Monthly Archives: urria 2014

Desjabetzearen bidezko metaketa: ne me quitte pas

NeMeKitPas

Gaur gauza kurioso bat gertatu zait. Isilik,pentsakor utzi nau lipar batez. Zer gauza!

Gosaria prestatzen ari ginela emazteak galdera “Zer da Ne me kit pa?” “Ez naiz ziur, baina uste dut ez nazazu utzi edo halako zerbait dela. Zer ba?” “Hemen jartzen du eta” mahaitik jaso berri zuen alabaren estutxea eskuetan. Begirada gerturatu eta “Ne me kit Pas” irakurri dut. Hitz joko bat.

Orain Google momenturo eskuragarri izanda, bada ezpada, ne me quitte pas esaldiaren esanahia bilatu dut. La canción de amor más bonita del mundo posta aurkitu dut, eta pozik gelditu naiz no me dejes irakurtzean.

Postontzira jaitsi naiz ondoren, egunkari bila. Bertan Hedoi Etxarteren Vals-a ikusi eta irakurtzeari ekin diot, izenburuak erakarrita: kapitala eta bizitza. Aurretik egindako bilaketan Google-ek topatu ez duen artikulua, vals-aren amaieran, desjabetzearen bidez metaketaren aurretik, hau aurkitu baitut: Maitasun keinu gisa interpretatzen ditugu xantaiak, eta xantaia matxisten kanonikoa da Laat me niet alleen edo Ne me quitte pas. Egunkaria jaitsi eta aurrera begira gelditu naiz inora begiratu gabe. Lipar batez.

Enpresetan partaidetza: aukera ala amarrua?

[Atzo eta gaur Enpresetan partaidetza sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dituen jardunaldi batzuetan izan naiz. Gaur sindikatuen mahai inguruan esandakoak dakartzat hona:]

alternatiba

Partaidetza entzutean zer ulertzen duzue?

Partaidetzaz hitz egin behar nuela eta oso ongi etorri zitzaidan atzo hemen egotea. Bereziki baliagarria suertatu zitzaidan Peter-en hitzaldia. Berak esan zuen ideia berritzaileenak garagardo baten inguruan lagunen arteko solasaldietan datozela.

Horixe egin nuen atzo hemendik ateratzean, bi lagunekin garagardo bat hartu eta gaurko nire interbentziorako ideia berritzaileak partekatu. Ez ditut izenak esango, hemen baitaude, baina txalo bat eskatuko dizuet beraientzat, ez niri lagundu didatelako, zuei lagundu dizuetelako baizik, ez baitizuet aurretik prestatuta nuen txapa sartuko.

Beste detaile bat, eta atzo gai honetaz ez zen batere hitz egin, ni atzo garagardo baten inguruan lagun birekin ideia berritzaileetaz aritu izan nintzen nire emaztea gure hiru umeekin zegoelako. Funtsezkoa da zaintza, baita partaidetzan ere. Partaidetzan inplikatu ahal izateko bizkarrak zainduta izan behar baititugu.

Hori esanda partaidetza guretzat gizarte neoliberalaren eraldaketan urrats bat izan daiteke. Urrats bat ekonomia demokratikoaren bidean. Urrats bat bizitza ekonomiaren erdian jartzeko. Eta ekonomia feministaren aldarria egingo dut. Bizitza hauskorra da, ahula, zaindu egin behar da. Kapitalismoak, ordea, bizitza suntsitzen du. Enpresa helburu bihurtzen du eta bizitza bitarteko. Guk merezi duen bizitza eraikitzeko, zaintzeko eta ospatzeko ekonomia nahi dugu. Ditugun baliabide mugatuak komunitatearen beharrak asetzeko balioko duena.

Partaidetza, hortaz, izan daiteke urrats bat prozesu horretan. Baina KONTUZ! Partaidetza izan daiteke ere mantra neoliberal bat kapitalismoaren aurpegi ankerrena betikotzeko, babes kolektibori gabeko autoesplotazioa helburu.

