Category Archives: Uncategorized

Sindikalismo dekoloniala, ere, eraikitzen

Posta hau El Salton argitaratu den Construyendo, también, sindicalismo decolonial artikulua da euskaraz.

37 greba egun. Michelin multinazionalaren multinazional azpikontrata bat, Ferrovial. Langile migratuak (Maroko, Mauritania, Ghana, Benin, Nigeria, Mali, Senegal, Togo…), erabateko prekaritatea. David Goliat eta Goliaten kontra Arabako lautadan, Araian, zehatz esateko. Sindikatu bat: ELA. 37 greba egun, eta garaipena (3.600 eurotik gorako soldata-igoerak bost urtean, kontratu partzial guztiak lanaldi osoko bihurtu, norberaren aukerako 14 ordu urtean ordainduta, plusen hobekuntza, laneko bajetan %100 kobratzen hasi…).

Ez dakit zuei, baina niri hau pasada bat iruditzen zait. Ezaugarri hauetako gatazka batean, protagonista horiekin eta zeuden baldintzetan, horrelako garaipen bat ziztu bizian zabaldu beharko litzateke Euskal Herri osoko txoko guztietan, estatu osoan eta munduan zehar, batez ere hau da dagoena-ren garai hauetan, langile pobreen garaian, beldurraren garaian. Baina, gatazka eta garaipen honi buruz, inork ez daki ezer.

Segur aski, akordioa lortuta hurrengo zereginei heldu dietelako gatazka eraman duten pertsona eta lan-taldeak, egunerokotasunari erantzunez, eginez. Eta egiten dena komunikatzearena non gelditzen da? Imajinatzen dut liatuegi dabiltzala eta komunikazioaren gai horri ez diotela hainbesteko garrantzirik ematen…

Akats bat, bai. Baina nahiago dut akats hau kontrakoa baino. Gehiago gustatzen zaizkit egin eta esaten ez dutenak, esan baina egiten ez dutenak baino. Horrek ez du esan nahi borrokak eta garaipenak ezagutaraztea funtsezkoa ez denik, Araian lortu den hau, prekaritateaz kutsatutako beste edozein lantokitan erreplika baitaiteke.

Ferrovialeko langileek irabazi duten borroka honek, plantillan langile arrazializatu asko izanda, gogora ekarri dit Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako pisuko zerbitzarien borroka (47 greba egun eta garaipen), Iruñeko Navarplumakoena (41 greba egun eta garaipen), Bilboko portuko eta Donostiako Anoeta estadioko obretako langileenak (grebarik gabe, baina afiliazio eta antolaketa lanarekin)… guztiak langile migratuek protagonizatutako borrokak. Gogora ekarri dit ere Inditex-eko ELAko ordezkariek Myanmarreko kate bereko langileen egoera salatzeko egin zuten lanketa.

Eta neure buruari galdetzen diot: nola eraikitzen da sindikalismo dekoloniala? Teoriarekin eta eztabaidarekin? bai. Ideologiarekin eta prestakuntzarekin? baita. Diskurtso eta aliantzekin? baita ere… baina ez da nahikoa.

Sindikalismo dekoloniala eraikitzeko garrantzitsuena praxia da. Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan. Sindikalismo dekoloniala sindikalismo feminista eraikitzen den modu berean eraikitzen da: praktikatik.

Ibiltzean egiten da bidea, nahiz eta inoiz ez iritsi helmugara (garrantzitsuena prozesua da). Sektore feminizatuen sindikalizazioaren kasua ezagunagoa da, batez ere, Bizkaiko zahar-egoitzetako greba ospetsuagatik (378 greba egun eta garaipena). Baina baita soldata arrakalaren aurka lortutako garaipen sindikalengatik ere, Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbiketan (9 hilabeteko greba eta garaipena), Elorrioko udaleko garbiketan (5 hilabeteko greba eta garaipena), Zarauzko udaleko garbiketan (oraingoan grebarik gabe, baina aurreko greba arrakastatsu bati esker), eta baita ere pandemia betean Lidl-eko langileek lortutako garaipenagatik ere.

