Monthly Archives: maiatza 2013

Gustura, pozik, harro eta aurrera segitzeko asmoz

IrudiaEsango dute esango dutena, sinestaraziko digute sinestarazi nahi digutena, baina atzo kalean izan genituen sentipen eta emozioak ez dizkigute inolaz ere ebatsiko. Hoztu apur bat bai; freskatu digu bihotza atsedenak, ideiak kulunkan ditugu jada, lasaiago, eta hondarrean gelditzen zaigun zaporea oso da atsegina. Ez diogu dastatzeari utzi nahi, egin nahi duguna egiteko (bai zaila egiten ari garena! bai zaila egin nahi duguna!) ezinbestekoak baitzaizkigu momentu hauek. Elkarri begiratzean aurpegian marrazten zaigun irribarreak salatzen gaitu. Pozik gaude, eta sentsazio hau luzatu nahi dugu ahal bezain beste, badakigulako etorriko direla amorru, min eta pena keinuak.

Haizea, euria, enbata, eta pertsonengan sinisten duen uholdean tanta bi, zu eta ni, mugitu ezinik, beste gizarte eredu baten alde bizirik, gustura, elkar ukituz, giro hotz umelean gorputzak eta gogoak bero. Perot, Corrugados, ITV, Gipuzkoako zahar egoitzak… Duintasuna, borroka, errespetua. Eta bertan egon ezin izan dutenak! Bat, bi, hiru… kontatzeak ez du merezi. “Zuekin izan naiz, nahiz eta ezin izan dudan atera hemendik”, badakigu, bai, nola dauden gauzak, eta badakigu kalean ez zeudenak ez zirela Rajoyrenak.

Eta gaur zer? Esan dezatela nahi dutena, gaur ez da atzo, ezta herenegun ere. Nekeak jota indarra bildu dugu. Aurrean daukagun erronka erraldoia da, ikaragarria da egiten ari garena, ez baitugu makurtu nahi, ez baikara makurtu. Atzo baimena eskatu behar izan genuen Bulebarrean sartzeko, ez baitzen lekurik geratzen. Lekutxo bat egin ziguten eta harro sentitu ginen. Merezi du urrats honek, hurrengoa ematearren. Bagara, bagabiz, gogoz, harro, aurrera segitzeko asmoz.

Gora greba orokorra!

Konplikatu egiaz irabazia

“Ariketa fisikoa ala hil”, medikuak ezin argiago hitz egin. Sustoaren ondoren, edozer egiteko prest zinen, baina erresistentziak beti daude agertzeko zain. “Daukadan adinarekin eta daramadan bizi moduaarekin ez dut astirik”. Ohitura aldaketa, ez dela besterik, ez duzula zertan korrika egiten hasi, egun kiroldegiak daudela nonahi, oso dela gomendagarri eliptika deitzen den hori, eskailerak igotzea bezala dirudi. “Zenbat egin behar dut ordea?” Ideala egunero laurogei bat eskailera igotzea litzatekeela; baina egungo ohiturei jarraiki, kiroldegira joanez astean bi aldiz, eliptikan ordu erdi. “Kontuz gero erresistentzia eta aldapa mailak asko estutzearekin!” medikuak atea ireki eta agur estearekin.

Zeure burua madarikatu zenuen. Nondik atera denbora kiroldegira joateko, zein egunetan, zer ordutan, kirol txartela non atera, zer paper behar da txartel hori ateratzeko, ditxosozko makina horiek noiz egoten dira libre, zer jantzi mota eraman behar da, zer jenderekin egingo dut topo, zer pentsatuko dute nitaz, kotxea non aparkatuko dut, lanera kirol poltsa prestatuarekin nola joan, zer kirol poltsa, zer zapatilla, kiroldegira joan aurretik zerbait jatea komeni zait… Burua lehertzear zenuen hasi aurretik hainbeste gauza hain ezezagun hain denbora laburrean egin beharragatik. Osasuna lehenetsirik, eta ahaleginak merezi zuelakoan zeureari ekin zenion.

