Ezkerraren erronkak Euskal Herrian

Hona hemen atzo Bergaran (Sortu Bergarak antolatutako eskola herritarrean) emandako hitzaldiaren transkripzioa

SARRERA

Arratsalde on guztioi eta mila esker hemen hitz egiteko aukera emategatik. Ibaik deitu zidanean eta galdetu zidanean ea parte hartuko genuen Ezkerraren erronkei buruzko mahai inguru batean, asko poztu nintzen. Pentsatu nuen, “joño, badago oraindik ezkerrari buruz aritu nahi duen jendea!”. Ohikoago da entzutea ezkerra lehengo gauza dela, orain modernoagoa da esatea “ni ez naiz ez ezkerrekoa ez eskuinekoa”. Horregatik poztu ninduen sirena kantu horiei entzungor egiten dien jendea badela jakitean.

Egia da ezkerra oso lotuta egon izan dela barne zatiketak, eztabaida amaigabeak, eszisioak eta ezin ikusiekin. “Zu ez zara ezkerrekoa, ni zu baino ezkerrerago nago…” zenbat dogma bete behar, zer zaila purutasunaren purutasuna lortzea. Oso modu kominko eta ederrean islatu zuen errealiteta hori La Vida de Brian filmak.

Ni, hemen, eztabaida horretatik ihes egiten saiatu eta zentratuko naiz, ezkerrak duiten erronken aurrean, ELAn egiten saiatzen ari garen horretan.

  1. Egoeraren azterketa txiki bat egiten hasiko naiz, probokazio bat erabiliz: duela 60 urte eskuinak ezker politikak egiten zituen. Orain ezkerrak eskuin politikak egiten ditu.
  2. Egoera zein den ezagututa, gure ustez ezkerraren erronkak zeintzuk diren azalduko dut eta erronka horien aurrean gu zer egiten ari garen kontatzen saiatuko naiz.
  3. Amaierarako saiatuko naiz esandakoa laburbiltzen, hemendik ateratzen zaretenean zerbait behintzat gogora dezazuen.

Gogoratu behar duzuen laburpentxo hori honen oso antzekoa izango da: guretzat ezkerrak Euskal Herrian duen erronka da herritarrei gardentasunez eta pedagogia handia eginez gertatzen ari dena azaltzea: galtzen ari gara, gutxi gara, eta gaudenon artean nahi dugun gizarte eredua eraikitzen joan behar dugu; epe luzeko estrategia batekin, behetik gora, langileak, emakumeak, herritarrak boteretuz; aldaketa ez baita lortuko ez dakit zer mahaitan, ez dakit zer gobernutan, ez dakit zer sinatuta; aldaketa lortuko da sinatu den hori gauzatzeko indarra, gaitasuna eta medioak eraikiak baditugu.

1. EGOERAREN AZTERKETA: PROBOKAZIO BAT

Hasteko, beraz, probokaziora joko dut.

50. hamarkadan Estatu Batuetan errenta altuenak zituztenek errentaren %91 ordaintzen zuten zergetan.

50. hamarkadan Estatu Batuetan enpresa handiek ordaintzen zituzten zergek diru sarrera federalen %30a suposatzen zuen.

50. hamarkadan Estatu Batuetan Eisenhower eskuindarra zegoen gobernuan.

Europan ere garai hartan, esaterako, herrialde gehienetan aberastasunaren %70-75a soldatetara zihoan.

Eta orain zer gertatzen da?

Soldatak Estatu Batuetan 1969etik 2009ra %28 jaitsi ziren.

Errenta altuenek %91 ordaintzetik %35a ordaintzera pasa ziren. Obamak proposatu zuen %39ra igotzea, baina pentsa zein urrun gelditzen den %91 hartatik!

Enpresa nagusiek zergetan ordaintzen dutena diru sarrera federalen %6,6 baino ez da.

Europan joera berbera errepikatzen da. Eurogunean 1996-2006 hamarkadan mozkinak %36 igo ziren, lan kostuak, ordea, %18,2.

1992an soldaten pisua aberastasunean %70ekoa zen eurogunean. 2005ean %62koa. Alemanian 1995etik 2009ra sozietateen gaineko zerga 26 puntu jaitsi zen eta errenta altuenen zerga 9,5 puntu. Schroeder, ezkerra, zegoen gobernuan.

Datu hauek zer erakusten dute? Asko-asko sinplifikatuz (eta ongizate estatua emakumeen, kolonien eta planetaren esplotazioan oinarritu zela ahaztu gabe): 50-80 aldian oro har ezker politikak egiten ziren gobernuan eskuinekoak egonda ere. 80. hamarkadatik aurrera, ordea, joera guztiz kontrakoa da: eskuineko politikak egiten dira ezkerra gobernuan egonda ere.

Nola azaldu hori? Zergatik 50. urteetatik aurrera egiten zituzten ezker politikak eskuinekoek? Hemen ere gauzak oso labur esanda, langile mugimenduaren indarra eta komunismo erreala izan ziren kapitala itun bat egitera behartu zutenak. Sistema salbatzeko kapitala prest zen tarta hobeto banatzeko. Baina kapitalak itun hori mantendu zuen, apurtzeko aukera ikusi zuen arte. Horrela, 1973ko krisia aprobetxatuz eta SHOCK doktrina erabiliz, erasora jo zuen, eta ziklo neoliberala abiatzen du, bereziki Thatcher eta Reagan agintera iristen direnean.

