Tag Archives: neoliberalismoa

Zebrabidea

beatles

Ume bat errepide bazterrean… zium
Ihes dihoan baloian ditu begiak
ez du arriskurik ikusten aurrean… zium zium
Renault urdin horren atzetik… Ez
Furgo zuriaren ondoren… zium zium zium

Gurpilak puztu dituzu, mormalean baina gehiago.
Bazenekien goraino bete behar zenuela trailerra.
Eta hor zoaz hainbat tonako trastetzarrarekin 60 km/h-ko abiadan.
Zenbat zaldi, zenbat gasoil, zenbat CO2,
daramazun kamioia martxan jartzeko.
Zenbat teknologia: pistoiak, balbulak, bielak…
Kalkulua egin duzu buruan:
zenbat metro egingo lituzke kamioiak gelditu arte
frenoa topera zapalduz gero;
zenbat energia alperrik halako erraldoia geldiarazten.
Orduan ikusi duzu, beranduegi agian:
Ume bat bide bazterrean errepidea gurutzatu nahian,
aurrerago agure bat zebrabidean.

Ederra zebrabidea, esanahiz betea;
Errepideko indartsuena ere gelditzen du
oinezkoari uzteko bidea.
Ez da arrazionala, ez da efizientea
kamioi bat gelditzea pasa dadin agurea.
Logikoagoa da zapal dezakeen trastea pasatzen uztea.

Geldirik zaude,
agureak esku ahurra erakutsi dizu esker onez, irribarrez.
Kostata doa, bastoia lagun duela, zebrabidean aurrera.
Bolido zarata atzean, begirada erretrobisorera,
Ferrari gorri bat dator ezkerreko erreietik ziztu bizian.
Nola abisatu bolidoa, nola abisatu oinezkoa, nola saihestu desastrea.
Alperrik jo duzu bozina, aurretik eraman du agurea.

Ez da gelditu Ferraria,
saltatu du ere aurrerago zeukan semaforo gorria
eta gainera, agurtu egin du hantxe bertan zegoen poliziak.

Merkatua da errepidea, oinezkoa langilea.
Ibilgailu askori bost axola arauak, oinezkoak, legea,
eta zer egiten du agintariak?
Agintaria kentzen ari da seinale, semaforo eta zebrabideak.

Hegemonia neoliberala: Lan erreforma + parte-hartzea enpresan

larrun192

Biziki gomendatzen dizut Argiak argitaratu duen azken Larrun-a: Benetako parte-hartzea enpresan. Lehiakortasuna edo demokratizazioa da helburua?

Denboraz larri bazabiltza, elkarrizketa osoa irakurtzeko tarterik ateratzeko modurik gabe, irakur itzazu Beñat Irasuegiren erantzunak, horiek baitira testu hau gomendatzeko arrazoi nagusia. Halako harribitxiak topatuko dituzu: Irudituko zaizue gauza askok jartzen nautela alertan, baina tamalez “pertsonak” entzuten dudan aldiro ere alertan jartzen naiz. Tamalez. “Pertsona zentroan” eta diskurtso horiekin hitza edukiz husten ari delako. Ez dago ezer okerragorik balio positibo bat dena helburu ez positiboetarako erabiltzea baino. Pertsonen diskurtsoarekin hori gertatzen ari da. Oso paradigmatikoa da Adegik erabiltzen dituela guk hemen darabiltzagun kontzeptu berdinak justu erabat kontrakoa dena esateko, ekonomiaren kontzepzio erabat neoliberalarekin.

Egia da ere, Irasuegiren erantzunez gain, badela Estitxu Eizagirreren galdera bat puntuan jotzen duena: Zergatik hitz egiten dute orain parte-hartzeaz guztiek? baita langileen eskubideak hutsera murriztu dituztenek ere? Nola ulertzen da “pertsonak gara motorra” esaldia, egungo prekarizazio egoera larriarekin?

