Tag Archives: prekarietatea

Tabakalera, ez dadila haria eten

Lehen aldia zen lanari buruz galdetzen ziotela.  Ordura arte beste kontu batzuetaz aritzen ziren: eguraldiaz, mutiletaz, beste nesketaz… Azaleko gauzetaz normalean, asko sakondu gabe, zerbait potoloa gertatzen ez zen bitartean. Inguruan zarata handia ateratzen zuen gertaerarik bazen, gaian sakon zezaketen. Hala izaten baita, etxeko galdarak arazoak ematen dituenean soilik konprenitzen dugu nola dabilen. Gauzak normal doazenean usteetan gelditzen gara, eta badakigu zer esaten duen esaerak: usteak erdia ustel.

“Zer gertatzen da itunpeko eskoletan?, zergatik hainbeste greba?, eta ikastoletan, grebarik ez?…” Jendearen jakin-mina asetzeko barruak hustu zituen, gustura: Eusko Jaurlaritzarentzat azpikontrata merke bat gara. Eta gaia aterata, ondokoak, “gu ere nazkatuta gaude, zerbitzu publiko bateko fisioak gara, baina azpikontratatuak gaude…”, eta besteak, “Osakidetzan, ere, gainezka gaude erizainak, ez gara iristen”. Izan ere, giroa sortzen denean, jendeak, azaletik sakonera murgiltzeko segurtasuna badagoela nabari duenean, errealitateaz hitz egiten du. Agintariak eta hedabideak entzunda, dena da polita, dena da ederra eta marabillosoa, baina dena da, ere, itxura.

Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia eta Arte Ederren museoa Bilbon, Tabakalera Donostian, CBA kurturgunea Irunen. Tope berritzaileak, tope modernoak, tope guay. Administrazioek paparra ateratzen dute, baina bertako diseinuko lanpara batek langileen nominak baina gehiago balio du. Munduko erakuslehioan jartzen dituzten gune preziatuok aurrera ateratzen dituzten pertsonak azpikontratatuak dira, lan-egutegirik ez dute, igande eta jai egunetan lanean dabiltza, eta ez dira mileurista izatera heltzen. Baina hori guztia ez genekien, zarata egiten hasi ziren arte.

Greban ginela pankartara iristen zen jendea harrituta gelditzen zen. Baina, ez al zarete funtzionarioak? Azpikontratatuak zaudetela? Ez zaretela 1000 euro irabaztera iristen? 500-700 euro kobratzen dutenak badirela?” Azkuna Zentroko mediatekako langileek 8 urte luzez iraun zuten, ixilik, lan-baldintza kaskarrak irensten. Hori zen zegoena, Bilboko Arte Ederretako langile azpikontratatuek egoerari buelta ematea lortu zutela ikusi zuten arte. “Guretzat museoko langileak erreferente bat izan ziren, oso greba ikusgarria egin baitzuten, ekintza oso originalekin”, kontatu zigun Azkuna Zentroko Patriciak urtarrilaren 27an Tabakaleran egin zen mahai inguruan.

Irungo CBA kuturguneko langileek, ere, antzeko esperientzia izan zuten, desberdintasun batekin: beraiek prekarietateari aurre egitea lortu zuten grebara iritsi behar izan gabe (Bilboko Arte Ederren museoan 41 greba egun egin zituzten, Azkuna Zentroan 38, eta Euskalduna Jauregian 14).

Bilbokoen eta Irungoen testigantzak entzutean buruarekin baietz egiten zuen Iñigok, Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariak. “Joe, guri ere igual iguala pasatzen zaigu, jende guztia harrituta gelditzen da Tabakaleran gertatzen dena azaltzen diogunean!”. Abenduaren 22tik daramate greban, eta eskatzen dutena Tabakalerako aurrekontuaren %1,3 hutsarekin konpon badaiteke ere, oraingoz  ezeko borobila jaso dute. Greban zehar enteratu naiz Ubik izena nondik datorren, zergatik deitzen zaien Bitartekariak, eta zein den egiten duten lana. Berriro ere, gauzak sakonkiago aztertu eta ulertzeko astia hartzen dugu, bapatean zarata arraro bat egiten hasi edo gelditu egiten direnean.