Eta Euskal Herrian zer? Esan behar da EAE eta Nafarroan ongizate estatua, diktadura dela eta, beranduegi eta modu oso mugatuan iritsi zela, 80. hamarkadan, Europan eta Estatu Batuetan ziklo aldaketa abiatua zenean. 90. hamarkadarako hemen ere neoliberalismoa gailendu zen.

Datu batzuk ematearren: EAEn 1993an soldatetara zihoan aberastasunaren %54,7. 2006an aldiz %48,3. Kapitalak lan errentek baina askoz gutxiago ordaintzen du. Zerga zuzenen %80 langileok ordaintzen dugu, kapitalak %11 besterik ez. Ignacio Zubiri Ekonomia Katedradunak dioen moduan, hemen enpresek oso gutxi ordaintzen dute zergetan, edo ezer ez (enpresen %80k dio galerak dituela edo 6.000 euro baina gutxiago irabazten duela urtean).

Beraz, eta laburbiltzeko, 50. hamarkadatik aurrera lortzen da kapitalak ezker politikak onartzea, langile mugimenduak indarra duelako, eta bloke komunistaren alternatiba erreala (bere gauza on eta txarrekin) hor dagoelako mehatxu gisa. Beraz, gaur egun aldaketa lortzeko gakoa, berriro ere, kapitala behartuko duen indarra eta alternatiba erreala lortzea izan daiteke.

Ez dut zati hau amaitu nahi aldaketa hori lortzeko itxaropena piztu zuten bi kasu aipatu gabe, dugun erronka definitzeko oso baliagarriak iruditzen zaizkidalako:

1. Lehena Grezia da. Syriza gobernura iritsi zenean, bertan genuen itxaropena. Begira noraino iritsi ziren: erreferenduma egin eta Europako memorandumari ezetz esan zioten. Baina ez zuten B planik. Ez zeuden prestatuak Europar Batasunaren erasoaren aurrean beren kabuz aurrera egiteko.

Bigarren kasua Katalunia da. Begira noraino iritsi ziren. Oroimenean iltzatuak ditugu urriaren 1eko erreferendumaren irudiak. Independentzia aldarrikatzera iritsi zen Parlament-a. Baina gauza ez aurrera ez atzera dago. Ez zuten beren kabuz errepublika independiente gisa abiatzeko behar zutena eraiki.

2. EZKERRAREN ERRONKA ETA GU EGITEN ARI GARENA

Bi kasuok erakusten digute, burujabetzak eraikitzean dagoela ezkerraren erronka; mahai batean, gobernu batean, zerbait sinatzen denerako, sinatzen den hori beteko dela bermatuko duten burujabetza horiek eraikitzean. Sinatuko den hori, erabakiko den hori, gauzatu ahal izateko langileen, emakumeen, herritarren babes eta indar antolatua landuta egon behar du eta beharko diren medioak eraikiak, nahi dugun gizarte eredu horren balioetan oinarrituz. Horra hor gure ustez ezkerrak Euskal Herrian egun duen erronka nagusia. Baina hori nola egiten da?

Galdera horri erantzuteko, lehen esan dudan moduan, gu egiten ari garen horretan zentratuko naiz, iruditzen baitzait esan eta egiten duguna bat etortzea, ahal den neurrian behintzat, ezinbesteko ezaugarria dela aldaketan arrakasta izateko.

Egiten ari garena hiru hankatan dago bermatua:

1. Ezkerreko diskurtsoaren erreferentzia mantendu eta mobilizatu

Alde batetik, inposatu nahi dizkiguten politikei ezetz esan behar diegu: lan erreforma, pentsioen erreforma, negoziazio kolektiboaren erreforma, AHT, Erraustegia, TTIP, CETA, Europako tratatua, zergen jaitsiera, pribatizazioak, murrizketak… Ezinbestekoak dira protestak, mobilizazioak, grebak… erreferentzia alternatiboak markatzen jarraitzeko. Jendeari gogorarazteko politika neoliberal hauek ez direla derrigorrezkoak, aukerazkoak baizik.

Behin eta berriz entzun behar dugu: baina zertarako protestatu, zertarako greba egin, zertarako manifestaziora joan? Bat ez gatozela esateko, beste bide batzuk badaudela gogoratzeko, erabaki hauek hartzen dituztenen interesak agerian uzteko… Gutxi gara, bai; ez ditugu erabaki hauek gelditzea lortzen, hala da, baina erreferentzia markatzen jarraitu behar dugu.

Diskurtsoarekin eta mobilizazioekin ezkerreko erreferentzia mantentzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Jendearen behar materialei erantzun behar zaie. Oro har, jendea proiektu batera erakarriko dugu bere baldintza materialak hobetzeko balio dugula egiaztatzen badu. Diskurtsoak garrantzia dauka, baina lehen urratsa jendearen bizimodua hobetzeko baliagarria izatean datza.

2. Enpresa eta lan zentroetan langileak antolatu eta lan baldintzak hobetu

Horixe da, hain justu, egiten saiatzen ari garena: sindikatua baliagarri bihurtu, lan erreformen, prekarietatearen eta langile pobreen aroan langileen lan baldintzak hobetzeko. Hauxe da erronkari erantzuteko gure bigarren hanka.

