Monthly Archives: Iraila 2012

Batasun sindikalaz

Lau ibiltarik topo egin dute Orreagan. Bakoitza leku desberdinetatik dator, bakarrik. Bat berak ere ez du lortu lagunik bere herrian, Orreagatik abiatuta egin nahi duen bidea egiteko. Kezkatuta heldu dira laurak. Hain bide luzea bakarrik egiteak dituen arriskuen jakitun. Baina erabakia  zeukaten laurek bide hori egin nahi zutela, eta indartsuagoa izan da gogo hori bakarrik joatearen beldur, kezka eta arriskuen mamuak baino. Horregatik poztu dira hainbeste jangelara afaltzera sartzean laurok elkar topatu dutenean.

Afararian gustura hitz egin dute ibiltzearen ederraz, naturaren miresgarritasunaz, aurretik egindako entrenamenduez, bakarka joatearen arrizkuez. Laurak ados daude helmugara ongi eta salbu iristeko hoberena laurak elkarrekin joatea dela. Abantailak nabarmenegiak dira horretan dudarik izateko: arriskuei aurre egiteko, ikara gainditzeko, elkarri laguntzeko, adorea emateko, elkar zaintzeko…

Laurak pozik oheratu dira hurrengo egunerako goizeko hitzordua gogoan: 6tan atarian ibiltzen hasteko prest. Laurak amets egin dute bidaiarekin, laurek eskerrak eman dizkiote Jainkoari beste hiru bidaide topatu izanagatik. Orreagara heldu aurretiko mamu guztiak uxatuta lasai egin dute lo. “Nola poztuko da nire bikotea bidea egiteko beste hiru aurkitu ditudala esatean”.

Hurrengo goizean, goizeko seitan hor daude lau ibiltariak prest. Egun onak eman ondoren hasi dira ibiltzen. Bi mendebalderantz eta bi ekialderantz. “Baina, nora zoazte zuek?” “Gu? Santiagora. Eta zuek?” “Gu Cap de Creusera”.

Greziatik Euskal Herrira Sofiatik pasata

Sarekide maiteak, nodo bat urrun xamar dabilkizue Greziara gerturatuta. Mendebaldeko Sofiazaletasuna sortu zen lekura abiatu ordez Sofiara bertara joanda.

Zuek sarean eta kalean zabiltzate momentu honetan, eskualdetako manifestazioetan. Egun luze hau amaitzen, nekatuta eta hunkituta, bihotza ukituta, indarberrituta. Hala espero dut behintzat!

Bart afarian Katalan bat etorri zitzaidan esanez Katalunian hauteskundeak aurreratuko dituztela. Giroa pilpìlean. Mas mobilizazio sozialaz baliatu nahian. Kontuz Masekin, bere lagunen mesederako jokaldia prestatzen ari baitaiteke (bera izan zan estatutuari eskuila gogor eta gogoz pasatu ziona). Edozelan Katalunian gauzak mugitzen eta oso interesgarri.

Gaur goizean Italiar batek galdetu dit ea Madrileko istiluak ikusi nituen. Madrilen ere M15ekoen ekintza berritzailea, kaleetan manifestazioetan paseatzeatzetik haratago doana. Interesgarria ere egoera Madrilen.

Eta gaur ez dit inork aipatu Greziako greba. Ezta Euskal Herrikoa ere. Hemezortzigarrena omen da Grezian, bosgarrena Euskal Herrian. Hemendik, sareari esker eta nodo bakoitzaren mezu eta irudiei esker herri bat martxan somatu dut. Jendea nonahi, gogotsu, amorratuta boteredunen zaintzaileen gogorkeriarekin, baina indarrez beteak borroka honetan jende asko elkarrekin arituta. Pilak kargatuta.

