Monthly Archives: apirila 2015

Burujabetuz

BurjabetzaBurujabetzari buruz Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratu duen eta biziki gomendatzen dizudan Gai Monografikoa ez galdu! Hemen duzun testu hau monografikoaren sarrera da:

Kuriosoa da, edo agian ez, baina burujabetzaz asko hitz egiten ari da Europan, noiz eta krisi ekonomiko, politiko, demokratiko sakonean sartuta gaudenean. Krisi kulturalaz edo balioen krisiaz ere hitz egiten da, eta batzuk zaharkitutzat zituzten independentzia prozesuak berpiztu egin dira. Zerikusirik ote dute krisiak eragindako egonezak eta herrialde berriak eraikitzeko gurariak?

Hasteko, burujabetzaz hitz egitean gauza askotaz hitz egiten ari gara. Hitz egiten dugu estatus politikoaz, hitz egiten dugu elikaduraz, hitz egiten dugu energiaz, hitz egiten dugu ekonomiaz, zaintzaz, bizitzaz. Zer punturaino gara burujabe? Zer punturaino nahi dugu izan burujabe? Zer punturaino izan gaitezke burujabe? Zertaz erabaki nahi dugu? Zer eraiki nahi dugu? Hain justu erabakitzeko grina indartu da, finantza erakunde eta multinazional batzuen txotxongilo garela agerian gelditu denean. Adibide gehiegi utzi dizkigu azken urteotan ikusi eta ikasi dugunak. Badu zerikusirik krisiak erabaki nahi izatearekin, nola ez.

Eskoziara begiratzea besterik ez dago: alternatibarik ez dela zioen burnizko dama da, hain justu, independentziaren alternatiba hauspotu duena: berak eraiki paradisu finantziarioak ekarri du krisia; neoliberalismo ingelesak urrundu ditu eskoziarrak. “Arre edo so” hordagoak garaipen pirrikoa eman dio Cameroni. Zer gertatu da erraz irabaztea espero zuen partida amesgaizto bihur dakion?

Badirudi independentzia definitzen hasteak esnatu egin dituela eskoziarrak. Amesten jarri dira begiak zabalik, ilusio eta itxaropen uholdeak harrapatu ditu, abertzale izan zein ez. Hareago, ezezkoak irabazi du beldurrak adineko abertzaleengan zirrikitu bat topatu duelako: zer gertatuko da gure pentsioarekin? Prozesu nazionala eta soziala eskutik doaz.

Berdina diote katalanek ere. Egun bizi duten independentzia prozesua ganorazko trenbide sare bat eskatzeko manifestazio batekin hasi omen zen, eta agerian utzi digute zeintzuk izango diren prozesuaren alde borrokatuko dutenak eta zeintzuk arituko diren oztopoak jartzen. Azken finean hobetzeko asko daukana arriskatuko da, baina ongi bizi denak nekez aldatu nahiko ditu gauzak. “Utz dezagun dena dagoen moduan” dio eskuinak.

Jendea, ordea, ez da konforme. Gauzak aldatu nahi ditu, eta badaki Espainia ez dela Britainia Handia. Badaki jendeak ezin duela Madrilen zain egon, badaki ezinezko aldebikotasunak ez dakarrela ezer, eta eraikitzen hasi dira bere kabuz. Eraikitzen independentzia, eraikitzen ekonomia, eraikitzen harreman gizatiarragoak auzo mailan, herri mailan. Indibidualismoa ikuspegi kolektiboaz gaindituz, bizitza ekonomiaren erdigunean jarriz. Ekonomia sozial eraldatzaileak bere xumetasunean, nahi dugun gizarte hori eraikitzen eta dastatzen laguntzen digu. Aldaketa kaletik etorriko da, eta ezinezkoa da hori mugimendu sozial eta sindikal autonomorik gabe, katalanek erakusten digute hori.

