Tag Archives: enpresa

Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?

Bata zein bestea aukeratu, beti irrikatuko ditugu lan ordu atseginak. Zail jartzen digute, ordea.

45181869464_86d435eec6_z

Motibazioa, komunikazioa, adimen emozionala, lidergoa, ekintzailetza, mindfulness, coaching… Gosaria gerentearekin, familian patinatzera enpresarekin, talde dinamikak hotel atseginetan, enpresa lasterketak… Langileen partaidetza, gardentasuna, erreferendumak… Enpresa kultura berriaz ari dira patronalak, legebiltzarrak, gobernuak eta guruak. Best-seller bihurtu dira autolaguntzako liburuak. Zentzu komun berria ekarri digu neoliberalismoak.

Aldaketa da normaltasun berria. Berrikuntza, etengabea. Malgutasuna, ezinbestean. Ezagutzaren ekonomia, 4.0 industria, etorkizun hurbilean. Langile berriek erronkak bilatzen dituzte, ametsak, askatasuna. Errutinak azkura ematen die, alde batetik bestera ibili nahi dute. Horra diskurtsoa, baina, errealitatea?

Bilboko NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileek 2,5 euro kobratzen zuten garbitutako gela bakoitzeko. Justu iristen dira hilean 800 euro irabaztera. Hilabetetik gora eman dute greban. Abenduaren 18an egoera hau nabarmen hobetu duen akordioak lortu zituzten.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileek %7-13 arteko soldata arrakala dute kale garbitzaileekiko. 2018ko irailaren 19tik dira greban.

Berrikuntzaren eredutzat saltzen den Donostiako Tabakaleran, Ubik liburutegiko bitartekarien soldatak (goi mailako ikasketekin, hainbat hizkuntza menperatuta, ezagutzaren ekonomian lan eginda), ez dira 1.000 eurora iristen. Gainera larunbata eta igandetan lan egin behar dute, ordutegi itogarriak dituzte eta ezin dute opor egunik hartu. 2018ko abenduaren 22tik daramate greban.

Eta enpresa kultura berria?

Ah, bai, langile hauek azpikontratatuak eta externalizatuak dira… hain justu, langileak prekarietate gordinean itota, administrazio publikoek eta enpresek dirua aurreztu eta irabazteko, hurrenez hurren.

Partaidetza, gardentasuna, komunikazioa, motibazioa… beste langile batzuentzat dago pentsatuta. Gasteizko DHL-Mercedesekoentzat, esaterako. Bertan, 2013an enpresa kultura berria ezartzen hasi zirenetik, gertatutakoa kontatu du Jon Las Heras EHUko ikertzaileak Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen dokumentuan. Merezi du irakurtzeak. Dena den, eta Jon Las Herasen lanaren spoilerrik egin gabe, esan dezakegu neoliberalismoak ekarri duen diskurtso ederrak errealitate latza ezkutatzen duela, baita enpresa kultura berria ezarri duten enpresetan ere.

Zuzendariek ardura eta askatasuna ematen diete langileei: bezeroekin guztiz konprometitzeko askatasuna. Horra, barne kontrol berria. Horra, autoesplotazioa. Horra, dedikazioa eta lan orduak biderkatzeko modua. Horra, bizitzaren inbasioa. Antsietatea, medikazioa eta meditazioa: zergatik, zertarako eta zeinentzako ari naiz bizitza galtzen?

Arantxa Tapia konpainia noblean

ArantxaTapia

Badakit bitxia dela. Gai asko daudela koadrilako afal ostean, ardoz eta kopaz goraino, barre eta besarkaden garaian, mahai gainean jartzeko. Baina egun hartan enpresariek zergetan ordaintzen zutenaz eta ez zutenaz jardun genuen bi lagunek eta hirurok, biak enpresa banaren arduradun.

Googlek koadriletako apustu eta eztabaidak pikutara bota zitueneko garaien aurretik izan zen, guk behintzat ez genuen garai hartan mobilera datuak egiaztatzera joateko ohiturarik, eta baten ustearekin eta besteak omen zekienarekin tabernaz taberna ibili ginen..

Nik nioen gauza bat dela teorian enpresek irabaziengatik ordaindu behar dutena sozietate zergan, eta beste gauza bat benetan ordaintzen dutena, askoz gutxiago. Datuak ez nekizkiela, baina hala zela. Beraiek ezetz. Enpresek, beraiek behintzat, zerga guztiak ordaintzen zituztela, zerga pila bat.

