Monthly Archives: apirila 2014

Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (eta III)

4. Irteera egokia: Ekonomia demokratikoa

EkonomiaDemokratikoa

Bultzatzen gaituen korronte honek bizitza eskas batera garamatza. Lehen ikusi dugun Japoneko ur korrontea lurrikarak sortu zuen. Naturala zen. Korronte hau ordea ez. Korronte hau boterea duten gutxi batzuek sortzen ari dira, beraien mesederako, ezin baita unibertsalizatu, gehienon eta planetako baliabideen kontura, modu totalitarioan, ezin baitu gutxiengo batek gehiengo bat modu demokratikoan. Jakin badakigu, hau aldatu daitekeela, gure esku dagoela, ausardia da behar duguna.

Esan dugu beraz Gizakia dela salbatu behar duguna. Hori esanda, zertaz salbatu behar da gizakia? Gizakia salbatu behar da, egarritik, gosetik, bakardadetik, biluztasunetik, gaixotasunetik, ezjakintasunetik, esplotaziotik, bortxakeriatik. Gizakia ahula da, hauskorra, dependientea, besteen beharra du, ezin da bere kabuz bizi. Guztiok esperimentatu dugu hori, nahiz eta bultzatzen gaituen korronte nagusiak, askotan, sinestarazi nahi gaituzten izaki autonomoak garela. Guztiak izan gara ume, guztiok ezagutzen ditugu agureak. Guztiok egon gara gaixo, guztiok behar izan dugu besarkada bat, muxu bat. Gizakia ez da soilik ogiz bizi. Are gehiago, bizitza oparoa ogiaz gaindi dagoen horrek ematen du. Bizitza ona, bizitzea merezi duen bizia, ekonomia feministak dioen moduan, da nahi duguna, eta hori eraikitzen hasi behar dugu.

Nola eraiki dezakegu hori? Ekonomia demokratizatuz. Ekonomiaren zentroan pertsona ezarriz. Pertsonen beharrak asetzea helburu duen ekonomia, eta ez etekin geroz eta gehiago eskuratzea. Ekonomia bat eraiki behar da planetaren muga fisikoak errespetatuko dituena, eta kontuan izango dituena munduko biztanle guztiak. Hau da, unibertsalizatu daiteken gizarte eredua izan behar du.

Hitz potolo horiek esanda nondik has gaitezke?

– Egiten ari direnaren kontra mobilizatu. Borrokatu egiten ari direnaren kontra ausardiaz, eta pedagogia handia eginez, alternatibak badaudela eta etorkizuna guk eraikitzen duguna izango dela ikustarazteko.

– Finantzak estu lotu, berriro ere komunitatearen onerako lan egin dezaten. Horrek eskatzen du erregulazioak ezartzea, eta paradisu fiskalekin amaitzea.

– Energia urriko etorkizun horretan nahi dugun gizarterako zer lan/sektore diren beharrezko aztertu. Bai lan produktiboa, bai eta lan erreproduktiboa ere (zaintza lana, orain arte ezkutatuta egon den lan hori, nagusiki emakumeek egina).

– Egun dauden sektore batzuk beherantz egin beharko dute, beste batzuk desagertu… Beste sektore batzuk indartu egin beharko dira. Baina sektore batzuk desagertzera jo behar izateak ez du esan nahi bertan lan egiten dutenak soberan daudenik. Sektoreen eta lanen birmoldatze honetan langileak babes ekonomikoa eta trebakuntza jaso beharko dute lan berrietara egokitzeko.

– Etorkizunean, energia urriko gizarte ereduan, lanpostu gehiago egongo dira, ekonomia birlokalizatua izango delako eta petrolioarekiko dependentzia gutxiagokoa. Baina trantsizioa ematen den bitartean lana banatzea irtenbidea izan daiteke, bai lan produktiboa zein erreproduktiboa.