Eta Euskal Herrian? Hemen ere gure bidea eraikitzen joan beharko dugu, baina oraindik Eskozia eta Kataluniara begira gara, ikasten. Eskoziatik ikas dezakegu gizarte ereduak prozesu independentistan duen garrantzia, eta Kataluniak erakusten digu, oraino konturatu ez denari behintzat, ez dagoela ezer itxaroterik Madriletik.

Baina independentea den Greziak ere badu irakasgairik guretzat: menpeko izatetik libre izatera jauzia ezinezkoa dela soilik instituzioetatik egitea.

Atzerrira begiratuz ikasten dugunaz, geure bidea marraztu eta ibili beharko dugu, mobilizazio soziala sustatuz eta alternatibak eraikiz, inoren zain egon gabe.

Kooperatibak eta eraldaketa Brasilen

MSTkooperatibaCOPERAV

“Proiektu kooperatiboak politikoa, soziala, ideologikoa izan behar du eta baita ekonomikoki bideragarria ere”. Hara zer dioen COPERAV (Cooperativa dos Productores Orgánicos de Reforma Agraria de Viamao) kooperatibako arduraduna eta MST-ko militantea den Uri-k. “Kooperatibek logika ekonomikoa dute eta horrek tentsioak eta gatazkak sortzen ditu MST erakundearen eta kooperatiben artean” beste MST-ko burkide batek esana.

Nekazari mugimenduek kooperatibak sortzen dituzte, Porto Alegre ondoan dagoen Eldorado-ko COTAP moduan. Bertan arroza, barazkiak, eta esnea ekoizten dute. Badira ere beste kooperatiba batzuk zerbitzuak eskaintzen dituztenak: garraioa, logistika, zerbitzu teknikoa, makinaria… Mugimenduaren eta kooperatiben artean aholkularitza teknikoa egiten duen talde bat jartzen dute. Mugimendu-kooperatibaren arteko elkarrekintza hau kontraesanez betea dago. Kooperatibek kudeaketa eta ardura handia exijitzen dute, askotan nekazariek horretarako prestatu gabe daudela pentsa dezakete, baina ikasten doaz. Familia ekoizleek kooperatibak sortzeak lurraldearen izaera definitzen du, antolaketa soziala indartuz, ez baitira modu indibidualean sortzen modu kolektiboan baizik. Gainera, oso motibagarria izan ohi da ekoizpen prozesuak eraikitze hau, eta ez da norabide bakarreko bidea, joan etorri etengabea baizik: kooperatiban antolatu diranak, mugimenduan jarraitzen dute parte hartzen.

MPAbandera

MPA-ko Tahirik (Movimiento de Pequeños Agricultores) ere jardun zuen horretaz: “Eskubide bakoitzak betebehar mordoa ezartzen dizkigu, ezin baitugu gobernuaren zain egon gauzak egin ditzan”. Halaxe esan zuen hazi krioilo organikoak ekoizteko kooperatiban. Hazi garbiak ekoitziz (transgenikorik gabeak) ekoizpen prozesuan eta teknologian ikasten eta aurrera egiten doaz, baina ez dute ezer patentatzen, Monsanto eta beste multinazionalek egiten dutenaren kontrara. “La semilla patrimonio de los pueblos al servicio de la humanidad” esan ziguten.

Kooperatiba eta MPA borrokan dabiltza transgenikoak ekoizten dituzten multinazionalekin, hazien merkatuan espazioa eskuratzeko norgehiagoka horretan. Hazi krioilo organikoen espazioa hedatzen joatea da nekazari txikien helburua.

MPAhaziKooperatiba

Esan behar da, hazien kooperatiba honetan honetan ere, helburu estrategikoak mugimenduak ezartzen dituela kooperatibako zuzendaritzarekin elkarlanean. Gertatu zitzaien behin, kreditu kooperatiba bat sortu eta kooperatiba bera izatea ildo estrategikoa bere kabuz definitu nahi zuena, eta mugimenduari esaten ziona zer egin. Farola batek txakurrari pisa egitea bezala da hori, mundua alderantziz. “Kreditu kooperatiba hura uztea erabaki genuan” esan zigun Tahirik.