Azkuna Zentroko langileentzat erreferenteak izan ziren Arte Ederren museoko eta Euskaldunako langileak (baita Bizkaiko erresidentzietakoak ere, Patriciak azpimarratu zuenez). Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekarientzat Azkuna Zentrokoak eta Irungo liburutegikoak dira erreferente. Eta Bitartekariak, zeinentzat izango dira eredu? Tabakalerako zuzendaritzari ihes egin zion, “zuei eskatzen duzuena ematen badizuegu, atzetik etorriko dira Tabakalerako gainerako langileak, Koldo Mitxelenakoak, eta Donostia guztikoak…“. Ez dadila haria eten.

 

 

Advertisements

Nola egin aurre prekarietateari?

PrekarietateariSTOPZergatik erabiltzen dugu coaching eta ez precariousness? outsourcing eta ez poverty? new management eta ez unemployment? Zer da, kudeaketa sistema horiek erabiltzen dituztenak ingelesez dakitela eta berauen ondorioak pairatzen ditugunok ez? Eredu horiek kanpotik datozela eta ondorio larriak hemengoak direla? Edo, besterik gabe, prekarietatea, pobrezia, langabeziaren jatorria estaltzeko zelofanezko hitz anglofonoak erabiltzen dituztela?

Berdin dio. Kontua da erakitzen ari diren lan mundu berria prekarioa dela, lan baldintza gero eta kaxkarragoekin, ezegonkortasun gero eta handiagoarekin. New management bidez saiatuko dira langileari ikusarazten soldata eta lan orduak ez direla garrantzitsuena, proiektua baizik. Coaching bidez langileak ziurgabetasunera kondenatuko dituze modu etikoan eta kontzientzia garbiz. Outsourcing bidez, lanpostu beragatik erdia ordainduko diote langileari, lan hitzarmenak hankartetik pasatuaz.

Jendea sufritzen ari da, beldurra hedatzen. Ataka honetatik ateratzeak ezinezko dirudi. Nola egin aurre prekarietateari?

Mahai inguru, eztabaida, hitzaldiak aurkitu ohi ditut han hemenka gaiari buruz. Erantzun berriak behar dira, instrumentu berriak, baina zenbaitetan, irudipena dut, orain arte lan munduan egin dena ez dela kontuan hartzen, balioko ez balu bezala, zerotik hasi beharko bagenu bezala.

Gauza berriak behar dira, bai, baina ezin dugu baztertu orain arte langileek beren lan eta bizi baldintzak hobetzeko erabili duten instrumentu nagusia: sindikatua. Akats larria litzateke, besteak beste, gaur gaurkoz, instrumenturik eraginkorrena delako prekarietatea borrokatzeko.

Langileak kolektiboki antolatzeak, afiliatzeak, mobilizatzeak emaitzak ematen ditu. Dela urteetan egin duzun lanak eta sindikatu nagusia izateak ematen dizun oihartzunagatik, baliabideengatik eta presioa egiteko aukeragatik. Dela erresistentzia kutxa izateagatik, greba nahi beste luzatu ahal izateko. Dela goi mailako zerbitzu juridikoa izateagatik.

Gauzak zaildu egin dira, eta ekiteko moduak moldatzen joan behar dugu gero eta gehiago asmatzeko, gero eta eraginkorragoak izateko, baina sor/asma daitezkeen gauza berriak bilatzen jarraitzen dugun bitartean, indartu eta zabal ditzagun, baita hitzaldi, eztabaida eta mahai inguru hauetan ere, hemen eta orain emaitza onak ematen dituzten instrumentu eta adibideak. Hemen dituzue batzuk:

 

Enpresa kultura berria, legala ala zilegia?

Tabakalera ADEGI

(Argazkia Noticias de Gipuzkoatik hartua)

Gardentasuna, partaidetza, demokrazia… enpresa kultura berri baterako zutoinak Tabakaleran.Areto berria, taburete modernoak eta zenbait langileren testigantzak. Arantza Tapia lehen lerroan, ADEGIko kamiseta eta bufandarekin, bere taldea sutsuki animatzen.

