Tag Archives: sindikatua

Ezkerraren erronkak Euskal Herrian

Hona hemen atzo Bergaran (Sortu Bergarak antolatutako eskola herritarrean) emandako hitzaldiaren transkripzioa

SARRERA

Arratsalde on guztioi eta mila esker hemen hitz egiteko aukera emategatik. Ibaik deitu zidanean eta galdetu zidanean ea parte hartuko genuen Ezkerraren erronkei buruzko mahai inguru batean, asko poztu nintzen. Pentsatu nuen, “joño, badago oraindik ezkerrari buruz aritu nahi duen jendea!”. Ohikoago da entzutea ezkerra lehengo gauza dela, orain modernoagoa da esatea “ni ez naiz ez ezkerrekoa ez eskuinekoa”. Horregatik poztu ninduen sirena kantu horiei entzungor egiten dien jendea badela jakitean.

Egia da ezkerra oso lotuta egon izan dela barne zatiketak, eztabaida amaigabeak, eszisioak eta ezin ikusiekin. “Zu ez zara ezkerrekoa, ni zu baino ezkerrerago nago…” zenbat dogma bete behar, zer zaila purutasunaren purutasuna lortzea. Oso modu kominko eta ederrean islatu zuen errealiteta hori La Vida de Brian filmak.

Ni, hemen, eztabaida horretatik ihes egiten saiatu eta zentratuko naiz, ezkerrak duiten erronken aurrean, ELAn egiten saiatzen ari garen horretan.

  1. Egoeraren azterketa txiki bat egiten hasiko naiz, probokazio bat erabiliz: duela 60 urte eskuinak ezker politikak egiten zituen. Orain ezkerrak eskuin politikak egiten ditu.
  2. Egoera zein den ezagututa, gure ustez ezkerraren erronkak zeintzuk diren azalduko dut eta erronka horien aurrean gu zer egiten ari garen kontatzen saiatuko naiz.
  3. Amaierarako saiatuko naiz esandakoa laburbiltzen, hemendik ateratzen zaretenean zerbait behintzat gogora dezazuen.

Gogoratu behar duzuen laburpentxo hori honen oso antzekoa izango da: guretzat ezkerrak Euskal Herrian duen erronka da herritarrei gardentasunez eta pedagogia handia eginez gertatzen ari dena azaltzea: galtzen ari gara, gutxi gara, eta gaudenon artean nahi dugun gizarte eredua eraikitzen joan behar dugu; epe luzeko estrategia batekin, behetik gora, langileak, emakumeak, herritarrak boteretuz; aldaketa ez baita lortuko ez dakit zer mahaitan, ez dakit zer gobernutan, ez dakit zer sinatuta; aldaketa lortuko da sinatu den hori gauzatzeko indarra, gaitasuna eta medioak eraikiak baditugu.

1. EGOERAREN AZTERKETA: PROBOKAZIO BAT

Hasteko, beraz, probokaziora joko dut.

50. hamarkadan Estatu Batuetan errenta altuenak zituztenek errentaren %91 ordaintzen zuten zergetan.

50. hamarkadan Estatu Batuetan enpresa handiek ordaintzen zituzten zergek diru sarrera federalen %30a suposatzen zuen.

50. hamarkadan Estatu Batuetan Eisenhower eskuindarra zegoen gobernuan.

Europan ere garai hartan, esaterako, herrialde gehienetan aberastasunaren %70-75a soldatetara zihoan.

Eta orain zer gertatzen da?

Soldatak Estatu Batuetan 1969etik 2009ra %28 jaitsi ziren.

Errenta altuenek %91 ordaintzetik %35a ordaintzera pasa ziren. Obamak proposatu zuen %39ra igotzea, baina pentsa zein urrun gelditzen den %91 hartatik!

Enpresa nagusiek zergetan ordaintzen dutena diru sarrera federalen %6,6 baino ez da.

Europan joera berbera errepikatzen da. Eurogunean 1996-2006 hamarkadan mozkinak %36 igo ziren, lan kostuak, ordea, %18,2.

1992an soldaten pisua aberastasunean %70ekoa zen eurogunean. 2005ean %62koa. Alemanian 1995etik 2009ra sozietateen gaineko zerga 26 puntu jaitsi zen eta errenta altuenen zerga 9,5 puntu. Schroeder, ezkerra, zegoen gobernuan.

Datu hauek zer erakusten dute? Asko-asko sinplifikatuz (eta ongizate estatua emakumeen, kolonien eta planetaren esplotazioan oinarritu zela ahaztu gabe): 50-80 aldian oro har ezker politikak egiten ziren gobernuan eskuinekoak egonda ere. 80. hamarkadatik aurrera, ordea, joera guztiz kontrakoa da: eskuineko politikak egiten dira ezkerra gobernuan egonda ere.

Nola azaldu hori? Zergatik 50. urteetatik aurrera egiten zituzten ezker politikak eskuinekoek? Hemen ere gauzak oso labur esanda, langile mugimenduaren indarra eta komunismo erreala izan ziren kapitala itun bat egitera behartu zutenak. Sistema salbatzeko kapitala prest zen tarta hobeto banatzeko. Baina kapitalak itun hori mantendu zuen, apurtzeko aukera ikusi zuen arte. Horrela, 1973ko krisia aprobetxatuz eta SHOCK doktrina erabiliz, erasora jo zuen, eta ziklo neoliberala abiatzen du, bereziki Thatcher eta Reagan agintera iristen direnean.

Eta Euskal Herrian zer? Esan behar da EAE eta Nafarroan ongizate estatua, diktadura dela eta, beranduegi eta modu oso mugatuan iritsi zela, 80. hamarkadan, Europan eta Estatu Batuetan ziklo aldaketa abiatua zenean. 90. hamarkadarako hemen ere neoliberalismoa gailendu zen.

Datu batzuk ematearren: EAEn 1993an soldatetara zihoan aberastasunaren %54,7. 2006an aldiz %48,3. Kapitalak lan errentek baina askoz gutxiago ordaintzen du. Zerga zuzenen %80 langileok ordaintzen dugu, kapitalak %11 besterik ez. Ignacio Zubiri Ekonomia Katedradunak dioen moduan, hemen enpresek oso gutxi ordaintzen dute zergetan, edo ezer ez (enpresen %80k dio galerak dituela edo 6.000 euro baina gutxiago irabazten duela urtean).

Beraz, eta laburbiltzeko, 50. hamarkadatik aurrera lortzen da kapitalak ezker politikak onartzea, langile mugimenduak indarra duelako, eta bloke komunistaren alternatiba erreala (bere gauza on eta txarrekin) hor dagoelako mehatxu gisa. Beraz, gaur egun aldaketa lortzeko gakoa, berriro ere, kapitala behartuko duen indarra eta alternatiba erreala lortzea izan daiteke.