Kooperatiben sorrerak emakumeen garapenean eta gizon-emakumeen arteko berdintasuneranzko bidean jokatu duten paper garrantzitsua azpimarratu ziguten ere MMC-ko bi emakumek (Movimiento de Mujeres Campesinas). Kooperatibak sortzean, eta emakumeak aktibitate ekonomikoan parte hartzean, errenta sortzen dute eta autonomia irabazten dute. Ekoizpen proiektu hauek emakumeak erakartzen ditu MMC-ra, eta hori aprobetxatzen da gero trebakuntza feminista emateko, emakumeokin prozesu bat egiten joateko. “Senarrek uzten diete parte hartzen proiektu hauetan irabaziak eramaten dituztelako etxera, bestela zailagoa izango zen. Batzuetan emakumeak etxera gizonak baina diru gehiago eraman izan du. Horrek izugarrizko aldaketa suposatzen du” diote. Borroka prozesu luze eta gogorra da, baina proiektu zehatz hauek harribitxiak dira, emakumeak erakartzeko iman preziatuak bihurtzen baitira.

Passo Fundon ere MST-ko kideak kooperatibetaz jardun zuen: “sistema kooperatiboa lankidetzan oinarritu behar zen, eta ordura artea nekazariek ezagutzen genituen ohiko kooperatibak nakezariak esplotatzen zituzten enpresa handiak ziren. Kooperatiben oso irudi txarra zuten nekazariek, hori zela eta. Kooperatiba horien kontra borrokatu eta lankidetzan oinarritutako kooperatibak sortzen joan ginen, haziak, esnea, haragia eta hestebeteak ekoizteko. Hala MST-ren sistema kooperatibo nazionala osatu zen. Kooperatiba guztiek dituzte pertsona liberatuak mugimenduan parte har dezaten, eta mobilizazioak deitzen ditugunean, kooperatibistak dira bertan gehien parte hartzen dutenak.”

“Kooperatiben arazoa da ikuspegi politikoa galdu eta ikuspegi ekonomikoarekin soilik gelditzen direla.Hori saihesteko antolatu ditugu guk kooperatibak antolatu ditugun moduan, betiere mugimendu barruan. Eta honi azpimarratu behar zaio, nekazarien borroka ez dela soilik nekazariena, langile klase osoarena baizik. Hori dela eta sindikatuekin aliantza ari gara lantzen.”

Kooperatibismoaren erronka beti izan da barnera begira eredu demokratikoa izateaz gain, merkatuan leihatzen duen enpresa demokratikoa izatera mugatu gabe, gizarte eraldaketarako erreminta bihurtzen asmatzea. Brasilen, La Via Campesinako mugimenduek lortu dute emaitza onak ematen ari den eredua. Ekonomia sozialean gelditu ordez, ekonomia sozial eraldatzailera egin dute jauzi modu eraginkorrean, mugimenduek duten oinarri politiko-ideologiko sendoagatik eta masa mugimendu gisa duten indarrari esker. Berebiziko garrantzia duen ikasgaia.

Elikadura burujabetzarik ez, lurrak berreskuratu gabe

PassoFundoMSTakanpamendua

Beari kokotsa dardarka hasi zaio, begiak hezetu. Burua makurtu eta guri begira “no puedo…” esan digu. Parean mende erditik gora duen emakumea, hiru seme alaben ama, zortzi biloben amona, urte bete dela bere okindegia utzi eta MST-rekin Passo Fundon  lur sail bat okupatzea erabaki zuena, beste 300 familiarekin batera. Abokatu iruzurgile batek usteltzen zituen ehunka hektarea. Terra e Vida akanpamendua: plastiko beltzez estalitako barrakoak, produktu agroekologikoz ereindako sailak, oiloak, txerriren bat, antolakuntza, borroka, eta duintasuna. “Ocupar, resistir, produzir”.