Galderak klabean jotzen du, alertan jartzen gaitu. Nik ere galdera hori egiten nion nire buruari, eta Katu Arkonadak eman zidan erantzuna, Rebelion-en topatu nuen artikulu baten bidez: Derrotar e incorporar en el proceso boliviano; una lectura de la hegemonía desde Lenin y Gramsci

Artikuluan hegemonia zer den azaltzen digu. Nola lortu duen Evo Moralesek, hainbat urteetako ekinari esker, eskuina garaitzea, eta behin eskuina garaitua, nola gonbidatzen duen prozesuan sartzera. Hori da hegemonia: derrotar e incorporar.

Argia ikusarazi zidan artikuluak. Horixe da Estitxu Eizagirreren galdera erantzuten duena. Boliviatik urrun gaude eta hemen hegemonikoa neoliberalismoa da. Derrotar e incorporar. Azken hamarkadetako politikaren helburua langile mugimendua garaitzea izan da. Krisiak bizkortu egin du erasoa. Lan erreforma azken kolpea izan da. Derrotar. Orain, erasoaren aurpegi ankerrena erakutsi ondoren, esku luzatuaren garaia da: enpresan parte-hartzea tokatzen da. Incorporar. Horratx hegemonia neoliberala, derrotar e incorporar, lan erreforma eta parte-hartzea enpresan.

Ez diegu hain erraz utziko.

Zer da ezkerrekoa izatea?

Herenegun koadrilako afaria izan genuen. Badakizue, ardoak eta Gin Tonicek lagunduta, parada ona izaten dela mundua konpontzeko.

Oraingo honetan hau izan zen gutako batek bota zuen galdera, nekatuta ordurako: baina, zer da ezkerrekoa izatea?

Bera ez zela ez ezker ez eskubikoa, eztabaida hori gainditua zegoela jada, XIX. mendeko kontuak. Besteak batek, ezetz. Hori zioenak, ideologia hegemonikoa besarkatzen duela, eta, egun, hegemonikoa, ideologia neoliberala dela, eskubikoa.

“Ba, esan, zer da ezkerrekoa izatea? Zu ezkerrekoa zara? Etxe bat duzu erosia, mailegu bat bankuarekin, kotxea… eta ezkerrekoa zarela diozu?”

“Guztiok dauzkagu kontraesanak, nik nioen ideologikoki ezkerrekoa naizela”. Beste erraztasun bat ideologia hegemonikoa besarkatzen duenarentzat: hegemonia horri aurre egin nahi diona defentsiban jartzeko aukera amaigabeak. Barkamena eskatu eta burumakur erantzun beharrean jartzea ezkerrekoa dela esaten duena.

“Adibide bat jarriko dizut, hartzen diren erabaki politikoak ideologikoak direla ikus dezazun, nahiz eta tekniko itxura eman nahi dioten: Zapatero eta Rajoyk konstituzioan jarri zuten lehentasuna zorrak ordaintzea dela, herritarren beharrei erantzutearen aurretik. Hori ideologia hutsa da!”

“Hori ez da ideologia. Hori behar hutsa da. Zapaterok dirua behar zuen, eta hori konstituzioan jarri ezean diru gabe geldituko zen.”

Hori ba, langabetuei laguntzeko modu egokiena bankuei laguntzea da eskubikoarentzat; ezkerrekoarentzat, ordea, langabeei laguntzea da langabeak laguntzeko modu egokiena.

Langileen beharrak astetzeko enpresen (enpresarien) beharrak lehenestu behar direla dio eskubiak; langileen beharrak asetzeko langileen beharrak lehenestu behar direla dio ezkerrak.

Eztabaida ez zen PNV eta Bilduko baten artekoa. Eztabaida Bilduko biren artekoa zen. ETAk armak utzi izanak ekarri duen beste gauza on bat: eguneroko politikaz hitz egin, eztabaidatu eta hausnartzeko aukera. Aurrera goaz!