Antolatu zinen nolabait, atera zenuen kirol txartela, erosi arropa egokiak, aukeratu bi egunak eta ordutegia, buelta batzuk eman ondoren topatu ohi zenuen aparkatzeko tokia. Batzuetan isuna izaten zenuen itzuleran, eta orduan amorruz itzultzen zinen etxera. Semaforo gorriak ere pasatzen zenituen sarritan, bazenekielako minutu pare baten kontua zela makina libre aurkitu edo ez. Halakoetan bizikletan edo arraunean hasten zinen, desgogara, begi bat eliptika noiz libratuko zelatan. Isun gehienak orduantxe jasotzen zenituen, kiroldegiko jarduna gehiegi luzatuta. Baita etxerako ataskoak harrapatu ere; bost-hamar minutun zelako aldea. Trafiko astuna topatzen zenuenean etxe inguruan aparkatzeko ere komeriak, dena beteta. Medikuaz akordatzen zinen ezkaratzeko atean giltza sartzen asmatzen ez zenuela. “Benetan komenigarria al zait hau?”

Leher eginda iristen zinen etxera. Hainbeste, ze batzutan igogailuan sartzean norbait iritsi zain egoten baitzinen seigarren pisuko botoia saka zezan zure partez, horretarako ere ez zinen gai.

Zorionez, asteko beste bost egun horietako batean gertatu zen. Ezkaratzera sartu eta “averiado” irakurri zenuen igogailuko ate itxian. Gorantz begiratu zenuen, “Jainko maitea, sei solairu gora!”. Arnasketa sakon batzuk eginda, gauza patxadaz hartzea erabaki zenuen. Hanka bat gora, bat; bestea, bi; ezkerra gora berriz, hiru; eskuina hurrena, lau. Bat banaka igo zenituen etxeko atarira eraman zintuzten eskailera mailak, motel, gorputza behartu gabe, zer gerta ere. Arnasa pausatuz, gorantz mailak kontatuz. Horrek lagundu zizun. Azkena igo zenuenean “laurogei” entzun nizun.

Bertso kaxkarrak Silveirari jarriak

Doinua: Ari naizela, ari naizela…

Bost urte dira adiskide bat
hasi zela bertso eskolan
krisia hasi zenean justu
ez galdetu niri nola.
Ordutik hona gustura dabil
bertsoz piztuta odola
nahiz ta lagunek ez dugun lortu
kantatzea ezta alkoholaz.

Izugarria lortu duena
azkenaldian bertso olak
bertsoz bertso arrakasta itzela
hegemonia espainolan.
Herrigintza lan eskerga honek
segi behar du edonola
pertsona asko dabilen arren
janari bila zaborran.

Boteredunek krisi kontura
sartu dizkigute golak
gauzak aldatu nahi baditugu
ezinbestean borroka.
Trebakuntza ideologiko gabe
ezinezkoa izango da
horregatik diogu ozenki
gora greba orokorra!

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa

Maiatzaren lehenaren bezperan gazteei eta sindikatuei buruzko elkarrizketa egin zidaten Euskadi Irratiko Faktoria saioan.
http://www.ivoox.com/unai-onederra-geure-erronka-da-enpresetan-gazteei-erakustea-antolatzeak_md_2021120_1.mp3″ Ir a descargar

Botere hegemonikoaren naturaltasuna

Bazenekien etorriko zirela. Goizean, bizikletaz egin duzu lanerako bidea. Ez zenituen topatu nahi. Lotsa, zer esan jakin ez. Hobe inork ikusi gabe iristea. Behin barnean anonimotasuna, beste mundu bat. Zaratak hurbildu zaitu leihora. Lausotuak ikusten dituzu irudiak beirako tanten beste aldean. “Erleek ezingo dute gaur hegan ibili” zeure artean. Bai beraiek dira.

Seme alabek zinemara joateko eman zizuten lataz akordatu zara. Bee movie. Azkenean amore eman behar izan zenuen. Nolako tema. Eskatu eta eskatu, umeak, zerbait nahi dutenean, edozertarako prest dira. Kasketak, oihuak, irriak… helburua eskuratu arte gerra. Zuk egin behar ez duzuna. Zinemara joan nahi duzunean egunkarian filmea aukeratu, joan eta kito.