Ez dut zati hau amaitu nahi aldaketa hori lortzeko itxaropena piztu zuten bi kasu aipatu gabe, dugun erronka definitzeko oso baliagarriak iruditzen zaizkidalako:

1. Lehena Grezia da. Syriza gobernura iritsi zenean, bertan genuen itxaropena. Begira noraino iritsi ziren: erreferenduma egin eta Europako memorandumari ezetz esan zioten. Baina ez zuten B planik. Ez zeuden prestatuak Europar Batasunaren erasoaren aurrean beren kabuz aurrera egiteko.

Bigarren kasua Katalunia da. Begira noraino iritsi ziren. Oroimenean iltzatuak ditugu urriaren 1eko erreferendumaren irudiak. Independentzia aldarrikatzera iritsi zen Parlament-a. Baina gauza ez aurrera ez atzera dago. Ez zuten beren kabuz errepublika independiente gisa abiatzeko behar zutena eraiki.

2. EZKERRAREN ERRONKA ETA GU EGITEN ARI GARENA

Bi kasuok erakusten digute, burujabetzak eraikitzean dagoela ezkerraren erronka; mahai batean, gobernu batean, zerbait sinatzen denerako, sinatzen den hori beteko dela bermatuko duten burujabetza horiek eraikitzean. Sinatuko den hori, erabakiko den hori, gauzatu ahal izateko langileen, emakumeen, herritarren babes eta indar antolatua landuta egon behar du eta beharko diren medioak eraikiak, nahi dugun gizarte eredu horren balioetan oinarrituz. Horra hor gure ustez ezkerrak Euskal Herrian egun duen erronka nagusia. Baina hori nola egiten da?

Galdera horri erantzuteko, lehen esan dudan moduan, gu egiten ari garen horretan zentratuko naiz, iruditzen baitzait esan eta egiten duguna bat etortzea, ahal den neurrian behintzat, ezinbesteko ezaugarria dela aldaketan arrakasta izateko.

Egiten ari garena hiru hankatan dago bermatua:

1. Ezkerreko diskurtsoaren erreferentzia mantendu eta mobilizatu

Alde batetik, inposatu nahi dizkiguten politikei ezetz esan behar diegu: lan erreforma, pentsioen erreforma, negoziazio kolektiboaren erreforma, AHT, Erraustegia, TTIP, CETA, Europako tratatua, zergen jaitsiera, pribatizazioak, murrizketak… Ezinbestekoak dira protestak, mobilizazioak, grebak… erreferentzia alternatiboak markatzen jarraitzeko. Jendeari gogorarazteko politika neoliberal hauek ez direla derrigorrezkoak, aukerazkoak baizik.

Behin eta berriz entzun behar dugu: baina zertarako protestatu, zertarako greba egin, zertarako manifestaziora joan? Bat ez gatozela esateko, beste bide batzuk badaudela gogoratzeko, erabaki hauek hartzen dituztenen interesak agerian uzteko… Gutxi gara, bai; ez ditugu erabaki hauek gelditzea lortzen, hala da, baina erreferentzia markatzen jarraitu behar dugu.

Diskurtsoarekin eta mobilizazioekin ezkerreko erreferentzia mantentzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Jendearen behar materialei erantzun behar zaie. Oro har, jendea proiektu batera erakarriko dugu bere baldintza materialak hobetzeko balio dugula egiaztatzen badu. Diskurtsoak garrantzia dauka, baina lehen urratsa jendearen bizimodua hobetzeko baliagarria izatean datza.

2. Enpresa eta lan zentroetan langileak antolatu eta lan baldintzak hobetu

Horixe da, hain justu, egiten saiatzen ari garena: sindikatua baliagarri bihurtu, lan erreformen, prekarietatearen eta langile pobreen aroan langileen lan baldintzak hobetzeko. Hauxe da erronkari erantzuteko gure bigarren hanka.

Langile mugimenduak II. Mundu gerra ostean kapitala itun bat sinatzera behartu zuenean, nondik atera zuen indarra? Ez zuen instituzioek oparitu zioten aitortzatik atera, baizik eta langileen artean egotetik, langileak antolatzetik, itxaropena eta aldaketarako grina kutsatzetik, hobekuntzak eta eskubideak langileak beraiek mugituz, borrokatuz lortzen direla sinistaraztetik. Antolakuntzaz eta borrokaz lortutako garaipen bakoitzak jende gehiago erakartzen zuen. Behean eraikitako indar horrek behartu zuen kapitala ongizate estatuaren ituna sinatzera. Itun horrek eman zien sindikatuei aitortza instituzionala, mahai bateko sinadura batekin langile askoren lan baldintzak hobetzeko aukera. Baina aitortza instituzional horrek, eta horren ondorioz jasotako diru publiko guztiak eraman zituen sindikatuak langileengandik eta lan zentroetatik urruntzera. Eta orain, kapitalak ituna apurtu duela, sindikatuei mahai batean sinadura batekin langileen lan baldintzak hobetzeko aukera kendu die.

Nola berreskuratu indarra? Langileengana itzuliz, enpresetara eta lan zentroetara joanez, hasierako sindikalismora bueltatuz: langileak berak antolatzen diren tokietan eta langileek berek borrokatzen duten tokietan soilik lortuko da lan baldintzak hobetzea. Langileei egia esanda; argi esanda beraiek direla antolatu eta borrokatu behar dutenak, ez dagoela sindikaturik sinadura batekin edo negoziazio batekin lan baldintzak hobetuko dituena, ez bada langile berorien parte hartzerik gabe. Hori bai, guk erresistentzia kutxa, zerbitzu juridikoak, negoziazio kolektiboko gabinetea, eta gure ezagutza eta jakinduria guztia jartzen diegu eskura. Baina beraiek dira konpromisoa hartu, antolatu eta borrokatu behar dutenak, gure laguntzarekin.

Eta halaxe garaipentxoak lortzen gabiltza (500etik gora enpresa hitzarmen lan erreforma kanpoan uzten dutenak), eta antolatu direnak ikusten dute sindikatuan antolatzeak merezi duela. Eta garaipentxo hori eredu da beste leku batzuetarako, eta beste leku horietan antolatzen hasten dira, eta horrela garaipentxoak hedatzen doaz, jendea gehitzen.

2017 urte hasiera 2016ko garaipenak ospatu genituen protagonista ahalik eta gehienekin. Ehunetik gora garaipen zenbatu genituen. Aurten ere iazkoa zerrendatu eta ospatuko ditugu. Enpresa txiki eta ertainetan ere ohiko bihurtzen ari da lan erreforma kanpoan uzten duten hitzarmenak lortzea.

Azken aldian garaipen batzuk aipatzeko: Debako zabor biltzaileak, UTE Urola-Debako errepideetako langileak, Euskaldunako azpikontratak, AHT eta Tabakalera (ZULOAN liburuan daude xehetasunak), Occidental eta NH hoteletako garbitzaileak, Aransgi fundaziokoak, Zarauzko garbitzaileak, Dachser-ekoak, DHL-Mercedesekoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak, kiroldegietako azpikontratak (Amurrio, Zarautz…), Bizkaiko erresidentzietakoak

Dena den garaipen hauek guztiek ez dute langile guztien lan baldintzen hobekuntza ekartzen. Hori da erronka, lan zentro antolatuak hedatzen eta hedatzen joan harik eta lan baldintzak guztiei hobetuko zaizkien arte.

3. Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarrituta, alternatiben sarea eraiki

Baina langileen bizi baldintzak ez dira soilik lan zentroetan jokatzen, lan zentrotik kanpo ere. Ongizate Estatu eraisten ari diren honetan, pribatizazioak eta murrizketak eguneroko ogia direnean, kapitalismoak bizitza bera suntsitzen du. Kapital metaketa erdigunean jartzen duen sistema ordezkatu nahi dugu bizitza duina erdigunean jartzen duen sistemagatik. Ekonomia demokratikoa bilatzen dugu, guztion artean erabaki dezagun zeintzuk diren ditugun beharrak, nola erantzungo diegun behar horiei… Hein batean orain arte, bere gabezia guztiekin, sistema publikoak halako zerbait egiten zuen, baina orain sistema publikoa erasopean egonda nork egingo du? Hortxe kokatzen da ekonomia sozial eraldatzailea.

    1. Iparralde eredugarria da halako proiektuetan, eta guk ahal dugun neurrian Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta soziala, 2013ko Alternatiba eguna Baionan, I-Ener energia berriztagarria ekoizteko elkartea… bezalako proiektuak babestu ditugu. Eta eredu honen azken emaitza Bakearen Artisauena da.
    2. Goienerreko bazkide gara, eta gure lokaletan Goienerrek bermatzen digu energia berriztagarria. Kanpaina bat egiten ari gara ELAkideak Goienerrera pasatzeko
    3. Fiareko bazkide gara, eta kontuak dauzkagu bertan.
    4. Koop57ko bazkide gara, bertako zuzendaritza batzordean eta batzorde sozialean gara
    5. EHko eskubide sozialen kartan parte hartzen dugu EHk behar duen alternatiba eraikitzen joateko, eta horren barruan jendartean ESE ezagutarazteko Bilbon Alternatiben Herria antolatu genuen eta aurten Iruñean antolatuko dugu.

Hauek guztiak proiektu txikiak dira, bai. Baina erronka da sarea zabaltzen eta hedatzen joatea. Proiektu hauek jendea erakartzen dute, eta jendea ahalduntzera darama. Erronka da denborarekin hau unibertsalizatzea, guztientzat izango den sistema demokratiko bat ezarriz bizitza duina erdigunean izango duena.

3. LABURBILDUZ

Erronka da burujabetzak eraikitzea. Hau da, bizitza erdigunean jarriko duen sistema eraikitzen joatea, jendea ahaldunduz, esaten duguna praktikan jartzen saiatuz, sare hori hedatuz, jendea erakarriz; eredu hau unibertsala izateko indarra, medioak eta kemena bilduz, mehatxuak mehatxu, erasoak eraso, bizitza erdigunean jarriko duen herri burujabe baterantz. Hori lortzeko hiru esparrutan ekiten dugu: erasoei eta erabaki politikoei aurre egiten jarraitu kalean eta diskurtsoan, langileak antolatu beren lan baldintzak hobetzen eta ahalduntzen joan daitezen, eta ESE bultzatzen, hedatzen eta eraikitzen parte hartu, esaten duguna guk ere praktikatuz.

Horra ezkerrak EHn dituen erronkak; horra gu zer egiten saiatzen ari garen. Esango digute ezkerraren asuntoa zaharkitua dagoela, lehengo garaikoa dela. Baina ez da horrela.

Eusko Jaurlaritzari entzungo diozue Auzolana esaten politika neoliberalak ezartzen dituen bitartean. Markel Olanori entzungo diozue burujabetza esaten, maiatzan Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko American Entrerprise Institute think tank estatu batuar neoliberalarekin akordioa sinatu zuen bitartean.

Baina arazo larritzen da ezkerra bozkak irabazteko diskurtso ez ezker ez eskuinekoekin hasten denean. Axier Lopezek modu argian esan zuen Argian: ez bazara ez eskuin ez ezkerrekoa, zentro komertzialekoa zara.

Eta amaitzeko badakizue nork esan zuen lehen aldiz “gu ez gara ez ezkerreko ez eskuineko”? Primo de Riverak, falangetaz ari zela. Eta Mussolinik jarraitu zion, faxismoaz ari zela. Beraz, kontuz ibili halakoak entzuten dituzuenean!

Mila esker!

Advertisements

Nola egin aurre prekarietateari?

PrekarietateariSTOPZergatik erabiltzen dugu coaching eta ez precariousness? outsourcing eta ez poverty? new management eta ez unemployment? Zer da, kudeaketa sistema horiek erabiltzen dituztenak ingelesez dakitela eta berauen ondorioak pairatzen ditugunok ez? Eredu horiek kanpotik datozela eta ondorio larriak hemengoak direla? Edo, besterik gabe, prekarietatea, pobrezia, langabeziaren jatorria estaltzeko zelofanezko hitz anglofonoak erabiltzen dituztela?

Berdin dio. Kontua da erakitzen ari diren lan mundu berria prekarioa dela, lan baldintza gero eta kaxkarragoekin, ezegonkortasun gero eta handiagoarekin. New management bidez saiatuko dira langileari ikusarazten soldata eta lan orduak ez direla garrantzitsuena, proiektua baizik. Coaching bidez langileak ziurgabetasunera kondenatuko dituze modu etikoan eta kontzientzia garbiz. Outsourcing bidez, lanpostu beragatik erdia ordainduko diote langileari, lan hitzarmenak hankartetik pasatuaz.

Jendea sufritzen ari da, beldurra hedatzen. Ataka honetatik ateratzeak ezinezko dirudi. Nola egin aurre prekarietateari?

Mahai inguru, eztabaida, hitzaldiak aurkitu ohi ditut han hemenka gaiari buruz. Erantzun berriak behar dira, instrumentu berriak, baina zenbaitetan, irudipena dut, orain arte lan munduan egin dena ez dela kontuan hartzen, balioko ez balu bezala, zerotik hasi beharko bagenu bezala.

Gauza berriak behar dira, bai, baina ezin dugu baztertu orain arte langileek beren lan eta bizi baldintzak hobetzeko erabili duten instrumentu nagusia: sindikatua. Akats larria litzateke, besteak beste, gaur gaurkoz, instrumenturik eraginkorrena delako prekarietatea borrokatzeko.

Langileak kolektiboki antolatzeak, afiliatzeak, mobilizatzeak emaitzak ematen ditu. Dela urteetan egin duzun lanak eta sindikatu nagusia izateak ematen dizun oihartzunagatik, baliabideengatik eta presioa egiteko aukeragatik. Dela erresistentzia kutxa izateagatik, greba nahi beste luzatu ahal izateko. Dela goi mailako zerbitzu juridikoa izateagatik.