– Lan banaketak duen beste onura bat da soldatapeko lanaldia txikituta denbora gehiago gelditzen dela etxea eta familiarako, betetzen gaituzten gauzak egiteko, parte hartze politikorako, boluntariotzarako, auzolanerako…

– Arlo publikoa garatu, bai babes soziala bermatzeko, bai eta gizartearen beharrei erantzuteko ere: osasungintzan, hezkuntza, zaintza lanetan…

– Komunitatearen beharrei erantzuteko komunitatetik bertatik sortzen diren proiektu eta ekimenak bultzatu: kontsumo taldeak, finantza kooperatibak, energia kooperatibak, aseguru etikoak, txanpon lokalak, ekonomia solidarioa, bigarren eskuko azokak, denbora bankuak…

– Zerga politika goitik behera aldatu behar da, aberastasuna birbanatzeko instrumentu eraginkorra izan dadin. Gehien dutenek ere gizartearen onerako lan egin dezaten.

Hauek neurri batzuk besterik ez dira. Alternatibak badaude, eta gauzagarriak dira. Batzuk oraintxe jar ditzakegu martxan, inoren zain egon gabe. Beste batzuk indarra eta gehiengoak eskatzen ditu aurrera eraman ahal izateko, egun, aldaketa nahi dugunok ez dauzkagunak. Beraz, garrantzitsua da indar-harremanak aldatuko dituzten ekimen indar metatzaileak martxan jartzea. Hortxe zeresan handia dute gure esku dauden alternatiba txikiek.

Sistemak alternatiba txikiak ez ditu galerazten, bere interesak ikutzen ez dituzten bitartean. Sistema barruan sor daitezke logika kapitalistatik kanpo dauden proiektu txikiak, jendeari erakutsiko diotenak gauzak beste era batera egin daitezkeela. Proiektuotara jendea erakartzen da, jendeak bizi egiten du gauzak egiteko beste modu bat, eta hori indarberritzailea izateaz gain, oso kutsakorra da. Jakina, alternatiben sarea handitzen den heinean Sistemak bere interesak jokoan ikus ditzake eta kontra ekingo dio. Indar-harreman kontua.

Nire ustez, proiektu alternatibo hauek, nahi dugun etorkizuna dosi txikietan orainaldira ekartzeaz gain, eraldaketarako jendea erakartzeko modu bat dira. Hau da, nahi dugun eraldaketa eragiteko ezinbestekoa dugun indarra metatzeko beste modu bat. Zorionez etorkizuna geuk eraikiko duguna izango da.

Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (II)

3. Irtenbide faltsua: ekofaxismoa

IrteeraFaltsua

Gatozen bada bizi dugun krisi ekologikora. Zenbat aldiz entzun dudan “salba dezagun planeta”. Planetak gure beharra balu bezala! Planetak ederki daki gu gabe bizitzen, milioika urtetako esperientzia du. Ez dut uste, gainera, nahita ere, gizakiak gai izango ginatekeenik planeta suntsitzeko. Gaitasuna badugu, eta abilidadea ere, gure artean suntsitzeko, hori bai. Gai gara gizakiarekin amaitzeko, geure suizidio kolektiboa. Beraz, salba dezagun planeta baino, nire ustez indarra jarri behar da, ez planeta salbatzen, gizakia salbatzen baizik. Bizi behar dugu bizi oparoa.

Batzuentzat agian, gizakia salbatzeko, nahikoa da gutxi batzuk salbatzea. Gutxi batzuk lehengaiak, energia, pilatzen badute, arrisku guztietatik babestuko dituzten bunker bat eraikitzen badute, salbatuko dira. Horretan ari dira. Esango dute horrela gizakia salbatuko dela. Niretzat, ordea, hori gizakien hondamendia baino ez da, gutxiengo hori biziko baita beste guztien kontura. Planeta osoak guztiontzako eskaintzen zituen aberastasun eta lehengaiak gutxi batzuentzako xahututa. Ekofaxismoa deitzen zaio horri.