Ez da azkena izango hau bide luzea da Greziarrek erakusten diguten bezala. Baina greban eta mobilizazioetan gabiltzanok badakigu greben garrantziaz. Bai borroka honek zentzua duela konturatzeko, geroz eta gehiago garela jabetzeko, eta baita ere irabazteko aukera gure esku degoela konturatzeko. Grebara animatzen ez diranentzat, ordea, egun honek balio du gertatzen ari denaz hausnartzeko, gutxienez kontrapuntu bat izateko, egunerokotasunean murgilduta diskurtso bakarrak irentsita bizi diren horientzat iratzargailu bat izan daiteke noizbait halako greba eta mobilizazio egun indartsua.

Beti esan ohi dut Afrikara begiratu behar dugula ikasteko. Hor sortu ginen gizakiok. Handik gatoz, eta akaso hara itzuliko gara. Han gu baino prestatuagoak daude datorrenerako, biziraupenerako.

Greziara ere begiratu behar dugu. Handik dator Mendebaldeko jakinduria. Handik etorriko da Europan sartuta gauden sorgin gurpilaren irteera. 18 greba egun. Syriza bezalako egiazko alternatiba. Azken hauteskundeak ez zituen irabazi baina hurrengoak bai. Eta orduan zorrak ordaintzeari uko egingo dio zor auditoria bat martxan jartzen duen bitartean. Horra abiapuntua. Baina horretara iristeko gaur bezalako egun asko beharko ditugu, eta estrategia adostu bat.

Gaur behintzat, egun amaieran sofan edo ohean leher eginda etzatean, goza ezazue egindakoaz eta bizitakoaz, nire partez mesedez.

Eutsi goiari eta gora grebaorokorra!

 

 

Ideia dominanteak, klase dominantearen ideiak dira

“!La política sí que compensa!
De servidores del estado a ganar una pasta”
De Buzón

Der Spiegel-en portada dela eta bat baino gehiagok zera esan dit: administrazio kontseiluetan daudenak ardura penalak dituztela zerbait gaizki egiten badute. Kartzelan amaitu dezaketela. Horrek justifikatzen omen du mahai horretan esertzeagatik kobratzen dutena.

Kartzelak beteak daude. Gainezka. Baina ez dut administrazio kontseilaririk aurkitu bertan. Bizitzak eta sistemak gogor zigortu duen jendea bai. Batzuk delitu handiak egiteagatik, beste batzuk delitutxoak egiteagatik eta beste asko deliturik gabe. Zenbat jende dago itzalean bere posizio sozialagatik, sinesmen edo itxuragatik, ideia eta ekintza politikoengatik. Eta zenbat kobratzen zuten zeuzkaten ardura penalarengatik?

Pertsona berek esan zidaten langabeek nahiago dutela edozein enplegu (baldintza okerrenetan ere) enplegurik ez izatea baino.

Ongi iruditzen zait langabetuen iritzia kontuan hartzea politikak diseinatzeko. Baina horretarako beraiei eman beharko zaie hitza, ezta? Zer iruditzen zaie langabezia sariaren kopuruak eta epeak murriztea? Ez al dute nahiago oinarrizko errenta unibertsal bat, bizitzeko adina, edozein enplegu hartzera behartuak ez egoteko. Zer iruditzen zaie lan erreforma, langabeziara xoxik kobratu gabe bidali dituena? Ez al dituzte nahiago enpleguetan baldintza hobeak, segurtasun handiagoa, soldata hobeak.

Baldintza miserableetan enplegua eskaintzen duten enpresek, ez dute langileen ongizatea bilatzen, mozkin gehiago baizik. Eta gero gu halako esaldiak uste onenarekin zabaltzen.

“Ideia dominanteak, klase dominantearen ideiak dira”.

Zer ba greba?

Jendeak galdetzen dit zergatik eta zertarako egingo dugun greba.  Hau da nire erantzuna:

Finantzen esklabu izan nahi ez dugulako
zorren ordainketen aurretik pertsonen beharrak daudelako
zergak guk bakarrik ordaintzen ditugulako
iruzurra baimentzen dutelako.
Finantzak gauza garrantzitsuegia dira
kapitalisten esku uzteko.

