Tag Archives: greba orokorra

Lan Erreforma, Fagor eta neoliberalismoa

Azken urteotan greba orokor asko egin ditugu Euskal Herrian, ez hainbeste Mondragon Korporazioko kooperatibetan. Baten-batean atera ziren, baina lan erreformaren kontrakoan, esaterako, entzun nuen erreformak ez zuela eraginik kooperatibetan. Serio?

Mondragon oasi bat izan daiteke kapitalismoaren basamortuan, uharte bat itsaso neoliberalean. Baina, azken urteotan hegemonikoa bihurtu den kapitalaren logikak eragin duen klima aldaketak lehorte latzagoak badakartza, eta itsas maila metro pare bat igotzen badu,  oasian edo uhartean ez du eraginik izango?

Askotan esaten dugu ez dela enpresari on eta txarraren arteko auzia. Ez dela gauza “enpresari hau jator eta zintzoa da eta lan baldintza onak dauzkagu, beste hau gaiztoa da eta lan baldintza kaskarrak ditugu.” Zuk ondoko enpresarekin lehiatzen baduzu, eta ondokoak lan baldintzak kaskartuz prezioak jaisten baditu, zer egin behar duzu? Ondokoa atzerrira badoa are merkeago ekoizteko, zuk zer egin behar duzu? Ez naiz esaten nekatuko: lan erreformak kalte egiten digu langileoi, bai, baina baita enpresa askori ere. Hain justu, langileen baldintzei garrantzia ematen zieten horiei.

Entzun izan dut Christian Felver “Economía del bien común” delakoari buruz hizketan.  Sistemak gure kontra doazen baloreak saritzen dituela. Produktu merkeenak direla, hain justu, baldintza txarrenetan ekoizten direnak, ingurumenari kalte gehien egiten diotenak, ditugun beharretarako alferrikakoenak direnak.

Kokoteraino nago edozer gauza erosteagatik opari gisa zuzenean zakarretara doazen Txinan ekoitzitako txorakeriak jasotzeaz. Petrolio merkearen eta globalizazio neoliberalaren astakeriak.

Felverrek dio produktu merkeenak izan beharko zutela gure beharrei erantzuten dietenak, ingurumena zaintzen dutenak, lan baldintza onenak dituzten enpresenak, parekidetasuna zaintzen duten lantegienak… Eta hori nola lortu? Zerga bidez, dio Fleverrek. Zergapetu beharko liratekeela enpresa kaltegarrienak. Baina azken urteotan hartu diren erabaki politiko guzti-guztiak ez al doaz, hain zuzen, kontrako zentzuan? Neoliberalismoak ez al du ezarri oihaneko legea? Ez al zaio kapitalari zergak eta mugak kendu, nahi adina zabal dadin? Guztion onerako ekonomia ardatz duen zerbitzu eta gizarte sare publikoa ez al dira deusezten ari? Bizi gaituen krisia ez al dute politika neoliberal horiek ekarri? Eta ez al dabiltza politika horietan gehiago sakontzen, irtenbide gisa saltzen dizkiguten bitartean?

Guztiok dakigu soldatak murriztuz ez garela hemendik aterako. Soldatak murriztuz desberdintasunak dira handituko direnak. Gogoan izan soldatak, nominaz gain, zergak direla (hau da, zerbitzu publikoak), kotizazioak direla (hau da, gizarte segurantza, gizartea kohesionatzen duen sarea). Bada, soldatak jaisten ari gara, anabasa hau sortu duten hartzekodunei interesak ordaintzeko. Zentzurik ba al du?

Bai, badu zentzua, gertatzen ari den honekin guztiarekin batzuk asko irabazten ari baitira. Hots, erabaki guztiak interes jakin batzugatik hartzen dira. Gehienak galtzen ari garen honetan, batzuk irabazten ari dira. Hortaz, gauzak beste modu batera egin nahi baditugu, guztion ona bilatuko duen ekonomia nahi badugu, gogor borrokatu beharko dugu neoliberalismoa ezarri digutenen kontra, bereari gogor eutsiko baitiote, dituzten medio boteretsu guztiak erabiliz. Hori ez dugu inoiz ahaztu behar, baina hortaz ez diot ezer entzun Felverri. Ezta Mondragon Korporaziokoei ere.

