Monthly Archives: urria 2015

Alternatiben Herria: Bizitza burujabea bai, baina iraunkorra ere bai

alternatiben-45

Larunbateko momenturik tentsoena zen. Egun guztian zehar egin beharreko gauza guztietatik eginkizunik zailena, beldur gehien ematen zidana. 12etan bi momentu kritiko pasa ostean, iritsi zen karpa zentraleko 400 entzulerentzako mahai inguru aretoa 400 jale asetzeko janleku bihurtzeko unea. Jendea karpatik atera, aulkiak bildu, kabaileteak jarri, oholak kokatu, aulkiak jarri, eta ea 400 kabitzen diren… Hori guztia ahalik eta azkarren, noski, jende gosetua ez zedin aspertu, zain.

Egun osoan zehar bezala, lanean hasi orduko boluntario saldo bat jartzen zen aztean lanean. Dena zen mugimendua karpa barruan: aulkiak, ohola, kabaileteak, oihuak, pertsonak… Bi hilara jarrita zeuden, beste bi sartu nahi genituen. Orduantxe, hiru ume datoz korrika nigana eta besarkatu egiten naute. Ezin nituen despegatu. Hamaika zeregin eskuartean hamaika buruhauste barnean, eta ezin ume haiek gainetik kendu!

Amore eman, eta momentuaz gozatzea erabaki nuen: emozioz bete eta maitasun txute horrekin pilak kargatu.

Aurpegia aldatu zitzaidan, tentsioa baretu, gauzak erlatibizatu nituen, egoerari bere neurria emateko argia piztu zidaten fereka haiek. Eta bazkaria ongi atera zen.

Arratsalde partean 97 Irratira joan nintzen Crowdfunding kanpainari buruz hitz egitera. Hantxe bota zidaten galdera: Egun handi hau hemen amaitzen da edo aurrera jarraituko duzue? Umeen basarkadak estututa atera zitzaizkidan hitzak barru barrutik: antolatzaileak oso nekatuta gaude. Batek tiroia dauka, bestea erdi gaixo jarri da, bestea nerbioak jota… Eta ez antolatzaileak bakarrik. Beren lagun, bikote, familiak beste horrenbeste. Zeren eta antolakuntza lan eskerga hau egiteko, beste batzuk beste horrenbeste lan edo gehiago egin behar izan dute gure bizitza eta gure ingurukoena zaintzeko. Nire kasuan, antolakuntza prozesu osoan zehar, nire emazteak zaindu behar izan ditu gure hiru umeak. Berak hartu duen gainkarga hori hartu izan ez balu, ez balego inor lan hori egingo lukeena, nik ezingo nuke Alternatiben Herriaren antolakuntzan parte hartu. Lan honek denbora asko lapurtu dit nire familiatik, nire ume, emazte eta lagunetatik. Bizitza Burujabea aldarrikatzen badugu, antolakuntza prozesuak berak ere iraunkorra izan behar du, eta halako egun handia antolatzeak, dudarik gabe esan dezakegu, ez du bizitza iraunkorra bermatzen. Hori kontuan izan behar dugu aurrera egiteko bide eta moduetan asmatu nahi badugu.

Jende guztia eserita, lehen platera giro onean eta gustura jaten ikusi nituenean kanpora atera nintzen haize pixka bat hartzera. Hantxe zeuden, eskaileretan eserita nire hiru seme-alabak eta emaztea. Berriro estu ninduten umeek, gogor, eta ez ziren askatzen. Hain denbora gutxi egon naiz beraiekin azken bi hilabeteetan, hain kalitate eskaseko tarteak eman dizkiet, ez nautela gehiago askatu nahi. Emazteagana gerturatu eta muxu eman diogu elkarri, barnean “zergatik ez ote lehen barrura sartu ni agurtzera?”galdera bueltaka nuela.

Xaloki hitz egin du, orduan, begirada errukiorrarekin, nire buruko galdera entzun izan balu bezala: Hain liatua ikusi zaitut, horren aurpegi txarra zenuen, pena eman didazula, eta nahiago izan dut zu lasai utzi. Ez zen lehena hori esaten zidana, eguerdian pare batek ere galdetu zidaten “ongi zaude? Aurpegi txarra duzu…”. Bizitza ahula. Bizitza hauskorra. Baizitza zaindu beharra.