Eztabaida hartaz oroitu naiz Arantxa Tapiak aurrekoan egin zituen adierazpenak irakurrita. “Gure sistema ez da txarra enpresentzat; kenkari sorta garrantzistua dago, eta, horiei esker, enpresa askoren ordainketa efektiboa ez da bi digiturena”. Gogoratu behar dugu sozietate zerga soilik ordaintzen dutela irabaziak dituzten enpresek. Galerak dituztenek, zero patatero ordaintzen dute.

Oso adierazpen esanguratsuak dira, batez ere, Tapiaren Jaurlaritza bereko Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak esan berri duenean diru bilketa handiagoa behar dela, eta badagoela tartea sozietate zergan gehiago biltzeko.

Berriako albistearen arabera, Arantxa Tapia ez zen urrutirago joan zerga erreformari buruzko eztabaidan “daturik gabe hitz egiten ari delako gehiegitan”.

Datu faltagatik ez dadila izan Arantxa:

EAEn sozietate zergaren tasa nominala (teorian ordaindu behar dutena) %28koa da.  Baina dauden kenkari, hobespen, salbuespen eta desgrabazioak tarteko, praktikan ordaintzen dena %16,2 da. Azken zifra hau batez bestekoa da. Tapiak argi esan duen moduan, baudade enpresak %10etik behera ordaintzen dutenak, baina ez du salatzen, goraipatu baizik.

Berriki adostu ditu Jaurlaritzak 2017rako aurrekontuak PSE eta PP-rekin. Zein da aurrekonturako Jaurlaritzak duen diru kopurua? 10.709 milioi €. Hori da Urkulluren gobernuak gastu publikorako duen diru kopurua.

Badakizue, Arantxa Tapiak sutsuki goraipatu dituen kenkari eta hobespenak direla eta, zein den  Foru Ogasunek bildu gabe utzi duten diru kopurua (gastu fiskala deitua)? 6.058 milioi €.

Badakizuen EHUko ikerketa baten arabera zein den EAEko iruzur fiskalaren kopurua urtean? 3.200 milioi €.

Daturik gabe hitz egiten dela salatzen duenak, datuak ezkutatu nahi ditu, eskandaluzkoak dira eta, EAE paradisu fiskal bihurtu nahi ez dugunontzat.

Datuoi garrantzia kendu nahi dien Jaurlaritza, ordea, oso kezkatuta dago Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE; RGI gaztelaniaz) ematen den iruzurrarekin. Hatz marka digitalak hartuko dizkiete DSBE jasotzen duten pertsonei, iruzurgileak harrapatzeko.

Baina, zer neurriko iruzurra ematen da DSBEn halako neurri zorrotza hartzeko?

Gogoratu:

  • Jaurlaritzak 2017rako duen aurrekontua: 10.709 milioi €
  • Kenkari eta hobespenen bidez biltzeke uzten den dirua: 6.058 milioi €
  • EHUren ikerketaren arabera iruzur fiskala: 3.200 milioi €

Hatz marka digitalik, zein beste neurririk, ez enpresei. Hatz marka digitalak eskatuko zaizkie DSBEren hartzaileei.

Zenbat gastatzen du Jaurlaritzak DSBEn guztira? 400 milioi €.

Zein da DSBEn ematen den iruzur maila? %1ekoa. Beraz, iruzurra 4 milioi € ingurukoa izango da.

Sozietate zerga ordaintzen dutenak irabaziak dituzten enpresak dira. Hor ematen den iruzurra erraldoia da, eta iruzurgileak dirutan flotatzen bizi dira. DSBE jasotzen dutenek egiten duten iruzurra minuskuloa da, eta hartzaileek ez dute inon flotatzen, lurrari krudelki itsatsita daude, bizirauten saiatzen.

Arantxa Tapiari eskatuko nioke, denbora gutxiago pasatzeko enpresari “arrakastatsuekin”, eta denbora gehiago eman dezala, esaterako, DSBE jasotzen duten pertsonekin. Datuek asaladatu egiten dute, bai, baina begirada urratuek bihotzak biguntzen dituzte.