Eta gogor borrokatzeaz gain, zein da irtenbidea? Ez dira ikusten irtenbideak, eraiki egiten dira. Orain Fagor itxiko da. Lehenago hamaika enpresa itxi dira. Milaka pertsona langabetu, jende prestua, jende trebatua, langile finak, lana gogoz, gogor eta ongi egiten dakitenak.  Beharrak ere baditugu, inoiz baino gehiago; jende geroz eta gehiago dago gaizki pasatzen, eta agintariek gizarte babesa eraisten ari dira. Elkartasun sare berriak eraiki behar ditugu, beste modu batera ekoitzi eta kontsumitzeko eredu bat sortu, pertsonak zainduko dituen beste ekonomia bat, beste finantza eredu bat, gertuagokoa, geure baliabide mugatuak kontuan izango dituena, pertsonen eta gizartearen beharrei erantzungo diena, demokratikoki eratuko dena.

Ideiak baditugu, gogoa ere bai, zenbait proiektu martxan dira. Erronka hauei erantzuteko Europa handiegia da. Frantzia eta Espainia ere bai. Euskal Herriak, ordea, eskala polita dauka. Badakigu zer datorren Europatik, Madriletik, Parisetik: hondamendia. Epe motzerako neurri motzak. Guk Euskal Herria epe ertain luzera eraiki nahi dugu. Has gaitezen. Zergatik egon besteek zer egingo zain? Izan gaitezen unilateralak.

Esaten dutena esaten dutela, borroka ezazu maite duzun horregatik

Aitorrek esan dio Mikeli ez duela zereginik Ainararekin. Ainarari beste moduko mutilak gustatzen zaizkiola, Mikelen izaerak ez duela bat egiten Ainararen nahiekin. Gainera, animatze aldera-edo, Ainara ez zaiola komeni gehitu dio, mina besterik ez diola egingo, hobe duela beste era bateko neskaren bat bilatzea. Mikelek ezin dio Ainarak barnean eragiten dion eztandari eutsi, ordea, ulertu ezin duen zerbaitek erakartzen du, eta iruditzen zaio Ainarari ere antzeko zerbait gertatzen zaiola.

Barneko txoriek eraikitako irudipena besterik ez zela sinistera iritsi zen Mikel, inoiz beste inork bezala desegonkortu zuen neskarengatik borrokatzeari uko egitera iristeraino, ez aurretik berrogei aldiz berrogei egunez jan eta edateari utzi gabe. Handik hiru urtera Aitor eta Ainararen ezkontzako lekuko izan zen Mikel lerdea ahoan, eta Ainarak “zergatik galdu zenuen aukera?” begiradan.

Greba orokorraren aurkariak greba indartzeko lezioak ematen. Batasunik gabe ez duela balio, zaharkitua dagoela, langile eta enpresarien arteko leiha beste garai batekoa dela, gauza berriak asmatu behar direla. Pentsio sistema publikoa desegin nahi dutenak pentsio sistema iraunkor bihurtzeko errezetak ematen. Semeak dioen moduan “en el mundo al reves” bizi gara edo? Greba arrakastatsuagoak egiteko sekretuak kontatzen dizkigutenak, pentsio sistema publikoa salbatzeko neurriak aurkezten dizkigutenak esaten dutena bilatzen dute, ala publiko egin ezin dezaketen interes ezkuturen bat al dute? Greba aurrera ateratzeko buru belarri ibili garenak pozik bagaude grebaren emaitzarekin, zergatik ez daude pozik grebaren kontrakoak?

Gero datoz erdian kokatu nahi dutenak. Ez alde batean ez bestean, konturatu gabe erdian kokatzea, gaur egun, eskuinean kokatzea dela. Hain da handia aldea indar harremanean, ezen objektibotasun hipotetiko bat mantentzeak botere ekonomikoari mesede egiten baitio. Iker Aranburuk Berrian hala zioen greba ondorengo egunean: “Eztabaidagarria da hori egiteko greba bat behar ote den –ez da amu errazena jendea kalera ateratzeko-”. Noiz atera da greba egunetan baina jende gehiago kalera aldarrikapen sozioekonomikoak egitera?

Erdaldunek esango digute euskara zabaltzeko hobe dela gaztelaniaz egiten badugu. Bada, ez. Guk euskaraz egiten dugu gustatzen zaigulako, betetzen gaituelako, gozatzen dugulako, zentzua ematen diolako buruan eta bihotzean dugunari, eta iruditzen zaigulako hori dela modu eraginkorrena euskaraz bizitzeko. Grebetan parte hartzen dugunoi baliagarri zaigun artean jarraituko dugu grebak antolatzen, horrek betetzen gaituelako, indarrak ematen dizkigulako eta modu eraginkorrena iruditzen zaigulako beste eredu ekonomiko bat abian jarri ahal izateko. Mikelek berak esan zidan: ez nuen amore eman behar, Ainara maite dut oraindik, baina beranduegi da jada; Aitor nire mesedetan zebilelakoan eta begira orain…