Bidea egiten jarraitzen dugu gainera: udazkenetik hona Hego Euskal Herriko hiru zaintza-greba, Gipuzkoako zahar-egoitzetako borrokaa (247 greba egun jada), Arabako eta Nafarroako egoitzetako langileen grebak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen grebak…

Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte, zaila izango zaigu gainetik guztiz erauztea. Gure sindikalismoa motz geratuko da beti, akatsak egingo ditugu, jarraituko du izaten nagusiki zuria eta gizonezkoena; kostako zaigu egunen batean esatea, “badugu, jada, sindikalismo feminista dekoloniala”.

Galeanok zioen bezala, utopiak aurrera egiteko balio du, nahiz eta eskuetan dugula uste dugunean ihes egin. Eta aurrera urratsez urrats egingo dugu, praxitik, borrokatik borrokara, garaipenetik garaipenera, txikiak izan arren. Horrela egiten da aurrera, klase borrokan, ere, emakume eta pertsona arrazializatuei protagonismoa emanez. Eta berri on bat: praktika eta emaitza onak kutsatu egiten dira.

Konplikatua da, badakit. Egoera zaila da, hainbeste dira herrialde pobretuetatik bizimodu hobe baten bila datozen langileen beharrak, eta hainbeste behar horiek esplotatuz aberastu nahi duten enpresariak! Horregatik da hain garrantzitsua borroka bakoitza, garaipen bakoitza komunikatzea. Umiltasunetik, bai; lortutakoaren txikitasunetik, bai; baina jakin dadila, ikus dadila. Argi egin dezala. Bada irtenbidea.

Egun denak ez dira berdin

unnamed (1)

“Laino ilunak ikusten
goizean goizez zeruan”
Delirium Tremens

 

Hau bai da historikoa. Historia liburuetan azalduko da. Errealitateak fikzioa gainditzen du. Jada ez dakigu zer ezkutatzen duen jasotzen ari garen datu uholdeak. Kutsatuak, ospitalizatuak, hildakoak. Kurba exponentzialez betetako grafika horietaz haratago, zer kontatuko dute etorkizunean?

Mundua. “Birus txinatarra” vs. “AEBetako militarrek Wuhanen zabaldu zuten birusa”. Huawei, 5G, gerra komertziala. Irani enbargoa, Oman golkoko gertaerak, Ali Jameneiren hilketa. Petrolio prezioaren amiltzea, AEB-Saudi Arabia vs. Errusia. Siriako gerra.

Europar Batasuna. Egonkortasun itun ez hain ukiezina. Koronabonoak, jai-jai. Brexita, lehena, zein da hurrena? Batasuna, bai, migranteei mugak ixteko. 

Espainiar estatua. Birusak ez du lurralderik, diote, baina espainiar batasuna indartzeko erabiliko dute, monarkia salbatzeko, PSOE-PP koalizio handia, azkenean, agintean jartzeko.

Ekonomia. Birusak ez du ideologiarik diote, baina bankuak salbatzen dituzte pertsonen kaltetan. Pribatizazio eta murrizketak langileen dedikazioarekin eta balkoietako txaloekin estaltzen dituzte. “Bai, momentu batean bazirudien neurri neoliberalak baztertuko zituztela, baina zor publikoa ordaindu egin behar zenez…”

Lana. Shocka. Beldurra. Arriskua, ekonomia koman ez sartzeko aitzakian. Zahar etxeak, etxez etxeko laguntza, garbitzaileak, ostalaritza, telemarketing, etxeko langileak… ERTE. Langabezia. Prekaritatea, izan zaitez autonomo/ekintzaile, enpresa kultura berria, outsourcing. Emakumeen doako zaintza lan ikusezina.