Langile mugimenduak II. Mundu gerra ostean kapitala itun bat sinatzera behartu zuenean, nondik atera zuen indarra? Ez zuen instituzioek oparitu zioten aitortzatik atera, baizik eta langileen artean egotetik, langileak antolatzetik, itxaropena eta aldaketarako grina kutsatzetik, hobekuntzak eta eskubideak langileak beraiek mugituz, borrokatuz lortzen direla sinistaraztetik. Antolakuntzaz eta borrokaz lortutako garaipen bakoitzak jende gehiago erakartzen zuen. Behean eraikitako indar horrek behartu zuen kapitala ongizate estatuaren ituna sinatzera. Itun horrek eman zien sindikatuei aitortza instituzionala, mahai bateko sinadura batekin langile askoren lan baldintzak hobetzeko aukera. Baina aitortza instituzional horrek, eta horren ondorioz jasotako diru publiko guztiak eraman zituen sindikatuak langileengandik eta lan zentroetatik urruntzera. Eta orain, kapitalak ituna apurtu duela, sindikatuei mahai batean sinadura batekin langileen lan baldintzak hobetzeko aukera kendu die.

Nola berreskuratu indarra? Langileengana itzuliz, enpresetara eta lan zentroetara joanez, hasierako sindikalismora bueltatuz: langileak berak antolatzen diren tokietan eta langileek berek borrokatzen duten tokietan soilik lortuko da lan baldintzak hobetzea. Langileei egia esanda; argi esanda beraiek direla antolatu eta borrokatu behar dutenak, ez dagoela sindikaturik sinadura batekin edo negoziazio batekin lan baldintzak hobetuko dituena, ez bada langile berorien parte hartzerik gabe. Hori bai, guk erresistentzia kutxa, zerbitzu juridikoak, negoziazio kolektiboko gabinetea, eta gure ezagutza eta jakinduria guztia jartzen diegu eskura. Baina beraiek dira konpromisoa hartu, antolatu eta borrokatu behar dutenak, gure laguntzarekin.

Eta halaxe garaipentxoak lortzen gabiltza (500etik gora enpresa hitzarmen lan erreforma kanpoan uzten dutenak), eta antolatu direnak ikusten dute sindikatuan antolatzeak merezi duela. Eta garaipentxo hori eredu da beste leku batzuetarako, eta beste leku horietan antolatzen hasten dira, eta horrela garaipentxoak hedatzen doaz, jendea gehitzen.

2017 urte hasiera 2016ko garaipenak ospatu genituen protagonista ahalik eta gehienekin. Ehunetik gora garaipen zenbatu genituen. Aurten ere iazkoa zerrendatu eta ospatuko ditugu. Enpresa txiki eta ertainetan ere ohiko bihurtzen ari da lan erreforma kanpoan uzten duten hitzarmenak lortzea.

Azken aldian garaipen batzuk aipatzeko: Debako zabor biltzaileak, UTE Urola-Debako errepideetako langileak, Euskaldunako azpikontratak, AHT eta Tabakalera (ZULOAN liburuan daude xehetasunak), Occidental eta NH hoteletako garbitzaileak, Aransgi fundaziokoak, Zarauzko garbitzaileak, Dachser-ekoak, DHL-Mercedesekoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak, kiroldegietako azpikontratak (Amurrio, Zarautz…), Bizkaiko erresidentzietakoak

Dena den garaipen hauek guztiek ez dute langile guztien lan baldintzen hobekuntza ekartzen. Hori da erronka, lan zentro antolatuak hedatzen eta hedatzen joan harik eta lan baldintzak guztiei hobetuko zaizkien arte.

3. Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarrituta, alternatiben sarea eraiki

Baina langileen bizi baldintzak ez dira soilik lan zentroetan jokatzen, lan zentrotik kanpo ere. Ongizate Estatu eraisten ari diren honetan, pribatizazioak eta murrizketak eguneroko ogia direnean, kapitalismoak bizitza bera suntsitzen du. Kapital metaketa erdigunean jartzen duen sistema ordezkatu nahi dugu bizitza duina erdigunean jartzen duen sistemagatik. Ekonomia demokratikoa bilatzen dugu, guztion artean erabaki dezagun zeintzuk diren ditugun beharrak, nola erantzungo diegun behar horiei… Hein batean orain arte, bere gabezia guztiekin, sistema publikoak halako zerbait egiten zuen, baina orain sistema publikoa erasopean egonda nork egingo du? Hortxe kokatzen da ekonomia sozial eraldatzailea.

    1. Iparralde eredugarria da halako proiektuetan, eta guk ahal dugun neurrian Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta soziala, 2013ko Alternatiba eguna Baionan, I-Ener energia berriztagarria ekoizteko elkartea… bezalako proiektuak babestu ditugu. Eta eredu honen azken emaitza Bakearen Artisauena da.
    2. Goienerreko bazkide gara, eta gure lokaletan Goienerrek bermatzen digu energia berriztagarria. Kanpaina bat egiten ari gara ELAkideak Goienerrera pasatzeko
    3. Fiareko bazkide gara, eta kontuak dauzkagu bertan.
    4. Koop57ko bazkide gara, bertako zuzendaritza batzordean eta batzorde sozialean gara
    5. EHko eskubide sozialen kartan parte hartzen dugu EHk behar duen alternatiba eraikitzen joateko, eta horren barruan jendartean ESE ezagutarazteko Bilbon Alternatiben Herria antolatu genuen eta aurten Iruñean antolatuko dugu.