Jakina ez digute horrela esango, beti saiatzen baitira kapitalismoa demokraziarekin lotzen, hori hala ez den arren. Hain justu, zerbait baldin badago demokratikoa ez dena, hori ekonomia kapitalista da. Eta egun ekonomia politikaren jabe egin da. Atera kontuak… Adibidetxo bat jartzearren:

Egun batetik bestera AEB-ek 700.000 milioi dolar eman zizkien krisira ekarri gintuzten bankuei Beste horrenbeste egin zuen Europak aurrerago, behar hori zegoela argudiatu, bestela hondamendira joango ginatekeela. Inori galdetu gabe erabakita.

Oroitzen dut orduan Mundo Negrok atera zuen editorial bat. Zioen munduko gosearekin amaitzeko 30.000 milioi euro behar zirela urtean, ordura arte esaten zitzaiela ez zegoela hainbeste dirurik. Eta hara! Gutxi batzuek behar dutenean, harri azpitatik azaltzen dira milioiak eta milioiak.

Hortik gutxira lehen aipatu dudan Haitiko lurrikara gertatu zen. Oroitzen dut deigarriak egin zitzaizkidala kartel mordo bat kalean eta metroan: Haitik zure laguntza behar du, sartu zure dirua kontu korronte honetan.

Kuriosoa da. Sekula ikusi gabea dut “Banku hau larri dago, Banku honek zure laguntza behar du, sartu zure dirua kontu honetan”. Kasu horretan, guri ezertxo ere galdetu gabe eman zitzaien bankuei gure dohaintzekin inoiz jasoko den dirua baina askoz ere gehiago. Zergatik ez dute berdin egiten Haitirekin? Bankuei eman zaiena orain ari zaizkigu gure poltsikoetatik kentzen. BEZa igoz, soldatak murriztuz, hezkuntza eta osasun maila jaitsiz, laguntza sozialak murriztuz, nazioarteko lankidetzarako dirua murriztuz…

Antzeko izan zen Japoniako lurrikara ondorengoa ere. Tsunamia eta Fukushimako hondamendia gertatu zenean zer pasa zen? Burtsak hondoa jo zuela. Zer esan nahi du horrek? Gizartearen beharrak handitzen direnean kapitalak ospa egiten duela. Halaxe da eta, Kapitalak ez dio gizartearen beharrei erantzuten, bere helburua mozkinak pilatzea da, geroz eta gehiago irabaztea. Kontraesana dago kapitalaren beharren eta gizartearen artean, eta kontraesan hori nabarmenago da krisi ekologikoa bizi dugun garaian, Mendebaldean kontsumismoak behera egin beharko lukeenean, kapitalismoak kontsumismoak gora egitea behar baitu. Esango didazue zer duen horrek demokratikotik.

Baina zer esango digute: ez arduratu krisi ekologikoaz, hori iluminatu batzuen kontua da. Hemendik ateratzeko berdin jarraitu behar dugu baina lan gehiago eginez. Teknologiak salbatu gaitu, nahikoa lan egiten badugu aurkituko dugu irtenbidea, aurkituko dugu petrolioaren ordezkoa…

Hasteko, hori kontraesanean dago Ikerketa eta Garapenean egiten den inbertsioekin, esan bezala, gaur egun lehentasuna dibidendoek dute eta. Baina teknologian egiten den inbertsioa ere zertan egiten da? Ez naiz farmazeutiken kontuekin sartuko, adibide xumeago bat jarriko dut: Hortzetako orea egiten zuen enpresa bati zer gomendatu zion I+G-ko ikerlariak produktu hobekuntza gisa? Hortzetako pastaren hodiko irteera ahoa handiagoa egitea. Horrela ore gehiago kontsumituko da, eta gehiago saldu. Zer diozue?

Ez da hor gelditzen gauza. Aurrekoan ordenagailu bat eraman nuen konpontzera dendara. Portatil bat zen. Lau urte izango zituen. Ez dakit zer zuen, ni nahiko txarra naiz teknologia kontuetan, ez zebilen ongi. Dendara eraman nuen eta dendakoak esan zidan: hau hobe duzu botatzea eta berri bat erostea. Merkeago aterako zaizu. Ezaguna egiten zaizue?