Egia esan, umeen filmetan harribitxiak topatzen dira, Bee movie horren hasieran bezala: “Según todas las leyes conocidas de la aviación es imposible que una abeja pueda volar. Sus alas son demasiado pequeñas para ese cuerpecito rechoncho. La abeja, sin embargo, vuela. Porque a las abejas les da igual lo que los humanos consideren imposible.” Erleak irudikatu dituzu gizakiez barrezka. Hainbeste traste, hainbeste teknologia, hainbeste saiakera, hainbeste arrisku, hainbeste hildako. Zertarako, eta hegan egiteko! Erleek ez dute halakorik behar. Naturaltasun osoz, alimaleko esfortzurik gabe lortzen dute.

Zarata urruntzean etorri zara zeure baitara. Badoaz. Errepidea papelez josia utzi dute. Zure ezagunak dira. Zenbait manifestaziotan-eta egon izan zara beraiekin. Eskatzen dutenarekin bat zatoz, baina gaur ezin zenuen gelditu. Enpresa txiki batean egiten duzu lan. Ez dakizu nagusiari gauza nola planteatu ere. Zure lankideek ere ez dute gaia aipatzen, bazpare.

Euri tantek hormaren beste aldeko leihoa ere bustitzen dute. Piketeen mugimenduak nazka aurpegiz jarraitu dituenak beira lurrundu du. Begiradak, aldiz, nagusitasunaren irribarrea adierazten du. “Nik ez dut halakorik behar.”

Printze txikiaren ikasgaiak

Gaur Printze txikiaz oroitu naiz. Bere lehen arte lana marraztu eta helduei erakutsi zienekoa, ea beldurtzen zien galdetuz.
20130504_221526
“Zer dela eta beldurtu behar gaitu kapelu batek?” Helduak. “Ene marrazkiak ez zuen kapelu bat erakusten. Elefante bat irensten ari zen boa suge bat baizik. Orduan, boa sugearen barrunbea marraztu nuen, pertsona nagusiek uler zezaten. Etengabe eskatzen dituzte argibideak. Ene bigarren marrazkia horrelakoxea zen:”
20130504_221545

Gaur seme alabei familia marrazteko eskatu diegu. Txikienak egin du berea:
20130504_221639

– Begira aita!

– Ui! Bai polita! zer da, ikastola?

– Ez! Begira hemen etxea, hemen loreak, hemen txirrista…

– Oso polita maitea! Orain familia marraztea falta zaizu…

– Familia etxe barruan dago! – azalpenak emateaz aspertuta dagoenaren aurpegieraz.

Etengabe argibideak eskatzen. Zenbat dugun ikasteko!

Munduaren egileak, hau al da eraiki nahi dugun mundua?

Gaur mundua eraikitzen dugunon eguna da. Enplegatu, zaintzaile, etxeko andre, desenplegatu, nekazari, abeltzain, arrantzale, ekintzaile, kooperatibista, gazte, heldu, gizon, emakume. Gaur langileon eguna da. Mundua gure eskuekin, zangoekin, buruekin, bihotzekin egiten ari garenok, egun berezitu honetan, maiatzaren lehenean, mundua eraldatzeko dugun gaitasuna ospatzen dugu eta mundua beste era batera eraiki dezakegula aldarrikatu.

Mundua eraiki baitaiteke zapalkuntzaz, esplotazioz eta bortxaz. Baina mundua eraiki daiteke, ere, gogoz, motibazioz eta bokazioz.

Mundua eraiki daiteke gutxi batzuentzat, baina baita guztiontzat ere.

Mundua eraiki daiteke bulego batean bost pertsonek erabakitzen duten norabidean, baina erabaki dezakegu ere guztion artean nolako mundua nahi dugun.

Eraiki daiteke mundua mozkinak handitzeko asmoz, edo dauzkagun beharrak asetzeko asmoz.

Eraiki daiteke mundua lan ugari ikusezin eginez, edo eraiki daiteke nahi dugun mundu horretarako behar diren lan guztiak kontuan hartuz eta guztion artean banatuz.

Eraiki daiteke mundua xahutzeko infinitu mundu izango bagenitu bezala, edo mundu bakarra dugula kontuan hartuz.

Bai, gu ari gara eraikitzen bizi gaituen mundu hau. Gaitasuna daukagu nahi dugun eta beharrezko dugun mundu hori eraikitzeko. Gaur geure gaitasun hori ospatuko dugu, eta nahi dugun beste mundu hori lortzeko geure indarra ezinbestekoa dela aldarrikatuko dugu. Ahal dugulako borrokatu behar dugu. Maiatzaren lehena maiatzaren hogeita hamarrera begira.