Mundu hau gure eskuek landu dutelako
merezi duen bizia eraiki nahi dugulako
egiteko hainbeste lan egonda langabezia dagoelako
denbora lapurtzen digutelako
igande eta jai egunak gureak direlako
pertsonak salgai ez gaudelako.
Lana gauza garrantzitsuegia da
kapitalisten esku uzteko.

Planeta bakarrarekin nahikoa dugulako
gutxiagorekin hobe bizi daitekeelako
gehienek gehiago behar dutelako
pobreziak boluntarioa behar duelako
Lehengaiak, baliabideak eta aberastasuna garrantzitsuegiak dira
kapitalisten esku uzteko.

Hegoaldeari sobera lapurtu diogulako
elikagai behar adina egonda gosea dagoelako
gurera datozenak aberasten gaituztelako
eskubideak eta betebeharrak guztionak direlako.

Bizia sortu eta zaindu egin behar delako
besteen sufrimenduak min egiten digulako
elkarren beharra dugulako
gizonak emetu behar garelako.

Langabetuei elkartasuna helarazteko
etxetik bota dituztenak aterpetzeko
beldurrez daudenak adoretzeko
borrokan dabiltzanei arnas emateko.

Gehiago garelako, gure esku dagoelako
nahi dugulako, ahal dugulako, irabaziko dugulako
borroka honek bizia zentzuz betetzen duelako

Lankidetza sarea ehuntzeko bidaiaren hurrengo geltokietan elkartuko gara:
i22 manifestazioak hiriburuetan
i26 greba orokorra

Hauek dira nire arrazoiak. Zeintzuk dira zureak? #zebagreba?

Ivan Gimenez:«Hasierako militantea erromantikoagoa zen, konpromiso argikoa»

Ivan Gimenez kazetariak “ELA en Nafarroa” liburua argitaratu berri du. Horren arira Joxerra Senarrek Berriako Egitura gehigarrian (2012/09/09) egindako elkarrizketa dakart hona interesgarria iruditzen zaidalako besteak beste hau diolako Ivanek: “gu ez gaude erakundeetatik kanpo sindikatu abertzalea izateagatik, benetako sindikatua izateagatik baizik”

Euskalerria irratian egin zioten elkarrizketa ere hemen daukazu

Uneko lehentasunen ondorioz, ELAk kasu bakanetan baino ez du begirada atzera bota. Nafarroan ehun urte bete dituela baliatuta, hutsune hori estaltzera dator Ivan Gimenez. Gaur egungo langile belaunaldientzat balio handikoa dela uste du.

«Ivan, kazetaria eta nafarra izanda, zergatik ez dituzu ELAren Nafarroako historiari buruzko ohar batzuk egiten?». Iazko martxoan, ekitaldi batean proposamen hori egin zioten Manu Robles Arangiz fundazioko kide Ivan Gimenezi (Iruñea, 1976) eta baiezkoa eman zuen. Hasieran ohar soil batzuk izan behar zirenak, azkenean liburu bilakatu dira: ELA en Nafarroa, 100 años de transformación y lucha—ELA Nafarroan, ehun urteko eraldaketa eta borroka—. Gimenezek aitortu du zenbat eta gehiago sakondu ikerketan «gero eta altxor distiratsuagoak» topatu dituela, baina hainbeste datu eta testigantza izateak zailtasunak eragin dizkio liburua idazterakoan. Egungo langile belaunaldiei iragana ezagutarazteko balio izatea espero du.

Izenburuan ELAren ehun urteko er aldaketa aipatzen da.Zein eraldaketa orokor izan du?

