Monthly Archives: martxoa 2014

Oasirik gabeko desertua

Irudia

Eskozian zen. Ez ziren Highlands-ak, baina gertu ginen. Errepide estu estua, doi-doi sartzen zen Citroen AX granatea asfaltoan. Barruan lau mutil eta neska bat. Gazte denbora. Bihurgune bat eta beste bat. Bakardadea kilometro eta kilometroetan. Noizean behin zabalgunetxoren bat errepidean  autoren batekin gurutzatuz gero bidea emateko. Zelaiak eta zelaiak inguruan. Belar luze haizeak orraztua nonahi. Bertan oina pausatuz gero, txof-txof, oinetakoak blai.

Desertua beti lotu izan dut lehortearekin, baina desertu hura hezea zen. Zuhaitzik ez ezkerrean zuhaitzi ez eskuinean. Inor ez aurrean, inor ez atzean. Citroena, bost lagunak eta burrun burruna besterik ez orduetan, eta bat batean etxetxo bat; kea tximinian gora, argia barruan. Baina, nola daiteke? Nola daiteke hemen norbait bizitzea?

Atxagaren Nevadako egunak irakurtzen etorri zait gogora ikasle garaietako bidai hura; Eskozia ipar mendebaldeko desertu hura, eta desertuaren erdian, bizia. Atxagak ere halako esperientzia bat aipatzen du bere azken liburuan. Ametsen bat ere kontatzen digu bertan, beltzezko batek leporatzen diola desertuaz asko idatzi izana, bai, baina desertua zer den jakin gabe, desertua ezagutu gabe. Filma eta ipuinetako desertu idiliko hori benetakoa ez omen. Zer da, bada, desertua?

Errespetu handia ematen didate soldata jaitsi, lanorduak igo, lan baldintzak kaskartu nahi dizkien enpresaren aurrean burua makurtzen duten langileek. Egoera latza da, beldurra handia, kezka ikaragarria. Hipotekak daude ordaintzeko, ahotxoak elikatzeko, gorpuztxoak janzteko.  Egunerokoa konplikatua da; indarra, kemena, erabakia behar da egoera bidegabe baten aurrean aurpegia eman eta aurre egiteko. Ez dago edonoren eskuetan. Horregatik, errespetu handia diet , lan baldintzak kaskartuta ere, enpresan borrokatzeko aukera egiten ez dutenei.

Baina, are errespetu handiagoa diet aurreko egoera berdinean egonda ere, bizitza konplikatzea erabakitzen duten horiei. Inposaketa bidegabeak ez dituzte irensten, ez dute zama barruan eramaten, ez dute bidegabekeri hori ezkutatzen. Bidegabekeria hori agerian uzten dute borrokatzeko erabakia hartzen dutenean. Lankideei egoera azaldu, motibatu, antolatu eta bidezkoa dena eskatzeko borrokan jartzen dituzte. Zuhaixka bat dira arroka artean, lore bat lur elurtuan, oasi bat desertuan. Horixe da langileak borrokan dituen enpresa bat. Erreferente bat, inposatzen dizkiguten neurriei aurre egin dakiekela erakusten dute, itxaropena dira, beste etorkizun bat eraiki dezakegula demostratzen digutenak. Oasi bat desertuan.

Soldatak, lan baldintzak, prestazio sozialak, pentsioak, eskubideak murrizten dizkiguten bitartean, burua makurtzea, isilik geratzea, ez borrokatzea goraipatzen dute zenbaitzuk, ezkutatuz hori beldurrak eta kezkak baizik ez duela eragiten. Borrokatzen  dutenak, ostera, deitoratzen dituzte. Giro gatazkatsuak egoera okertu besterik ez duela egiten.

Baina, zer litzateke hau borrokatzen duten langileak dituen enpresarik gabe? Desertua. Desertu hutsa. Oasirik gabeko desertua. Zer inporta zaio, ordea, jauregian bizi denari desertuan oasiak egotea edo ez? Berarentzat desertua filma eta ipuinetako desertu idilikoa besterik ez da.

Troikanoak eta Mohikanoak

Imagen

Argazkia: Xomorrito (www.xomorrito.com)

Asko ari da hitz egiten asteleheneko gertaeretaz. Bilbok inoiz jasan duen eraso larriena izan dela. Biolentziarekin ez dela ezer lortzen. Eskaparate batzuen apurketa ez dela konparagarria milioika heriotzekin. Ertzantzak indarkeria gehiegi erabili zuela. Ertzantzak askatasun osoa eman ziela kaputxadunei nahi zutena egiteko. Bilbo sute batetik libratu zuela ertzantzak…

Biolentziaren erabilera zilegiaz eta ez zilegiaz ere hitz egiten da. Eraso neoliberalak eragindako sarraskiaren aurrean normala dela jendeak bortxara jotzea. 100.000 euroko kalteak eragin direla. Txikizioak lanpostuak sortuko dituela. Alderdien kondenak. Besteek ez dutela kondenatu. Guggenheimen zeudenei bost axola zaiela kalean gertatzen dena. Istiluez baizik ez dela hitz egiten medioetan.

