Tag Archives: gardentasuna

Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?

Bata zein bestea aukeratu, beti irrikatuko ditugu lan ordu atseginak. Zail jartzen digute, ordea.

45181869464_86d435eec6_z

Motibazioa, komunikazioa, adimen emozionala, lidergoa, ekintzailetza, mindfulness, coaching… Gosaria gerentearekin, familian patinatzera enpresarekin, talde dinamikak hotel atseginetan, enpresa lasterketak… Langileen partaidetza, gardentasuna, erreferendumak… Enpresa kultura berriaz ari dira patronalak, legebiltzarrak, gobernuak eta guruak. Best-seller bihurtu dira autolaguntzako liburuak. Zentzu komun berria ekarri digu neoliberalismoak.

Aldaketa da normaltasun berria. Berrikuntza, etengabea. Malgutasuna, ezinbestean. Ezagutzaren ekonomia, 4.0 industria, etorkizun hurbilean. Langile berriek erronkak bilatzen dituzte, ametsak, askatasuna. Errutinak azkura ematen die, alde batetik bestera ibili nahi dute. Horra diskurtsoa, baina, errealitatea?

Bilboko NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileek 2,5 euro kobratzen zuten garbitutako gela bakoitzeko. Justu iristen dira hilean 800 euro irabaztera. Hilabetetik gora eman dute greban. Abenduaren 18an egoera hau nabarmen hobetu duen akordioak lortu zituzten.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileek %7-13 arteko soldata arrakala dute kale garbitzaileekiko. 2018ko irailaren 19tik dira greban.

Berrikuntzaren eredutzat saltzen den Donostiako Tabakaleran, Ubik liburutegiko bitartekarien soldatak (goi mailako ikasketekin, hainbat hizkuntza menperatuta, ezagutzaren ekonomian lan eginda), ez dira 1.000 eurora iristen. Gainera larunbata eta igandetan lan egin behar dute, ordutegi itogarriak dituzte eta ezin dute opor egunik hartu. 2018ko abenduaren 22tik daramate greban.

Eta enpresa kultura berria?

Ah, bai, langile hauek azpikontratatuak eta externalizatuak dira… hain justu, langileak prekarietate gordinean itota, administrazio publikoek eta enpresek dirua aurreztu eta irabazteko, hurrenez hurren.

Partaidetza, gardentasuna, komunikazioa, motibazioa… beste langile batzuentzat dago pentsatuta. Gasteizko DHL-Mercedesekoentzat, esaterako. Bertan, 2013an enpresa kultura berria ezartzen hasi zirenetik, gertatutakoa kontatu du Jon Las Heras EHUko ikertzaileak Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen dokumentuan. Merezi du irakurtzeak. Dena den, eta Jon Las Herasen lanaren spoilerrik egin gabe, esan dezakegu neoliberalismoak ekarri duen diskurtso ederrak errealitate latza ezkutatzen duela, baita enpresa kultura berria ezarri duten enpresetan ere.

Zuzendariek ardura eta askatasuna ematen diete langileei: bezeroekin guztiz konprometitzeko askatasuna. Horra, barne kontrol berria. Horra, autoesplotazioa. Horra, dedikazioa eta lan orduak biderkatzeko modua. Horra, bizitzaren inbasioa. Antsietatea, medikazioa eta meditazioa: zergatik, zertarako eta zeinentzako ari naiz bizitza galtzen?

Advertisements

Enpresa kultura berria, legala ala zilegia?

Tabakalera ADEGI

(Argazkia Noticias de Gipuzkoatik hartua)

Gardentasuna, partaidetza, demokrazia… enpresa kultura berri baterako zutoinak Tabakaleran.Areto berria, taburete modernoak eta zenbait langileren testigantzak. Arantza Tapia lehen lerroan, ADEGIko kamiseta eta bufandarekin, bere taldea sutsuki animatzen.