Gauzak zaildu egin dira, eta ekiteko moduak moldatzen joan behar dugu gero eta gehiago asmatzeko, gero eta eraginkorragoak izateko, baina sor/asma daitezkeen gauza berriak bilatzen jarraitzen dugun bitartean, indartu eta zabal ditzagun, baita hitzaldi, eztabaida eta mahai inguru hauetan ere, hemen eta orain emaitza onak ematen dituzten instrumentu eta adibideak. Hemen dituzue batzuk:

 

Espiritualtasuna eta konpromiso soziala: testigantza bat

img_20170218_124432

Larunbatean Arantzazun izan nintzen, Espiritualtasuna XXI-Agoran, espiritualtasuna eta konpromiso soziala mahai inguruan parte hartzera gonbidatu nintuden eta. Hemen nire interbentzioa:

Saio honekin hasi aurretik ohar garrantzitsu bat: nik ez diot inori leziorik eman nahi. Hemen gaudenok nahikoa bizi izan dugu, akatsek, ahuleziek, ditugun mugek berdintzen gaituztela jakiteko. Esperientziak erakutsi digu. Nik hemen nire bizipenak partekatu ditut zuekin, hori egitea eskatu didatelako. Eta momenturen batean harrokeria punturen bat sumatzen baduzue, lotu ezazue nire ahuleziarekin, mesedez.

Hori esanda has gaitezen: galdetu zidaten ea nire konpromiso sozialak eta nire espiritualtasunak zer zerikusi zuten. Alegia, ni ELA sindikatuan aritzeak ba ote duen loturarik nire espiritualtasunarekin. Erantzuteko ez ditut 15 minutu behar. Esaldi bakarrean esan dezaket: ni ELAn aritzea nire espiritualtasunak azaltzen du.

Donostiako Antiguako familia egonkor batean jaio nintzen. Bertan jaso nituen maitasuna, heziketa, egonkortasuna, babesa, gaitasunak, baliabideak, fedea, bokazio jakin bat… Jainkoak oparitu zidan guzti honetatik abiatuta, bizitzan egokitu zaizkidan zirkunstantzietan erabakiak hartzen joan naiz, batzuetan kontzienteki, arrazoiturik, beste batzuetan jakin gabe zergatik. Baina beti izan dut galdera bat buruan: zertarako jarri nau hemen Jainkoak? Zer nahi du nitaz? Nire erabakiak galdera horren erantzuna izaten saiatu dira.

Jakina, galdera horrek hamaika erantzun posible ditu norberak duen fedearen edo espiritualtasunaren arabera. Eta espiritualtasuna ez da estatikoa, dinamikoa baizik. Aldatuz doa adinarekin. Niri, behintzat, hala gertatu zait.

Baikor jarrita, esango nuke espiritualtasuna atzera bueltarik ez duen garapen prozesu bat dela. Mailak igotzen zoaz, eta behin bat igota, ez duzu atzera egiten. Hau eztabaidagarria izan daiteke, badakit, baina esan dizuet ikuspegi baikorra hartu dudala.

Nire prozesua, gauzak asko sinplifikatuz, hiru fasetan banatu dut, fase bakoitza, niretzat funtsezko izan izan diren liburu banarekin lotuz. Hona ekarri ditut hiru liburuak zuek ikus ditzazuen:

  1. El proyecto de Jesus (Jose Maria Castillo)
  2. Las bienaventuranzas (Adolfo Chercoles)
  3. Espiritualidad desde abajo (Anselm Grün)

Errepikatu nahi dut, hiru faseena sinplifikazio bat da, erabaki guztiz arbitrarioa, nire bizitzaren milaka interpretazio posibleetan zuei kontatzeko erabiltzea erabaki dudana. Hauek dira hiru faseak:

1: ESPIRITUALTASUNA BEGI ITXIEKIN. Jaiotzatik Bartzelonako olinpiadetara doana gutxi gora-behera.

2: ESPIRITUALTASUNA BEGI IREKIEKIN, baina ESPIRITUALTASUNA GOITIK. Izenen jatorria eta esanahia joango naiz azaltzen, lasai egon horregatik. Fase honen amaiera 2009an jarriko dut, kakotxa guztiekin.

3: ESPIRITUALTASUNA BEHETIK.

Esandakoa. Hirugarren fasean ez dut esan espiritualtasuna begi irekiekin, behin begiak irekita, ezin baitira berriro itxi…

I. fasea: Espiritualtasuna begi itxiekin

Fase honi Espiritualtasuna begi itxiekin deitu diot. Izen hau Chércoles jesuitari hartu diot, Bienaventuranzas ikastaroan entzun bainion. Berak zioen begi itxiekin otoitz egiten dugunean gauza eder eta anpulosoak esaten ditugula “munduan denak anai-arrebak gara, denak berdin maite ditut…”, baina begiak zabaltzen ditugunean hasten gara esaten: “hori ez dut hainbeste maite… hori ere ez… eta, hango hura gorroto du!”. Espiritualtasuna gure baitan, goxo-goxo, biltzen garenean bizi dugu, baina eguneroko bizitzarekin zerikusirik ez du. Eguneroko bizitzak ez gaitu espiritualtasunak gidatzen, beste balio terrenalek baizik.

Antiguako parrokiako aisialdi taldeko begiraleak ginen. Ekintza, jolas, dinamika, kanpaldi, elkarbizitza mordoa egiten genituen. Bileretan, ordea, noizean behin airean gelditzen zen galdera bat sortzen zen: saioren bat egin beharko dugu fedeari buruz ezta? Isiltasunak harrapatzen zuen gela. Guretzat egiten genituen gauza guztiek ez zuten zerikusirik fedearekin Gauza desberdinak ziren.

Genuen zulo hori konpontzeko, teologia eskola deitu geniona sortu genuen, gure artean teologia ikasia zuen Xabi Anza genuela aprobetxatuz. Hor irakurri eta komentatu genuen liburu hau (Castilloren El proyecto de Jesús), begiak ireki zizkiguna.

II. Fasea: Espiritualtasuna goitik begi irekiekin

Liburu hau irakurrita ikusi genuen Jesusek bazuela proiektu bat. Bazuela eguneroko bizitzarako proposamen bat. Eta proposamen hori pobretuak erdigunean jartzetik abiatzen zela. Imajina gaitzakezue, deskubrimendu hori eginda, edozertarako prest ginen gazte nekaezinak: motxilak bete genituen goraino eta Everest igotzen hasi ginen, oxigeno gabe.

Kalean esertzen hasi ginen etxegabeekin, pobreekin, baztertuekin. Ez genuen Caritaseko boluntario izan nahi, horiek txikikeriak ziren. Lagunak egin genituen. Beraiekin hitz egin, xakean jolastu, eta pare bat aldiz mendira ere joan ginen. Misioetara joatea ihes egitea iruditzen zitzaidan, hemen egiteko hainbeste gauza egonda! Iritzi hori izan nuen Ekuadorrera hilabeterako joatea proposatu zidaten arte…

Ekuadorren hilabete, gutxi zen, noski. Hurrengo urtean neskarekin joateko aukera nahi nuen, eta hara joan ginen biok. Baina Hegoamerika ere gutxi zen, Afrikara joan nahi nuen. Hilabete ere oso laburra zen, urte bete egin nahi nuen Afrikan. Gure enpleguak utzi eta Eritreara joan ginen 2001ean neska eta biok, Caritasen proiektu batekin. Imajinatu guraso gaixoak! Orain aita naizela hobeto ulertzen ditut… Esaten zidaten: “baina ,nolatan utzi duzue enplegua? zer gertatuko da etortzen zaretenean?”. Noizbait esana zidan amak: “egiten dituzun gauza horiek, kaleko jendearekin ibiltzea-eta, oso ondo daude, baina zergatik egin behar dituzu zuk?”. Iritsi zitzaidan ere gertuko batek esan zuena nitaz “bai, Unai beti izan da apur bat infantila…”.