Gustura, pozik, harro eta aurrera segitzeko asmoz

IrudiaEsango dute esango dutena, sinestaraziko digute sinestarazi nahi digutena, baina atzo kalean izan genituen sentipen eta emozioak ez dizkigute inolaz ere ebatsiko. Hoztu apur bat bai; freskatu digu bihotza atsedenak, ideiak kulunkan ditugu jada, lasaiago, eta hondarrean gelditzen zaigun zaporea oso da atsegina. Ez diogu dastatzeari utzi nahi, egin nahi duguna egiteko (bai zaila egiten ari garena! bai zaila egin nahi duguna!) ezinbestekoak baitzaizkigu momentu hauek. Elkarri begiratzean aurpegian marrazten zaigun irribarreak salatzen gaitu. Pozik gaude, eta sentsazio hau luzatu nahi dugu ahal bezain beste, badakigulako etorriko direla amorru, min eta pena keinuak.

Haizea, euria, enbata, eta pertsonengan sinisten duen uholdean tanta bi, zu eta ni, mugitu ezinik, beste gizarte eredu baten alde bizirik, gustura, elkar ukituz, giro hotz umelean gorputzak eta gogoak bero. Perot, Corrugados, ITV, Gipuzkoako zahar egoitzak… Duintasuna, borroka, errespetua. Eta bertan egon ezin izan dutenak! Bat, bi, hiru… kontatzeak ez du merezi. “Zuekin izan naiz, nahiz eta ezin izan dudan atera hemendik”, badakigu, bai, nola dauden gauzak, eta badakigu kalean ez zeudenak ez zirela Rajoyrenak.

Eta gaur zer? Esan dezatela nahi dutena, gaur ez da atzo, ezta herenegun ere. Nekeak jota indarra bildu dugu. Aurrean daukagun erronka erraldoia da, ikaragarria da egiten ari garena, ez baitugu makurtu nahi, ez baikara makurtu. Atzo baimena eskatu behar izan genuen Bulebarrean sartzeko, ez baitzen lekurik geratzen. Lekutxo bat egin ziguten eta harro sentitu ginen. Merezi du urrats honek, hurrengoa ematearren. Bagara, bagabiz, gogoz, harro, aurrera segitzeko asmoz.

Gora greba orokorra!

Botere hegemonikoaren naturaltasuna

Bazenekien etorriko zirela. Goizean, bizikletaz egin duzu lanerako bidea. Ez zenituen topatu nahi. Lotsa, zer esan jakin ez. Hobe inork ikusi gabe iristea. Behin barnean anonimotasuna, beste mundu bat. Zaratak hurbildu zaitu leihora. Lausotuak ikusten dituzu irudiak beirako tanten beste aldean. “Erleek ezingo dute gaur hegan ibili” zeure artean. Bai beraiek dira.

Seme alabek zinemara joateko eman zizuten lataz akordatu zara. Bee movie. Azkenean amore eman behar izan zenuen. Nolako tema. Eskatu eta eskatu, umeak, zerbait nahi dutenean, edozertarako prest dira. Kasketak, oihuak, irriak… helburua eskuratu arte gerra. Zuk egin behar ez duzuna. Zinemara joan nahi duzunean egunkarian filmea aukeratu, joan eta kito.

Egia esan, umeen filmetan harribitxiak topatzen dira, Bee movie horren hasieran bezala: “Según todas las leyes conocidas de la aviación es imposible que una abeja pueda volar. Sus alas son demasiado pequeñas para ese cuerpecito rechoncho. La abeja, sin embargo, vuela. Porque a las abejas les da igual lo que los humanos consideren imposible.” Erleak irudikatu dituzu gizakiez barrezka. Hainbeste traste, hainbeste teknologia, hainbeste saiakera, hainbeste arrisku, hainbeste hildako. Zertarako, eta hegan egiteko! Erleek ez dute halakorik behar. Naturaltasun osoz, alimaleko esfortzurik gabe lortzen dute.

Zarata urruntzean etorri zara zeure baitara. Badoaz. Errepidea papelez josia utzi dute. Zure ezagunak dira. Zenbait manifestaziotan-eta egon izan zara beraiekin. Eskatzen dutenarekin bat zatoz, baina gaur ezin zenuen gelditu. Enpresa txiki batean egiten duzu lan. Ez dakizu nagusiari gauza nola planteatu ere. Zure lankideek ere ez dute gaia aipatzen, bazpare.

Euri tantek hormaren beste aldeko leihoa ere bustitzen dute. Piketeen mugimenduak nazka aurpegiz jarraitu dituenak beira lurrundu du. Begiradak, aldiz, nagusitasunaren irribarrea adierazten du. “Nik ez dut halakorik behar.”