Hauek guztiak proiektu txikiak dira, bai. Baina erronka da sarea zabaltzen eta hedatzen joatea. Proiektu hauek jendea erakartzen dute, eta jendea ahalduntzera darama. Erronka da denborarekin hau unibertsalizatzea, guztientzat izango den sistema demokratiko bat ezarriz bizitza duina erdigunean izango duena.

3. LABURBILDUZ

Erronka da burujabetzak eraikitzea. Hau da, bizitza erdigunean jarriko duen sistema eraikitzen joatea, jendea ahaldunduz, esaten duguna praktikan jartzen saiatuz, sare hori hedatuz, jendea erakarriz; eredu hau unibertsala izateko indarra, medioak eta kemena bilduz, mehatxuak mehatxu, erasoak eraso, bizitza erdigunean jarriko duen herri burujabe baterantz. Hori lortzeko hiru esparrutan ekiten dugu: erasoei eta erabaki politikoei aurre egiten jarraitu kalean eta diskurtsoan, langileak antolatu beren lan baldintzak hobetzen eta ahalduntzen joan daitezen, eta ESE bultzatzen, hedatzen eta eraikitzen parte hartu, esaten duguna guk ere praktikatuz.

Horra ezkerrak EHn dituen erronkak; horra gu zer egiten saiatzen ari garen. Esango digute ezkerraren asuntoa zaharkitua dagoela, lehengo garaikoa dela. Baina ez da horrela.

Eusko Jaurlaritzari entzungo diozue Auzolana esaten politika neoliberalak ezartzen dituen bitartean. Markel Olanori entzungo diozue burujabetza esaten, maiatzan Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko American Entrerprise Institute think tank estatu batuar neoliberalarekin akordioa sinatu zuen bitartean.

Baina arazo larritzen da ezkerra bozkak irabazteko diskurtso ez ezker ez eskuinekoekin hasten denean. Axier Lopezek modu argian esan zuen Argian: ez bazara ez eskuin ez ezkerrekoa, zentro komertzialekoa zara.

Eta amaitzeko badakizue nork esan zuen lehen aldiz “gu ez gara ez ezkerreko ez eskuineko”? Primo de Riverak, falangetaz ari zela. Eta Mussolinik jarraitu zion, faxismoaz ari zela. Beraz, kontuz ibili halakoak entzuten dituzuenean!

Mila esker!

Advertisements

Langile klasea? Oui, c’est moi

OlentzeroSare sozialak islatzen duen errealitatea fikziozkoa dela esan ohi dute. Komunitate endogamikoak osatzen direla, eta iritzi berberak dituztenak elkarri segika, datsegitka eta retuitka dabiltzala. Egon ohi dira salbuespenak, dena den. Sortzen dira noiz behinka elkarrizketa aberatsak eta sorpresak.

Jarri nuen txio bat Zubietako erraustegiaren eraikuntzan lan-baldintzak hobetuko zituen akordioa ospatuz, eta erantzuna etorri zen berehala: oso erraustegi laborala izango dugu. Elkarriketa baten ondoren esan zuen zer zegoen txio ironiko horren atzea. “Erraustegia duten langileek ez dute nire sinpatiarik”.

Jarri nuen Zuzeun Euskadiko Orkestra Sinfonikoko langileek grebari esker  lortu zuten garaipenaren posta eta etorri ziren orkestrako langileen kontrako mezuak. Diru publikoa xahutzen duten pribilejiatu batzuk omen dira.

Errenteriako OTAko langileen grebaren harira ere que hay de lo mío hutsak dira, iritsi zitzaidan.

Erantzun hauek Olentzeroren ipuin hura ekarri didate gogora:

Opari bat egin nahi zion Olentzerok langile klaseari eta hantxe jaitsi zen bere zakuarekin herrira. Olentzerok, herri ezezagun hartan galdu xamar zebilenez, laguntza eskatu zion kalean aurkitu zuen gizon bati.

Hasi ziren etxez etxe opariak banatzen, baina “ez, ez” esan zion gizonak lehen etxera iritsi zirenean, “hor ez. Hori funtzionaria da, pribilejiatu bat”.  Hurrengora zihoaztela, berriro, “uf! hori ere ez, hori AHT eraikitzen ari da”. Aurrera jarraitu zuten. “Hemen ere ez, badakizu… hemengoa bere gauzetarako bakarrik mugitzen da”. “Etxe hartakoak txoni batzuk dira, horiekin ezin da ez iraultza ez ezer egin…”. “Etxe honetakoak ere ez. Marx nor den ere ez dakite!”.

Olentzero larritzen ari zen, baina pisu zarpail batzuk ikusi zituenean zuzen jo zuen haruntza ezer galdetu gabe, gizonak alkandoratik tiraka gelditu zuen arte. “Horiek ez dute lanik egiten. RGIaz bizi dira; udalak oparitu dizkie pisuak. Badakizu, kanpotik gure lanaz aprobetxatzera etorri diren kanpotarrak…”.

Halaxe zeharkatu zuten herri osoa azken etxera heldu ziren arte. Olentzerok gizonari begiratu zion etsipen puntu batekin, baina jaso zuen baiezko keinuak begiak piztu zizkion eta gorputza erne jarri. Zarata zetorren etxe barrutik. Garbigailu bat zentrifugatzen, plater hotsak, ume negarrak, emakume baten oihua aginduak ematen… janari usain ona zetorren leihotik.