Gehiago. Etxeko telefono zaharra, betiko hura, hondatzen ez ziren haietakoa, aldatzeko esan ziguten Telefonicakoek. Orain berriek Domo dutela, pantaila, erantzungailua… Aldatu genuenetik gutxienez bost aldiz aldatu digute. “Aizue hau ez dabil” esanez deitzen dugunean, langile bat dator eta zuzenean berria bat jartzen digu. Halaxe. Merkeagoa da berria konpontzea baino. Zer logika du horrek?

Ez naiz lehena hau esaten ezta? Denok komentatzen dugu lehengo etxetresnek gehiago irauten zutela… Ez dakit ikusi duzuen “Comprar, tirar, comprar” dokumentala. Bertan zaharkitze programatuaz hitz egiten da. Aparailuak ez dakit zenbat denborara apurtzeko diseinatzen direla. Horretan saiatzen direla ikerlariak, horretan ematen beraien esfortzua. Dokumentalean bonbilen adibidea jartzen du. Lehen, helburua bonbilek ahalik eta gehien irautea zen. Horretan saiatzen ziren ikerlariak. Ba omen dago Estatu Batuetan 100 urte piztuta daraman bonbila bat. Horrekin enpresek ez zutela nahikoa irabazten-eta, erabaki zen bonbilen iraupena 3000 ordura mugatzea lortzen saiatu behar zutela ikerlariek.

Are gehiago. Produktuen energia eraginkortasuna hobetzen den kasuetan ere, ez da lortzen energia kontsumo totala murriztea. Errebote efektua deritzo horri. Produktu bat eraginkoarrego da, baina produktu hori gehiago saltzen denez, guztira energia kontsumoa handitu egiten da. Ez da emaitza onik, hortaz, krisi ekologikorako.

Gogoan izan bi galderak. Hau unibertsalizatu daiteke? Zeini egiten dio mesede, gutxi batzuei ala gizarteari? Hau alda daiteke?

Gandhik esana da: izan zaitez zeu munduan ikusi nahi duzun eraldaketa. Eta arrazoia du. Baina ezin zaiona exijitu pertsona arruntari da heroi bilakatzea. Artzek dezente ongi azaltzen du poema honetan.

Behar duguna ez daukagunean
behar duguna nahi,
baina behar duguna ukan orduko,
ez aski hura
eta behar ez duguna nahi

Jendeak, normalean, nahiko kontu ditu egunerokoan aurrera ateratzen bizitza gehiago konplikatzeko. Esan nahi dut. Jendeak egiten du errazena zaiona. Korronte bat badago, korronte horren norabidena ibiliko da. Eta zein korrontetan bizi gara?

Jokutxo bat egingo dugu korrontea zein den detektatzeko. Ea estropadekin probatuko dugu: Zer desberdintasun ikusten dituzue bi irudien artean?

Estropadak

Aldaketarik sumatzen al da korrontean? Ea hurrengo ariketak laguntzen duen. Zer aldatu da?

EskuPilota

Begira estropadak ikustera joaten ginenean orain ez hainbeste nolakoak ziren trainerak. Begira orain. Begira frontoira joaten ginenean pilota ikustera nolakoak ziren frontoiak. Begira orain.

Publizidadea nonahi, etxeraino. Tinbrea jo eta, “Iberdrolatik nator, utziko didazu faktura bat, berehala erakutsiko dizut nola aurreztu dezakezun argiaren faktura”. “Ez zait interesatzen, mila esker”. “Nola? Ezer egin gabe faktura merkeago ordainduko diguzu faktura bat erakusten badidazu”. “Este es tonto”, pentsatuko zuen!

YoNoSoyTonto

Baina hori ez da guztia! Eguna amaituta, umeak oheratuta, ohean etzan, hasperen luze bat bota, eta lo hartzen ari zarela telefono deia. Jaiki, salara joan, erdi larrituta erdi amorratuta eta telefonoa hartzean “Si, puedo hablar con el Señor Unai Oñederra, por favor?” entzun.