Nik ezin izan nuen joan, baina han transmititu zenari lotuta, pentsatu genuen, gardentasun, partaidetza eta demokraziara bidean, ongi legokeela martxoaren 8an Tabakaleran bertan ekitaldia egitea emakume langileek pairatzen duten prekarietate gordina ezagutzeko testigantza desberdinekin. Ezin. Tabakaleran esan digute sindikatuek ezin dugula ekitaldirik egin bertan. Patronalak bai, sindikatuak ez. To demokrazia eta partaidetza.

Dena den, harrituta naukana beste kontu bat da: beti hain pragamatiko izan diren erakundeek, ADEGI, Jaurlaritza, EAJ… nolatan jo duten oraingoan utopiara. Egun lan munduan bizi den egoera ezagututa, ez ote den maximalista izatea enpresetan gardentasunaz, partaidetzaz eta demokraziaz hitz egitea. Ez gaizki ulertu! Ados nago utopiarekin, idealek bultzatuta ekitearen, bizitzearen alde nago. Saiatu, ere, hala saitzen naiz, baina zein zaila den!

Management berriari buruzko literatura guztiak aipatzen du. Lanean zabiltzanean zure idealei jarraitu. Egiten duzuna egiten duzula, komunak garbitu, propaganda orriak etxez etxe banatu, patatak frijitu, agureak paseatu, telefono deiak jaso… mundu hobea eraikitzen ari zarela sentitu, sinetsi, pentsatu. Horrela duzun hoberena emango duzu. %100ean entregatuko zara egiten duzun horretara.

Gertatzen dena da, langile gehienak behartuta daudela edozer lan edozer baldintzatan onartzera biziraungo badute. Hau da, gutxienak dira nolabaiteko segurtasuna bermatuta, bere lanpostuan beren idealak bilatu ditzaketenak. Aukera dutenek hala egitea oso ongi dago, eta ongi dago ere management berriak hori esatea, baita Arantza Tapiak hori sutsuki txalotzea ere; baina, gero, praktikatu, mesedez.

Hortaz, niri ongi iruditzen zait ADEGI eta Jaurlaritzak enpresetan gardentasuna eta partaidetza bilatzea, utopia horren atzetik ibiltzea, utopiak aurrera egiteko balio baitu. Dena dela, ongi dago ere, aurrera egite horretan urratsak definitzea, pausoak ematea. Esan nahi dut, pentsatu genuen enpresetan gardetasuna, partaidetza eta demokrazia lortze aldera, lagungarria litzatekeela zerbait erraza eta egingarria proposatzea, maximalista izan gabe. ILP bat aurkeztu genuen, 110.000 sinadura lortuta, administrazio publikoko azpikontratetan gutxieneko lan baldintza batzuk bermatzeko asmoz, klausula sozial batzuren bitartez. Ezetz esan ziguten. Hori onartuz gero, obra publikoak, adibidez, ezingo zituztela esleitu duten kostuaren azpitik.

Langileak 4-5 euro kobratzen ari dira orduko obra publikoan. Zenbat miseri, zenbat txantxullo, zenbat iruzur, zenbat interes klientelar… Zenbat denuntzia, zenbat salaketa, zenbat mobilizazio, zenbat bilera UTEetako aholkulariekin. Ia beti aholkularitza berbera. Arantza Tapiaren alderdiaren gertukoa. Jende prestatua, ongi irabazten duena, baldintza onak dituena, segurtasun bat baduena, idealen arabera lan egiteko aukera duen horietakoa. Bina langileek 4 euro orduko kobratzen dutela entzunda “badakizu lan erreforma onartu zenetik legezkoa dela langileen estatutua aplikatzea; enpresek hori egin dezakete. Agian ez da zilegia, baina legezkoa bai. Halaxe dira gauzak…”.

Arantza Tapiak enpresa kultura berria txalotzen duen bitartean, bere gobernuak enpresa piratak kontratatzen ditu, eta aholkulari finak jartzen ditu enpresa pirata hauek egiten dutena babestu eta bultzatzeko. Agian, bai, beren ideala bultzatzen ari dira, Intermon Oxfamek jakitera eman duena hain zuzen: 62 pertsonek munduko populazioaren erdiak baina aberastasun handiago dute.

