Monthly Archives: apirila 2013

Askegune eredugarria

Aurreko astean Alemania aldean ibili nintzela-eta ezin izan nuen Donostian gertatu zena gertutik bizi. Pena bat, ze iruditzen zait aske guneko borroka hori erreferentzia ezinbesteko eta etengabea izango dela hemendik aurrera. Gazte saldoa bulebarrean eserita, bulebarrean lo, bulebarrean jolasean, kantuan, lanean, bulebarrean besoz beso helduta. Irakurri ditut testuak, ikusi ditut irudiak  eta, oso ikuspegi mugatua izanda ere, zirraragarria iruditzen zait. Zer ez zuten sentituko beltzen aurrean eserita tinko eutsi zioten gazteek!

Aurreko postan egindako galdera berbera egin diezadake nire lagunak. Alegia, “konpondu da ezer? Berdin berdin atxilotu dituzte.” Normalean halako iruzkinak egiten dizkidatenak, hain justu, mugitzen ez direna dira, gauzak gauetik egunera aldatu ahalko balira bezala. Artxila mortxila hau guztia konpondu dadila! (ni neu batere aldatu gabe gainera). Ez, badakigu gauzak ez direla horrela. Bidea luzea da, eta zaila.

Nire ustez egin beharreko galderak honokoak dira: Zein atera da indartuta ekintza honetatik? Borroka horretan parte hartu dutenak borrokan jarraitzeko pilak kargatuta atera dira ala etsituta? Bizitako esperientzia horrek borrokan gehiago engaiatzera eramango ditu ala ezkortasunean murgiltzera? Zein agertu da biolento, zein gelditu da zilegitasunik gabe? Lortu al da otsoak hortzak erakustea? hau da, otsoa otso gisa azaltzea lortu da ala otsoek ardi irudia eta ardiek otso irudia eman dute?

Bai, badakit komunikabide sistemikoek errealitateari buelta emateko gaitasun ikaragarria dutela. Baina gaitasun hau ez da mugagabea. Eta kasu honetan beren mugetara iristen ikusi ditut. Berdin alderdi sistemikoen bozeramaileak ere. Deseroso. Argudio faltan. Haatik, borrokan parte hartu dutenak harro, indartsu, argudioz beteak, zilegitasun irabaziaren kontzientziak ematen duen botereaz jabetuta. Bai jauna!

Maiatzaren 30eko greba eguna deitu denerako lagunak iruzkin bera errepikatu dit: “Ez da ezer lortuko eta!” Ez dut berriro errepikatuko. Dudak dauzkanak gora jo dezala berriro. Gazteek sormena, irudimena eta kemena erakutsi dute. Itxaropena beraiek dakarte beti, eta aurreko astean Donostian gertatuarekin sisteman arrakala bat sortu dute. Arrakala horretan sakondu behar dugu eta beste arrakal batzuk ere sortzen joan. Greba eguna aukera paregabea da horretarako.

Huyck Wangner Peroteko langileak, ikaragarriak zarete!

Zizurkilgo Huyck Wangnerreko langileei

“Zer, dena konpondu duzue?” Ez dakit txantxetan dioen, adarra jo nahi nauen edo borrokan alperrik gabiltzala iradoki nahi didan, baina izugarri zaila egiten zait erantzun bat ematea. Orain bizi izan dugun guztia aletu behar diot honi? Bizitako barreak, malkoak, beldurrak kontatzen hasiko al naiz? Ulertuko du zerbait? Ideiak bat bestearen atzetik datozkit arrapaladan. Bost segundutan irribarrez diot “Bai, enpresa zabalduko dute berriro eta langile gehiago hartuko dituzte.” Kar kar kar! Zer urrun sentitu nuen laguna, geroz eta txikiago ikusten nuen gure artean handitzen zihoan amildegiaren beste aldean. Arintasun berberaz jokatuko luke nire lanpostua balitz jokoan zegoena?

Alemaniatik etorri berri naiz. Lau egun pasa ditut egun bapatean bizitza proiektua kolokan sentitzen duten 17 pertsonekin. Atlantikoaren beste aldean multinazional batek munduko mapa du zabalduta mahai obalatuan. Paretan zenbakiz jositako diagrama. Gizon potolo bat eserita besaulkian. Purua du ahoan, haserre dirudi. “Eskuin zutabeko zenbaki horiek ez zaizkit gustatzen, datu horiek biderkatu egin behar dira!” Bere esaneko gizon luzanga eta mehar batek mapan dauden hiru banderatxo kendu eta zakarretara botatzen ditu. “Horrela, akaso, nahi dituzun emaitza horiek lor ditzakegu.” Erabaki erraza han, 74 familirentzat kolpe latza hemen.