Bakea emango al duzue? Merke-merke guztia, lehengaiak xahutzearen kontura, energia alperrik galtzearen kontura, langileen kontura, hondakinak Afrikan pilatzearen kontura, bizia akabatzearen kontura. Guztia merke-merke eta publizidade horren oldarkorra, zergatik? Zertarako? Gogoan izan buruan dauzkagun bi klabeak. Zeren eta ezer txarrik egin gabe, besterik gabe inguruneak bultzatzen zaituena eginaz, gauzak ongi badoazkizu, topatuko duzu zeure burua igande baten egun pasa egiten merkatalgune erraldoi batean, erosketa orga goraino betea, etxea ordaintzeko 35 urtetarako mailegu bat duzula. Hori da inguruan arnasten duzuna, eta, normala denez, inguruan dagoena egiten duzu, pertsona normala baitzara. Korronte horretatik ateratzea, orde, bai zaila. Zer lan. Zenbat esfortzu. Zenbat gaizki ulertu. “Zer arraroa zaren. Ez hainbeste buelta eman gauzei… Que agonias zaren…”

Baina hemen gaudenak badakigu erosten diren gauzek ez gaituztela zoriontsu egiten. Ez gara ogiz soilik bizi, eta ogi gabe ere ezin bizi. Badakigu, ordea, merke-merke produktu gehiegikeriak bizitza eskasten duela, eta guk bizi oparoa nahi dugu.

Bultzatzen gaituen korronte honek bizitza eskas batera garamatza. Lehen ikusi dugun Japoneko ur korrontea lurrikarak sortu zuen. Naturala zen. Korronte hau ordea ez. Korronte hau boterea duten gutxi batzuek sortzen ari dira, beraien mesederako, ezin baita unibertsalizatu, gehienon eta planetako baliabideen kontura, modu totalitarioan, ezin baitu gutxiengo batek gehiengo bat modu demokratikoan menderatu. Jakin badakigu, hau aldatu daitekeela, gure esku dagoela; ausardia da behar duguna.

Ekonomiaren trantsizio ekologikoa (I)

(Otsailaren 5ean emandako hitzaldi baten transkripzioa duzu hau)

Arratsalde on, eta mila esker hemen hitz egiteko eman didazuen aukeragatik. Ni orain urte batzuk Pio XII institutuan ikasten izan nintzen, zuek zaudeten alde horretan. Bat-batean hemen goian jartzean poza sentitzeaz gain, ardura ere sentitzen dut, badakidalako hemen jende oso jantzia dagoela, eta ez nukeelako nahi, hemendik ateratzea denbora galdu izanaren sentsazioarekin. Ahalegina egin dut hitzaldi hau zuen interesekoa izan dadin, emaitza, zuek epaituko duzue.

Lau zatitan banatuko dut hitzaldia:

1. Sarrera
2. Nola heldu gara honaino: kapitalismoa
3. Irtenbide faltsua: ekofaxismoa
4. Irtenbide egokia: ekonomia demokratikoa

1. Sarrera

Pio XII-n ibilitako garaiko pare bat ideia ekarri nahi ditut hona, erabilgarriak izango zaizkigulakoan. Bi ideia klabe ematen dizkigu hitzaldi guztian erabilgarriak izango zaizkigunak. Lehena ingelesez topatu nuen otoitza bat da, euskaratua hala izan daitekeena:

Jauna emadazu
BARETASUNA aldatu ezin ditzakedan gauzak onartzeko
AUSARDIA alda dezakedana aldatzeko
JAKINDURIA bien arteko desberdintasuna ezagutzeko

Hau da erabiliko dugun lehen klabea, etengabe kontuan izan behar duguna. Zer aldatu dezakegu eta zer ez? Konplikatua da ezta? Jakina horregatik eskatzen diogu Jainkoari laguntza. Hona adibide praktiko bat ekarriko dut, Barrio Sesamoko Kokok egiten zuen moduan.