Jo zuen Olentzerok atea eta txokolatezko emakume bat azaldu zitzaion trapuaz eskuak lehortzen zituela. “Langile klasea?” galdetu zuen Olentzerok. “Kar, kar, kar! Ze ona! Hau etxea garbitzen duena da eta! Badakizu… laguntza behar zuen eta mesedetxo bat egitearren xoxa batzuren truke etxea garbitzen du…”.

Sukaldetik, zartagin soinu eta erauzkailuaren burrunba artetik, emakume ahots batek galdetu zuen, “zein da?”. Olentzerok, hanka puntetan jarrita, sukalderantz luzatu zuen  lepoa ahotsaren jabea ezagutu nahirik.  Gizonak, burua ezker eskuin, begiak lurrean jota etsipen puntu batez, “ez, ez… nire emaztea da. Ez du lanik egiten…”.  Olentzerok ezin zuen sinetsi. “Orduan, zein da langile klasea herri santu honetan?”. “Langile klasea c’est moi”.

Erresistentzia eta erresonantzia kutxak: karpeta arrosaren istorioa

ZULOANaurkezpena

Argazkia: Lander Arbelaitz (ARGIAko kazetaria)

Asteartean, abenduaren 12a, ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak “ZULOAN: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena” liburua aurkeztu genuen Donostiako Kaxilda liburu dendan. Urko Apaolaza liburuaren egileak egin zuen aurkezpena, baina niri egokitu zitzaidan sarrerako hitzak esatea. Karpeta arrosaren istorioa kontatzeko aprobetxatu nuen momentua.

Karpeta arrosa liburuan aipatzen du Urkok, eta garrantzitsua da, karpeta horren istorioa gure egiteko moduaren argigarri eta gure hobekuntzarako lagungarri izan baitaiteke.

Sindikatuan (ELAn behintzat) badugu arazo bat, beste askoren artean: Euskal Herriko txoko askotako lan zentroetan jo eta su gabiltza lanean, han eta hemen lan munduan gertatzen ari denaren lehen lerroko lekuko zuzenak gara, baina egiten duguna eta bertatik bertara ikusten dugun errealitate gordina ez da batere ezagutzen Euskal Herrian. Karpeta arrosari gertatzen zitzaion gauza berbera.

Karpeta honen istorioa kazetari bat Donostiako egoitzara etorri zenean hasten da. Kazetariak Igor San Josegatik galdetu zuen (Igor eraikuntzako arduraduna da ELAn). Zioen AHTko liburu bat idazten ari zela eta esan ziotela Igorrek AHTren eraikuntzari buruzko informazioa izan zezakeela. Zutitu zen Igor, joan zen bere armairura, ireki zuen atea, hartu zuen karpeta arrosa eta “danba!” mahai gainera mota zion kazetariari.

Karpeta arrosa horretan zegoen gordeta, txukun txukun, ELAk, kasu honetan Igorrek eta eraikuntzako ekipoak, urteetan zehar AHTn egin duen lan guztia.

Kazetariak arretaz arakatu zuen karpetako edukia eta, amaitu zuenean, Igorri esan zion liluratuta: “honekin liburu oso bat idatzi daiteke eta!”.

Pentsa! Igorrek eta eraikuntzako ekipoak AHTn urteetan zehar egindako lan eskerga eta bertan ezagututako errealitate guztia han zegoen, Donostiako egoitzako bulego bateko armairu batean, karpeta arrosan gordeta, ezkutatuta ia.

Nik ere ez nuen karpeta horren berri, harik eta Igor bera etorri zitzaidan arte, karpeta eskuan zuela, esanez: “kazetari batek esan dit karpeta honekin liburu bat egin daitekeela”. Baina guk, Fundazioan, ezin genuen liburu hori egin. Dena den, ikusten duzuenez, aurkitu genuen liburua egingo zuen hedabide eta pertsona aproposa.

Karpeta arrosa plaza publikora atera da ZULOAN liburuari esker. Gertatzen dena da, Euskal Herriko beste hainbat egoitzetako bulego desberdinetako armairu desberdinetan, beste hainbat lan eskerga eta errealitate gordin daudela gordeta kolore desberdineko karpeta desberdinetan. Bernardo Atxagak poetikoki deskribatu zigun, ohi duen moduan, sindikatuan dugun arazo hau: “zuek baduzue erresistentzia kutxa, baina erresonantzia kutxa falta zaizue”.

Iruditzen zait asmatu dugula AHTren inguruan egin dugun lanarentzako, karpeta arrosarentzako, aukeratu dugun erresonantzia kutxarekin.

“Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean” argitalpenari iruzkintxoa

JakinOrain hilabete batzuk Beltzak eta euskara posta idatzi nuen, euskalgintza eta feminismoa uztartzeko Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel egiten ari diren lan beharrezko eta ezin interesgarriagoak sortzen zidan kezka bat plazaratzeko. Loreak “Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua” uda ikastarora gonbidatu ninduen, bertan gaia jorratu behar baitzen, baina berandu ibili nintzen: webean sartu nintzenerako ez zen lekurik. Zorionez. Ikastaro horietan jorratutakoak Jakin aldizkariak bildu ditu, zorionez.