Orain gutxi jakin dut jarrera honi, nik garai honetan nuenari, indibidualismo heroikoa deitzen zaiola Nik espiritualtasuna goitik deitu diot. Izen hau Anselm Grün-en liburutik hartu dut. Zer da espiritualtasuna goitik? Ebanjelioaren araberako “ni ideal” bat egiten dugula buruan, super yo moduko bat, eta gure erronka ideal hori lortzea izango da, gure esfortzu hutsean sinistuta. Badi honek Egotik asko, demostratzen saiatzen baikara, gu inor baina koherenteagoak garela.

Espiritualtasun mota hau ez nuen Eritrean utzi. Handik bueltan neskak eta biok lana aurkitu genuen berehala. Ni joan aurretik Ikerlanen nenbilen, proiektu batean, eta spin off enpresa bat sortu zen proiektu horrekin. Bertan hasi nintzen lanean. Lan polita zen eguzki bidezko aire girogailu bat garatzen ari ginen. Lantalde jatorra genuen, lan-baldintza onak, I+G-ko buru nintzen… Baina banuen kezka bat barruan. “Zeinentzat ari gara egiten produktu hau? Ez da aldirietan bizi diren pobreentzat. Ezta, gu bezala, pisu baten bizi direnentzat. Produktu hau txaletetan bizi diren aberatsentzat da.” Ordurako lehen alaba jaioa zen. Nik murrizketa hartu nuen, eta bigarrena jaio zenean, lantegia Arrasatetik Basaurira pasa zutela aprobetxatuz, urte beteko eszedentzia eskatu nuen umeak zaintzeko.

Hor hasten dira, 2005ean, ahaztuko ez ditudan lau urte zoragarri. Umeak zaintzeaz gain, Caritasen boluntario ibili nintzen eta Erlijio Zientzietako hainbat ikasgai ikasten aritu nintzen. Urte beteko eszedentzia amaituta, aukera desberdinak ireki zitzaizkidan. Fundazio batean hasi nintzen nazioarteko lankidetzan etxetik. Ikerlanek proiektu baterako hartu ninduen, autonomo gisa. Caritasen ere proiekturen bat ematen zidaten… Etxetik lan egiten nuen batez ere, ordutegi guztiz malguarekin, hiru umeak zaintzeaz gain, banuen denbora ere beste zenbait gauza egiteko. Baina amaitu zen Ikerlaneko proiektua. Krisia, ere, iritsi zen eta Fundazioa pikutara joan zen. Caritaseko proiektutxo bat besterik ez zitzaidan gelditzen, eta gure aurrezkiak amaitzen ari ziren. Fundamentuzko enplegu bat bilatzen hasteko garaia iritsi zen. Curriculuma eguneratu, eta han hemen bidali nituen.2009 urtea zen, eta ni zulora eramango ninduten bi gertaera jazo ziren.

Lehenik, sekula ahaztuko ez dudan lan-elkarrizketa bat Giroa energia enpresan. Hainbat denbora hitz egiten egon ondoren, esan zidan parekoak: “Un curriculum muy interesante… pero… ¿quién me asegura a mí, que si te cogemos, dentro de un año no te vas a ir a Etiopía?”. Hortxe ikuso nuen ate batzuk itxi zitzaizkidala betirako.

Oroitzen dut egun hartan bertan, edo hurrengoan, nire testigantza eman behar niela gazte batzuei. Halakoetara deitzen ninduten noizean behin, eta nik beti esaten nien entzuleei, “zuek bilatu ezazue beti gustokoen duzuena, saiatu topatzen gehien betetzen zaituzten lan hori, nahiz eta horretarako arriskatu behar izan. Beti sortuko zaizkizue aukera berriak. Hori izan da nire esperientzia behintzat”. Baina aldi hartan esan nien hori esan. Aldi hartan esan nien: “hori hala zela uste nuen, baina orain dudak ditut”, eta gertatu zitzaidana kontatu nien. Hitzaldira deitu zidan lagunak esan zidan: “badakizu zer den hori? gurutzea”.

Ate hori itxita irakaskuntzan probatzea erabaki genuen. Irungo La Sallen lan egiteko deitu zidaten. Lanbide Heziketan. Mekanizatua eman behar nuen. Inoiz ikasi ez dudan gai bat. Berdin zuen, ikasteko liburu mordoxka eraman nituen etxera. Baina esan zidaten ere aurreko maisua ez zegoela, eta aurten unitate didaktiko berria egin behar nuela ikasgairako. Nik galdetu nien: “zer da unitate didaktiko bat?”. Amildegia zabaldu zitzaidan nire azpian. Lorik ez, dardarka esnatu, oso gaizki jarri nintzen. Lortu nuen lehen asteko eksolak prestatu eta ematea, baina asko pentsatu ondoren, uztea erabaki nuen Ez nuen hilabete bat iraun.

Hortxe amaitzen da nire espiritualtasunaren bigarren fasea. Hondoratua, lur jota, zuloan.

III. Fasea: espiritualtasuna behetik

Zure buruaz egin duzun idealizazio horren bila zabiltza, zure esfortzu hutsean sinistuta, behin eta berriro pareta berdinarekin joz: zure mugekin, zure akatsekin, zure huts egiteekin. Halaxe ibili nintzen ni urte luzeetan, porrotak ispiluaren aurrean jartzen ninduen arte.

Zuloan zaudenean, Jainkoaren aurrean, umil, makurtzea besterik ez zaizu gelditzen. Zure kabuz egin nahi zenuena egiteko gai ez zarela jabetuta, hondoan zaudela, beste baten eskuetan zaude. Konfiantza jartzen duzu, zure gainetik dagoen horretan, eta intuitzen has zaitezke, guztiz ulertu ezin dezakegun modu batean eragiten duela espirituak, beste pertsona askoren bitartez.

Gainean duzun karga astuna arindu dezakezu, eta esker onez, umil, bere esku onetan gaudenaren konfiantzaz, aurrera segi, gure hondar alea egiten saiatuz. Horixe da Espiritualtasuna behetik, zulotik, gure miseriatik, gure ezinetik, gure ahuleziatik, konfiantza osoa beragan jarriz.

Bada, justu momentu horretan, Irungo lana utzi eta gutxira etorri zitzaidan Xabi Anzaren eskaintza: “Manu Robles-Arangiz Fundazioan pertsona bat behar dugu, nahi zenuke?” 2003tik neraman ELAn afiliatua, alternatiba eraikitzeko proiektua ezinbestekoa iruditzen zitzaidalako. Inoiz pasatu izan zitzaidan burutik, gustura ibiliko nintzela bertan, baina ez nuen uste aukerarik izango nuenik. ETa hara, eskaintza. Bilbora joan beharko nuke egunero, baina probatzeak merezi zuen. Baiezkoa eman nuen, eta orain arte.

