Tag Archives: grebaorokorra

Bertso kaxkarrak Silveirari jarriak

Doinua: Ari naizela, ari naizela…

Bost urte dira adiskide bat
hasi zela bertso eskolan
krisia hasi zenean justu
ez galdetu niri nola.
Ordutik hona gustura dabil
bertsoz piztuta odola
nahiz ta lagunek ez dugun lortu
kantatzea ezta alkoholaz.

Izugarria lortu duena
azkenaldian bertso olak
bertsoz bertso arrakasta itzela
hegemonia espainolan.
Herrigintza lan eskerga honek
segi behar du edonola
pertsona asko dabilen arren
janari bila zaborran.

Boteredunek krisi kontura
sartu dizkigute golak
gauzak aldatu nahi baditugu
ezinbestean borroka.
Trebakuntza ideologiko gabe
ezinezkoa izango da
horregatik diogu ozenki
gora greba orokorra!

Askegune eredugarria

Aurreko astean Alemania aldean ibili nintzela-eta ezin izan nuen Donostian gertatu zena gertutik bizi. Pena bat, ze iruditzen zait aske guneko borroka hori erreferentzia ezinbesteko eta etengabea izango dela hemendik aurrera. Gazte saldoa bulebarrean eserita, bulebarrean lo, bulebarrean jolasean, kantuan, lanean, bulebarrean besoz beso helduta. Irakurri ditut testuak, ikusi ditut irudiak  eta, oso ikuspegi mugatua izanda ere, zirraragarria iruditzen zait. Zer ez zuten sentituko beltzen aurrean eserita tinko eutsi zioten gazteek!

Aurreko postan egindako galdera berbera egin diezadake nire lagunak. Alegia, “konpondu da ezer? Berdin berdin atxilotu dituzte.” Normalean halako iruzkinak egiten dizkidatenak, hain justu, mugitzen ez direna dira, gauzak gauetik egunera aldatu ahalko balira bezala. Artxila mortxila hau guztia konpondu dadila! (ni neu batere aldatu gabe gainera). Ez, badakigu gauzak ez direla horrela. Bidea luzea da, eta zaila.

Nire ustez egin beharreko galderak honokoak dira: Zein atera da indartuta ekintza honetatik? Borroka horretan parte hartu dutenak borrokan jarraitzeko pilak kargatuta atera dira ala etsituta? Bizitako esperientzia horrek borrokan gehiago engaiatzera eramango ditu ala ezkortasunean murgiltzera? Zein agertu da biolento, zein gelditu da zilegitasunik gabe? Lortu al da otsoak hortzak erakustea? hau da, otsoa otso gisa azaltzea lortu da ala otsoek ardi irudia eta ardiek otso irudia eman dute?

Bai, badakit komunikabide sistemikoek errealitateari buelta emateko gaitasun ikaragarria dutela. Baina gaitasun hau ez da mugagabea. Eta kasu honetan beren mugetara iristen ikusi ditut. Berdin alderdi sistemikoen bozeramaileak ere. Deseroso. Argudio faltan. Haatik, borrokan parte hartu dutenak harro, indartsu, argudioz beteak, zilegitasun irabaziaren kontzientziak ematen duen botereaz jabetuta. Bai jauna!

Maiatzaren 30eko greba eguna deitu denerako lagunak iruzkin bera errepikatu dit: “Ez da ezer lortuko eta!” Ez dut berriro errepikatuko. Dudak dauzkanak gora jo dezala berriro. Gazteek sormena, irudimena eta kemena erakutsi dute. Itxaropena beraiek dakarte beti, eta aurreko astean Donostian gertatuarekin sisteman arrakala bat sortu dute. Arrakala horretan sakondu behar dugu eta beste arrakal batzuk ere sortzen joan. Greba eguna aukera paregabea da horretarako.

Nola behartu batasun sindikala

Txipiri

Lagun bati “Sindi” deitzen genion garai batean: paleto batek pilota palaz jo nahi eta paletak lurrean paratu zizkion.

Asun ospitalera joan zen zangoak kele-kele egiten ziotela. Sindiren beheko hortzak ere kolo-kolo zeuden. Animatzeko kili-kili egiten zioten elkarri, baina gauean kala-kala eginda amaitzen zuten malkotan.

Minean bat Asun-Sindi kala eginda.

Behartua ezta? Ez egun hauetan eskatzen diguzuen batasun sindikala bezain bat.

Zer ba greba?

Jendeak galdetzen dit zergatik eta zertarako egingo dugun greba.  Hau da nire erantzuna:

Finantzen esklabu izan nahi ez dugulako
zorren ordainketen aurretik pertsonen beharrak daudelako
zergak guk bakarrik ordaintzen ditugulako
iruzurra baimentzen dutelako.
Finantzak gauza garrantzitsuegia dira
kapitalisten esku uzteko.

Mundu hau gure eskuek landu dutelako
merezi duen bizia eraiki nahi dugulako
egiteko hainbeste lan egonda langabezia dagoelako
denbora lapurtzen digutelako
igande eta jai egunak gureak direlako
pertsonak salgai ez gaudelako.
Lana gauza garrantzitsuegia da
kapitalisten esku uzteko.