Zu ere beldurtuta, zerga erreformaren eztabaidarekin?

jabierlarranaga

Beldurraren mendea bizi dugu Mendebaldean. Alarmak, bideokamarak, seguratak nonahi. Harresiak, alanbradak, ejertzitoa. Beldurra daukaguna galtzeari, beldurra ez duguna lortzeari, aldaketari, ezezagunari, bizilagunari… Ni ere beldurtuta nago.

Lehen sintomak otsailaren 28ko El Correoren azala ikustean sentitu nituen. “Urkullu alaba a los empresarios que “siguen aquí, incluso con mayor presión fiscal”“.

Hasteko, Urkullu ez al zen guztion lehendakaria? Enpresariek soilik eman al zioten bozka? Gogoratzen al da inoiz langileetaz lehendakari jauna?

presiofiskalaJarraitzeko, ez al genuen EAEn Europako presio fiskal txikienetakoa? Europako batez besteko presio fiskala %39 ingurukoa da; EAEkoa %32 ingurukoa (EHko fiskalitateari buruzko txotena hemen).

Izan daiteke, Urkullu Espainiara begira egotea, Europara begira egon ordez. Berdin dio, hara zer esan zuen Ignacio Zubiri EHUko katedradunak orain bi urte antolatu genuen Euskal Herriko zerga sistemari buruzko mintegian (mintegi horretako informazio hemen): “Si miramos la evolución histórica veremos que siempre el Impuesto de Sociedades vasco ha recaudado bastante menos que en el Estado. Dejando al margen los años de crisis, la realidad es que sistemáticamente los empresarios vascos han tenido unos impuestos 30% más bajos que los del resto de España. No hay más que mirar las normativas vascas: son realmente un catálogo de beneficios fiscales. Si alguien un día quiere hacer un catálogo de cómo dar dinero a las empresas no tiene más que mirar la normativa del Impuesto de Sociedades vasco los últimos años: incentivos, bonificaciones, vacaciones fiscales…

ignaciozubiriimpuestosociedadesLehen susto hura pasa egin zitzaidan; denborak dena sendatzen du. Baina gaurko Berria zabaltzeak eman didan sustoak post hau idazten jarri nau:

Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Ogasun diputatua): «Zerga erreforma lan tekniko bat da; hortik kanpo atera da eztabaida, tamalez»

Barkatu, baina ezin da zerga erreformaz eztabaidatu? Lan tekniko hutsa da? Zein teknikori dagokio zerga erreformaren eztabaida, diseinua? Lehen aipatu dudan Ignacio Zubiri balekoa da? Edo ADEGIk erabakitzen duen teknikoek egin beharreko zerbait al da?

Are gehiago, horretaz ezin bada eztabaidatu, zertaz eztabaida dezakegu? Zertarako egiten dira hauteskundeak? Zertarako zaudete politikariak? Zertarako alderdi politikoak? Ez al da hobe tekniko onak aukeratzea, eta kito? Hau izua!

Izenburua bezain beldurgarria egin zait azken galderari Jabierrek eman dion erantzuna: “ELAren arabera, Europaren batez besteko presio fiskala aplikatuz gero, EAEn 900 milioi gehiago bilduko lirateke. Ados?
Ez dut uste egia denik (…) Tituluetatik harago joan behar da, xehetasunean sartu, eta eztabaida hor eduki. Gu ez gaude Europa iparraldeko ongizatearen mailatik urrun.

Ez dut uste egia denik…” ELAk datuak Eurostat, Eustat, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernutik hartu ditu. Akaso ez dira egiazkoak (hemen EHko Sozietate Zergari buruzko txostena)

sozietatezerga

gaztelangabeziaXehetasunetan sartu, eta eztabaida hor eduki”. Orduan, eztabaidatu dezakegu gaiaz? Gu desiatzen gara.

Gu ez gaude Europako iparraldeko ongizatearen mailatik urrun”. Gazte batek hori irakurtzen badu, edo gazteren baten gurasoak, ni baino gehiago ikaratuko da. EAEko gazte langabezia tasa: %43,1. Norvegiakoa: %10,8.

Urkullu eta Larrañagaren esaldietatik ez dakit zerk ikaratzen nauen gehiago: esaldiok iradokitzen duten agintarien mailak, edo agintariok esaldi horiekin herritarrez duten irudiaz iradokitzen dutena. Beldurraren mendean murgilduta gaude bete betean Mendebaldean.

