Monthly Archives: martxoa 2015

Zebrabidea

beatles

Ume bat errepide bazterrean… zium
Ihes dihoan baloian ditu begiak
ez du arriskurik ikusten aurrean… zium zium
Renault urdin horren atzetik… Ez
Furgo zuriaren ondoren… zium zium zium

Gurpilak puztu dituzu, mormalean baina gehiago.
Bazenekien goraino bete behar zenuela trailerra.
Eta hor zoaz hainbat tonako trastetzarrarekin 60 km/h-ko abiadan.
Zenbat zaldi, zenbat gasoil, zenbat CO2,
daramazun kamioia martxan jartzeko.
Zenbat teknologia: pistoiak, balbulak, bielak…
Kalkulua egin duzu buruan:
zenbat metro egingo lituzke kamioiak gelditu arte
frenoa topera zapalduz gero;
zenbat energia alperrik halako erraldoia geldiarazten.
Orduan ikusi duzu, beranduegi agian:
Ume bat bide bazterrean errepidea gurutzatu nahian,
aurrerago agure bat zebrabidean.

Ederra zebrabidea, esanahiz betea;
Errepideko indartsuena ere gelditzen du
oinezkoari uzteko bidea.
Ez da arrazionala, ez da efizientea
kamioi bat gelditzea pasa dadin agurea.
Logikoagoa da zapal dezakeen trastea pasatzen uztea.

Geldirik zaude,
agureak esku ahurra erakutsi dizu esker onez, irribarrez.
Kostata doa, bastoia lagun duela, zebrabidean aurrera.
Bolido zarata atzean, begirada erretrobisorera,
Ferrari gorri bat dator ezkerreko erreietik ziztu bizian.
Nola abisatu bolidoa, nola abisatu oinezkoa, nola saihestu desastrea.
Alperrik jo duzu bozina, aurretik eraman du agurea.

Ez da gelditu Ferraria,
saltatu du ere aurrerago zeukan semaforo gorria
eta gainera, agurtu egin du hantxe bertan zegoen poliziak.

Merkatua da errepidea, oinezkoa langilea.
Ibilgailu askori bost axola arauak, oinezkoak, legea,
eta zer egiten du agintariak?
Agintaria kentzen ari da seinale, semaforo eta zebrabideak.

Euskal Herria, Alternatiben herria

alternatibaBaiona

Baionan hasi zena ez da Bilbon amaituko. Ez da egun bat, ez dira bi, prozesu bat baizik. Baionatik Zokoara, Zokoatik Donostiara, Donostiatik Barnekaldera, Barnekaldetik Bilbora, eta segi aurrera! Klima aldatu ordez sistema aldatzeko gurariz abiatutako bidea da, Alternatibak josiz.

2013an jarri zuten mugarria Bizi!-ko lagunek. Egun batez Baiona alternatiben herrixka bat bihurtu zuten. Natura eta gehienon bizitza hondamendira daraman kapitalismoari eguneroko erabakien bidez aurre egiteko moduak erakutsi zizkiguten Baionan: zer jan, nola ekoitzi, dirua nola erabili, non gorde, nola sortu txanpon soziala, nola mugitu, nola sortu eta eskuratu energia garbia, aberastasunaren eta lanaren banaketa bidezkoa nola egin, kontsumo arduratsua praktikan jartzeko aukerak, zero zabor sortzeko moduak, bertako ekonomiak dituen aukerak, pertsonen arteko harreman eta zaintzaren garrantzia…

AlternatibaZokoaHori guztia, eta gehiago, festa giroan (bazkari, edari, dantza, kontzertu, txosna, antzerki eta abarrekin) eta gauzak ulertzen lagundu ziguten mahai inguru eta hitzaldiekin josia. Sistema kapitalistaren ezaugarrietan sakondu eta aldaketan nondik eta nola etor daitekeen ikasi genuen modu teoriko-praktikoan. Ikasgai zentrala: bizimodu hobea eta zoriontsuagoa dakar eguneroko erabakiak kontzienteki hartzeak, betiere merezi duen bizitza iraunkorra gogoan. Sistemak behar duen homo economicus-a barnean ere daramagun pertsona kooperatiboarekin gainditu.

Baionako Alternatiba hark ez zuen lau orriko hirusta bakana izan nahi, biderkatzen diren perretxikoa baizik. Abendu hasieran Parisen ospatuko de COP-21 gailurrera begira, Europan zehar Alternatiba mordoxka eragin nahi zituzten, jendea ez dadin etsi komeni zaizkigun erabakiak hartzeko gogo edo ausardiarik ez duten agintariekin. Borrokan jarraitu behar dugu, eta baditugu alternatibak gure esku goikoen zain egon gabe. Beraiek ez dute urratsik eman nahi, baina gu aurrera goaz. Nahi dugun gizarte eredu hori eraikitzen joateko dugun gaitasunak utziko ditu bere lekuan orain arteko agintariak, azken lerroetan.

alternatibaItzuliaEuropan 50 inguru Alternatiba ospatuko dira, eta hauek nolabait lotzeko Alternatiba Itzulia antolatu du Bizi!-k ekainaren 5etik irailaren 26ra, Baionatik Parisera Alternatibaren sinbolo den lauko tandemarekin. Ingurumenaren egunarekin batera aterako da itzulia Baionatik Donostiara iristeko. Antiguan egingo diogu harrera Itzuliari, eta hurrengo egunean, ekainak 6, agurtuko dugu lauko bizikleta modurik aproposenean: Antiguan bertan alternatiben herrixkatxo bat antolatuz. Alternatiba txiki bat izango da (Zokoakoaren modukoa), Bilbon urriaren 24an ospatuko den Euskal Herri mailako Alternatiba berotzeko sugarra.

alternatibaDonostiaBaionan hasi zenak Bilbon hazten jarraituko du. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kolore desberdinetako alternatibak nahastu, Alternatiba agintariei eskatzeaz gain, gure esku ere badagoela ez dezagun ahaztu.