Irakurri beharreko lan gomendagarri honek galdera egokiak egiten ditu: “hizkuntza, generoa, klasea, jatorria non, noiz eta nola gurutzatzen dira? Non gertatzen dira menderakuntzak? Nork menderatzen du nor? Non?” (14 orr).

Goraipatzekoa da feminismoak, zintzotasunez, norberaren gabezien eta mugen jakitun, deszentratzeko duen gaitasuna eta botere harremanak erreproduzitzeko erak (baita inkonzienteak ere) autokritikoki bilatu eta azaleratzeko egiten duen lana. Jakin-en argitalpen hau lan horren beste erakusgarri bat da. Zein garrantzitsua den deszentratze hori; norbere buruaz galdera deserosoak egitea, norberaren pribilegioez kontziente izatea, konturatu gabe bada ere, besteak menderatzeko izan dezakegun joeraz arduratzea…

Arrazoi dute Idurrek eta Loreak diotenean: “hizkuntza nor izatearen parte da, generoa, klasea, jatorria diren heinean, eta horiek justizia sozialaren eta demokraziaren parametroetan jokatzen diren hein berean jokatzen da euskara. Justizia soziala eta demokrazia” (33 orr).

Gainera “hizkuntza minorizatuak harremanen gaineko begirada ez hegemoniko bat ematen digu” (27 orr), eraldaketarako lagungarria izan daitekeena. Eta Suzanne Romaineren aipu bat dakarte orrialde berean: “pobretuak dira hizkuntza gutxiagotu gehienak hitz egiten dituztenak”.

Esango didate, zapaldumetroa ez dela erabili behar (22 orr), baina Amelia Barquinek dioen moduan: “euskararen hiztunak klase ertainean kokatzen dira nagusiki. (…) Euskara hizkuntza minorizatua da, baina ikasteak eta erabiltzeak, zorionez, ez dakar beste minorizazio batean ingresatzea, kontrakoa baizik.” (123 orr).

Nire ustez ariketa ona da zapaldumetroarena. Esan nahi dut, ona da nire buruari galdetzea: nik gai jakin batean aurrera egiteko borrokan, zapaltzen ari ote naiz beste arrazoi bategatik zapalduta dagoen norbait? Ariketa ona dela iruditzen zait, Mari Luz Estebanek dioen moduan “aliantzak eta elkarrelikadurak ez (bait) dira sortzen borondate eta pentsamendu inuzentetik, baizik eta kanpo eta barne ezberdintasunak, kanpo eta barne gatazkak ikusgarri egiten eta aitortzen dituen jarrera irmo batetik. Halaxe, erabiltzen ari garen kategorien aurrean zuhur jokatu behar dugu” (47 orr).

Estebanek dioen ildo horretan doa Idurre eta Lorea egiten ari diren lana, nire ustez: kanpo eta barne gatazkak ikusgarri egiten, galderak planteatzen, erantzunak modu ausart eta irekian bilatzen. Benetan eskertzekoa da.

Iruzkin honek ekarpentxo bat gehiago besterik ez du izan nahi bilaketa horretan, Beltzak eta euskara postan azaldu nuen kezkak hor baitarrai. Estebanek ere bere artikuluan dio “maketo” hitz zaharrari buruz ari dela: “nago bere atzean dagoen ideologia arrazista eta klasista ez dela guztiz desagertu, nahiz eta aldaera berriak eta politikoki zuzenak hartu XXI. mendean” (38 orr). “Etnia-arrazari dagokionez feminista abertzaleek haien aldarrikapenak aldagai horren gainean eratu arren, ‘euskal nazioari’ aplikatu zaio gehienbat. Beraz, esango nuke, arrazoi ezberdinak tarteko, enpleguaren beheko postuetan eta gizartearen ertzetan dauden emakumeak feminismotik umezurtzago utzi ditugula” (39 orr). Beste horrenbeste esan beharko genuke ere ekologismoaz, sindikalismoaz, euskalgintzaz… baina feminismoak hori esateko zintzotasuna eta ausardia dauka, badakielako, besteak beste, errealitate hori azaleratu gabe ez dela izango nahi duen subjektu eraldatzailea.

Bada, alarmatxo bat piztu zitzaidan nire baitan Idurre eta Lorearen artikuluan esaldi hau irakurtzean: “Gu zuri garen heinean, beltz baten aurrean pribilegiodun gara, baina beltz hori gaztelaniadun den heinean, pribilegiodun da euskal hiztunaren aurrean” (21 orr). Barquinek erantzuten dio, nire ustez, esaldi horri: “hiritar horiek euskaraz ez jakiteak esan nahi duela beste desbantaila bat gehituko zaiela jada dauzkatenei” (117 orr), aurreraxeago euskara-whashing-a existitu daitekeelako kezka azaltzen du, gainera, “alegia, euskararen defentsaren izenean, jatorriaren aniztasuna arbuiatzen da, eta norberaren klase sozialekoekin elkartzeko estrategia bihurtzen da?” (118 orr).

Berriro diot: badakit Loreak eta Idurrek esaldi hori ez dutela zentzu horretan esaten, baina zentzu horretan erabilia izan daiteke ere.

Horretaz gain, ez nuke esango beltza pribilegiodun bat denik euskal hiztunaren aurrean, normalean, gaztelania bere bigarren hizkuntza izango baita, gure kasuan bezala (edo hirugarrena, edo laugarrena…). Are, seguruenik guk beraiek baina hobe menderatuko dugu gaztelania. Eta ez ahaztu, Hegoamerikarrez ari bagara bederen, guri hizkuntza inposatu digun inperio espainiar berberak inposatu ziela hizkuntza haiei, beraien hizkunza propioak deuseztatuz.