Hemen lurrikara baten mapa bat azaltzen da, Japonian gertatutakoa:

Irudia

Hemen beste lurrikara baten mapa, Haitin gertatutakoa:

Irudia

Argi dago, mapa hauek azaltzen duten lurrikara ez dagoela gure esku: lurrikara non gartatu, noiz, zer indarrarekin… Baina ikus ditzagun eraginak:

Irudia

Irudia

Lurrikarak ez daude gure esku. Ezin aldatu. Eraikinen kalitatea bai. Beraz, ausardia behar dugu hau aldatzeko. Haiti aurrerago ere aipatuko dut beste adibide batean.

Bigarren klabea, bigarren ideia, Pio XII-ko garaian ikasitakoa da etikaz Kantek esan zuen esaldi bat, inperatibo kategorikoa uste dut esaten zitzaiola:

«zure ekintzak lege unibertsal bihur daitezen desiratzeko moduan joka ezazu»

Japoneko garapen eredua unibertsalizatu daiteke? Mendebaldeko garapena, bizimodua, munduko biztanle guztietara zabaldu al daiteke? Hori desiragarri den edo ez ezatabidan sartu gabe, hortaz hitz egingo dugu eta.

Orain dela hamarkada batzuk agian pentsa zitekeen baietz, garapen eredu hau unibertsalizatu zitekeela. Zygmunt Baumanek berak kontatu zigun duela hiru urte hemen izan zenean: eztabaida orain 60 urteko berbera da. Garai hartan eztabaida zen: Ogi bat dugu, banatu dezagun ongi guztion artean genion batzuek. Besteek ordea zioten ezetz, “lehenengo ogia handitu egin behar da, eta handitzen dugun heinean guztiontzako iritsiko da”. Garai artako eztabaida harekin bada desberdintasun bat egun: jada ezin dugu orgia gehiago handitu. Zergatik?

1. Petrolio gailurra: Mendebaldeko hazkundea petrolio merkean oinarritu da. Petrolioa merkea ahitzen ari da.

2. Lehengaien eskasia: hazkundeak lehengai asko xahutu ditu, hondakin asko sortu. Mendebaldarron bizimodua unibertsalizatzeko 3,5 planeta beharko genituzke.

3. Klima aldaketa: Mendebaldeak eragindako kutsaduraren ondorioak, herrialde pobreenek pairatzen dituzte.

Beraz, eskatuko nizueke aurkezpen honetan zehar zeuon buruari etengabe bi galdera hauek egitea:

– Hau geuk eragindakoa da edo halabeharra? Hau alda daiteke, eta ausardiaz jokatu behar dugu, ala ezin da aldatu eta baretasunez onartu behar dugu? Jakinduria behar dugu biak desberdintzeko konplikatua da eta. Are konplikatuago hedabide eta agintariek etengabe “ez dago beste biderik” errepikatzen digutenean.

– Hau unibertsalizatu daiteke? Eta galdera honen beste aldaera bat: honek zeini egiten dio mesede, gutxi batzuei edo gizarte osoari?

2. Nola iritsi gara honaino? Kapitalismoa

Bi gako hauekin gauzak hobe ulertuko ditugulakoan nago, eta zer egin asmatzeko bidea zabalduko digute, desesperaziotik itxaropenera jauzi eginaz. Ongi baitakizue Baumanek aipatutako eztabaida nortzuk irabazi zuten: banaketaren aurrean hazkundea bultzatzen zutenek. Badakizue, bila ezazu zure interes partikularra, eta esku ikusezin batek interes partikular guztien batura guztion mesedean bihurtuko du. Eta hori izan da joera.

II. Mundu Gerra ondoren bi hazkunde eredu desberdin ezagutu ditugu: lehena ekonomia produktiboan oinarritua 70. hamarkadaraino, eta hortik aurrera bestea, finantza ekonomian oinarritua.

Hau ezin hobeto azaltzen duen eskema bat topatu nuen Michel Husson-en “El capitalismo en 10 lecciones” liburuan. Honek zer dio? Enpresa batean zuk dauzkazu soldatak, mozkinak, eta dibidendoak. Lehen, aliantza soldata eta mozkinen artekoa zen (70 hamarkadara arte), ordutik aurrera aliantza mozkinak eta dibidendoen artekoa da.

