasotzen genuena, eta iruditzen zaigulako izozmendiaren punta besterik ez duela erakusten. Mobbing-ari nola aurre egiten ikasteko ikastaro bat eskatu ziguten. Eskaera ez da kapritxo bat, presio ikaragarria jasaten dute, mobbing-a. Pertsona hauek, bertan goxotik atera ziren lankideen duintasunaren alde borrokatzeko. Bizitza konplikatu zuten eta osasunarekin ordaintzen ari dira. Gure ordezkariak pertsona arruntak dira, ezin zaie heroi izaterik. Oso larria da egoera hau.. Partaidetza sustatzeko ezinbestekoa da giroa babestua egotea.

Hainbat enpresetan zer esaten zaie langileei? “Eskaintzen dizuedan hau onartzen duzue edo itxi egingo dut”, “baldintza hauek onartu ezean beste herrialde batera goaz”, “soldata jaitsi ezean ez dakit zenbat kalera zoazte”… Mehatxu eta beldur giroa da nagusi. Eta jakina azken lan erreforma horretarako bidea ematen die, hitzarmen probintzialek ez baitute gutxieneko baldintzarik bermatzen jada.Lan erreformak eragina izango du ere hemen zaudeten moduko enpresetan ere, zuen ondoko enpresak lan baldintzak okertu eta prezioak merkatzen baditu, eta zuek berekin lehiatu behar baduzue, zer egingo duzue? Partaidetza sustatzeko ezinbestekoa da konfiantza giroa.

Zer eskatzen diozue administrazioari?

Administrazioari gauza asko eskatzen diogu egunera, hori leporatzen digute. Gaur ariketa interesgarriago bat egingo du, guk zer egin behar dugun zehazten saiatuko naiz.

Ez dakit hemengoek badakizuen, baina errepublika garaian guk kooperatibak, ekonomatoak, mutualitateak, txanpona, afiliatuentzat lurrak genituen. Gero bibotedun bat armekin irits zen eta guztia itxi zuen sindikatua galarazita. Eskerrak beranduxeago beste batzuk beste bide batzuetatik kooperatibak sortzen asmatu zuten.

Biboteduna hil zenean eta sindikatuaren jarduera berriro baimendu zenean ELAk galdetu zion “errepublika garaian egiten genuena egiten jarraitu behar dugu, ala errealitatea aldatu delako beste zerbait egin behar dugu?” Jakina, ordurako Ongizate Estatuaren garaia zen, gizarte segurantza, hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoa, babes soziala… Zerbitzu publikoen esku zeuden horiek guztiak, orduan erabaki genuen Lan Harremanen Euskal Esparrua sortu eta langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea.

Zer gertatzen ari da orain baino? Zer gertatzen da 80. Hamarkadan Tatcher eta Reaganekin hasi zen eraso neoliberalaren ostean? Zerbitzu publiko guztiak ezerezean uzten ari direla. Inoiz baina behar gehiago dagoen garaian, inoiz baino murrizketa gehiago egiten ari dira zerbitzu publikoetan, eta babes sozialean. Murrizketak egiteak ez ditu beharrak desagerrarazten. Beharrak hori daude. Kontua da nork aseko dituen eta nola behar horiek. Multinazional etekin goseek? Eskuin muturreko taldeek? Ala elkartasunean, demokrazian eta partaidetzan oinarrituko den ekonomia sozial eraldatzaileak?

Guk azken honen alde egiten dugu apustu. Baina ez errepublika garaian egiten genuen bezala, gure kabuz, baizik eta lan horretan dabiltza kooperatiba, elkarte eta eragileekin saretuz.

Esan dezakegu egin nahi eta ezinean gabiltzala. Langileen eta sindikatuaren kontrako erasotik nolabait babeste xahutzen ditugu indarrak. Egia da ere, batzuetan denbora eta indar falta aitzakia izan daitekeela egin nahi baina bertigoa ematen digun aldaketa ez egiteko. Geure buruaren erresistentziak. Horregatik nire ustez garrantzitsuena urrats bat ematea da. Lan erreformaren aurrean egiten ari garena bezala. Uharteak sortu. Enpresa hitzarmen onak lortu, eta eredu bihurtu. Adibide bat dagoenean erakutsi daiteke: bai, enpresa ertain eta txikietan ere lor daitezke hitzarmen onak.

