Monthly Archives: apirila 2012

Kalea

Barrainkua, goizeko zortziak. Emakume bat Circulo de Lectores parean liburuei begira. Harrituta pasa nintzen bere ondotik. Zeregin ezean, denbora pasa zebilela zirudien, goizeko ordu horietan, normalena, presaka dabilen jendea topatzea denean. Tabernara sartu nintzen, kafea hartzera, buruan emakumeari buruzko nire pelikula egiten nuela.
Han bertan topatu nuen tabernatik ateratzean, eta hitz egiten hasi ginen berak egindako galdera batetik abiatuta.
Bilbon gauzak asko garestitu zirela esan zidan, oso garesti zegoela guztia. “Donostian okerragoa da gauza. Han taberna batean sartze hutsagatik hamar euro erakutsi behar dituzu” nik. “Hemengoa al zara? Azentuan igartzen zaizu” berak. “Bai, jende askok esaten dit. Ni normalean euskaraz aritzen naiz, eta gero gaztelaniaz ez zaizkit hitzak etortzen…”. “Ba hemen jende askok egiten du gaztelaniaz”. “Bai baina nire inguruan euskaraz egiten dugu gehienok. Zu nongoa zara ba?” “Zamorakoa”.
Pare bat kontu gehiago esan eta ezker eskua luzatu zidan. Nik eskuko trasteak bestera pasa eta eskua eman nion. Baina keinuren bat egingo nuen, berak bi muxu emateko imintzioa egin baitzuen. Ez nuen behar bezain azkar erreakzionatu eta muxurik eman gabe alde egin genuen, behar bezala agurtu ez nuen sentipenak gaztigatzen ninduela.
Ez naiz kalean aurkitzen dudan lehen pertsonarekin hitz egiten hasten den horietakoa. Elkarrizketa berez sortu zen, naturaltasunez, berak egindako galderarekin: “¿no tendrás un euro para tomar un café?