Demokrazia. Autoritarismoa hemen da. Alarma egoera. Militarrak kalean, bizilagunak polizia lanetan. Etxean sartuta, aste bat, bi aste, hilabete. Bakarrik. Kolektiboa lantzeko klandestinitate garaia.

Digitalizazioa. Auzolana diote, baina denda txikiak itxi eta Amazon, Glovo, Apple… garaile. Telelana, aplikazioak, datuak… zelatatuak. Anaia Handia. Google hezkuntza eta osasungintzaren jabe.

Gerra. “Hau gerra bat da, koronabirusaren kontrako gerra”. III. mundu gerra. Bitartean, gu denak etxean gaudela, AEBetako 30.000 soldadu etorri dira Europara. Zertara? apirilean   NATOren Europe Defender 20 ariketa militarra egitera. Europa konfinatua dagoenean soldadu estatubatuarrak kaletik lasai ibil daitezke “osasuntsu daudelako”.

Ziurgabetasun aroa. Kezkak, galderak. Fokoa zabaltzeko garaia da, argi luzeak jartzekoa. Hatzak ez dezala ilargia estali, zuhaitzak basoa ere ez. Historia ez dago idatzia, guk egiten dugu. Nola egin dezakegu, bizi dugun egoera honetan, datorren erasoaren aurrean, kolektiboki antolatu eta bizitza erdigunean jartzeko?

Itxaropena zaindu eta inoiz ez galdu.

Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den: Joseba Barandiarani iruzkin bi

Atzoko Berrian Joseba Barandiaranen “Zergatik ditu asteburuak egun bi?” artikulua irakurri nuen eta egon-ez moduko batekin gelditu nintzen. Aspaldi ez bezala, egon-ez hori idazten arintzen saiatuko naiz:

20190127_114549

Egia da. Bi eguneko asteburua jaso egin dugu. Beste batzuek borrokatu zuten 40 orduko lan astearen alde, eta gu ari gara eskubide horretaz gozatzen. Eskubide horretaz, eta gainerako guztiez: opor ordainduak, baja ordainduak, pentsioak, gizarte segurantza, osasun eta hezkuntza publikoa, negoziazio kolektiboa…

Baina, zergatik borrokatu behar izan da eskubide horiek lortzeko? Bi eguneko asteburuen kontra, opor ordainduen kontra, pentsioen kontra, gizarte segurantzaren kontra, osasun eta hezkuntza publikoaren kontra, negoziazio kolektiboaren kontra zeudela enpresari eta boteredunak.

Eta orain berbera gertatzen da. Beste pantaila batean, bai, baina berdin. Bizkaiko erresidentzietako langileek 378 greba egun egin zituzten, eta beste lan baldintza askoren hobekuntzaz gain, askok ezinezkotzat jotzen zuten 35 orduko lan astea lortu zuten. Greba langile guztiek egin zuten? Ez, baina lortutakoa guztiei aplikatuko zaie.

Gizarte Ekimeneko grebalariei ere esaten zieten ezinezkoa zela eskatzen zutena lortzea. Baina 28 greba egun (eta beste hilabete bateko deialdiari esker) ezinezkoa zirudiena lortu zuten. Eta lortutako hori, sektoreko langile guztiei aplikatuko zaie.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileak (9 hilabete greban), Elorrioko garbitzaileak (5 hilabete greban), NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileak (43 egun greban), Tabakalerako Ubik liburutegiko bitertekariak (7 hilabete greban), Gipuzkoako hondartzetako sorosleak, Euskalduna Jauregiko azpikontratatuak, Bilboko arte ederretako museoko azpikontratatuak, Navarplumako langileak, DHL-Aguraingo langileak…

Hamaika adibide dauzkagu (garaipen sindikalak ospatzearen garrantziaz Nagore Uriarteren artikulu hau gomendatzen dizuet eta baita Mari Cruz Ekororen bideo hau). Batzuetan sindikatua zer den jakin gabe ere, beraien egoera prekarioari aurre egiterik ba ote zegoen jakiteko ELAra gerturatu dira. Eta guk arrakastarako errezeta eskaintzen diegu: kolektiboki antolatu, afiliatu eta grebara. Oraindik oroitzen ditut Ubikekoak, artean greban zirela, esaten: hau irabazten dugunean guztiei esango diet berdina egiteko!