Baina, zer du Adegik sokatiraren kontra?

los-mejores-suplementos-mas-musculo

Glúteos y pechos perfectos, ezpain mamitsuak, tableta, bizeps, trizeps, kuadrizeps ikusgarrien garaian; Corporación Dermoestética, goitik beherako depilazioa, Irati Xtrem, Iron man, Hiru handiak eta Ehun milen garaian; gorputza bere mugetara eramango duen lasterketak, zenbat eta zailagoa, zenbat eta erokeria handiagoa, hainbat eta jende gehiago erakartzen duen garaian, Adegik negoziazio kolektiboa utzi eta kirola sustatzeari ekin dio, kiroltasunez.

Enpresen arteko lasterketa antolatzen du Donostian urte batzuetatik hona. Igeriketa-lasterketak ere antolatzen ditu: “busti lankideekin. Empresas que se mojan”. Laugarrena irail honetan ospatu da, arrakasta handiz.

Bi lasterketa hauek badute bertute bat, benetan eskertu behar zaiena: biak kirol indibidualak izanagatik, antolakuntzak taldekako lasterketa bihurtu ditu. Ez da banakoen arteko lehia, taldekakoa baizik. Balio sinboliko handia dauka, kapitalismoak sustatzen duen indibidualismoaren gainetik lan kolektiboari ematen diolako indarra.

Dena den, bi kirol hauek, oso hedatuak egonik ere, ez dute bertako kutsurik, ez dute bertako kultura, bertako izaera islatzen. Bertokotasuna sinbolikoki adierazteko ez dira baliagarriak. Globalizazio indibidualean taldeka lan egin behar da, bai, baina maila lokalean, bertako bereiztasunak landuz eta zukutuz.

Agian gabezia hori konpontzeko erabaki du Adegik urte honetatik hasita hiru urtez Kontxako estropadetako lehen traineru gipuzkoarrei (femeninoa eta maskulinoa) sari mardul bat ematea: 5.000 euro tripulazio bakoitzari. Eta hemen sortzen zaizkit dudak niri.

Ulertzen dut aizkolari edo harri jasotzaileak ez saritzea. Bertako kirolak dira, baina indibidualak. Haatik, estropadak bezain bertako eta taldekako da sokatira. Euskal Herriko selekzio ofiziala dugu gainera, eta irailean munduko txapeldun izan ginen.

Zergatik aukeratu zuten estropada eta ez sokatira? Biak lehiaketa kolektiboak dira. Biek esfortzu handia eskatzen dute. Bietan sari bakarra dago eta talde desberdinek besteen kontra borrokatzen dute garaile izateko. Biek dute sinbolismo handia: desberdintasunak handitzen doaz, pobrezia gorantz, lan baldintzak gero eta okerragoak, prekarietatea orokortzen, lan-orduak handitzen, soldatak murrizten, prezioak igotzen… egoera honi buelta emateko lan handia egin behar da, eta soilik lortuko dugu esfortzu-borroka kolektibo bidez.

Apenas ikusten dut, sinbolismo aldetik, alde handirik estropada eta sokatira artean , eta pentsatzen nuen, besterik gabe, bat aukeratu behar horretan, estropada aukeratu zutela, akaso txanpona zerura botata. Baina ez.

Igandeko El Diario Vascon Adegiko Nerea Zamacolak (Transformando la manera de relacionarnos en las empresas) argi utzi zuen ez zela zozketa bidezko hautua izan;, erabakia ongi pentsatu eta hausnartuta hartu zuten: sokatiraren aurka daude. Más trainera y menos sokatira.

Eta diot nik: zergatik bultzatu nahi dituzte estropadak sokatiraren kaltetan? Zergatik dirua eman traineruei eta ez sokatirari? Zeren eta, nik dakidala, patronalak badu sokatira taldea, eta gogor lehiatzen da, gainera, txapelketetan. Baina estropadetan? Trainerurik ez dute eta! Ez dute arraunik egiten, guztiok dakigu yatean ibiltzen direla…

Ez al da izango, estropada eta traineruen ospea bultzatuz, langile guztiak traineruetara bideratu nahi dituztela, lehiakideak gainetik kenduta, sokatiran patronala garaile atera dadin?

