Monthly Archives: urtarrila 2014

Bizkaiko merkataritzako negoziazio kolektiboa argitzen

Irudia

 

Aurreko astean twitterren eztabaidatxo bat izan nuen Ardibeltzarekin (@ardbltz). ELA sindikatuak eta Bizkaidendak patronalak merkataritzako ehungintza sektoreko hitzarmena sinatu dute Bizkaian, eta berau sektoreko langile guztiei aplikatuko zaie (beste sindikatuek eta Cecobi patronalak ziotenaren kontra).

Azken lan erreforma indarrean sartu arte, merkataritzako hitzarmen guztiak Cecobi patronalarekin adostu izan dira. Cecobi, Cebek patronala da, Confebask, CEOEren sukurtsal bat. Inork ez daki zer ordezkaritza duen Bizkaiko merkataritza enpresetan, baina orain arte sindikatuek ordezkaritza osoa onartu diote.

Gertatzen dena da, patronal honek ez dituela merkataritza txikien interesak defendatzen, merkataritza gune handien interesak baizik. Lan erreforma aprobetxatuz, gehien irabazten duten merkatal gune handietan lan baldintzak nabarmen kaskartu nahi dituzte: mozkinak handitu langileen lan eta bizi baldintzen kontura.

Kontua da, lan erreformak arauak aldatu dituela langileak kaltetuz. Baina, lan erreformak berak, joko arau aldaketak, agian aukeraren bat sor diezaguke patronalari ere kalteren bat eragiteko langileen mesedetan. Hor sartzen da sindikalgintzaren I+G+b. Ezin baitugu jarraitu lehengoa egiten arauak aldatu badira, ezta?

Bizkaidenda merkataritza gune txikien patronala prest azaldu zen lan hitzarmen bat negoziatzeko. Prest ziren lan erreforma baztertuko duen hitzarmen bat sinatzeko. Dirudienez, denda txikientzat langileen lan baldintzak ez dira arazo, soluzioaren parte bat baizik. Hortik zerbait atera zitekeen.

Halaxe, ELAk alde sindikalean gehiengo osoa izanda negoziazio mahai berria zabaldu zuen Bizkaidendak ere detuta. Cecobik uko egin zion mahai horretan parte hartzeari bere onetik aterata (Cecobik diru laguntzen monopolioa galtzen du beste patronal bat baldin badago mahaian), eta beste sindikatuek ere mahaian parte hartzeari uko egin zioten, Bizkaidendak patronalak Cecobik baino lan-baldintza hobeak eskaini arren. Esaten zuten ilegala zela halako mahaia osatzea, hor adostutakoak ez zuela ezertarako balioko… Cecobin jarrera ulergarria zen (zein zoriona patronala hala ikustea!) baina beste sindikatuena?

Azkenean akordioa lege bihurtu da, eta Bizkaiko ehungintzako langile guztiei aplikatuko zaie. Hitzarmen bikaina. Garaipen izugarria: lan baldintza onak adostu dira alde batetik, eta, bestetik, Patronaletan pitzadura bat sortu da (CEOEk duen monopolioa hautsi da, eta ezbaian jarri da patronal horrek duen zilegitasun eta ordezkaritza).

Garaipena ospatzen ari ginela etorri zen Ardibeltzaren kritika. Ehungintza merkataritzako 6 arloetako bat besterik ez dela, beste arloak baztertu direla, langile asko biluzik utzi ditugula…

Posta hau hori argitzen saiatzera dator. Eta eztabaidarako datu gehiago ematera. Gai hauetaz hitz egitea ezinbestekoa dugu, batzuen zein besteen argudioak, arrazoiak, eta pentsatzeko erak ezagutzeko, aurreiritzietatik kanpo.

Ezinbestekoa da gogoratzea, lan erreforma ondoren sektoreko hitzarmen hauek ez direla gutxieneko lan baldintzak bermatzen dituzten hitzarmenak (erreforma aurretik ziren bezala), enpresetan lan baldintza kaskarragoak sinatu daitezke. Beraz, erreferentzia soila dira, nahi duen enpresariak betetzeari uko egin diezaioke, parean ez baditu langile antolatuak topatzen.

Hori gogoratuta, merkataritza sektorean 6 arlo daude:

  • Merkataritza orokorra: UGT-CCOOk dute gehiengo osoa. Bizkaiko hitzarmena sinatu zuten Cecobirekin. 4 urteko soldata izozketa. 18 hilabeteko ultraaktibitatea (ultraaktibitatea: hitzarmen baten epea amaitzen denean, lan baldintzak mantentzen dira hurrengo hitzarmena sinatu arte). LABek ez zuen sinatu . ELAk ere ez: ez du lan erreformatik babesten eta edukiak kaskarrak ditu.