ELA eta Confebask gardentasunaz

Dibertigarria da twitter, aukera ematen baitizu pertsona desberdinek gutaz diotena ezagutzeko. Hala, troikanoak Bilbora etorri ziren eguneko goizeko manifa ondoren, ertzaina batzuen argazkia gehituta, txio hau bota zuen batek: “Estos son los únicos encapuchados de ELA que ha visto”. Arrakasta handiko txioa gainera. “ELA el corta-fuegos del PNV” ere irakurri ahal izan dugu. Eta Bilduk alkatetza duen udaletxeren batean protestaren bat eginez gero “zergatik ez dute egiten hori PNV alkatetzan denean?”.

Irakurri ahal izan dugu ere: “Desde que ELA se ha vuelto el palmero de la Izquierda Abertzale”, edo “el brazo sindical de EHBildu”; gehitu horri gutaz ari direla “ es lo que tiene estar totalmente supeditado a lo que manden Permach y Barrena”.

Umorez zabiltzanean barre egiten duzu, erreta zaudenetan amorratu. Batzuetan erantzuteko gogoa sartzen zaizu, bestetan kasurik ez egitea erabakitzen duzu. Baina zenbaitetan buruari galdetzen diozu “ongi al gabiltza?”, “igual hau ez genuen hala egin behar, edo besta hau hala egin behar genuen…”. Baina paranoia horretan sartuta zabiltzala Confebask-eko presidentearen bloga irakurri eta duda guztiak uxatzen zaizkizu: “Paranoia batean bizi da ELA”.

Lujua jaunak bere denbora preziatuaren zatitxo bat gutaz pentsatzeko hartu izanak eta bere esku aratza zikinkeriak idazten jarri izanak argi adierazten du ongi gabiltzala. Ez du CCOO eta UGTtaz idazten. Ez du LABetaz idazten. ELAk ateratzen omen du bere onetik. Ongi gabiltza.

Dezente kontu aipatzen ditu, besteak beste Confebask sektoreko hitzarmenen babesletzat aurkezten du, hain justu hitzarmen sektorialak langileontzat gutxieneko bermea izateri uztea eragin duen lan erreformaren bultzatzaileak dio hori.

Baina nik, egiten duen galdera batean zentratu nahi dut: “¿Puede haber algo más irresponsable que negarse a hablar con nadie, huir de cualquier órgano de encuentro?” Lujua jauna,badakizu hori gezurra dela, badakizu zuekin ere bildu izan garela eta, are gehiago, zu izan zinela EITBn Adolfo Muñoz “Txiki”rekin eztabaidatzeari uko egin zeniona. Bai, ETBn eztabaida bat proposatu zizuten ELAko Idazkari Nagusiarekin, jendearen aurrean zuen eta gure arteko iritziak arrazoiz kontrastatzeko, eta zuk uko egin zenion. Zeren beldur?

Amaitzeko. Guk behin eta berriz ematen dugu gure ordezkaritzaren eta gure diru iturrien berri. Gure ordezkaritza hauteskundeetan eskuratzen dugu, eta gure diru sarreren %93a afiliazio kuotetatik dator (kanpo auditoria batek egiaztatua). Horrek esan nahi du diru laguntzak ere jasotzen ditugula, ez dugu inoiz kontrakorik esan. Hori bai, guri, eta jende askori suposatzen dut, gustatuko litzaiguke jakitea Confebaskek zer ordezkaritza duen eta zenbat afiliatu dituen. Nola finantzatzen zarete? Nola neurtzen da zuen ordezkaritza? Ongi dago gutaz hitz egitea, baina zuetaz gehiago jakin nahi dugu. Ez ihes egin, gardentasunez komunika iezazkiguzue datuok mesedez.