Uharteak oso garrantzitsuak dira. Begira finantzak beste modu batetan kudea daitezke. Energia sorkuntza eta banaketa beste modu batera egin daiteke, badira ADEGIren ildoa jarraitu nahi ez duten enpresariak, enpresa ereduak…

Halako ereduak zabaldu eta saretu behar dira. Zentzu horretan urrats bat eman dugu Karta Sozialetik datorren urtean Bilbon alternatiba hauek gizarteratzeko egun bat antolatuko baitugu. Abiapuntu egokia izan daiteke!

Sindikatuak, kooperatibak eta ekonomia demokratikoa

can-vies

Argazkia http://www.instintografico.net webgunetik hartua

CAN ez genuen jakin defendatzen eta kapitala gure ondareaz jabetu zen. Can Vies ordea, auzotik auzorako sortua eta auzoan guztiz txertatua, gogor defendatu dute auzotarrek proiektua bizirik mantentzea lortuz.

Ez dakit kasualitatea den edo zer, baina justu hauteskunde gau ostean, justu azarorako erreferenduma prestatzen hasteko garaia zetorrenean, Bartzelonako CIUko alkateak erabaki zuen Can Vies desalojatzea. Ez dakit kasualitatea den edo zer, baina Sants-en amorruz egindako desalojo hau gertatzen ari zela eta auzotarrak duintasunez berau defendatzen zebiltzala, bertako bi aktore esanguratsu hemen ziren, Ivan Miró eta Hernan Cordoba.

Beraien esperientzia kontatzera etorri ziren Euskal Herrira, eta hainbat eragilek aukera probestu genuen beraiekin egoteko. Gu asteazken goizean elkartu ginen Ivan eta Hernanekin. Belengo estalpeko astoa eta idia bezala sentitu ginen beraiekin, etxean, lagun artean. Iritziak eta esperientziak trukatu genituen, elkar ulertzen genuen, antzeko hizkera, antzeko hausnarketak, norabide berean genituen gogoak.

Kapitala geure ondare eta biziaz jabetzen saiatzen ari denean, eta erasoa gelditzeko nahikoa indar ez dugun honetan, ekonomia beste balore batzuekin sortzen hasi behar dugula esan genion elkarri, ekonomia sozial eta solidariozko sare bat eratzen joan behar dugula, ekonomia demokratikoa enpresa barnean eta kanpoan eraikiz, elkar lanean gizarte eragile, sindikatu eta mugimendu kooperatiboak. Horretarako, frankismo aurreko sindikalismo kooperatibista eta mutualistaren memoria berreskuratu behar dugula, gure aiton-amonek eraiki zuten ekonomia sare solidarioaren memoria, gu ere ekonomia hura berreraikitzen has gaitezen.

Badugu harremana halako mugimendu kooperatiboekin, eta zailtasunak zailtasun, erronkak erronka, desadostasunak desadostasun, langile mugimenduak elkarrekin eraiki behar dugun ekonomia demokratikozko sarearen inguruan bat egiten dugu, eta borroka berean ikusten ditugu gure buruak.

Ez zait hori gertatu izan Arrasateko kooperatibetakoekin, salbuespenak salbuespen. Belengo palestinar bat sentitu izan naiz judutarren hormaren aurrean. Sindikatuen, sindikalgintzaren kontrako herra, ezin ikusia topatu izan dut. Eta ez soilik sindikalgintzaren kontrako jarrera, baita zerbitzu publikoen kontrakoa ere. Nire ustez asko esaten du horrek kooperatiba ereduaz.

Erronka latza bezain kitzikagarria dugu aurrean. Ekonomia sozial eta solidarioa saretzen joan behar dugu gizarte eragile, sindikatu eta kooperatiba eraldatzaileon artean langile klaseak dituen beharrei erantzuteko. Erasoen aurrean erresistentzian segi, bai, baina ekonomia demokratikoa eraikitzen hasteko urratsak emanez. Ivan Mirok Donostian esan zuen bezala: ez dugu ekonomiaren bazterretan gelditu nahi, ekonomia osoa komunitatearentzat berreskuratu nahi dugu. Belendik mundu osora.

Atzerri egunetik abegi egunera

Sormen agorra
ez da zigorra.
Aurrez idatzi altxorra,
horra bide zidorra

Landeia, 2011ko maiatza

Adela galdezka etorri zait gaur. Ekuatoriarra da, eta nahiz eta euskara ikasten ibili, badaude ulertzen ez dituen hitz asko, batez ere iparraldeko jendeari entzuten dizkionak. Eta halakoxe hitz batetaz galdezka hasi zait. “Frantsesez ari ziren batzuk entzun ditut abegi eguna gora eta abegi eguna behera. Zer da abegi?” Ziur ez nengoenez hiztegian begiratu behar izan dut. Abegi: harrera, acogida. “Non eta noiz ospatuko da egun hori? bertara joan nahiko nuke”. Hori ere ez nekien, eta hiztegian begiratu badut ere ezin izan diot erantzun.