  • Elikadura: UGT-CCOO-LABek dute gehiengoa. Cecobirekin sinatu zuten hitzarmena. 3 urteko soldata izozketa. 18 hilabeteko ultraaktibitatea. Aurreko arloko hitzarmenaren oso antzeko. ELAk ez zuen sinatu aurrekoan aipatu diren arrazoi berberengatik.

  • Ehungintza: ELAk du gehiengoa. ELAk eta Bizkaidendak-ek sinatua: lan erreformatik babesten du, ultraaktibitatea (mugagabea, mugagabea ez den ultraaktibitatea, ultraaktibitatea al da?) ziurtatzen du, soldata igoerak jasotzen ditu.

  • Larrua eta zapatak:ELAk du gehiengoa. ELA eta Bizkaidendak negoziatzen hasi dira ehungintzaren tankerako hitzarmena lortzeko.

  • Metala: ELAk du gehiengoa. ELA saiatuko da ehungintza gisako hitzarmena lortzen.

  • Altzariak: ELAk du gehiengoa. ELA saiatuko da ehungintza gisako hitzarmena lortzen.

Hau azalduta, Ardibeltzaren kritika zen, ELAk langile mordoa abandonatu zituela Merkataritza sektorean. ELAk, ikusi dugunez, gehiengoa duen 4 arloetan lan baldintza onak eta langileak lan erreformatik babestuko dituen hitzarmena sinatzen saiatuko da. Bat lortu du. Beste hirurak lortuko dituenaren itxaropenarekin ari da lanean. Joko arau berri inposatuetan bide berriak bilatzen, ausardiaz, langileen bizi eta lan baldintzak mantendu eta hobetzeko.

Eta ez ahaztu, sektoreko hitzarmenak blokeatzen dituena CEOE patronala dela, bai Euskal Herrian eta bai Espainian. Ez badira berak nahi dituen baldintzak sinatzen ez dago hitzarmenik. Beraiek kudeatzen dituzte denborak, beraiek ezarri ultraaktibitatea noiz amaitzen den, beraiek mehatxatzen dute estatuko hitzarmena aplikatzearekin. Zertarako? beraiek nahi dituzten edukiak sinatzera behartzeko. CEOEk inposatu nahi dizkigun edukiak sinatu nahi ez izateagatik, patronala estatuko hitzarmena edo langileen estatutua aplikatzera pasatzen bada, hori ez da ELAk hala nahi duelako, patronalak hala nahi duelako baizik. Erne ibili beraz, etsaiz nahastea oso erraza baita, eta iritsi baitaiteke bat CEOEn sukurtsala den Cecobi defendatzera!

Advertisements

Beraien artean infiltratu bat dugu

Image

Ez balitz izango zortzi pertsona Guardia Zibilaren eskueta daudelako, ez balitz izango senide eta adiskideen urduritasun, sufrimendu eta kezkagatik, esango nuke ongi gabiltzala. Esango nuke lortu dugula, azkenean, beraien artean gutako bat arrakastaz infiltratzea. Larunbateko mobilitsasorako hauek tantak baldekada bihurtu dituzte.

Otsoak ardi larrua erantzi eta hortzak erakusten ditu. Lehen ere egiten zuen, baina erasotik babesteko aitzakian, biolentoetatik defendatzeko. Orain zertara dator ahotzar horretatik jaurtitzen duzun lerdea? Zerk amorratzen zaitu? Zerk ateratzen zeure onetik? Bertigoa sorrarazten al dizu Euskal Herrian abiatzen ari den mugimenduak?

Nahi duzuna egin dezakezu jada. Zugandik, jasotzen duguna besterik ez dugu espero. Guk geurea, aldebakartasuna, Kataluniarren atzetik. Atzetik? Zergatik orduan otsoaren indar erakustaldiak hemen? Zerbait ongi egiten ari garenaren seinale. Itxaropen izpi bat. Guk geurea, beraien zain egon gabe.

Eta teleberriko irudietan, otsoen ondoren, Urkullu. Rajoyren bila, oraindik. Negoziatzera, akordio bila, bilateraltasuna. Beste bat jokoz kanpo.

Ongi gabiltza. Otsoa agerian geratzen ari da. Independentista sortzeko makina bat da. Lortu dugu gutako bat beraien artean arrakastaz infiltratzea. Hori esango nuke zortzi pertsona gehiago, eta bere ingurukoak, momentu honetan sufritzen ari direla jakingo ez banu.