Monthly Archives: urria 2013

Lan Erreformak lehen pitzadura ireki du patronaletan

Lan Erreformak gauzak goitik behera aldatuko zituela esan zen bere garaian; hainbeste, ordea! Patronal bat bere onetik aterata beste patronal bati egurka. Hara sorpresatxo biziki interesgarria! Beti adibidetzat hartu dugun, “beraiek batuta daude, gu, ostera, begira nola gabiltzan elkarri mokoka”, bloke monolitiko hori zartatzen hasi da. Itxuraz zurruna den bloke horren barnean zer dago? Ireki berri den pitzaduratxoak aukera emango digu, akaso, barnekoa usnatzeko.

Azken urteotan dezente liburu irakurri ditut enpresa kudeaketa edo new management delakoari buruz. Bertan diotenez enpresa lehiakorra lortzeko funtsa langile motibatuak dira, enpresa mundu hobea lortzeko bizi-proiektu gisa ulertzera iristen diren langileak. Horretarako bi motibazio iturri desberdin ei daude: kanpo-motibazio eta barne motibazioa. Bilatu behar dena da langilea barne-motibatzea, langileak egiten duenari zentzua topatzea, egiten duenak pertsona gisa hazten duela konturatzea. Hori omen motibazio iturri onena enpresa lehiakorrak lortzeko.

Beste motibazio mota, tira, ez da hain gomendagarria, baina beste biderik ez den bitartean erabili behar dela diote. Kanpo-motibazio mota hiru daude, ordea. Bata da sari bidez motibatzea, kanpo-motibazio positiboa litzatekeena (lan baldintza onak hemen sartuko nituzke). Bestea zigor bidez motibatzea da; metodo txartzat jotzen dute liburuek. Eta erabili behar ez litzatekeena dago azkenik, langileak motibatu baino birrindu egiten dituelako: Beldurra.

Konturatu naiz egunkaria eta liburu hauek ezin direla batera irakurri zoratuko ez bazara. Enpresen lehiakortasunerako garrantzitsuena langile motibatuak badira, zertara dator Lan Erreforma? Zeini interesatzen zaio? Langileei badakigu ezetz, baina enpresariei? Langileen lan baldintzak al dira Euskal Herriko enpresari gehienen arazoa? Langileak okerrago egoteak Euskal Herriko enpresa gehienei onura ekarriko die ala kaltea?

Adibide bat ekarriko dut hona: Bizkaiko ehungintzako sektoreko hitzarmen kolektiboa. Bi patronal daude: Cecobi (CEOE, Confebask, CEBEK) eta Bizkaidendak (Euskaldendak). Cecobi-k merkataritza zentro handiak ordezkatzen ditu. Bizkaidendak-ek denda txikiak. Merkataritza zentro handiek azken urteotan mozkinak banatzen ari dira. Hiri eta herrietako denda asko ixten ari dira. Badakizue zeinek eskaini duen langileentzat baldintza hobeak dituen hitzarmena? Bizkaidendak-ek. Bizkaidendak-entzat arazoa ez dira langileen baldintzak, arazoa da merkatalgune erraldoiek denda txikiak jaten dituztela. Ezin dute lehiatu lan baldintzak hondoratzen multinazionalekin, horiek maisuak baitira horretan.

Bada ELAK, Bizkaiko ehungintzan gehiengoa duen sindikatuak, akordioa sinatu du Bizkaidendak-ekin. Cecobik dio horrek ez duela balio, Cecobi dela patronal nagusia (CEBEK delako).

Bai ala? Nola demostratzen da hori? Nola erabakitzen da zein den enpresarien ordezkari nagusia? Hauteskunde patronalak egiten al dira? Patronal bakoitzaren afiliatu kopurua publikoa al da? Orain arte Cecobik (CEBEK, ADEGI, SEA, CEN) monopolio patronala izan dute. Zeinen interesak ordezkatzen dituzte patronal hauek? Lan Erreforma sakonagoa nahi dutela dioten patronal hauek, Euskal Herriko enpresari gehienen beharretan ari dira pentsatzen benetan? Neoliberalismo itsuaren bozemale diren patronal hauek nork aukeratu ditu? Nola finantzatzen dira?

Sistema publikoaren kontra sistema publikotik elikatuz. Enpresen kudeaketa eredu berrietaz aritu langileak birrinduz. Demokraziaz hitz egin enpresen ordezkaritza monopolioa edukiz. Hitzak eta egintzak, betidaniko arrakala bortitza. Orain patronalaren bloke monolitikoan pitzaduratxo demokratiko bat gertatu da. Pitzadurek, txikiak izanagatik ere, hazterantz jotzen dute. Guk ere lagunduko dugu horretan, patronalaren demokratizazioa guztion onerako izango baita.