Irudia

Hau azaltzeko pare bat adibide jarriko ditut berriz ere:

1.Enpresak:

– Soldata-Mozkina aliantza garaian:Enpresako jabea hemengoa zen, komunitatean txertatua zegoen. Proiektu bat zuen bera bizi zen komunitatearen onurarako. Langileen baldintza onak interesatzen zitzaizkion bere proiektua ongi joatea laguntzen ziolako.

– Mozkinak-dibidendoak aliantza garaian: jabeak munduan zehar dauden akzionista espekulatzaileak dira. Hemengo enpresak multinazionalen esku daude. Zuzendaritza ez da jabea, ez du inguruko komunitatearentzako proiekturik. Akziodunen errentagarritasuna bilatzen dute. Komunitatearen egoera bost axola zaie.

2. Finantzak:

– Finantzak ezinbestekoak dira komunitate batentzat. Kutxak horregatik sortu ziren, hemengo komunitatearen proiektuak sostengatzeko. Jabetza publikoa zuen, gure komunitatearen onurarako lan egingo zuela ziurtatzeko.

– Bankarizazioa-pribatizazioa. Akzionista pribatuen esku utzi dituzte Kutxak. Akziodunen mozkinak helburu, ahaztu egin dira komunitatearen onuraz.

Esan dizuet hitzaldian zehar bi klabe izatea buruan. Aplika ditzagun orain bada. Bi kasu hauetan hasieran aipatu bi galderak eginda: enpresa eta finantzetan eman den aldaketa honek zeinen onura bilatzen du? Eredu hau alda dezakegu?

Erantzunak garbiak dira ezta? Gutxi batzuen onura bilatzen da, eta 70 hamarkadatik aurrera hartzen joan diren erabaki politikoen ondorioa izan da. Guk eragindakoa da; alda dezakegu. Ausardia behar dugu.

Eta aldaketa honek, joera honek, gutxi batzuen onura bilatzeak, zer ekarri digu? Krisi kapitalista. Eta zer da krisi kapitalista? Santiago Alba Ricok baino hobe ez dizuet azalduko nik. Egin klik hemen ikusteko.

Ikusten duzue. Gutxi batzuek errentagarritasun handiago behar dute, eta horretan ari dira. Europan nondik lor dezakete: ongizate estatu publikoa pribatizatzetik adibidez. Garapen eredu honek, kapitalismoak nora ekarri gaitu Euskal Herrian:

– Behar dugun energiaren %95 kanpotik dator
– Behar ditugun elikagaien %5a soilik ekoizten dugu bertan
– Enpresa gehienak multinazionalen esku
– Langabezia/prekarizazioa/pobrezia
– Desberdintasun sozialak geroz eta handiagoak
– Etxe kaleratzeak eta etxe mordoa hutsik

Baina tira, galdetuko duzue, noraino joan da hau! Ekologiaz ari naiz, ez dudarik izan, guztia lotuta baitago. Lotzen ez dituenak interesen bat ezkutatzen du.

Atzerri egunetik abegi egunera

Sormen agorra
ez da zigorra.
Aurrez idatzi altxorra,
horra bide zidorra

Landeia, 2011ko maiatza

Adela galdezka etorri zait gaur. Ekuatoriarra da, eta nahiz eta euskara ikasten ibili, badaude ulertzen ez dituen hitz asko, batez ere iparraldeko jendeari entzuten dizkionak. Eta halakoxe hitz batetaz galdezka hasi zait. “Frantsesez ari ziren batzuk entzun ditut abegi eguna gora eta abegi eguna behera. Zer da abegi?” Ziur ez nengoenez hiztegian begiratu behar izan dut. Abegi: harrera, acogida. “Non eta noiz ospatuko da egun hori? bertara joan nahiko nuke”. Hori ere ez nekien, eta hiztegian begiratu badut ere ezin izan diot erantzun.