Erakunde batek ehun urte irauten baditu, halabeharrezko aldaketak ditu. ELAk ere bai. Bere sorreran, kristautasun kutsua zuen. Leon XIII. aita santuaren rerum novarum entziklika ospetsua zen bere oinarri ideologikoa. Lehen solidario haiek justizia soziala eta guztien arteko anaitasuna iragartzen zuten, baina denborak aurrera joan ahala, borrokatu gabe hori lortzea ez zela posible ikusi zuten. 1934ko urriko Asturiasko meatzarien altxamendua oso adibide esanguratsua da. Modu ez-ofizialean bada ere, sindikatuak borrokarako erabakia hartu zuen. Alderdi abertzaleak grebara ez joateko agindua eman ondoren, Iruñeko eta Tafallako solidarioek grebara deitu zuten, eta Tafallakoak kartzelaratu egin zituzten. Horrek badu bere balioa.

Irudipen orokorra da urte askoz EAJri lotuta egon zela,baina argi uzten duzu autonomia izateko kezka bazuela 30eko hamarkadan.

36ko gerraren aurretik ez dago daturik, eta ezin dugu erlazionatu gure afiliatuak beste alderditako afiliatu ere ba ote ziren. Oso zaila da. Dena den, detaile bat. Gerran, Euskal Itsas Armadan inkesta bat egin omen zuten marinelen jatorri ideologikoari buruz, eta ELAren lau afiliatutik bakarra zen EAJren afiliatua. Proportzio hori eraman dezakegu beste arlo guztietara, gerra aurretik. Dario Ansel historialari italiarrak frogatu du gerra izan ez balitz, bide bereiziak egingo lituzketela ELAk eta EAJk.

Sindikatua Bilbon sortu eta urtebetera, ezarri zen ELA Nafarroan. Nolakoak izan ziren lehen urteak?

Hutsune handia dago, eta jada ez dugu konponduko.

Zergatik galdu dira datuak?

Adibidez, Iruñean gerraren lehen egunean, 1936ko uztailaren 19an, Jose Luis Garcia Falces kale Nagusiko ELAren egoitzara joan eta artxibo guztiak erre zituen aitak aginduta —ELAko Nafarroako presidente zen— . Hori Iruñean gertatu bazen, beste tokietan ere bai. Horregatik, orain ehun urteko lehen solidario horien inguruan ez dago jakiterik.

ELAko kideak solidario deitzen ziren, Bienvenido Durruti ren anarkista taldea bezala.Nolakoak ziren ELAko solidario haiek?

Garai hartako militanteak nolakoak ziren ezagutarazteko hainbat biografia agertzen dira liburuan. Erromantikoagoa zen jarduera. Agian, ikuspegi sindikala garatu gabe izan arren, bazekiten zer egin behar zuten. Zapaldurik direnen alde lan egiteko asmoa eta borroka zuten. Bakoitzak bere erara, ondo antolatu gabe, baina konpromiso argi eta pertsonalarekin. Horren adibidea dira Aingeru Irigarai, Pablo Artxanko, Julia Fernandez Zabaleta…

Hain zuzen ere,erresistentzia kutxa, sortu zuten duela 80 urte.

Duela 80 urte sortu ziren Iruñean erresistentziarako sozietateak. Gremioek osatzen zuten. Beharra zegoela ikusten zuten, eta, beste gauzek garrantzia bazuten ere, gakoa hori zen. 80 urte geroago, behar hori ikusten duen sindikatu bakarra da ELA, baina hori zen sindikatu guztien sorrerako arrazoia.

Liburuan,datuekin batera, testigantzek bere garrantzia dute.Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Asko hunkitu ninduen Jose Maria Amadozen historiak. Jarauta kalean jaio zen. Iruindar petoa zen. Iruñeko bulegarien federazioko idazkaria zen. 20 urterekin, Francoren aurka borrokatzeko Euskal Gudarostean sartu zen, eta gerra galdu ondoren Santoñako portuan harrapatu zuten. Azken gauean bere arrebari idatzitako eskutitza badugu. 22 urterekin fusilatu egin zuten solidarioa izateagatik Derion. Badira beste istorio asko. Emilio Majuelo eta Josu Chueca historialariek beti esan izan dute jende xumearen historia ez dagoela idatzita. Horien omenez ere idatzi da liburu hau.