Alternatiben sarea josten

Aurreko egunean Iberdrolako ordezkari ekologista batekin izan nintzen. Bere iritzia jakin nahi nuen orain sortzen ari diren energia kooperatiba berrien inguruan, Goiener edo Energia Gara. Alternatiba dira? Itzal egingo al diote Iberdrola bezalako erraldoi bati? Bere erantzunari logika aurkitu nion. “Badakizu zer esan zidan nagusiak hori galdetu nionean? Kooperatiba hauek beraientzat agroindustriarentzat etxean jartzen duzun baratzaren parekoa dela: hutsaren hurrengoa.” Sistemari kilimarik egiten ez dioten alternatibak benetan izan al daitezke Alternatiba?

BBVAk eta Banco Santanderrek onartzen dute Fiare. Are, batzuk diote mesede egiten diela. Monsantori hiriko baratzak eta kontsumo taldeak bost axola. Kooperatibak sistema kapitalistak erraz integratzen ditu bere merkatuaren lehiakortasunean. Ingalaterran, kapitalismo finantzieroaren erresuma, transition town-ak onartzen eta txalotzen dira, City-ko burtsetan berdin berdin aberasten jarraitzen baitute betikoek. Ez, hemen zerbait aldatu nahi bada, boterean daudenen interesen kontra joan behar dugu, eta hori indarraz eta borrokaz baizik ezin da lortu.

Eta hala da. Baina gauza da, borroka hori irabazteko indarra behar dela. Gakoa, beraz, indarrak biltzean datza. Eta nola biltzen da indar gehiago jaun eta jabe diren komunikabide indartsuenen lanari buelta emango dion borroka ideologikoaren bidez, ala jendea erakarriko duen proiektu zehatzen bidez? Bien arteko zerbait izango da seguruenik. Baina hemen, proiektu alternatibo zehatzen alde funtsezko batez hitz egin nahi dut.

Lehen aipatu ditudan alternatiba txiki horietan jendea murgiltzen joan daiteke. Proiektu zehatzak dira, non jendeak beraietan parte hartuz sistema kapitalistak ezartzen duen logikatik kanpo gauzatxoak egin daitezkeela bizi duen. Bizi esan dut, eta nahita gainera, alternatiba hauetan parte hartzen dutenek esperimentatu egiten baitute jokatzeko beste era onuragarri bat, kapitalismoak eskaintzen diona baino gehiago gustatzen zaiena. Batzuk diote hori nartzisismoa dela, hori egiten dutenak beraiek gustura gelditzeko egiten dutela, baina ez dutela gizartea eraldatzen. Komunitate edo uharte isolatuak sortzen dituztela amish-en antzera.

Gauza da proiektu horiek ilusioa pizten dutela, motibatu egiten dutela, eta hori oso kutsakorra da. Alternatiba txikiak zabaltzen joango dira, handitzen, batez ere beharrak handitzen ari diren honetan administrazioek geroz eta gutxiago egiten dutenean. Erronka da sortzen diren alternatiba desberdin isolatu horiek saretzea. Sare alternatibo, koherente, solidario bat josten joatea da kontua. Sare hori handitzen doan heinean, geroz eta jende gehiagok beste bizitzeko modu bat esperimentatzen duen heinean, iritsi daiteke momentu bat, sare alternatibo horrek kapitalaren interesak ikutuko dituena. Kapitalak hori ez du onartuko eta gogor erasotuko du. Gogor erasotzen dabil. Baina, pentsa: zuk ondoko baserritarari erosten dizkiozu produktu ekologikoak, aurrezkiak banku etikoan dituzu, energia irabazi asmorik gabeko kooperatiba garbi batetatik eskuratzen duzu, erosketak baldintza sozioekologiko batzuk betetzen dituzten ekonomia solidarioko kooperatibatan egiten dituzu… Gustura bizi zara. Eta bapatean kapitalak ez dizu hori egiten uzten. Izango al zara gai erasoari aurre egiteko? Hala bizi den kolektiboa ausartuko al da, izango al du konbikzio nahikorik, kapitalari haginkada emateko? Ez dakit, baina iruditzen zait ideia abstraktu hutsengatik baino, aukera handiagoa dagoela kolektibo batek borroka egitea esperimentatu duen bizimodu onuragarri batengatik.

Igande honetan Baionan ospatuko den #alternatiba2013-ren asmoa hori da: dauden alternatiba desberdinak elkarrekin jarri, harremanak egin, elkar ezagutu… Kapitalismoarekiko sare alternatiboa ehuntzen hasteko lehen urratsa izan daiteke. Gauza asko gaizki doaz, bai, baina badabil zerbait mugitzen behetik, ari dira gauzak sortzen. Eta itxaropen handiena: herri hau izango da guk egiten duguna. Igandean Baionan ikusiko gara!