“Gazte, sindikatuak nor defenditzen duen jakin nahi? Txiki Muñozi entzuten zitzaion gehien hau: “gure jendea”. Afiliatuak.” Bada, ez, Joseba. Txiki Muñozek “gure jendea” zioenean langile klaseaz ari zen, langile jandeaz, bere lan indarra saltzera behartua dagoena biziraungo badu. Eta historiak eta praktikak erakusten duen moduan, afiliatuak dira, bai, greba luzeak egiten dituztenak, erresistentzia kutxarik gabe ezinezkoa litzatekeelako grebak luzatzea ezinezko dirudiena lortzeko. Baina lortzen dena guztientzako da. Ez soilik enpresako, zentroko edo sektoreko langileentzat, baita gainerako guztientzat ere, batez ere gazteek eta emakumeek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko bide bat erakusten duelako, benetako adibideekin.

Eta esan bezala, prekaritatea antolaketa kolektiboa eta grebarekin borrokatu egin behar bada , esan nahi du zeinbaitzuk prekaritatea nahi dutela, prekaritatea bultzatzen ari direla. Gorago aipatutako adibide guztietan enpresariek (batzuetan instituzioekin batera) lan gehiago diru gutxiagoren truke lortzeko borrokatzen zuten.

Josebak bere artikulu amaieran dio hiru edo lau eguneko asteburua errazago etorriko dela enpresarien eskutik sindikatuetatik baino. Enpresarien zain egon baino, hobe bi eguneko aste burua lortu zuen langile mugimenduaren borrokara batzea. Hurrengo geltokia: 35 orduko lan astea. Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra.

 

Sevillan goxo-goxo eta bero

20190601_183448[1]Ekainak 1. Lehen aldia Sevillan. Noiz eta Día de las fuerzas armadas bertan ospatzen zenean. Arazoak hegaldi edo trenak hartzeko. Arazoak aterpea aurkitzeko. Eskerrak Andaluziako Coop57ko Danik bere etxean hartu gintuen… Ez ginen La Giraldan izan, baina bai Las Tres Mil Viviendasen, estatuko errenta txikiena duen auzoa. Sevillako auzo desegituratuena. Pobrezia, drogak eta bortxa. Bada, bertan eman ziguten bazkaltzen Asociación Gitana Vencedores-eko lagunek, Sevillan hoberen zainduta dagoen belar artifizialeko futbol zelaian, Pedro elkarteko presidenteak harrotasunez esan zuen moduan. Eta ez ginen lau katu, 80 lagun inguru baizik, Coop57ko estatuko lurralde sail desberdinetatik etorriak denak. Bertan egin genuen ere Coop57ren batzar nagusia.

Esku zabalekin hartu gintuen Pedrok. “Auzoa aldatzen ari gara, gu geu, auzokideak, antolatuta. Gazteei kirola eta heziketa eskaintzen dizkiegu drogak eta bortxaren ordez. Droga fumaderoa zegoen tokian orain gimnasio bat dago. Ezinezkoa litzateke hori Coop57ren finantziazio eta auzokideen lankidertzarik gabe.” Vencedores Coop57ko bazkidea da.