Oasirik gabeko desertua

Irudia

Eskozian zen. Ez ziren Highlands-ak, baina gertu ginen. Errepide estu estua, doi-doi sartzen zen Citroen AX granatea asfaltoan. Barruan lau mutil eta neska bat. Gazte denbora. Bihurgune bat eta beste bat. Bakardadea kilometro eta kilometroetan. Noizean behin zabalgunetxoren bat errepidean  autoren batekin gurutzatuz gero bidea emateko. Zelaiak eta zelaiak inguruan. Belar luze haizeak orraztua nonahi. Bertan oina pausatuz gero, txof-txof, oinetakoak blai.

Desertua beti lotu izan dut lehortearekin, baina desertu hura hezea zen. Zuhaitzik ez ezkerrean zuhaitzi ez eskuinean. Inor ez aurrean, inor ez atzean. Citroena, bost lagunak eta burrun burruna besterik ez orduetan, eta bat batean etxetxo bat; kea tximinian gora, argia barruan. Baina, nola daiteke? Nola daiteke hemen norbait bizitzea?

Atxagaren Nevadako egunak irakurtzen etorri zait gogora ikasle garaietako bidai hura; Eskozia ipar mendebaldeko desertu hura, eta desertuaren erdian, bizia. Atxagak ere halako esperientzia bat aipatzen du bere azken liburuan. Ametsen bat ere kontatzen digu bertan, beltzezko batek leporatzen diola desertuaz asko idatzi izana, bai, baina desertua zer den jakin gabe, desertua ezagutu gabe. Filma eta ipuinetako desertu idiliko hori benetakoa ez omen. Zer da, bada, desertua?

Errespetu handia ematen didate soldata jaitsi, lanorduak igo, lan baldintzak kaskartu nahi dizkien enpresaren aurrean burua makurtzen duten langileek. Egoera latza da, beldurra handia, kezka ikaragarria. Hipotekak daude ordaintzeko, ahotxoak elikatzeko, gorpuztxoak janzteko.  Egunerokoa konplikatua da; indarra, kemena, erabakia behar da egoera bidegabe baten aurrean aurpegia eman eta aurre egiteko. Ez dago edonoren eskuetan. Horregatik, errespetu handia diet , lan baldintzak kaskartuta ere, enpresan borrokatzeko aukera egiten ez dutenei.

Baina, are errespetu handiagoa diet aurreko egoera berdinean egonda ere, bizitza konplikatzea erabakitzen duten horiei. Inposaketa bidegabeak ez dituzte irensten, ez dute zama barruan eramaten, ez dute bidegabekeri hori ezkutatzen. Bidegabekeria hori agerian uzten dute borrokatzeko erabakia hartzen dutenean. Lankideei egoera azaldu, motibatu, antolatu eta bidezkoa dena eskatzeko borrokan jartzen dituzte. Zuhaixka bat dira arroka artean, lore bat lur elurtuan, oasi bat desertuan. Horixe da langileak borrokan dituen enpresa bat. Erreferente bat, inposatzen dizkiguten neurriei aurre egin dakiekela erakusten dute, itxaropena dira, beste etorkizun bat eraiki dezakegula demostratzen digutenak. Oasi bat desertuan.

Soldatak, lan baldintzak, prestazio sozialak, pentsioak, eskubideak murrizten dizkiguten bitartean, burua makurtzea, isilik geratzea, ez borrokatzea goraipatzen dute zenbaitzuk, ezkutatuz hori beldurrak eta kezkak baizik ez duela eragiten. Borrokatzen  dutenak, ostera, deitoratzen dituzte. Giro gatazkatsuak egoera okertu besterik ez duela egiten.

Baina, zer litzateke hau borrokatzen duten langileak dituen enpresarik gabe? Desertua. Desertu hutsa. Oasirik gabeko desertua. Zer inporta zaio, ordea, jauregian bizi denari desertuan oasiak egotea edo ez? Berarentzat desertua filma eta ipuinetako desertu idilikoa besterik ez da.

Lan Erreformak lehen pitzadura ireki du patronaletan

Lan Erreformak gauzak goitik behera aldatuko zituela esan zen bere garaian; hainbeste, ordea! Patronal bat bere onetik aterata beste patronal bati egurka. Hara sorpresatxo biziki interesgarria! Beti adibidetzat hartu dugun, “beraiek batuta daude, gu, ostera, begira nola gabiltzan elkarri mokoka”, bloke monolitiko hori zartatzen hasi da. Itxuraz zurruna den bloke horren barnean zer dago? Ireki berri den pitzaduratxoak aukera emango digu, akaso, barnekoa usnatzeko.