Hau al da Jainkoak nitaz nahi duena?

Begi itxietatik irekietara, eta goitik behera. Hiru fase, hiru liburu.

Lukas eta Mateok kontatzen digutenez Jesusek esan zuen (Lk 12, 29-31): “Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena. Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

Aipatu dizuet duda bat izan nuela gazte horiei nire testigantza eman nienean. Duda izan nuen hondoa jo nuenean. Duda hori, oraingoz, joan zait.

Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari “infantila izan naizelako”, “ideala bilatzen saiatu naizelako”, nire bizitzako aukerak espiritualtasunarekin lotuta egiten saiatu naizelako.

Lanpetuta nabil, lanez lepo askotan, etxean ez naiz nahi beste egoten, eta zati okerrena emazteak eta seme-alabek daramatela esango nuke. Dena den gustura gabiltza, zoriontsu. Egiten dudana gustuko dut, eta “hau al da Jainkoak nitaz nahi duena?” galdera egiten diodanean nire buruari, oraingoz, erantzuna da: BAI.

Langile klasearentzako ekonomia sozial eraldatzailearen bila

20161110_164907

Cesar Renduelesek hitzaldi gogoangarria eman zuen atzo Ekonomia Sozial Solidarioaren Kongresuan. Hona gehien gustatu zaidan zatia dakart (espero dut kongresuko webean hitzaldi osoa jarrito dutela).

Ekonomia sozial solidarioa luze eta zabal goraipatu ondoren, dudarik gabe, esan zuen, ezker eraldatzailea bide horretatik eta kooperatibismotik joan behar da. Baina erronka bi paratu zituen gure aurrean:

1.Ekonomia soziala diogunean, zer da soziala? Soziala ez da hitz neutroa, eta arrisku bat ikusten du: klase ertainean soilik pentsatzea. Ekonomia sozialak arriskua du klase ertain deitua izan den errenta altuenak dituzten(gun) populazioarren %30 horrentzako erreminta bihurtzea. Jende gehiena ez dago kooperatiba sortzeko baldintzetan. Langile klaseaz ari zen: teleoperatzaileak, garbitzaileak, supermerkatuetako dependientak… lan baldintza eskas eta prekarioenak dituztenak.

Arriskua, beraz, ekonomia sozialak langile klasea baztertzean ikusten du, eta hori argiago ikusteko adibide bat jarri zuen: hezkuntza kooperatibak. Guraso aurrerazale batzuk eskola bat sortzen dute, hezkuntza publikoan ematen diren eduki, metodo eta baloreekin ez datoztelako bat. Hori oso ongi dago. Baina gertatzen da, eskola horiek klase ertaineko ikasle zurientzako eskola berezitua bihurtzen dela, langile klasea baztertuz. Ikastoletaz gogoratu nintzen.

2.Klase ertainaren sumindura motor eraldatzaile oso mugatua da, eraldaketa, normalean, galtzeko ezer ez dutenen aldetik etortzen baita (etxeetatik kaleratutakoen borroka aipatu zuen). Hemen oroitu nituen egun greban dabiltzan hainbat sektore eta enpresetako langileak (Gipuzkoako errepideak, Kaiku km0, Bizkaiko erresidentziak, Unibertsitate eta institutuetako garbitzaileak…). Egoera prekarioenean daudenek duten bizitasun, indar, kemena nahiz eta greba hilabeteetan luzatu.

Horregatik, ekonomia sozialak eraldatzailea izan nahi badu, sindikalismoaren eskutik joan behar duela esan zuen, unibertsala izan dadin. Sindikalismo eraberrituaren eskutik esan zuen zehazki, CCOO eta UGT egun ez baitira eraldatzaileak. Aipatu zituen estatu maila lan ona egiten diren sindikatu txikiak.

LAB eta ELA ez zituen espreski aipatu, baina badakit sindikatu txiki horien barnean kokatzen gaituela, beste estatuko ikerlari batzuek egiten duten moduan. Eta konturatu naiz ekonomia sozial solidarioaren erronka berbera dugula guk ere: egoera prekarioenean dauden langileentzako erreminta eraldatzaile baliagarria izaten asmatzea. Ez da erronka makala, alajaina!

Hitzaldia amaitu zenean gerturatu nintzen beregana. Trukatu genituen emailak, eta esan nion hona berriro ekarri behar dugula sindikalistoi hitzaldi berbera eman diezagun.

Ortuzar, ELA eta EHBildu

20161002ortuzardeia

Igandeko Deian, Alderdi egunean, Andoni Ortuzarri egindako elkarrizketan hitz hauek letra larriz: “Lo de ELA ha sido una vergüenza. ¡Que se presenten a elecciones!”. Ez da lehen aldia. Joseba Egibarrek berbera iradoki zuen ETBko Egun on Euskadin (ederki erantzun zion Biurrunek). Ortuzarren elkarrizketako letra txikian hberriz: “seguramente Bildu acogería a Txiki Muñoz en sus listas electorales”.

Imajinatzen dut hitz hauekin, ELA Bildurekin erlazionatze horrekin, jeltzaleen artean ELA kaltetu nahi duela; baina, gu Bildurekin lotzeak ez gaitu kaltertzen; gu EAJrekin lotzeak kaltetzen ez gaituen moduan. Gu Podemosekin lotzeak edo norbaitek gu sindikatu neoliberala garela esateak, ere, ez du gugan eragin berezirik izaten.

Gu lan erreformak kaltetzen gaitu. Guri negoziazio kolektiboaren erreformak ematen digu min, estatalizazioak. Jaurlaritzak gutxiengoan sinatzen diren hitzarmenak sustatzeak (Confebask, CCOO eta UGTrekin akordioa sinatuta) egiten digu kalte. Langileak kaltetzen dituzten erabakiek kaltetzen gaituzte gu. Sindikalismoaren kontra doazen erabakiak dira kalte egiten digutenak, erabaki politikoa zehatz batzuk, nahita hartzen direnak. Bestea erretorika hutsa da.

Irailaren 20ean ez ginen EAJren kontra manifestatu. Jaurlaritzak, demokrazia gutxietsiz, gure kaltetan hartu zuen erabaki larriaren kontra baizik. Langileen kontrako erabaki horren aurka mobilizatu ginen, eta ez EAJren aurka. Manifestazioan parte hartu zuten jeltzaleak lekuko. Sindikalismo autonomo indartsuaren beharrean benetan sinisten duten jeltzaleak, ez sindikatua azpiratu, edo desagerrarazi nahi duten beste batzuk bezala.