Barkamen eske, #155ariEZ manifestazioaren arrakastagatik

155ariEZmanifa

Zapore mingotsa utzi dit azaroak 4ko Bilboko manifestazioaren biharamunak. 155. artikulua salatzeko manifestazio arrakastatsua egin, eta zertaz hitz egin zen astelehenean? Euskal Herria ez da Katalunia.

Hemen ez ditugu hango hedabide publikoak. Ez galtzeko modukoa da astehenean Radio Euskadiko Ganbara saioko kazetariak Gure Esku Dagoko Zelai Nikolasi egin zion galdeketa (2h20min-tik aurrera hasten da). Ez da zaila Zelai itsutzen duen foko zuri bat imajinatzea bere aurpegi aurrean. Ikaragarria.

Han milioka pertsona mobilizatu dituzte hainbat urteetan zehar kristaltxo bat ere apurtu gabe. Hemen larunbateko manifa ostean pintaketak agertu dira hainbat batzokietan. Urrun daukagu, oraindik, Kataluniako kultura ez biolentoa.

Prozesuaren motorra diren hango mugimendu sozialak ez dira hemengoak. Larunbateko manifestaziora EAJ ez dator, eta Gure Esku Dagok egiten du autokritika. Hedabideak ikusita, badirudi Gure Eskuren errua dela EAJk manifan ez parte hartu izana. Aizue, EAJ erabakitzeko eskubidea duen alderdi autonomo bat da, eta egokiena iruditzen zaiena egiten dute. Hori ez dago gure esku, ez dago Gure Eskuren esku.

155. artikuluaren aurrean GEDek uste du Euskal Herrian mobilizatu egin behar garela. EAJk uste du ezetz. Zer egingo luke Kataluniako mugimendu sozialak? Manifestazioaren arrakasta hauspotu eta alderdi abertzale batek ez parte hartu izana tristuraz azpimarratu, akaso deitoratu, are kritikatu, agian.

Hemen, ordea, autokritika da egiten dena, “ez dugulako asmatu EAJ erakartzen”. Autoflajelazioa; beste harri bat gehiago motxilara. Ia ia, mobilizazioaren arrakastagatik barkamen eske gabiltza… Baina, zer gertatu da, benetan?

Nik, hemen, nire ikuspegia emango dut. Ea jende gehiagok parte hartuta, pasa dena ahalik eta modu zintzoenean deskribatzea lortzen dugun:

Urriaren 24ko astea da. 155. artikulua etortzear, eraso larria demokraziari, gure aurka ere erabil daitekeena. Erantzun ahalik eta zabalena prestatzeko beharra, bilera (EAJ ez dator eta dio manifestazioan ez duela parte hartuko) eta prentsaurrekoa urriaren 26rako aurreikusten da, Puigdemontek DUIa aldarrikatuko duen eguna (printzipioz). El Correo-ko albiste honekin esnatzen gara 26 hartan.

OlatzBarriuso

Eta ondoren dator EAJ manifara ez atortzeko arrazoia azaltzen duen albistea: Puigdemontek DUIa aldarrikatu ordez hauteskundeak deitzeko lanean dabiltza jo eta su Urkullu eta Ortuzar. Osteguneko prentsaurrekoa bertan behera utzi eta astelehenera pasatzen da, ostiral hartan bertan DUIa eta 155.a baitatoz.

Gauzak horrela, normala denez, manifestazioaren deitzaileek adierazpen bat adosten dute, manifestaziora joango direnek partekatzen dutena idatzita; ez, etorriko ez direnei gustatuko ez zaien zerbait jartzeko beldurrez idatzita.

Beti esan izan da zentsura eraginkorra dela, baina askoz gehiago mugatzen gaitu autozentsurak, aurrera egitea galarazteraino.

Saiatu ginen ahalik eta manifestazio zabalena egiten, ezin dugu inor behartu parte hartzera, ordea. Ginenon artean gauzak ahalik eta egokien egiten saiatu ginen, eta emaitza oso ona lortu genuen, aurreko bi manifestazioetan baina jende gehiago bildu baikinen Bilbon. Zorionak manifestazioko deitzaileei, bene-benetan!

La falacia de contraponer la vía bilateral a la unilateral

EditNotGipEl editorial de Noticias de Gipuzkoa me ha afectado mucho, demasiado. Llevo todo el día jamándome el coco, y aunque haya puesto un par de tuits, que al final han sido cuatro, no he conseguido quitarme este ruido de la cabeza, por lo que he decidido someterme a la terapia que nunca falla: fijar por escrito las ideas que no paran en mi cabeza (cuando acabe el post, estaré en paz, y dormiré tranquilo; gracias, blog).

No sé por qué, pero después del día de ayer, independencia catalana y artículo 155, esperaba encontrarme otra cosa en el editorial. El título lo dice todo; es la misma posición de Podemos. La búsqueda incansable de la centralidad. Una peligrosa equidistancia que equipara el procés, intento de un pueblo de conseguir más libertad por vías democráticas y pacíficas, y la deriva autoritaria del Estado español, que no duda en usar su poder y su violencia contra ese pueblo.