Borrokatzea erabaki dute langileek. Egoneza, buruhausteak, negarrak elkarrekin eramatea. Itxaropena kolektiboki eraikitzen dute. Indarra batak besteari ematen dio. Hiru hilabete greban, mobilizazio etengabean. Antolakuntza sendoa. Harremanak geroz eta estuagoak. Geroz eta hitz gutxiago behar dituzte elkar ulertzeko. Begirada batek asko esaten du, keinu batekin guztia ulertzen da. Geroz eta gusturago daude taldean. Are gehiago, taldean sentitzen dira erosoen. Parekoak ulertuko ez dituen esplikazio amaigabeak eman beharrik gabe. Intentzio txarrik gabe ematen diren begirada edo esku kolpe paternalistarik gabe. Momentu gogor hauek pasatzeko zer modu egokiago lankideekin ahal dena egiten baino. Urteetan eta urteetan egin duten lan hori defendatzeko borrokatzen baino. Bai, parekoa erraldoi ikaragarria da, garaipena zaila da oso, baina burua zutik mantentzen kolektiboki lortzea baina gauza hoberik ba al da!

Bidaira joan aurretik ez nuen inor ezagutzen. Lau egun izan dira. Begietara begiratzen duten pertsonak ezagutu ditut.Bihotzez hitz egiten dutenak, bizitzaren hauskortasunaz jakitun. Sentimenduak normaltasunez partekatzen dituztenak, begiak erraz bustitzen zaizkienak, barre algaraka aritzen direnak. Talde bat ezagutu dut, ahal duena egiten saiatzen dena, animoak goian mantentzen ahalegintzen dena, borrokaren garrantziaz jabetu dena eta ekindako bideari tinko eutsi nahi diona.

Alemanian egon gara, erraldoiaren sorbaldan-edo. Erraldoiaren begiek ikusi dituzte gure aurpegiak. Pertsona arruntak, bizi ahal izateko, familia aurrera ateratzeko lan egin nahi dutenak, ez banderatxo bat mahai obalatu bateko mapa gainean. Erraldoiak zer egingo duen ez dakigu. Badakigu, ordea, bidai honek zer eragin izan duen taldearen animoan. Ikaragarria izan da. Tolosara banderak airean heldu ginen, alai, hunkituta, borrokan jarraitzeko grinaz, motibazioz beteak.

“Zer, dena konpondu duzue?” Dena ez, baina oinak lurrean, begiak garaipenean, bidea elkarrekin borrokaz egiten jarraitzeko indarberriturik etorri gara. Ikaragarriak zarete. Biba zuek!

Hemen dituzue Alemaniako esperientziaren irudi bideo eta idatzi guztiak

Zertan dabil ELA?

Euskal Herria berezia bada ez da RH negatiboarengatik, ezta euskaldunak berez bereziak izateagatik, ezta abertzale izateagatik ere. Herri hau berezia bada mugimendu bereziak sortzen jakin edo asmatu dugulako izan da. Errealitate berriak eraikitzeko erabakimena, ausardia izan dugu eta horrek egin gaitu garena, horrek egingo gaitu izango garena.

Gehienak aipatu gabe utziko ditudala jakinda, eta aurrez barkamena eskatuta, burura datorkit mugimendu kooperatiboa; burura datorkit ikastolen mugimendua, Ezker Abertzalea, Euskaldunon Egunkaria-Berria, Bertsozaleen elkartea, Korrika bezalako mobilizazio paregabea antolatzen duen AEK… Adibide soilak herri hau badabilela adierazten dutenak, berezi egiten gaituztenak.

Baina bada mugimendu bat, askotan garrantzirik ematen ez diogun arren, Europan salbuespena dena: Euskal Herriko langile mugimendua. Zehazkiago esateko: ELA sindikatua.

Gustatu edo ez, ELA sindikatu berezia da mundu mailan hurrengo arrazoiengatik:

–         Gehiengoa duen estaturik gabeko nazio bateko sindikatu bakarra da munduan (Quebec-eko CSN-rekin batera).

–         Erosotasunean erori ordez eraberritzeko gaitasuna izan du, gaztetuz, feminizatuz eta prekarizatuz.