Ulergarri izate aldera, adibide xume batekin amaituko dut: guk Erriberan ordezkarien %20a daukagu. Hauteskundeen emaitzak begiratuta, argi dago ez direla EAJkoak. Eta argi dago ez direla Bildukoak. ELAkoak dira. Eta ELAkoak dira beren lan- eta bizi- baldintzen hobekuntzan konprometitzea erabaki dutelako baliagarri eta eraginkorra zaien sindikatu batean. ELAko zerrendetan izena eman dute, hauteskunde sindikaletan aurkeztu, eta langileek aukeratu dituzte. Herriko, Nafarroako, Estatuko, Europako hauteskundeetan zer bozkatuko duten? Ez dakit. Beraiek jakingo dute. Gure erronka da langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko sindikatu zintzo, langile eta eraginkorra izaten jarraitzea. Horregatik ditugu 100.000 afiliatu. Ez EAJkoak garelako, edo Bildukoak, edo Podemosekoak, edo abstentziokoak…

Kontu handiz ibiltzeko garaiak

dantzaleku

Saiatuko naiz kontua ongi azaltzen. Ez da erraza. Oso onak dira. Zaila da kontatu nahi dudana zuri helarazteko modua aurkitzea, badakit, dantzalekuan ondokoarekin hitz egitea bezain zaila. Musika pintxatzen duen DJ-a, gainera, beraiena da: musika erraza, itsaskorra, bolumena topera, eta jende guztia dantzan. Begirada batekin, keinu batekin ulertuko bagina, ederra litzateke, baina ez da kasua: hitzak behar ditut. Garrasika has ninteke, baina orduan jende gutxiagorengana helduko nintzateke. Oihuka xehetasunak galtzen dira, eta esan nahi dudanak fintasuna eskatzen du. Esfortzua egingo dut, dena den, egin nahi dutena oso larria delako. Esango didazu amaitzen duzunean merezi izan duen edo ez.

Enpresa kultura berriaz hitz egiten dute; langileen parte hartzeaz; proiektu amankomunetaz. Nork ez du enpresa kultura berria nahi! Nork ez du langileen partaidetza sustatu nahi! Nork ez du proiektu amankomun batean parte hartu nahi! Eta ezagutzaren ekonomiaz, ekintzailetzaz, teknologiaz, lehiakortasunaz, berrikuntzaz, aldaketa etengabeaz. Eta sindikatuak traba direla. Noiz ez dira traba izan?

Sindikatuek, sortu zirenetik, gogorarazten diote kapitalari, “aizu, gu pertsonak gara, gu ez gara erreminta hutsa, ez gara makina bat; guk duintasuna dugu, eta kolektiboki antolatzeko gaitasuna, zure itsukeriari mugak jartzeko, gizatasuna mozkinen gainetik ezartzeko”. Enpresa medio bat da, bizitza helburu.

Hortaz, gure buruari egin behar diogun beste galdera da: zeinentzat da traba sindikatua? Zeinentzat da kaltegarria langileak kolektiboki antolatzea? Zeinentzat mesedegarria? Hau esaten dut hainbat enpresetan kultura berria ezartzeko, langileak behartzen dituztelako sindikatuei uko egitera; ukatu egiten zaie kolektiboki antolatzeko aukera.  Eta badakizu horrek zer esan nahi duen, ikastolako patioaz oroitu: baloiaren jabeak erabakitzen du penaltia izan den ala ez, gola izan den ala ez; burua makurtu beste erremediorik ez duzu jolasten jarraitu nahi izanez gero.

Beraz, enpresa kultura berri bat bai, langileen partaidetza bai, eta proiektu amankomunak bai, baina bermatuz, beti, langileak sindikatuetan kolektiboki antolatzeko aukera. Bestela, proposamenak, ustel usaina izan dezake.

Bada beste klabe garrantzitsu bat, esaten diren hitzak, politak eta ederrak, benetazkoak diren edo beste intentzio maltzurrago batzuk ezkutatzen dituzten jakiteko. Kontuan izan, langileen lan- eta bizi-baldintzak, beti, beti, langile mugimendu antolatuaren indarrak hobetu dituela. Sindikatuek, berek, kooperatibak zituzten bere garaian, indartsu zirenean. Orduan patronalak ez zuen hitz egiten langileen partaidetzaz, kultura berriaz, proiektu amankomunetaz. Orduan, Francok, agintea armaz hartu zuenean, sindikatuak debekatu eta kooperatibak itxi zituen, patronalak negozioa egiten jarraitu zuen bitartean.

Oraingoan, geure buruari egin behar diogun galdera da: proposamena nork eta noiz egiten du?. Patronalak egiten badu, langile mugimendua oso ahuduta dagoenean… zeren bila dabil benetan? Hori gutxi ez eta Eusko Jaurlaritzak berak bat egiten du proposamen pozoindun honekin, jabetu gabe (edo jabetuta) langileentzat ekar dezakeen arriskua. Kontu handiz ibiltzeko garaiak dira, oso indartsu daude eta!

Baina ez da hori guztia. Gainera Urkulluk esaten digu erralitatetik kanpo gaudela! Diot nik, Adegik Arantxa Tapia hezi duen bezala, Tapiak Urkulluri ere pasako ziola management berriko liburu sorta ederra. Guru guztiek diote enpresek aurrera egin dezaten, langileok dugun guztia bertan eman dezagun, ez diogula gure ametsei uko egin behar, kontrakoa, gure ametsak betetzeko jardun behar dugula buru-belarri lanean, gure gaitasun guztiak zukutuz, halaxe etorriko omen da benetako berrikuntza. Horixe bera egiten saiatzen gara gu sindikatuan, eta Urkullu ere horretan zebilela uste genuen. Baina ez, errealitatetik kanpo omen gaude. Ezin dugu amestu eta eraikitzen saiatu bizitza ekonomiaren zentruan jarriko duen eredu bat; langileak pertsona duin gisa tratatuko dituena, gizon eta emakumeak berdintasunean biziko diren bidezko mundu iraunkor bat helburu. Imajina dezaket Urkullu, aurreko mende amaieran Steve Jobs-i esanez “ordenagailua, telefonoa, eta argazki/bideo kamera poltsikoan eramango dugula hemendik urte batzuetara?” Edo Artur Masi esanez, Zapatorerokin estatutua ezkutuan cepillatzen ari zenean, “2017an independentzia lortzear izango zaretela?” Edo Uxue Barkosi berari ETBko aurkezle lanetan zebilenean, “Nafarroako lehendakari izango zarela?” Zatozte errealitatera!

Kontua da garrantzitsuena borondatea dela gauzak aldatzeko orduan, erabakimena. Ez da nahikoa, badakit, baina ezinbestekoa bai. Esan dezakegu bi taldetan bereiz ditzakegula gizarte eta eragileak: gauzak beste era batera egin daitezkeela sinisten dugunak, eta gauzak ezin aldatu direnez dagoena onartzera behartutak gaudela uste dutenak (edo interes ezkutu batzuk tarteko hori diotenak). Badira langile mugimendua aliatutzat duten kooperatiba eta ekintzaileak, langile klase kontzientziatik, lan eta ekintza kolektiboaz kapitalismoa gainditu nahi dutenak, ekonomia sozial eraldatzailearen eta solidarioaren inguruan adibidez. Eta badira ekintzaile eta kooperatibak, sindikatu eraldatzaileak etsaitzat jotzen dituztenak, patronalaren kontzientzia dutenak, eta sistema kapitalistan, bertan, lehiakorrak izatea (ez da gutxi) beste helbururik ez dutenak.