Azken urteotan dezente liburu irakurri ditut enpresa kudeaketa edo new management delakoari buruz. Bertan diotenez enpresa lehiakorra lortzeko funtsa langile motibatuak dira, enpresa mundu hobea lortzeko bizi-proiektu gisa ulertzera iristen diren langileak. Horretarako bi motibazio iturri desberdin ei daude: kanpo-motibazio eta barne motibazioa. Bilatu behar dena da langilea barne-motibatzea, langileak egiten duenari zentzua topatzea, egiten duenak pertsona gisa hazten duela konturatzea. Hori omen motibazio iturri onena enpresa lehiakorrak lortzeko.

Beste motibazio mota, tira, ez da hain gomendagarria, baina beste biderik ez den bitartean erabili behar dela diote. Kanpo-motibazio mota hiru daude, ordea. Bata da sari bidez motibatzea, kanpo-motibazio positiboa litzatekeena (lan baldintza onak hemen sartuko nituzke). Bestea zigor bidez motibatzea da; metodo txartzat jotzen dute liburuek. Eta erabili behar ez litzatekeena dago azkenik, langileak motibatu baino birrindu egiten dituelako: Beldurra.

Konturatu naiz egunkaria eta liburu hauek ezin direla batera irakurri zoratuko ez bazara. Enpresen lehiakortasunerako garrantzitsuena langile motibatuak badira, zertara dator Lan Erreforma? Zeini interesatzen zaio? Langileei badakigu ezetz, baina enpresariei? Langileen lan baldintzak al dira Euskal Herriko enpresari gehienen arazoa? Langileak okerrago egoteak Euskal Herriko enpresa gehienei onura ekarriko die ala kaltea?

Adibide bat ekarriko dut hona: Bizkaiko ehungintzako sektoreko hitzarmen kolektiboa. Bi patronal daude: Cecobi (CEOE, Confebask, CEBEK) eta Bizkaidendak (Euskaldendak). Cecobi-k merkataritza zentro handiak ordezkatzen ditu. Bizkaidendak-ek denda txikiak. Merkataritza zentro handiek azken urteotan mozkinak banatzen ari dira. Hiri eta herrietako denda asko ixten ari dira. Badakizue zeinek eskaini duen langileentzat baldintza hobeak dituen hitzarmena? Bizkaidendak-ek. Bizkaidendak-entzat arazoa ez dira langileen baldintzak, arazoa da merkatalgune erraldoiek denda txikiak jaten dituztela. Ezin dute lehiatu lan baldintzak hondoratzen multinazionalekin, horiek maisuak baitira horretan.

Bada ELAK, Bizkaiko ehungintzan gehiengoa duen sindikatuak, akordioa sinatu du Bizkaidendak-ekin. Cecobik dio horrek ez duela balio, Cecobi dela patronal nagusia (CEBEK delako).

Bai ala? Nola demostratzen da hori? Nola erabakitzen da zein den enpresarien ordezkari nagusia? Hauteskunde patronalak egiten al dira? Patronal bakoitzaren afiliatu kopurua publikoa al da? Orain arte Cecobik (CEBEK, ADEGI, SEA, CEN) monopolio patronala izan dute. Zeinen interesak ordezkatzen dituzte patronal hauek? Lan Erreforma sakonagoa nahi dutela dioten patronal hauek, Euskal Herriko enpresari gehienen beharretan ari dira pentsatzen benetan? Neoliberalismo itsuaren bozemale diren patronal hauek nork aukeratu ditu? Nola finantzatzen dira?

Sistema publikoaren kontra sistema publikotik elikatuz. Enpresen kudeaketa eredu berrietaz aritu langileak birrinduz. Demokraziaz hitz egin enpresen ordezkaritza monopolioa edukiz. Hitzak eta egintzak, betidaniko arrakala bortitza. Orain patronalaren bloke monolitikoan pitzaduratxo demokratiko bat gertatu da. Pitzadurek, txikiak izanagatik ere, hazterantz jotzen dute. Guk ere lagunduko dugu horretan, patronalaren demokratizazioa guztion onerako izango baita.