Planeta bakarrarekin nahikoa dugulako
gutxiagorekin hobe bizi daitekeelako
gehienek gehiago behar dutelako
pobreziak boluntarioa behar duelako
Lehengaiak, baliabideak eta aberastasuna garrantzitsuegiak dira
kapitalisten esku uzteko.

Hegoaldeari sobera lapurtu diogulako
elikagai behar adina egonda gosea dagoelako
gurera datozenak aberasten gaituztelako
eskubideak eta betebeharrak guztionak direlako.

Bizia sortu eta zaindu egin behar delako
besteen sufrimenduak min egiten digulako
elkarren beharra dugulako
gizonak emetu behar garelako.

Langabetuei elkartasuna helarazteko
etxetik bota dituztenak aterpetzeko
beldurrez daudenak adoretzeko
borrokan dabiltzanei arnas emateko.

Gehiago garelako, gure esku dagoelako
nahi dugulako, ahal dugulako, irabaziko dugulako
borroka honek bizia zentzuz betetzen duelako

Lankidetza sarea ehuntzeko bidaiaren hurrengo geltokietan elkartuko gara:
i22 manifestazioak hiriburuetan
i26 greba orokorra

Hauek dira nire arrazoiak. Zeintzuk dira zureak? #zebagreba?

Udaberri berria

Aurten udaberria aste bete atzeratuko da. Ez du lozorrotik atera nahi. Hotzak kikiltzen du, bihotz izoztuetatik datorren haize bolada honek. Bertan goxo gustura dago, behetik gora ongi estalia. Koloreek eta biziak apurtxo bat gehiago itxaron beharko dute. Eta guk, eutsiko al diogu udaberri nahiari?
Ez da  erraza izango. Orain gutxi beste atzerapen bat izan genuen. Negu ekaitza batek otsailaren 4rako deitua genuen manifestazioa atzerarazi zigun.  Luzea egin zitzaigun itxaronaldia. Luzeagoa 25erako bidean beste ekaitza larriago bat gainera bota zigutenean: Lan eta Negoziazio Kolektiboaren erreforma. Tenperaturak zerora igotzeko indarrik ez zuenean utzi gintuzten biluzik, lehiakortasun, produktibitate, eta mozkin hotzen aurrean inolako babesik gabe. Dardarka, sudurrak blai, yetiaren azpian.
Ez da berria. Ez da bat batean, krisiari irtenbide bila zebiltzala, bururatu zaien ideia. Aspalditik bilatzen zutena gauzatzeko aukera profitatu dute. Hotzez, izoztuta mantendu nahi gaituzte, berogailu ziztrinenera, ere, gerturatzeko edozer gauza onartzera behartuta egon gaitezen.
Ez da hori, ordea, bilatzen duten gauza bakarra. Gu guztiok biluzik uzteak badu beste ondorio bat: jantzita daudenekiko lotsa, sumisioa. Berogailuak dituztenak ongi jantzita utzi baititu erreforma honek. Eta gu, biluziok, erakusleiho batean jarri gaituzte gure mitxelin, zimur, eta orban guztiak agerian ditugula, jantzita utzi dituztenentzat antolatu duten pasarelan aurrera eta atzera.
Baditu gauza onak, ere, egoera honek (beti eutsi behar diogu alde onari). Ohitu egiten da bat biluztasunera, lotsa galtzen du, eta gorputza zaildu egiten zaio. Are gehiago, biluzik gaudenon artean sortzen den konplizitateak identitate bat ematen digu. Ezer ezkutatzeko ez dutenen artean harreman natural eta sakona sor daiteke. Eta hori ongi antolatuz gero, asko lor daiteke.
Bestalde, inoiz baino ageriago geldituko da zein dagoen jantzita, nork duen berogailua. Jakina, hotzak, lotsak, ahultasunak eraman gaitzake bat banaka berogailura gerturatzera. Onar dezakegu jantzita daudenek agintzen diguten oro. Azken finean hori da nahi dutena. Baina berogailura gehiegi gerturatuz gero erre egin gaitezke, batez ere, eskaintzen digutenak duen kalitate eskasagatik.
Beraz, bat banakako irtenbide hori ez da epe luzerako baliagarria. Hiltegira daramatzaten ardi eskilatuak baino ez ginateke izango. Bestea da benetan merezi duen bidea, biluzien artean sortzen den harreman horretatik sor daitekeena. Ez dugu ahaztu behar berotzeko modu egokiena elkar berotzea dela, eta ez naiz zenbait kaskodunen borra eta pilotakadaz ari. Gure artean zenbat eta gehiago gerturatu, zenbat eta gehiago izan, are eta goxoago egongo gara, indar eta konfiantza handiagoa lortuko dugu. Ez zen hori izan otsailaren 25ean Bilboko kaleetan bizi izan genuen sentsazioa? Ez al zen hori izan aurreko hiru grebetan hiriburutan eguerdian elkartu ginenak bizi izan genuena?
Kalera atera ez zirenek ez dakite zer sentitzen den bertan, nolako indar eta itxaropenak hartzen gaituen. Baina guk badakigu. Edozein ekintza da eraginkorra etxean inor gelditzen ez denean. Grebak, kazeroladak, plaza okupazioak geldiezinak dira baldin eta guztiok bertan topatzen bagara. Arabiarrek, argentinarrek eta islandiarrek izan dute beraien udaberria. Gurea 29an loratuko da itxaropen eta indarrez.
Kalean ikusiko gara. Gora greba orokorra!