–         Hego Euskal Herrian ematen diren enpresetako gatazka guztiak lideratzen ditu. Langileen interesak defendatzeko greba eta borrokei iraupena emateko gaitasuna du, daukan antolakuntza ereduari eta greba kutxari esker. Besteak beste Europako grebarik luzeena egin du: ia hiru urtekoa Ariznavarra zahar etxean.

–         Lau sindikatuen arteko lehian %35eko ordezkaritza izanda ere, ez da diru laguntzen menpe bizi. Afiliatuak dira sindikatua sostengatzen dutenak kuota garesti bat ordainduz, merezi dielako, hau da, beren interesak defendatzeko erreminta eraginkorra dela sinisten dutelako (kuotek diru sarreren %90 suposatzen dute).

–         Duen afiliatu kopurua egiaztatzeko ikuskaritza publikoa egiten du lau urtean behin, ustelkeria eta gezurkeria garaiotan gardentasuna eredugarria erakutsiz.

–         Bere eremuan gehiengoa izanda elkarrizketa sozialari uko egin dion sindikatu historiko bakarra da munduan. 80. hamarkadan berak sortutako elkarrizketa sozialeko mahaiak utzi ditu neoliberalismoaren eraginez langileentzat etekinik ematen ez zuten momentuan, beraietan parte hartzeagatik jasotzen zituen diru laguntzei uko eginez.

–         Bere lana enpresetan langileak antolatzean zentratu du uko eginez Europan sindikatu nagusiei sistemak bake sozialaren truke eman dizkien negozioei: etxebizitza promozioa, pentsio sistema kudeaketa, enplegu zerbitzua, bidaia agentzia, bankua…

–         Nortasun politiko osoa du. Hau da, langile klasearen ikuspegitik egiten du errealitatearen irakurketa osoa, enpresaz kanpo langileak ere langile garelako. Langileen bizi baldintzetan eragina duen errealitate ororekiko iritzi eta ikuspegi propioa du: gizarte eredua (zerbitzu publikoak, zerga politika, gizarte babesa, azpiegiturak), giza eskubideak, demokrazia, burujabetza… Alderdi politikoekiko independentea da. Autonomia politiko honek aliantzak egiteko balio du.

–         Berebiziko garrantzia ematen dio langileak antolatzeari eta beren borrokei norabide bat emateari. Langileekin borroka pedagogia egiten du pentsamendu bakarretik kanpo, trebakuntza ideologiko, egoera azterketa eta asanbladen bidez.

–         Alderdi politikoek beren dinamika propioa dutela sinetsita, beraiekiko autonomoa izango den kontraboterea antolatzen saiatzen ari da beste sindikatu eta gizarte eragileekin, instituzioetatik aldaketa nahi duten alderdientzat akuilu eta koltxoi lana egiteko.

Berezitasun hau ez diot nik aitortzen mundu mailako sindikatuen ikerlariek baizik (Adelheid Hege eta Christian Dufour).

Langileon ikuspegitik, ezker ikuspegitik, garrantzitsua al da Euskal Herriarentzat halako sindikatu bat izatea? Ni behintzat baiezkoan nago. Horregatik kezkatuta nauka azken aldian entzuten ditudan zenbait iritzik: ELAk asko esan baina ez du ezer egiten; ELAk bere buruan besterik ez du pentsatzen; ELAk PNVrentzat lan egiten du; ELA Ezker Abertzalearen kontra ari da arrazoirik gabe… Zergatik esaten dira halakoak? Gernikako Akordioan sartzeari baiezkoa emanez gero desagertu egingo ziren iruzkinok? Bilduri kritikak egiteari utziz gero akabo arazoak? Ez dakit zuhaitzek ez ote diguten basoa ezkutatzen.

ELA Euskal Herriko langileentzat ezinbesteko tresna bat da, are gehiago garai hauetan. Beraz, normala ez, beharrezkoa da ELA indartsu mantentzea, are eta haztea ere. Gainera, esan dudan bezala, ELAk nortasun politiko propioa dauka, bere ikuspegia du langileei eragiten dioten gai guztietan eta, ikuspegi, autonomia hori errespetatzea ezinbestekotzat ikusten du. Edozein aliantza eta estrategia amankomuna nahi bada desberdintasunak onartu eta nortasun propioak errespetatu behar dira

Orain arte zer eskaini zaio ELAri? Alderdi politiko batek diseinatu duen estrategia batean sartzea. ELAK ez du parte hartuko diseinuan parte hartu ez duen inolako estrategietan. Txikik dioen bezala: prozesua bai, prozesioa ez.