Monthly Archives: uztaila 2015

Kooperatibak eta sindikatuak: helburua, arriskua eta erronka

IMG_8607_w-1024x683Argazkia Lanki-ren webgunetik hartua

Herenegun Lankik Atxabaltan antolatutako Autoeraketa Topaketetan izan nintzen. Topaketa biziki interesgarria, bai eduki zein formatuan. Joan Subirats-ek hitz egin zuen lehenik (hemen Argiako Estitxu Eizagirreren kronika eta Gorka Juliok Berria-n idatzi zuen artikulua).

Ondoren testigantza pertsonalez betea etorri zen bertso saio moduko mahai inguru bizi eta sentituaz gozatu ahal izan genuen Naroa Elortza orkestra zuzendari paregabearen erritmora. REASeko Carlos Askunze, Argiako Estitxu Eizagirre, Olatukoopeko Beñat Irasuegi eta Fagorreko Joxean Alustiza aritu ziren puntuka.

Ondoren zenbait eragileri hitz batzuk esateko eskatu zitzaigun. Niri sindikatu eta kooperatiben inguruan hitz egitea egokitu zitzaidan. Hemen dituzue hitzok:

Eskatu zait sindikatu eta kooperatibez hitz egitea (ez da lehen aldia). Niretzat gai oso interesgarria denak, beste batzuentzat morboa dauka, are gehiago, batzuk sindikatu eta kooperatibak kontrajarri egiten dituzte. Iruditzen zait zuhaitzak basoa ikusten galarazten dietelako egiten dutela hori, zeren eta  bai sindikatu zein kooperatibak langileek autoeratutako proiektuak dira. Eta ez soilik hori, Euskal Herriko lehen kooperatibak sindikatuenak ziren, Frankok beraiekin amaitu zuen arte, sindikatuak debekatuta.

Hortaz, eta labur esateko, kooperatiba eta sindikatuak helburu, arrisku eta erronka berak ditugu.

Helburua: ekonomia demokratikoa, gure bizitza eta ekonomia kapitalaren atzaparretatik erauzi. Hori indar-harreman kontua da, baina ez da zuri ala beltz den auzi bat, continuum bat baizik. Hau da, ekonomia demokratikoagoa egiten duen proiektu bakoitzak izugarrizko balioa dauka.

Badakigu zer zaila den proiektu bideragarri, baliagarri eta iraunkorrak eratu eta iraunaraztea. Indar guztiak xahutzen ditugu proiektuaren biziraupenean; are gehiago legeak aldatzen dituztenean zurekin akabatu asmoz (gure kasuan lan erreforma). Baldintza horietan izugarrizko arrakasta da zure komunitatearentzat hobekuntzak lortzen dituen proiektua martxan izatea, eta ez da gutxietsi behar: gure proiektua bizirik mantentzeko egunero egiten dugun lanak balio ikaragarria dauka.

Arriskua: sindikatua afiliatuentzat eta ingurukoentzat baliagarriak izatera mugatzea edo kooperatiba kooperatibistentzat eta ingurukoentzat baliagarria izatera mugatzea, sistema barruan. Oasi bat desertuan, babesgunea oihanean. Eta arriskua muturrera eramanda: sistemak sindikatua edo kooperatiba beretzako integratzea. Hortxe dago arriskua, bertan goxo gelditzean. Kapitalarekin dugun borrokan (indar-harremana) gure proiektua martxan izatera mugatzea.

Eta arrisku horrek marrazten digu Erronka: ekonomia demokratikoa bilatzen dugun proiektu autoeratuek, eta esan dut sindikatua ere proiektu autoeratua dela, kapitalaren aurrean indarra metatu, saretuz, geroz eta demokratikoagoa den sare ekonomikoa ehunduz, ekonomiaren zentrotik kapitala erauzi eta bertan bizitza iraunkorra ezartzeko. Horretan asmatzean dago gakoa.

Eta publizidadearekin amaitzeko: esperientzia baliagarria izaten ari da Urriak 24rako sindikatu eta eragile eraldatzaileak antolatzen ari garen Alternatiben Herria. Gonbidatuak zaudete antolakuntzan eta egunean bertan parte hartzera.

Advertisements