MST-k denboraz prestatzen ditu okupazioak. Urte bete pasa daiteke plana zehatz mehatz diseinatzen duten bitartean, eta gau batean 100, 1000, 2000 familiak, oinez gehienetan, autoz batzuetan, bide bihurrietatik kilometroak egin ondoren aukeratutako lur sailan sartzen dira, eta urteetan beren bizileku prekario eta mehatxatua izango den akanpamendua eraikitzen dute. Aukeratutako lur sailak ustelkeriaz goraino estalita dauden jendilajearenak izan ohi dira, urtetan abandonatuak izandako lurrak.

TerraVidaAkanpamenduaMST

Bere bizipena kontatu zigun, zuhaitza baten azpian lurrean eserita ginela, akanpamenduko konpañerak. Orain urte betetik dagoela hemen, eguna lanean pasatzen duela, noizean behin hirian bizi den bere semeetako bat datorkiola bisitan, badakiela edozein momentutan militarrak sar daitezkeela familiak handik botatzera, baina berak lur bat nahi duela bertatik bizitzeko, eta borrokan tinko jarraituko duela, etsi gabe.

MST-koek erabiltzen duten taktika bat da, lurra okupatu bezain laster, lurrak landatzea (artoa, babarrunak, mandioka…), Brasilgo lege batek baitio landatutako lurretako produktuak landatu dituenarentzat direla. Kanporaketa saihesteko, edo zailtzeko gutxienez, beste modu bat.

Galderen txanda amaitu zitzaigunean, hain justu, bota zituen Endikak denbora gelditu eta bihotzak xamurtu zituzten hitzak; berea ez zela galdera, barruan gorde ezin zezakeen aitorpena baizik: “espresa ezin dezakegun ohorea da guretzat zuekin hemen egon eta zuen bizipenak entzutea; zuen borroka eta tinkotasuna eredu ikaragarria da guretzat”. Beari hiru urte hauetan Brasilen MST-koekin bizitako guztia lehertu zitzaion barruan, sentimendu eta emozioek gaina hartu zioten, eta portugesez atera ez zitzaizkion hitzak txalo zarta Euskal-Brasil herritarrak ordezkatu zituen.

MSTakanpamendua

Une berezi batetik bestera gabiltza Brasil Hegoaldean mikrobus baten barnean. Egun batean hilabete bat pasatzen dugu guk hemen. Mugimendu desberdinetako jendearekin elkartzen gara, bizitza hobearen bila nekazaritza agroekologikoan oinarritutako alternatibaren alde borrokatzen duen jendea, La Vía Campesina. Kutsatzen eta pobretzen gaituzten agronegozioaren, agrotoxikoen, multinazionalen kontrako borroka etengabea.

Soja landa amaigabeak ikus ditzakezu, eta ondoan baratza txikiak, bertako hazi garbiekin ereindako barazki eta fruitu desberdinekin, modu organikoan ekoitziak, inolako pozoirik gabe. Oso modu grafikoan ikusi dugu Quilombon, MMCko (Movimento de Mulheres Camponesas) Justinaren etxean. Nola lortu transgenikoek eta soja sail berde erraldoiek oasi organiko txiki hauek ez irenstea? Latza da borroka.