Izan dira ere galdetu dutenak kaputxadunek egindako balentriak zer lortu duen. Medioetan egun bateko loria, bi teleberrietako ospea. Troika pozik heldu zela Bilbora, eta pozik egin zuela ospa, erreforma gehiago exijituz, sakrifizio gehiago eskatuz. Troikak nahi duena egiten duela, ahal duelako. Boterea duelako. Eta hala da. Baina berdina galdetu zitekeen ere, manifestazioa, bakean, amaieraraino iritsi izan balitz. Ezer lortuko al litzateke?

Galdera hori oso erabilia da mobilizazioetan parte hartu nahi ez dutenen artean. Grebarekin zer lortzen da? Geldituko ote dugu erreforma? Manifestazioarekin zer lortzen da? Lortuko al dugu troikaren asmoak gelditzea? Eta hemen sartzen gara mobilizazioetara deitzen dutenen helburuetan.

Zer lortu nahi zuten kaputxadunek? Ez dakit. Ezin jakin, beraz, nahi zuten helburua lortu duten. Nik behintzat greben eta mobilizazioen balioa neurtzeko badut modu bat. Blog honetan aipatu dut noizbait, greben kontrako mantrei nolabait erantzuteko. Nire ustez, mobilizazio batek bete du helburua, baldin eta bertan parte hartu dutenak indartuta ateratzen badira bertatik.

Gizarte eraldaketa ez da egun batetik bestera etorriko. Prozesu luze bat izango da, zaila, gatazkatsua, baina aurrera egingo badu indarrak metatzen joan beharko dugu. Jendea behar da, jendea kalean, jende asko eta asko kalean.

Ez dago dudarik sistemak biolentziarekin erantzungo duela bere interesak arriskuan ikusten dituen momentuan. Askotan egin du.

Prozesu luze hori ibili nahi dugunak ez gara hegemonikoak. Korrontearen kontra goaz, eta hori oso nekagarria da, boterea duenak medio asko baititu gure ahalegin alimalekoak isilarazteko. Nekeza da eta esfortzu handia eskatzen du.

Horregatik, niretzako, mobilizazio arrakastatsu bat da, kontzientziaziorako eta kaleko pedagogia egiteko balio izateaz gain, bertan parte hartu dugunak pilak kargatzeko balio izan duena. Bertatik indarrez, gogoz, aurrera egiteko grinaz ateratzen bagara, “Jo, zer jendetza! Zein ederki! Hurrengoan gehiago!” esanez, gauzak taxuz egindako sentsazioaz etxeratzen garenean esaten dut nik arrakastatsua izan dela mobilizazio bat. Niretzat hori da helburua, indarrak metatzen joatea, geroz eta jende gehiago biltzen joatea, kaleak kolapsatu arte.

Asteleheneko manifestaziotik, egon zen jendetza egonda ere, burumakur, etsita, ezinak jota atera nintzen, eta nire inguruko asko ere bai. Bistan denez, niretzat ez zen mobilizazio arrakastatsua izan.

Orain biolentziaren erabileraren zilegitasunaz hitz egiten jarraituko dugu, defentsiban. Boteredunak eroso. Kaputxadunek beren helburuak bete zituzten? Ez dakit. Guk, behintzat, ez.

Inauteriak

Kostata. Kostata, bai, baina atera naiz korrika egitera goizean. Goiz samar zen eta kolore biziko plastikozko betaurreko apurtu batzuekin egin dut estropezu. Serpentinak topatu lurrean barreiatuak, konfetiak aurrerago.

Ez nuen oroitzen, baina herensugeak, eskoziarrak, panda artza, sorginak eta pailazoak ikustean pentsatu dut konpainia onean egingo nuela gaurko saioa.

Eseak egiten ikusi ditut batzuk, biren artean bat eramaten, rockabilly batzuk sevillana batzuei “ole esas palmas” oihukatzen. Elvis bakarti bat burumakur, bikote bat etxera bueltan, beste bikote bat besotik, beste bikote bat musuka, ezpain arteko ileorde hariei ezaxolati. Korrikalari multzo pare bat ere ikusi ditut, baina ez zen mozorroa.

Gaua hastean dena  da festa, dena barre, oihu, jolas. Goiza iristean, irabazle eta galtzaileak; baita berdinketarekin etxeratzen direnak ere, beste pretentsiorik gabe.

Etxera iristen ari nintzela entzun dut neska, berekin zegoen mutilari, garrasika. Berak jarri nau ordenagailu aurrean hau idazten. “Me cago en tu puta madre! A que te parto la cabeza cacho cabron hijo de puta!” ari zen oihuka. Gaueko edo beste noizbaiteko pasadizo bat kontatzen ari zitzaion mutilari. Berak, edo beste norbaitek, kalean edo beste nonbait, izandako sesioa, pentsatzen dut.

Iruditzen zait, hitz gordin horiek, keinu eta jarrera gogor horiek, barruan ditugun hausturak eta dudak,  minak eta ezinak, ahultasun eta penak mozorrotzeko erabiltzen ditugula. Inauteriak.