Gerrak erabat hautsi zuen sindikatua. Nolakoak izan ziren ondorengo urteak?

Oso ilunak. Batzuk kartzelaratu zituzten, eta Iruñeratzean ELAko militante izateari utzi zioten halabeharrez. Beste batzuk ez ziren kartzelara joan, baina beldurrak jota utzi egin zuten. 1940ko eta 1950eko hamarkadan, klandestinitatean egon ziren militante batzuk baina ez dago erregistrorik, ezta dokumentu klandestinoetan ere. «Gure artean izenik ere ez genion elkarri ematen, bada ez bada ere», esan zidan Fernando Zibiriainek. 1948ko dokumentu batean, Miguel de Navarra goitizena duen batek Nafarroako egoera deskribatu zuen. ELA «deseginda » egon arren, militante batzuk sakabanatuta eta beldurtuta direla aipatu zuen.

Diktaduraren azken bost urteetan gatazka giroak eta grebek nabarmen egin zuten gora.Zer paper jokatu zuen ELAk?

Nafarroan ez zegoen sindikaturik antolatuta, ELA izan ezik. Gutxi eta sakabanatuta izan arren, bere siglak bazituen. Gainontzekoak fabriketan osatzen ziren langileen batzordetatik osatu ziren. Handik gero jaio ziren CCOO eta LAB. Batzorde horietan zeuden ere ELAko militanteak. Greba mitiko horietan badira paperak eta propagandak ELAren siglekin. Bada ere beste adibide bitxi bat. Authin, gaurko VWren fabrikan, oso greba gogorra izan zen, eta ELAren bitartez hemengo langileak joan ziren Europako metaleko arduradunarekin elkarrizketa bat egitera… Horrek esan nahi du ELAk bazuela langileei tresna bat emateko ardura.

Legeztatzearekin batera,Nafarroan ia ezerezetik jarri zen abian berriro ELA.Nolako izan zen beste hasiera hura?

Ez zegoen egoitzarik, ez zegoen ezer. Lehen hauteskunde sindikalak egin ziren 1978an, eta botoen %4 lortu zituen ELAk. Oso gutxi zen, baina panorama sindikala atomizatua zegoen. Ordutik hona, izugarrizko bilakaera izan da. Bere garaiko langileen batzordetatik ateratako militanteak etorri dira gurera, edo guregandik hurbil dauden sindikatuetara. Izaera apurtzaile hori beste sindikatuek utzi ahala, besteok hartu dugu. ELA da adibide garbiena.

UPN boterera iristean, aurretik PSNko Gabriel Urralburuk irekitako bidean sakondu eta elkarrizketa sozialaren ereduaren alde egin zuen.

Jesus Mari Otaegik oso gogoeta zorrotza egiten du liburuan. Berak zioen moduan, gu ez gaude erakundeetatik kanpo sindikatu abertzalea izateagatik, benetako sindikatua izateagatik baizik. Gu ez gara sartuko horien negozioetan. Gero eurak ‘euskaldunak badatozela’ eta horrelako mezu apokaliptikoak egiten dituzte. Nafarroan etengabea da arlo sozialean, politikoan, eta sindikalean… Erakunde ofizialetan ez dute ELA sartzea nahi eta ELAk ere ez du beharrik ere.

 

Zer zor?