Partaidetzaren onurak

Hemen partaidetzaz asko hitz egin da. Atzo luze jardun genuen gaiaz, eta guretzat pozgarria izan da ikustea, sindikatutik ezagutzen dugun errealitatetik urrun, badirela enpresariak partaidetza guk ulertzen dugun moduan ulertzen dutenak eta praktikan jartzen dituztenak kooperatibetan eta S.L-tan. Badirela enpresaburuak epe ertain luzera begiratzen dutenak, langileen ahalduntzean sinisten dutenak, ekonomia produktiboan sinisten dutenak.

Baina nik badut kezka bat, eta suposatzen zuetako gehienek ere izango duzuela, eta da partaidetza horrek eragin dezakeen ekonomiaren eraldaketa. Zer punturaino ez den gelditzen, ontzat eta aldaezintzat ematen den sistema kapitalistan, etxe barruan gauzak ahal den egokien egitean (eta zelako lanak hori lortzeko!). Arrisku berbera dugu sindikatuok ere. Atzo hemen batek aipatzen zuen bakoitzak duen konfort egoera, bertan goxo hori. Arriskua dugu sindikatuok ere lan hitzarmen on bat lortu eta hor gelditzekoa, ekonomiaren eta gizartearen eraldaketan gehiago eragin gabe.

Arrisku hori ekiditeko izan ohi dugu harreman ekonomia sozial eraldatzailean dabiltzan kooperatiba, eragile eta elkarteekin. Horregatik gara Fiareko eta Goienerreko bazkide. Horregatik gabiltza EHNE Bizkaiarekin elikadura burujabetzaren gaia sindikalgintzan nola sartu aztertzen, horregatik egoten gara Talaiosekin, COOP57-koekin, Indianoekin, Sants-eko mugimendu kooperatibistarekin ahal dugunetan. Akuilu bat dira guretzat, bertan goxo gelditzen galarazten digutenak, eta ikuspegi berriak zabaltzen dizkigutenak, hauek bai, benetako eraldaketarako.

Zer testuinguru “partaidetza eredua” sustatzeko?

Nik jolastxo bat egingo dut, guk topatzen dugun testuinguruaren adibideak emango ditut eta gero zer testuinguru behar lukeen aipatu.

Badakizue enpresaria behartua dagoela legez enpresa-batzordearekin datuak eta informazioa partekatzera. Baina ez du egiten. Informaziorik ez du partekatzen. Partaidetza sustatzeko gutxienekoa da gardentasun eta informazioa partekatzea. Argi utzi zen hori hemen atzo.

Badakizue enpresetan hauteskundeak egiten ditugula langileen ordezkariak aukeratzeko. [By the way esan behar dut patronalaren ordezkaritza erabakitzeko esan behar dut ez dela hauteskunderik egiten…] Bada, ELAren izenean aurkezten diren langile askok mehatxuak jasotzen dituzte, lanpostua aldatzeko xantaia, erosi nahi izaten dituzte, kaleratuak ere izan dira… Ez dago hauteskunde librerik egiterik. Parte hartzea sustatzeko ezinbestekoa da nahi duenak aukeratzen duen zerrendetan aurkeztu ahal izateko askatasuna izatea.

Nik Manu Robles-Arangiz Institutuan egiten dute lan, ELAren fundazioa trebakuntza sindikala egiteko. Bada, aurreko hilean eskaera bitxi bat jaso genuen Bizkaiko zaharren egoitzetako eta etxeko zaintza lanetan dabiltzan ELAko ordezkarien eskutik. Bitxia lehen aldia zelako halako eskaera bat jasotzen genuena, eta iruditzen zaigulako izozmendiaren punta besterik ez duela erakusten. Mobbing-ari nola aurre egiten ikasteko ikastaro bat eskatu ziguten. Eskaera ez da kapritxo bat, presio ikaragarria jasaten dute, mobbing-a. Pertsona hauek, bertan goxotik atera ziren lankideen duintasunaren alde borrokatzeko. Bizitza konplikatu zuten eta osasunarekin ordaintzen ari dira. Gure ordezkariak pertsona arruntak dira, ezin zaie heroi izaterik. Oso larria da egoera hau.. Partaidetza sustatzeko ezinbestekoa da giroa babestua egotea.