Agronegozioak elikadura kutsatua ekoizten du, gaixotu egiten gaitu, nekazaritza agroekologikoak baina lanpostu gutxiago sortzen du, ingurumena hondatzen du, eta esportaziorako monokultiboak bultzatzen ditu, lurra ihartuz… Hitz batean, agronegozioa brasildarrentzat, mundu osoarentzat, arrisku bat da, baina geroz eta gehiago ari da hedatzen. Zer dela eta? Gutxi batzuk diru mordoa irabazten dutelako horren kontura, eta diru horrekin politikariak erosten dituztelako. Horrek azal dezake PT-ren gobernuak, nekazaritza agroekologikoaren aldeko neurri garrantzitsuak hartu baditu ere, azken finean, eta gauzak aurrekontuetara ekartzean, 170.000 milioi erreal bideratzea agronegoziora, agroekologiara 30.000 milioi bideratzen dituen bitartean.

Justina MMC QuilomboBorroka oso zaila da, eta Justinak hala azaldu zigun Quilomboko bere etxean, gazteen erreleboa nola dagoen galdetuta: “gazteek utzi egin dute landa eremua. Kontraesana dirudien arren gure seme alabak hemen ondoko hiltegi industrial batean egiten dute lan. Modu intentsiboan, esportaziora bideratutako oilasko fabrika honek 1800 langile ditu, eta beraien artean daude gure seme-alabak. Guk daukagun lur eremu honek senarra eta ni bizitzeko baino ez ematen. Seme-alabei lurra falta zaie, baina bizitzeko errenta bat behar dute. Lurrik ez dutenez, errenta hori lortzeko modu bakarra beren lan indarra saltzea da, eta gauzak hala, guk borrokatzen dugun agronegozioan egiten dute lan.” Langile klasearen definizio paregabea egin zigun 60 urteko Justinak modu naturalean, beraien errealitatea azaldu zigunean.

Horixe da kapitalismoak ezartzen duen eredu, hemengo mugimenduek gogor borrokatzen dutena nekazaritza agroekologikoa bultzatuz, elikadura burujabetza helburu. Baina, nola lortu seme alabentzat lurrik ez bada? Lurrak okupatuz, lurrak berreskuratuz. Handikiek lapurtutako lurrak berriro ere nekazarien eskuetara bueltatuz.

Ez dut esan, baina akanpamenduetan urte luzez eutsi ondoren, borroka askoren ondoren, gobernua behartua izaten da familia horiei lur bat ematera zenbaitzutan. Hori gertatzen denean (5 urte pasa daitezke, 10 urte, badaude 18 urte akanapamenduan daroaten familiak…) akanpamendua asentamendu bihurtzen da, eta bertan, jada, jendeak bere etxea eraikitzen du eta bizi berriarekin hasi, nekazaritza eta abeltzantzan, kooperatibetan antolatuta, modu garbian ekoitziz, mundua elikatuz. La Vía Campesina.

Elikadura Burujabetza alternatiba da Brasilen eta Euskal Herrian

Egun hauetan Euskal Herriko delegazio bat Brasilen dabil Elikadura Burujabetza bultzatzeko esperientzia desberdinak ezagutzen. Elikadura Burujabetza da La Vía Campesinak (LVC) proposatzen duen alternatiba, guztia (pertsonak, planeta, bizitza) merkantzia bihurtzen duen kapitalismoaren aurrean. Delegazio honetan parte hartzen ari da ELA sindikatua eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, alternatiben eraikuntzan Elikadura Burujabetzak duen garrantziagatik.
Brasilen esperientzia oso interesgarriak jarri dituzte martxan LVC-n parte hartzen duten herri mugimenduek. Multinazionalen esku dagoen nekazaritza industrial agrotoxikoa salatzeko eta bizitzari eragiten dizkion kalteak agerian uzteko, mugimendu hauek antolakuntza eta mobilizazio indartsuak bultzatu dituzte. Horrek kontzientziazioa ekarri du eta gobernuak behartu ditu nekazaritza txiki agroekologikoaren aldeko neurriak hartzera.
Alde batetik herri mugimendu hauek nekazari txikien ekoizpena antolatu dute kooperatiben sorreren bidez, eta bestetik ekoizpen horren kontsumoa bermatzen saiatzen dira eskola, ospitale eta lantegietako jangelatan produktu hauek eskainiz. Hori lortzeko politika publiko jakin batzuk eskatzen eta lortzen ari dira, mobilizazioei esker, eta sindikatuekin elkarlana bultzatzen ari dira jangeletako jakiaren auzia negoziazio kolektiboko eskaeren artean sartu ahal izateko.
Esperientzi hauek ezagutzeko Euskal Herriko eragile desberdinak etorri gara Brasilera Etxalde, Bizilur eta EHNE Bizkaiaren eskutik: baserritarrak, sindikalistak, unibertsitateko irakasleak, Euskal Herriko instituzio eta udalerri desberdinetako ordezkariak, mugimendu sozialetako militanteak… Helburua da, hemengo esperientziak ezagututa, Euskal Herrian ere elikadura burujabetzan aurrera egiteko sinergiak eta esperientziak sortzea. Egun hauetan belakien moduan xurgatzen ari garena, ea asmatzen dugun gero Euskal Herrian hedatzen.