Zorra gora eta zorra behera (ez nahastu, mesedez, gaztelaniazko hitzarekin!). Dirua behar baduzu, daukanari eskatu behar, eta daukanak bere baldintzak ezartzen ditu. Ez dago gehiego eztabaidatu beharrik. Halaxe da eta kito.
Merkatuek dirua daukate, eta estatuek ez. Estatuek merkatuei eskatzen diete dirua, eta hauek interes eta baldintza jakin batzuk exigitzen dizkiete gobernuei: gastu soziala murriztu, langile publikoak kaleratu, BEZa igo, jubilazio adina atzeratu, soldatak jaitsi, lan erreformak egin, etb. Gobernuek ez dituzte politika hauek aplikatu nahi, baina dirurik ez dagoenez, ez dago beste erremediorik. Merkatuek eta Europak agintzen dute.
Erraz ulertzen da kontua. Ez du konplikaziorik. Oparotasun garaia pasa da eta orain sakrifizioak onartu behar ditugu, jende arduratsua bagara. Gauzak argiak eta errazak dira, ez da behar galderarik. Hala komeni da behintzat, galderak egiten hasiz gero pitzadurak azaltzen baitira, konplikazioak.
Behin norbaiti entzuten diozu 2001ean Argentinak zorrak ordaintzeari uko egin ziola. Kontxo, hori egin al daiteke? Beste bati Ekuadorrek beste horrenbeste egin zuela 2007an; eta egunkari arraroren baten Islandiako kasua irakurtzen duzu.
Badirudi, beraz, zorrak ez direla beti ordaindu behar. Badagoela legedi bat dioena zenbait kasutan zorrak ez ordaintzea legezkoa dela. Historian zehar adibide mordoxka omen daude. Baina, non azaltzen da hori guztia krisiaz betetzen diren informazio orrialde andanetan? Ba, hementxe duzu, eskuartean duzun koadernotxo honetan.
Gertatzen dena da, behin galdetzen hasita, galdera bat bestearen atzetik datorkizula. Zorra ordain daiteke edo ez baldintzen arabera. Baina zorra nondik dator? Zergatik da estatuen, enpresen eta jendearen zorra hain handia? Halabeharra da, edo erabaki politiko batzuen ondorio?
Zergatik jo behar dute Europako estatuek merkatuetara diru bila? Nondik lortu dute dirua merkatu horiek? Eta dirua duten horiek exigitzen dituzten politika horiek beti berberak al dira, ala herrialdez herrialde eta baldintzen arabera aldatzen dira? Ezartzen diziguten neurriek norbaiti egiten al diote mesede?
Galdera guztiok erantzun sinpleak dituzte, Europan gertatzen ari dena azaltzeko orri hasieran kontatu dizudan kontakizuna bezain erraz eta sinplea, baina beste ikuspuntu batetik kontatua. Gertakari guztiak alde desberdinetatik kontatu baitaitezke, eta hasieran kontatutako hori, hain justu, krisiarekin aberasten ari direnen ikuspegitik sortutakoa da.
Gertatzen ari denaren gure kontakizuna, langileena (enplegua izan ala ez, autonomo izan ala kooperatibista, bertan jaioa izan zein kanpotik etorria, emakume zein gizon, etxedun zein etxegabe) orri hauetan daukazu, komeni zaizkigun irtenbideekin batera; Eric Toussaint eta Antonio Sanabriak uztaileko uda ikastaroan esandakoak ahaztu ez, gogoan txerta ditzagun.
Zertarako? Gure alternatibak jendearen artean zabaltzeko.  Esaten baitute egiten ari direna egitea beste erremediorik ez dagoela. Jakina, beraien onurarako hau egitea besterik ez dago. Baina gure onurarako beste neurri batzuk dira hartu beharrekoak. Eta nork irabazten du? Indar gehien duenak.
Alternatibak badaude, indarra da falta zaiguna. Horixe da hain justu mobilizazioekin bilatzen duguna: indar harremanean irabazi, energiaz kargatuz eta gure kontakizuna zabalduz. Hurrengo geltokia: irailaren 26ko Greba Orokorra.