Nik ezin izan nuen joan, baina han transmititu zenari lotuta, pentsatu genuen, gardentasun, partaidetza eta demokraziara bidean, ongi legokeela martxoaren 8an Tabakaleran bertan ekitaldia egitea emakume langileek pairatzen duten prekarietate gordina ezagutzeko testigantza desberdinekin. Ezin. Tabakaleran esan digute sindikatuek ezin dugula ekitaldirik egin bertan. Patronalak bai, sindikatuak ez. To demokrazia eta partaidetza.

Dena den, harrituta naukana beste kontu bat da: beti hain pragamatiko izan diren erakundeek, ADEGI, Jaurlaritza, EAJ… nolatan jo duten oraingoan utopiara. Egun lan munduan bizi den egoera ezagututa, ez ote den maximalista izatea enpresetan gardentasunaz, partaidetzaz eta demokraziaz hitz egitea. Ez gaizki ulertu! Ados nago utopiarekin, idealek bultzatuta ekitearen, bizitzearen alde nago. Saiatu, ere, hala saitzen naiz, baina zein zaila den!

Management berriari buruzko literatura guztiak aipatzen du. Lanean zabiltzanean zure idealei jarraitu. Egiten duzuna egiten duzula, komunak garbitu, propaganda orriak etxez etxe banatu, patatak frijitu, agureak paseatu, telefono deiak jaso… mundu hobea eraikitzen ari zarela sentitu, sinetsi, pentsatu. Horrela duzun hoberena emango duzu. %100ean entregatuko zara egiten duzun horretara.

Gertatzen dena da, langile gehienak behartuta daudela edozer lan edozer baldintzatan onartzera biziraungo badute. Hau da, gutxienak dira nolabaiteko segurtasuna bermatuta, bere lanpostuan beren idealak bilatu ditzaketenak. Aukera dutenek hala egitea oso ongi dago, eta ongi dago ere management berriak hori esatea, baita Arantza Tapiak hori sutsuki txalotzea ere; baina, gero, praktikatu, mesedez.

Hortaz, niri ongi iruditzen zait ADEGI eta Jaurlaritzak enpresetan gardentasuna eta partaidetza bilatzea, utopia horren atzetik ibiltzea, utopiak aurrera egiteko balio baitu. Dena dela, ongi dago ere, aurrera egite horretan urratsak definitzea, pausoak ematea. Esan nahi dut, pentsatu genuen enpresetan gardetasuna, partaidetza eta demokrazia lortze aldera, lagungarria litzatekeela zerbait erraza eta egingarria proposatzea, maximalista izan gabe. ILP bat aurkeztu genuen, 110.000 sinadura lortuta, administrazio publikoko azpikontratetan gutxieneko lan baldintza batzuk bermatzeko asmoz, klausula sozial batzuren bitartez. Ezetz esan ziguten. Hori onartuz gero, obra publikoak, adibidez, ezingo zituztela esleitu duten kostuaren azpitik.

Langileak 4-5 euro kobratzen ari dira orduko obra publikoan. Zenbat miseri, zenbat txantxullo, zenbat iruzur, zenbat interes klientelar… Zenbat denuntzia, zenbat salaketa, zenbat mobilizazio, zenbat bilera UTEetako aholkulariekin. Ia beti aholkularitza berbera. Arantza Tapiaren alderdiaren gertukoa. Jende prestatua, ongi irabazten duena, baldintza onak dituena, segurtasun bat baduena, idealen arabera lan egiteko aukera duen horietakoa. Bina langileek 4 euro orduko kobratzen dutela entzunda “badakizu lan erreforma onartu zenetik legezkoa dela langileen estatutua aplikatzea; enpresek hori egin dezakete. Agian ez da zilegia, baina legezkoa bai. Halaxe dira gauzak…”.

Arantza Tapiak enpresa kultura berria txalotzen duen bitartean, bere gobernuak enpresa piratak kontratatzen ditu, eta aholkulari finak jartzen ditu enpresa pirata hauek egiten dutena babestu eta bultzatzeko. Agian, bai, beren ideala bultzatzen ari dira, Intermon Oxfamek jakitera eman duena hain zuzen: 62 pertsonek munduko populazioaren erdiak baina aberastasun handiago dute.