Hainbat enpresetan zer esaten zaie langileei? “Eskaintzen dizuedan hau onartzen duzue edo itxi egingo dut”, “baldintza hauek onartu ezean beste herrialde batera goaz”, “soldata jaitsi ezean ez dakit zenbat kalera zoazte”… Mehatxu eta beldur giroa da nagusi. Eta jakina azken lan erreforma horretarako bidea ematen die, hitzarmen probintzialek ez baitute gutxieneko baldintzarik bermatzen jada.Lan erreformak eragina izango du ere hemen zaudeten moduko enpresetan ere, zuen ondoko enpresak lan baldintzak okertu eta prezioak merkatzen baditu, eta zuek berekin lehiatu behar baduzue, zer egingo duzue? Partaidetza sustatzeko ezinbestekoa da konfiantza giroa.

Zer eskatzen diozue administrazioari?

Administrazioari gauza asko eskatzen diogu egunera, hori leporatzen digute. Gaur ariketa interesgarriago bat egingo du, guk zer egin behar dugun zehazten saiatuko naiz.

Ez dakit hemengoek badakizuen, baina errepublika garaian guk kooperatibak, ekonomatoak, mutualitateak, txanpona, afiliatuentzat lurrak genituen. Gero bibotedun bat armekin irits zen eta guztia itxi zuen sindikatua galarazita. Eskerrak beranduxeago beste batzuk beste bide batzuetatik kooperatibak sortzen asmatu zuten.

Biboteduna hil zenean eta sindikatuaren jarduera berriro baimendu zenean ELAk galdetu zion “errepublika garaian egiten genuena egiten jarraitu behar dugu, ala errealitatea aldatu delako beste zerbait egin behar dugu?” Jakina, ordurako Ongizate Estatuaren garaia zen, gizarte segurantza, hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoa, babes soziala… Zerbitzu publikoen esku zeuden horiek guztiak, orduan erabaki genuen Lan Harremanen Euskal Esparrua sortu eta langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea.

Zer gertatzen ari da orain baino? Zer gertatzen da 80. Hamarkadan Tatcher eta Reaganekin hasi zen eraso neoliberalaren ostean? Zerbitzu publiko guztiak ezerezean uzten ari direla. Inoiz baina behar gehiago dagoen garaian, inoiz baino murrizketa gehiago egiten ari dira zerbitzu publikoetan, eta babes sozialean. Murrizketak egiteak ez ditu beharrak desagerrarazten. Beharrak hori daude. Kontua da nork aseko dituen eta nola behar horiek. Multinazional etekin goseek? Eskuin muturreko taldeek? Ala elkartasunean, demokrazian eta partaidetzan oinarrituko den ekonomia sozial eraldatzaileak?

Guk azken honen alde egiten dugu apustu. Baina ez errepublika garaian egiten genuen bezala, gure kabuz, baizik eta lan horretan dabiltza kooperatiba, elkarte eta eragileekin saretuz.

Esan dezakegu egin nahi eta ezinean gabiltzala. Langileen eta sindikatuaren kontrako erasotik nolabait babeste xahutzen ditugu indarrak. Egia da ere, batzuetan denbora eta indar falta aitzakia izan daitekeela egin nahi baina bertigoa ematen digun aldaketa ez egiteko. Geure buruaren erresistentziak. Horregatik nire ustez garrantzitsuena urrats bat ematea da. Lan erreformaren aurrean egiten ari garena bezala. Uharteak sortu. Enpresa hitzarmen onak lortu, eta eredu bihurtu. Adibide bat dagoenean erakutsi daiteke: bai, enpresa ertain eta txikietan ere lor daitezke hitzarmen onak.

Uharteak oso garrantzitsuak dira. Begira finantzak beste modu batetan kudea daitezke. Energia sorkuntza eta banaketa beste modu batera egin daiteke, badira ADEGIren ildoa jarraitu nahi ez duten enpresariak, enpresa ereduak…

Halako ereduak zabaldu eta saretu behar dira. Zentzu horretan urrats bat eman dugu Karta Sozialetik datorren urtean Bilbon alternatiba hauek gizarteratzeko egun bat antolatuko baitugu. Abiapuntu egokia izan daiteke!