Adelak gogor egin izan du lan, baldintza kaxkarretan ia beti, askotan zapaldu dute, baina duintasuna galtzeko zorian zenean zutitu eta aurre egin zion zapaltzaileari bere lankideekin batera. Mugitzen zebilen talde bat topatu zuen lanean, enpresaren gehiegikerien aurrean kito esan eta aurpegia emateko prest zegoena. Enpresan lanean hasi zenetik etorri zitzaion talde horretako ordezkaria babesa ematera. Bakarrik ez zegoela esan zion, langile talde majo bat zutela, eta nahi zuenean berekin kontaktuan jartzeko, edozein kezka, arazo edo beldur elkarrekin partekatzeko.

Hasieran ez zion kasu handirik egin, nahiz eta eskertu emandako harrera eta bere telefono zenbakia utzi izana. Berak lana egingo zuen bere herrira dirua bidali ahal izateko. Baina ordezkari hura noizean behin gerturatzen zitzaion, eta galdetzen zion zer moduz zihoan. Honela apurka-apurka konfiantza hartu zuen, eta bere kezka eta beharrak kontatzen hasi zitzaizkion.

Halako batean ordezkariak esan zion enpresak egiten zizkien irainei aurre egin behar ziotela, eta horretarako lankide guztiak batera aritu behar zirela. Adela horrela sartu zen talde hartan, eta langile ororen duintasuna babesteko mugimendu baten partaide bihurtu zen. Bera ez zen euskal abertzalea, baina justizia, elkartasuna, demokrazia eta askatasunaren aldeko bidea, konfiantza eta babesa eman zion ordezkariaren sindikatuarekin egin nahi zuen. Bertako partaide sentitzen zen. Bertako partaidea zen. Eta horrela ezagutu genuen elkar.

Euskal abertzale ez den jende asko dago gure sindikatuan. Gizartearen gehiengoaren nahi eta beharren araberako politiken aldarrikapenean bat egiten du, elite politiko eta ekonomikoen kontra. Kontuan izan pentsioen erreforma Espainiako legebiltzarreko %90ek babestuta onartu zela, nahiz eta gizartearen %72a kontra egon. Hori azaltzeko nahikoa da esatea Espainiako alderdiek bankuekin 144 milioi euroko zorra dutela. Elite politikoa aberats gutxi batzuen alde ari da gobernatzen, eta gizartetik geroz eta urrunago dago. Beste mundu bat posible dela sinisteak, eta beraren alde borrokatzeak batzen gaitu. Globalean pentsatu, lokalean ekin.

Baina zer da aberria? Sinismena? Sentimendua? Hizkuntza? Lurraldea? Horrela ikusita abertzale eta ez abertzaleen arteko banaketak urteak dira berdin jarraitzen duela. Batzuentzat aberria atzerria da, eta besteentzat atzerria aberri. Eta gainera, egun, aberri eguna baino azeri egunak ospatzen ditugu, abertzaleen artean zeinek nola hegemonia lortu.

Baina, zer da zuek aipatzen duzuen aberria?” galdetu izan dit Adelak. Aberria herritar oro bertako partaidetzat onartzen duen komunitatea da. Gaurko eta etorkizuneko herritar ororen eskubide eta betebeharrak segurtatzen dituen komunitatea. Produkzio, kultura eta kontsumo medioak herritarren esku eta herritarren beharrak asetzeko dituen komunitatea. Aberria da elkarrekin egiten dugun borrokaren bidez aldarrikatzen dugun gizarte justuago hori. “Aizu, ba, niri aberri hori gustatzen zait.”

Euskal Herriaren nortasuna plurala da, eta aberriaren oinarria arlo desberdinetan jar daiteke, izan euskara, lurraldea, sukaldaritza… Baina guretzat funtsezkoena gizarte justu, demokratiko eta burujabea da. Eta hori da gure abertzale izateko era; gizarte horren aldeko eguneroko borroka enpresa eta kalean, beste mugimendu sozialekin batera. Eta burujabetzaren bidean ez dugu aurrera egingo baldin eta euskal abertzale ez diren asko ez baditugu erakartzen.

Aurrera egin nahi badugu atzerri eguna abegi eguna bihurtzea baina ez dugu.