Volkswagenak opari Alternatiben Herrian

TxirrindulariPixaEgiten

Txikitan txirrindularien balentriek liluratu egiten ninduten: bizikletatik jaitsi gabe pixa egiten omen zuten lasterketetan! Aitak hori esan zidanetik, saiatu eta saiatu egiten nintzen etxe azpiko portxean pedalka txilibitua ateratzen, ezinean, eta ez zitzaidan buruan sartzen nola demontre egingo zuten.

Lilura joan egin zait jada. Orain lasterketa amaitzean egiten dute pixa, poto batean, eta etapa eder bat ikustean beti dugu susmoa “hau kutsatua dago”. Pena da.

Bazkal osteko eztabaida ugari elikatu ditu gai honek: txirrindulariak berak erabakitzen duela dopatzea, taldeak behartzen duela, profesionala izateko derrigor hartu behar duzula, dirua jartzen duenak irabaziak nahi dituela, etapa eta itzuli ikusgarriak behar direla… azkenean gorputzari ahal duena baino gehiago eskatzen zaio, eta “laguntza” behar. Pentsa txirrindularitza talde bateko medikuak zertan ematen duen daukan hoberena: zerbait lortzen saiatzen txirrindularien gorputzei plus bat emango diena positibo eman gabe. Bost axola txirrindularien osasuna. Ez al du apur bat perbertitu sistemak mediku hauen papera?

Oroitzen dut, ere, Volkswagen furgoneta alternatiboen sinboloa zenean. Furgo horia, “Nuklearrik ez” pegata atzean eta cannabis usaina barnean. Hori ere aldatu zaigu, oraindik euskal “nomada” mordoxka egon arren, positibo eman baitu VW-k. Lilura galdu dugu jada, “guztiek berdin egiten dute”, ingenieriek gehiago saltzeko zer tranpa egin asmatzeko zukutzen dute garuna, bost axola ingurumena, bots axola osasuna. Zeinen errua da?

Eta beldurra zabaltzen da VW-ko langileen artean. Ez osasunagatik, ez ingurumenagatik, enpleguagatik baizik. Etorriko gatzaizkie esanez ekonomiaren trantsizio ekologikoa egin behar dugula, ekonomia iraunkorrak enplegu gehiago sortuko dituela, beraien sektorea murriztu behar dela eta beste garbiago batzuk garatu, langileak ez daudela soberan; aldaketa horretan trebakuntza behar dela, kalitatezko zerbitzu publikoak eta laguntza sozialak, aldaketa ematen den bitartean langileek egoki bizitzeko adina izan dezaten; norbaitek ere oinarrizko errenta unibertsalaz hitz egin du. “Esan didazun hori guztia oso ongi dago, baina nik bihar ogia eraman behar dut etxera. Zuk esan didazuna nola lortzen da?”.

Konplikatua. Oso konplikatua. Badira gauzak norberak egin ditzakeenak, eta badira gauzak inposatuak datozkizunak. Badira langileak libre direnak, bai, enplegu miserablea edo gosez hiltzea aukeratzeko. Baditugu ardura pertsonalak, bai, eta bete egin behar ditugu: borroka etengabea izango dugu geure buruarekin eraiki nahi dugun gizartearekin bat datorren bizitza egiten saiatzen, baina ez da nahikoa. Ezinbestekoa da, aurrekoarekin batera, kolektiboki antolatzea sistema eraldatzeko.

Horrelako zerbait egiten saiatzen ari gara Urriak 24ko Alternatiben Herria antolatzeko prozesuan. Horrelako zerbait saiatuko gara egiten urriak 24ean bertan: norberak bere kabuz dituen aukerak ezagutu gizarte bidezkoago, solidarioago, iraunkorragoa lortzeko, eta kolektiboki saretu sistemarekiko alternatiba eraiki, antolatu, eta borrokatzeko.

Ez da erraza, oso zaila baizik. Ezinezkoa dela sinestarazi nahi digute, baina gu saiatuko gara. Segitzen dugu balentrietan sinisten “guztiak berdinak gara” esanez lilura kendu nahi diguten arren. Gure sormen eta kemen guztia bizitza duin eta iraunkorra eraikitzen jarri nahi dugu, ez sistema elikatzen segituko duen irtenbide faltsuak bilatzen. Martxan gabiltzala beharrak egiten asmatuko dugu, eta Volkswageni furgo batzuk eskatuko dizkiogu cowdfunding-erako opari, bekatuen garbigarri.