Prekariatua: biolentzia, errealitatea eta etorkizuna

PrekarietateariSTOP

Oso biolentoak egiten zaizkit Teleberriak. Garai batean ez nuen sentsazio hori, gustura ikusten nituen. Egun saiatu izan naiz ikusten noizbait, baina agertzen diren albisteak, eskaintzen dituzten irudi gordinak oso gogorrak egiten zaizkit. Umeei ez diegu ikusten uzten. Teleberri hauek garai batean emango balira bi erronbo izango lituzkete.

Egunkarietako azaletan eta barneko orrialdeetan ere irudi gordin asko topatu izan ditut. Umetxo bat hilik hondartzako itsas ertzean, buru beltz ugari itsaso zabalean ezin igeri egin, gainezka doazen paterak, harresietan pilatuta Europara etorri nahi duen jende saldoa, kaputxadunak labanarekin laranjaz kantzitakoen zintzurrak mozten, bonbardaketak, bonbardaketa ondorengo irudi pornografikoak…

Irudi biolentoak, errealitate biolento baten isla. Zer esan Pariseko atentatuak hain gertu izanda gainera.

Zenbat jende gelditu da etxe gabe, zenbat jende negu gorrian argia ezin piztu eta etxea ezin berotu, zenbat jende elikadura bankuetara zer jan bilatzen, zenbat langabe inolako diru laguntzarik gabe, zenbat jende bere enplegua defendatu nahi eta ezin, zenbat jende edozein baldintzetan eskaintzen zaion edozein aukera onartu beharrean, azpikontratazioak, prekarietatea, enplegu izkutua, esplotazioa, lanean hildakoak, estresa, suizidioak… Ongi etorri XXI. lan-harremanen eredu berrira.

UrkulluSeEncaraSindicalistas1Oso biolentoa egiten zait ere Arantza Tapiak Adegiren lan-harremanen eredu berria goraipatzen ikustea. Zein da hain modu atsegingarrian Adegik saltzen duen lan-harremanen eredu berri hori, oraintxe aurkeztu dudana ez bada? Guztiona den gobernu bateko kideak ez al du nolabaiteko oreka erakutsi behar?

Urkullu sosegatua oldartu egin zitzaien pankarta baten atzean zeuden sindikalistei. Desoreka agerikoa da. Toña kontseilariak bi sindikatu ilegalizatu nahi z(d)ituen Confebask-eko burua den Larrañagari deitzen dio elkartasuna adierazteko (ilegalizazio asmoarena publiko egin zenean kontseilari bakar batek ez zuen deitu sindikatura, nik dakidala). Desorekak gailurra jo du.

Toñari biolentoa iruditu zaio ELAk kartel batean zortzi pertsonaia publikoren argazkia paratzea. Egunkari eta telebistetan gau eta egun azaltzen diren 8 pertsonaia publikoen argazkia kartel batean jartzea biolentoa omen da. Larrañagak esan du ELA errealitatetik kanpo dagoela. Eta hala da.

Dudarik gabe, Toña eta Larrañagak saldu nahi diguten errealitatetik kanpo dago ELA (besteak beste ELArik gabeko errealitate bat nahi luketelako). Saldu nahi diguten errealitatean ekonomia errekuperatu da, enplegua gora ari da, enpresariek enplegua sortzen dute, enpresariek kontratu finkoak egin eta soldatak igo nahi dituzte baina ezin dute, enpresariei zergak barkatu behar zaizkie enplegua sor dezaten, enpresariak eredugarriak dira, gure seme-alabek etorkizunean izan behar dutenaren irudi.

Langileak, ordea, alferrak dira, beren interes propioa baino ez dute bilatzen, langabe eta prekarioen egoeraren erantzuleak langabetuak eta prekarioak beraiek dira, lan istripuetan hildakoen errua arriskua mesprezatu duen langile berarena da, ahal dugunaren bizimoduaren gainetik bizi izan gara eta orain gerrikoa estutzea egokitzen zaio langileriari.