Brasilen MST-k badu mistika

MSTren Escuela Nacional Florestan Fernandes, Sao Paulo ondoan. Apirilak 9 ditu, goizeko zortzietarako ordu laurden falta da, mistika garaia.

Trebatzaileen trebakuntzan dabilen talde batek antolatu du. Lau emakume ilaran bosgarren bati begira. Saski bat darama batek loreekin, nezkazaria. kainabera eta arraina bigarrenak, arrantzalea. Langile kasko bana buruan azken biak. Parean dagoenak ezker ukabila gora altxata “¡sí se puede!”. Besteen oihartzuna jarraian, “¡sí se puede!”.

MSTflorestanfernandesMistika

Taldea lideratzen duen emakumea gizonak jipoitzen du etxean. Gizon batek lorez betetako saskia kendu dio indarrez nekazariari, armadun baten laguntza behar izan du. Beste horrenbeste egin du arrantzalearekin; indarrez kendu dizkio kainabera, arraina eta saskia. Bi emakumeak lurrean gelditu dira buruz behera. Kartel batek azaldu digu kontua: “dispossession of commoms”. Komunaren desjabetzea.
Langile kaskoa daramaten bi emakumeak meatzean lanean dabiltza, harriari joka. Beraien lanak gutxiago balio duela diote, emakume izateagatik gutxiago pagatzen dietela.

Orduan azaldu da berriz saskiak lapurtu dituen gizona. Lurrean etzanda zeuden nekazari eta arrantzaleari eskua eman, zutiarazi eta bere meategian lan egitera “gonbidatu” ditu.
Lau emakume dira jada harriari jo eta su ari direnak. “Azkarrago!” oihuka gizonak. Kink, kink, kink. “Azkarrago!”. Kink-kink, kink-kink, kink-kink. “Azkarrago!”. Garraxika hasi dira emakumeak: “Nekeak jota, gaxo gaude! Ezin dugu gehiago!”.

Falta zen emakumea azaldu eta “elkarrekin borrokatu behar dugu!” bota die. Orduan kantuan hasi dira, mundua alda daitekeela, bizitza berri bat borrokaz eraiki daitekeela. Prozesioan hasi dira kantuan, txaloka. Gu ere ginbidatu gaituzte barrura. Nora goaz? Ez dakigu. Aurrerantz garamatzate doinu, erritmo eta korronteak. Eraiki dezagun mudu berria. Lorategi batera iritsi gara. Masta biren oinetan bandera bana, Via Campesinakoa eta MSTkoa. Inguruan kokatu gara guztiok.

Internazionala kantatuz banderak gorantz hasi dira. Goizeko zortziak. Nolako indarra, emozioz, estetikaz, bizipenez betetako ordu laurdeneko errepresentazio batek. Nolako trebakuntza, mistika antolakuntza bera, eta mistikan parte hartzea. Horrela hasten den egun bat, nola amaituko da?