Alternatiben Herria: globo berdeaz osatutako sarea

Globoberdea2Aritzek puztu du, korapiloa egin dio, eta Rafa Nadal bailitzan, ezker eskuz gora bota eta eskubiarekin jo du beherantz. Poliki joan da, nahiz eta gogor eman dion. Boterik ez du eman, lurrean gelditu da, lotsatuta, hiru dozena pertsonaz inguratuta. “Hau izango da Alternatiben Herriaren sinboloa: globo berdea.”

Asanbleak jarraitu du, hitz egin dugu, galderak egin, erantzun, fitxak banatu, idatzi, gauzak amankomunean jarri eta, ixiltasun zenbaitzuren ondoren, amaitu. Jendea arretaz egon da, batzuetan ondokoarekin txutxumutxuka, bestetan telefonoari begira, telefonoan idazten, borobilaren erdian globorik ez balego bezala.

Zutitu garenean desegin da borobila, igo da murmurioaren bolumena. Handik hara ibili da jendea taldetxoak osatuz, batzuk kanpora joan dira, dela haize dela nikotina bila. Eta grabaketak hasi dira. Esaldi bat esan behar zuen bakoitzak. Alternatiben Herria zer den, Alternatiben Herrira zergatik joan behar den, bakoitzak nahi duena, baina guztiok globo berdea eskuan. Non dago, baina, globo berdea?

GloboBerdea1

Mugitu egin da hanka artean, ikusezin, ostikoka. Non dago globoa? Han bazterrean, aulki baten babesean. Orduan hartu du protagonismoa. Bi behatzek altxa dute, eta eskuz esku ibili da grabaketak egiten ziren bitartean. Batzuetan gogor estutu dute, bestetan dardarka. Izerdiz blaitu dute, berarekin jolastu, bi eskuz burutik heldu, gehienetan hatzen bidez korapilotik. Entzun ditu Alternatiben Herriaren aldeko aldarriak, batzuk bi-hiru aldiz errepikatuak, “ez, berriz, berriz”, berriro ere lurrean amaitu arte.

Joan egin da jendea, bere lekura itzuli ditugu aulkiak, jaso ditugu trasteak, argiak itzali, eta han gelditu da, ixilik, globo berdea, Alternatiben Herriaren sinboloa

Globoa da apala, umila, xaloa. Ixila, ahula, hauskorra. Baina eztanda egiten du zapaltzen dutenean.

Globoa da oparia, jolasa, festa, irribarrea, maleablea. Mugitzeko behar ditu besteen eskuak, elikatzeko besteen ezpainak, ahoa, airea. Bizitza bezalakoxea.

Globoak egin dezake gora, egin dezake behera, busti zaitzake, edo bustiarazi dezake bestea, segun eta zer daukan barnean. Eraman zaitzake alde batetik bestera, eta berau eskuetan gogor estutuz baretuko dizkizu amorruak betetzen baduzu areaz.

Berdea da bizia, itxaropena, natura, ama-lurra. Berdea da ere heldu gabea. Baina guztia ez da berdea: globoak ez direla iraunkorrak dio batak, txinotan erosi ditugula besteak. Guztiak baikaude kontraesanez beteak, eta kontraesanei esker lortzen baitugu aurrera egitea.

UnaiGloboBideoGranaketaBalio dezake, bai, honek guztiak, Alternatiben Herriaren sinbolo gisa. Batez ere globoa bideo grabaketan eskuz esku ibili denean, proeiktuz proiektu, batetik bestera, eragile desberdinak, armiarma bat balitzan, sare baten ehunduz.

Asanbleatik egun batera, edo bi egunera agian, edo zergatik ez, urriaren 24aren ostean sartu da salan garbitzailea. Aurkitu du globo ximela, mixerablea, eta jarri dio hanka gogor gainean. Lehenengoan ez, bigarrenean ere ez, eztandarik ez. Eskuetan hartu du orduan, mirespenez begiratu eta erabaki du erabili dezaketela beraien borrokan zapalkuntzaren kontrako sinbolo gisa.