Que un periódico que busca crear opinión entre la gente abertzale, intente llevar a sus lectores y lectoras a esa posición, cuando el parlament de Catalunya acaba de proclamar la independencia, me parece tremendo. No sólo porque la lógica diga que se tendría que poner del lado del nacionalismo catalán, y que debiera celebrar la declaración de independencia. No sólo porque está claro, quién pisa a quién. Es que, si te colocas en el justo medio de una pareja donde la relación de poder es tan asimétrica, te estás poniendo de facto en el lado del fuerte. Muy duro.

Y el editorial habla del fracaso de la vía unilateral. Pero, ¿por qué dice que ha fracasado? ¿Es que esto ha acabado? En absoluto. ¿Es que Catalunya no ha avanzado desde que empezó con la vía unilateral, una vez comprobado que la otra vía era imposible debido al NO perpetuo de Estado español? ¿Es que no hay más gente favorable al derecho a decidir? ¿Es que no hay más gente a favor de la independencia? ¿Es que no hay más gente dispuesta al compromiso para conseguir la independencia? ¿En qué ha fracasado, entonces? ¿En no convencer al Estado español? ¿Podría ser que la persona que ha escrito el editorial deseara ese fracaso, y por eso lo que busque pueda ser que la gente, aunque sea abertzale, crea que los y las catalanas han fracasado? Muy duro.

Para terminar, el editorial insinua que hay otro camino: el bueno. Me imagino que será el de la bilateralidad y el acuerdo. Esa vía que todos y todas queremos. Esa que los catalanes intentaron una y otra vez. Aquella que sí fracasó.

Igual quieren hacer creer a la gente que esa vía, la que a todos y todas nos gustaría (porque a nadie le gusta complicarse la vida), es posible. Y yo digo, si esa vía, la de la bilateralidad es alguna vez posible (si de lo que estamos hablando es del derecho a decidir), será porque Catalunya ha emprendido la vía unilateral. Y es verdad que esta vía también puede fracasar, porque la vía unilateral es una condición necesaria, pero no suficiente, para que se dé la bilateralidad.

Autogobernuaren lantaldea, biluzik

EinsteinZertarako ikasi behar dugu latina? Eta historia? Eta filosofia? “Hori da un rollo ez duela ezertarako balio”. Umeek eta nerabeek egiten dituzten ohiko galdera eta baieztapenak. Ume haiek, ordea, adinean aurrera egin dute, eta zenbait aginte postuetara iritsi dira. Eta dirudienez galdera horien atzean oinarri sendoak aurkitu dituzte ikasketak aldatzeko, eskola mailan zein unibertsitatean. Enpresen beharretara egokitzea da erronka, ikasketak amaitzean enplegua aurkitu ahal izateko.

Jakina, modu horretan, zientziek ospea eta arrakasta lortu duten bitartean letrak ordea  baztertuak izan dira; zertarako denbora alperrik galdu grezierazko testuak aztertzen? Gero eta teknokratagoak gara. Ideologia, politika, ekonomia… ez dira garai batean bezala mundua eraldatzeko tresnak, ondo kudeatu beharreko gaiak baizik. Mundu erreala dena da, eta berau ahalik eta hobekien eta modu eraginkorrenean kudeatzea da kontua, auzi guztiak teknikoak eta zientifikoki neurtu beharrekoak bailiran. Horregatik gutxiesten gaituzte baloreetaz, etikaz, bidegabekeriekin amaitzeaz, mundu hobea eraikitzeaz… hitz egiten dugunean. Idealista hutsak, errealitatetik kanpokoak, ameslariak… omen gara. Mundu mugatu eta zikin honetan nork bere ardura hartu eta erabakietan “ez bustitzeko” aitzakiak omen, guk esaten ditugunak.

Bada, momentu batez, sinistuko dut hori hala dela, auzi guztiak teknikoak direla, eta zientifikoki neurtuko dut Autogobernuaren lantaldeak  ia 4 urte hauetan egin duen lana. Hau da, bere garaian fiskikan ikasi nuena behingoz erabili egingo dut, eta hala demostratuko dut ez nuela hura alperrik ikasi.

Lanaren formula honokoa da:

W = F x d
(Lana=Indarra x distantzia)

Ez dut ukatuko lantaldean ibili den jendeak indarra erabili duela; Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak indar handia jarri dutela lantalde hau emankorra izan dadin. Baina distantzia neurtzean dator arazoa: 2014tik hona mugitu garen diztantzia, optimista jarrita, zero da. Are, Espainiako gobernuak, PSOEren laguntzaz, 155. artikulua aplikatu duen honetan, autogobernu lantaldea larru gorritan gelditu da, guztiz biluzik. Zertan gabiltza txori eta loreez eztabaidan, autonomien Estatua bera desagertu denean?

Ikuspegi teknokratiko batetik, beraz, Autogobernuaren lantaldearen eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da.

Baina, aizue, zer gertatzen da lan hori politikoki neurtzen badugu? Hau da, autogobernuan aurreratu duguna neurtu ordez, EAJk urte hauetan aurreratu duena neurtzen badugu? Ño! Orduan bai! Orduan formulak lantaldean lan handia egin dela frogatua gelditzen da.

Guztia teknikoa dela sinestarazten diguten bitartean, ez ote digute politikoki gol bat bestearen atzetik sartzen? Indar handia jarri, bai, baina lana, norentzat?