Guk, nola ez, lehen ereduarekin egiten dugu bat, eta dugun erronka elkarlan hori lantzen joatea da. Iazko Alternatiben Herrian hortan saiatu ginen. Jaurlaritza bigarren taldean kokatu da. Patronalaren enpresa berriaren diskurtso tranpatia bere egin du, eta bide horretan traba egiten dien sindikatuak desagerrarazi nahi ditu. Hortxe kokatu behar da uztailaren 22an “Elkarrizketa sozialeko” mahaian sinatu zuten akordioa. Diote lan erreformaren aurka daudela. Negoziazio Kolektiboa blokeatua dago patronalak ez dituelako sinatu nahi lan erreforma mugatzen saiatzen diren klausulak dituzten hitzarmenak. Hori konpontzeko erabaki dute gutxiengoan sinatzen diren hitzarmenak, erreforma mugatzeko klausula gabekoak, hau da, lan erreforma onartzen dutenak, sustatzea, langileek hauteskundeetan aukeratu dutena mespretxatuz. Hau da, gutxieneko arau demokratikoak urratzeaz gai, aurka omen dauden lan erreforma zabalduko dute Euskal Autonomi Eskidegoan.

Ez dakit jabetu diren sinatu dutenaren larritasunaz. Badirudi ezetz, hemen ezer gertatuko ez balitz bezala dabiltza guztiak. Baina kontua oso, oso larria da. Honi gehitzen badiogu enpresetan patronalaren ikuspuntuko “kultura berria” ezartzeko lana egingo dutela buru belarri, oso kontuz ibiltzeko garaiak dira. Garai larriak benetan.

Ez dakit langileok bizi dugun arriskua ongi azaltzen lortu dudan. Saiakera, behintzat, egin behar nuen. Esango didazu lortu dudan…

Nola banatzen da aberastasuna?

Soldataz esaten ez diguten guztiaGaizki; gero eta okerrago. Hori da erantzun argiena, errazena. Ez dugu guk bakarrik esaten. Thomas Pikettyk agerian utzi du “Kapitala XXI. mendean” liburuan. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF; FMI gaztelaniaz) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE; OCDE gaztelaniaz) ere txosten bana atera berri dute gauza berbera azpimarratuz. Ez asmo berdinarekin, jakina. Batzuk gauzak aldatu nahi ditugun bitartean, besteek beren pribilejoei eutsi nahi diete.

Gu desberdintasun bidegabeek kezkatzen gaituzte eta jendearengan horrek sortzen duen minak, sufrimenduak. NDF eta ELGE larritzen dituena sistemaren egonkortasuna balantzaka hastea da. Diote gehiegizko desberdintasunek, hazkunde ekonomikoa moteltzeaz gain, jendea oldarrarazi dezaketela, liskarrak sortuz.

Edonola, guztiz frogatuta dago desberdintasunak hazten ari direla. Sinesgogorrak egongo dira ere, komenientziagatik akaso (klima aldaketarekin gertatzen den moduan), baina aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da. Intermon Oxfam-ek irudikatu zuen moduan: 62 pertsonek munduko populazioaren erdiak duen aberastasun bera dauka.

Aberastasuna, baina, zer da?

Planeta aberastasunez betea dago. Itsasoak, lur azpiak, mendiak, bailarak… aberastasunez josiak daude. Kontua da nor bereganatzen den horietaz. Hego Afrika, Zimbawe urrez eta diamantez josia zegoen. Nigeria petrolioz, Kongoko Errepublika Coltanez. Herrialde aberats pobretuak.

Jendea ere aberastasuna da. Pertsona gazte, indartsu, bizitzaz beteak aberastasuna dira. Afrika biziki aberatsa zen (eta da) zentzu honetan, baina milioika  pertsona ebatsi zituzten bertatik, urrunera eramateko: ameriketara, itsasora, esklabutzara, heriotzera.

Besarkada bat, muxu bat, irribarre bat aberastasuna dira. Sendatzea, elikatzea, hezitzea, maitatzea, zaintzea aberastasuna da. Gauza da nor bereganatzen den horretaz. Kapitalak emakumeen doako lanak sortzen duen aberastasun hau beretzat hartu du. Era berean, Hego Amerikari elkar zaintzaren eta xamurtasunaren aberastasun asko lapurtu dio Europak, bere gabeziak estaltzeko. Biziraupen hutsagatik, Hego Amerikan haur asko umezurtz gelditu dira, Europan guraso eta seme-alabak falta direlako; enpresek etxeetatik ebasten duten aberastasuna ez delako zerbitzu publikoekin ordezkatzen.

Aberastasuna da aulki bat egitea, komuna garbitzea, jertsea jostea, sardina arrantzatzea, tabakoa saltzea, paketeak garraiatzea, irakastea, pieza bat mekanizatzea, hozkailu bat muntatzea… Aberastasuna langileok sortzen dugu. Kontua da zein jabetzen den aberastasun horretaz…

Oso aberatsa da aberastasuna, eta oso gaizki banatua dago. Pikettyk, aberastasunaren banaketaz aritzean, zergetaz hitz egiten du. Baina zerga bidez ez da aberastasunaren banaketa ematen. Zerga bidez aberastasuna birbanatu egiten da. Ez dut nik zerga-politiken garrantzia gutxietsiko, inolaz ez. Azpimarratu nahi dudana da, aberastasunaren banaketa beste eremu batean ematen dela. Non, baina? Negoziazio kolektiboan.

Enpresetan langileek aberastasuna sortzen dugu. Eta nork erabakitzen du sortutako hori nola banatzen den? Zenbat doa kapitalera eta zenbat langileengana? Jakina, kapitalak ahalik eta gehien nahi du beretzat, eta langileek beste horrenbeste; interes kontrajarriak ditugu. Non ebazten da gatazka hau? Negoziazio kolektiboan, eta, indar-harremanen arabera, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan (kapitala) edo gero eta esku gehiagotan (soldata) banatuko da.

Adibidez: EAEn BPGa biztanleko 11.118 euro zen 1993an. 2007an 30.599. Aberastasuna hirukoiztu egin zen 15 urtetan . Enplegua ere asko hazi zen (1993an 620.000 ziren soldatapekoak; 2008an 1.090.000). 1993an soldatak BPGaren %54,7 ziren; 2006an %48,3. Hau da, krisi aurretik aberastasuna hirukoiztu egin zen 15 urtetan, baina soldatapekoengana zihoan zatia 6 puntu murriztu zen.

Joera hori ez zen lokala izan, globala baizik. Horixe da neoliberalismoa, hain zuzen, aberastasunaren banaketan kapitala lehenestea guztiaren gainetik.

Aberastasunaren banaketa ematen den moduak definitzen du bizi(ko) dugun gizarte eredua. Eta, esan bezala, aberastasun banaketa hori indar-harreman kontua da. Ez inoiz ahaztu: soldata dirua baina gehiago da.