Adelak gogor egin izan du lan, baldintza kaxkarretan ia beti, askotan zapaldu dute, baina duintasuna galtzeko zorian zenean zutitu eta aurre egin zion zapaltzaileari bere lankideekin batera. Mugitzen zebilen talde bat topatu zuen lanean, enpresaren gehiegikerien aurrean kito esan eta aurpegia emateko prest zegoena. Enpresan lanean hasi zenetik etorri zitzaion talde horretako ordezkaria babesa ematera. Bakarrik ez zegoela esan zion, langile talde majo bat zutela, eta nahi zuenean berekin kontaktuan jartzeko, edozein kezka, arazo edo beldur elkarrekin partekatzeko.

Hasieran ez zion kasu handirik egin, nahiz eta eskertu emandako harrera eta bere telefono zenbakia utzi izana. Berak lana egingo zuen bere herrira dirua bidali ahal izateko. Baina ordezkari hura noizean behin gerturatzen zitzaion, eta galdetzen zion zer moduz zihoan. Honela apurka-apurka konfiantza hartu zuen, eta bere kezka eta beharrak kontatzen hasi zitzaizkion.

Halako batean ordezkariak esan zion enpresak egiten zizkien irainei aurre egin behar ziotela, eta horretarako lankide guztiak batera aritu behar zirela. Adela horrela sartu zen talde hartan, eta langile ororen duintasuna babesteko mugimendu baten partaide bihurtu zen. Bera ez zen euskal abertzalea, baina justizia, elkartasuna, demokrazia eta askatasunaren aldeko bidea, konfiantza eta babesa eman zion ordezkariaren sindikatuarekin egin nahi zuen. Bertako partaide sentitzen zen. Bertako partaidea zen. Eta horrela ezagutu genuen elkar.

Euskal abertzale ez den jende asko dago gure sindikatuan. Gizartearen gehiengoaren nahi eta beharren araberako politiken aldarrikapenean bat egiten du, elite politiko eta ekonomikoen kontra. Kontuan izan pentsioen erreforma Espainiako legebiltzarreko %90ek babestuta onartu zela, nahiz eta gizartearen %72a kontra egon. Hori azaltzeko nahikoa da esatea Espainiako alderdiek bankuekin 144 milioi euroko zorra dutela. Elite politikoa aberats gutxi batzuen alde ari da gobernatzen, eta gizartetik geroz eta urrunago dago. Beste mundu bat posible dela sinisteak, eta beraren alde borrokatzeak batzen gaitu. Globalean pentsatu, lokalean ekin.

Baina zer da aberria? Sinismena? Sentimendua? Hizkuntza? Lurraldea? Horrela ikusita abertzale eta ez abertzaleen arteko banaketak urteak dira berdin jarraitzen duela. Batzuentzat aberria atzerria da, eta besteentzat atzerria aberri. Eta gainera, egun, aberri eguna baino azeri egunak ospatzen ditugu, abertzaleen artean zeinek nola hegemonia lortu.

Baina, zer da zuek aipatzen duzuen aberria?” galdetu izan dit Adelak. Aberria herritar oro bertako partaidetzat onartzen duen komunitatea da. Gaurko eta etorkizuneko herritar ororen eskubide eta betebeharrak segurtatzen dituen komunitatea. Produkzio, kultura eta kontsumo medioak herritarren esku eta herritarren beharrak asetzeko dituen komunitatea. Aberria da elkarrekin egiten dugun borrokaren bidez aldarrikatzen dugun gizarte justuago hori. “Aizu, ba, niri aberri hori gustatzen zait.”

Euskal Herriaren nortasuna plurala da, eta aberriaren oinarria arlo desberdinetan jar daiteke, izan euskara, lurraldea, sukaldaritza… Baina guretzat funtsezkoena gizarte justu, demokratiko eta burujabea da. Eta hori da gure abertzale izateko era; gizarte horren aldeko eguneroko borroka enpresa eta kalean, beste mugimendu sozialekin batera. Eta burujabetzaren bidean ez dugu aurrera egingo baldin eta euskal abertzale ez diren asko ez baditugu erakartzen.

Aurrera egin nahi badugu atzerri eguna abegi eguna bihurtzea baina ez dugu.