Zure begiradak dena esaten du

Landeiarako idatzi nuen artikulua urriaren 6an. Susmoa nuen Katalunian gauzak aldatuko zirela, dena den, idatzi nuen moduan uztea erabaki dut.

Zenbat alferrikako hitz. Zenbat argumentu, esplikazio, arrazoi. Zenbat lan burutik ahora eraman beharrak eraikitzen, besarkada batekin nahikoa denean. Askotan keinu batek gehiago esaten du klase magistral batek baino; luzatutako esku ireki batek, begirada batek. Horregatik, bizi dugun garai politiko nahaspilatu hau begiraden bitartez aztertuko dut.

Hasteko gora begiratuko dut, Eskoziara. Mende batzuk dituen sistema demokratikoa, eta, zergatik ez esan, Espainiako agintariak baina azkarragoak diren gobernuburuak. Cameronek independentziarako erreferenduma egiteko baimena eman zien Eskoziarrei, ezetzak aise irabaziko zuela ziurtzat jota. Zerk bihurtu zuen ustea ustel? Zer gertatu zen erreferendum bezperatan establishment-a dardarka jartzeko? Baietzaren aldekoek ezkerrera begiratu zutela. Ingalaterra neoliberalaren aurrean, Eskozia sozialdemokrata aldarrikatu zuten: ekonomia produktiboa indartsua, sistema publiko sendoa, zerga sistema progresiboa…

Kontua da hori ez zela nahikoa izan. Gutxigatik ezezkoa izan zen garaile, eta bertako batek dioenez “ez gara %51era iritsi eskoziarrei pentsioa zenbatean geldituko zitzaien esatea ahaztu zitzaigulako”. Argi uzten du honek, erabakiak hartzerako orduan, jateko gauzek duten garrantzia. Gizarte eredua funtsezkoa da herritarrak erakartzeko.

Gertatzen dena da guri ez digutela erabakitzen uzten. Gu bizi garen Estatuan demokrazia, mendeak izan ordez, jaioberria da (apur bat zorrotz jarriz gero, oraindik jaiotzear dela ere esan liteke) eta horrek gauzak oso desberdin egiten ditu, eskuinera begira jartzen gaitu horrek. Eta zer topatzen dugu han? Katalunia.

Nora begira daude kataluniarrak? Beraien legebiltzarrera. Gertutik zaintzen ari dira herriak kalean eskatu duena legebiltzarrak betetzen duela, hainbat urtez luzatzen ari den mobilizazio indartsu etengabeaz. Eta galdeketaren alde dauden alderdiak nora begira daude? Kalera. Kaleak batasuna eskatzen die eta erabakimena, alderdiak erakusten ari direna bestalde. Madrilek bere jarrera gogorrarekin seguruenik hori bilatzen du, subiranisten batasunaren haustura. Baina, askok kontrakoa pentsatzen bazuten ere, alderdiek batuta darraite, kalean dagoen indarrak bultzatuta, dudarik gabe.

Begiratu dugu gora, begiratu dugu ezkerrera, begiratu eskuinera eta dena da inbidia, dena da “eta gu zer?”. Nora begira dago EAEko lehendakaria? Behera, Madrilera. Begiradak dena esaten du. Baina gu ez gara lehendakaria soilik. Gu askoz gehiago gara, gure kabuz ere begiratu dezakegu.

Behera begira jar gaitezke gu ere, baina ez mapan, gorputzean baizik. Eta zer ikusten dugu? Eskuak. Eskuak ezker eskuin, itxaropenaren iturri.

Hauteskunde zurrunbilotan sartzear garen honetan Gure Esku Dago indartu ezean jai daukagu. Kaleak behartuko ditu alderdiak erabakitze eskubidea den ariketa demokratikoan martxan jartzen. Ateratzen dugun zaratak, lortzen dugun indarrak behartuko ditu begirada guregana zuzentzen.