Beti esan ohi dut ELAn gauza dezente egingo ditugula gaizki, baina baditugula bi gauza bereziak egiten gaituztenak: bata da errealitatea, behekoa, lantegietakoa, langileena, eguneroko bizitzakoa, beste edozein erakundek baina hobe ezagutzen dugula, Euskal Herriko txoko ia guztietan baititugu langileak. Egunero lan munduan gertatzen dena jasotzeko gu baina antena gehiago izango duenik ez da izango seguruenik. Beraz, gure arazoa ez da errealitatetik kanpo egotea, errealitatean guztiz txertatua egotea baizik. Jakina, langileen errealitatean, ez goiko eliteen errealitate fin esklusiboan.

Eta bigarrena da libreak garela errealitateaz dakiguna askatasun osoz salatzeko, dugun autonomia ekonomikoagatik. Ez gaude hipotekatuak, eta ikusten duguna salatzeko askatasun osoa dugu, eta horixe egin dugu kartel honekin.

Ez dugu ezer berririk, ezer larririk egin. Komunikabideek egiten duten gauza bera besterik ez: pertsona publiko hauen argazkiak erabili, egiten dutena azaltzeko. Desberdintasuna da komunikabideetan irudi hauek arrakastarekin lotzen dituztela, ongizatearekin, garapenarekin, hazkundearekin… Eta guk irudiaren ifrentzua eskaini dugu. Arrakasta hori, irabazi horiek lortu dituzte, langileen lan-baldintzak estutzen, okertzen, langileak esplotazio egoeretara behartzen, prekarietatea orokortzen. Hori da biolentoa egin zaiena nire ustez, beraientzat eredugarri diren pertsona horien irudiak zabaltzen ari den miseriarekin lotzea.

Badakite hori hala dela, beraien irabaziak langileen baldintzak okertuz lor ditzaketela soilik. Hau da, langileen lan-badintzak sakrifikatu behar direla enpresen leihakortasuna handitzeko. Baina, diotenez, hori ez da enpresari hauen errua, hori hala da sistemak hala eskatzen duelako, eta hori bete beste erremediorik ez dago. Ezin dira gauzak aldatu, onartu besterik ezin da egin. Prekarietatea egungo errealitatea da, ez enpresari hauek hala nahi dutelako, gauzak horrela direlako baizik.

Beraz, beraien kontakizunean enpresariek enpresak zabaldu eta enplegua sortzen dute, eta sindikatuek enplegua deuseztu eta enpresak itxi. Prekarietatea alda ezin daitekeen errealitateak ekarri du, eta langabezia lan egin nahi ez dutenen kontua da. Desoreka ikaragarria da.

Guk sinisten dugu gauzak alda daitezkeela. Sinistu ez, badakigu gauzak alda daitezkeela. Historia guztia dugu lekuko. Demokrazian, giza eskubideetan, pertsonen bizitzan eman diren hobekuntza guztiak langileen borrokak ekarri ditu. Bere garaian borroka horrek lortu zuen kapitalari mugak jartzea, eta orain ere posible da. Prekarietatea ez da onartu behar dugun fatalitate bat. Prekariatua antolatuz eta borrokatuz gauzak alda daitezke. Zaila da, erronka latza, bai, baina egingarria. Eta hori langile identitatea indartzetik dator. Identitate kolektiboak beldurrak uxatzen laguntzen du. Beldurtuta gauzkatenen argazkiak kartelean jartzeak, beraien ardura azaleratzen du, indarra ematen digu esateko: nahiz eta zuek guri hori saltzen saiatu, hauek ez dira gure eredua. Gure eredua dira egunero bizitza aurrera atera ahal izateko gogor lanean dabiltzanak. Bizirauteko edozer baldintzatako lana onartzea beste erremediorik ez dutenak. Burua altxata, duintasunez, beraien egoera aldatzeko zutitu eta borrokan dabiltzanak. Horiek dira gure eredua. Eta horiek ekarriko dute, gure seme-alabentzat amesten dugun etorkizun hobea.