Ekainaren 2an, Cadizera bidean, Puerto Realeko igerilekuan gelditu ginen, baina ez bainua hartzeko. Arturok erakutsi zizkigun instalazioak, Cooperactiva udal igerilekuen istorioa kontatzen zigun bitartean. Zerbitzu publiko azpikontratatua, azpikontrata aldaketa, kudeaketa penagarria, grebak eta, bat-batean, kiroldegia itxita. “Coop57gatik eta Autonomía Sur kooperatibagatik ez balitz igerileku hau behin betiko itxita legoke. Baina ikusten duzue: beraien bultzada eta laguntzari esker, hainbat urteetako borroka eta lan ikaragarriaren ondoren, langileok hartu dugu proiektua eta aurrera daramagu, gure gainetik dagoen beste inoren beharrik gabe. Gu gara hau kudeatzen hoberen dakigunak.”

“Sindikalki ongi antolatuta zeuden hauek” esan zigun Oscar García Jurado Andaluziako Coop57ko kideak. “Talde kohesio horrek asko lagundu du prozesua arrakastara ekartzen.” Ahalduntze prozesua izan da. Ahalduntze prozesua izaten ari da ere Las Tres Mileko Vencedores elkartearena, auzoarena. Eta ahalduntze prozesu horretan bidelagun: Coop57, finantza zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba.

SUTEKen adibidea

Euskal Herrian ere ematen dira halako prozesuak. Sevillatik iritsi eta berehala SUTEK kooperatiba sortu berriko hiru langileekin bildu ginen ELAren Donostiako egoitzan. Enpresako jabearen kudeaketa txarrarengatik itxi zen enpresa batetik datoz hiruak. Bat ELAko ordezkaria zen. “Orain arte guk atera badugu lana aurrera, zergatik ez dugu guk sortzen enpresa ?” Eta hala egin dute. Ikustekoa zen haien begiek, hitzek eta keinuek transmititzen zuten bizia, gogoa, ilusioa… Guk, Olatukoopeko kideekin batera, Koop57 aurkeztu genien, besteak beste: 30 elkarte eta kooperatiba bazkide inguruk osatzen dute –Manu Robles-Arangiz fundazioa tartean– eta norbanakoek ere bat egin dezakete proiektuarekin. Egun 130 pertsona inguru gara bazkide Euskal Herriko Koop57n. Urte amaierarako 200 izatera iritsi nahi dugu. Lotura honetan duzu sarbidea: https://labur.eus/J5PCE.

Askotan esaten dugu bizitza erdigunean jarriko duen ekonomia nahi dugula. Gutxitan ikusten ditugu, alta, berau praktikan jartzen duten adibideak. Sevillan nengoenean, eta hona etorri naizenean, galdera berbera egiten zidan hemengo jendeak: beroa? Ikaragarria, Andaluziako Coop57ko kideek egin diguten harrera eta eman diguten tratua. Praktikan erakutsi digute zer den ekonomia sozial eraldatzailea.

Gauza txikien superbotereak

WhatsApp Image 2018-11-27 at 08.06.08

Gauza misteriotsua gertatzen ari da Euskal Herriko frontoietan: pilota partiduetan tonika salmenta disparatu egin da. Sekretua pilotazaleen poltsikoetan sartzen diren ginebra botila txikietan omen dago.

Zigarroa ere gauza txikia da. Baina leku itxi batean, ezkutuan bada ere, erretzen baduzu, bost minutu edo bi ordu pasata,  antzemango du norbaitek. “Hemen norbaitek erre du”.

Ez da jendeak tabernako goxotasuna ez duenik gustuko. Kanpoan dago barruan ezin duelako erre. Alkoholik gabeko garagardoa, ere, ez da futbolzaleen edaririk gogokoena, baina estadioetan ez dute beste erremediorik. Legea egin zuten eta kito.

Urkullu argia da horretan: “ez dut sinesten demokratikoki aukeratutako instituzioak ordezkatu nahi dituzten alternatibetan”; “asaldatu egiten nau ardurarik gabeko mugimendu sozialek baldintzatzea Katalunia”. Ildo horretan baztertu egiten ditu Herri Ekimen Legegileak. Berdin du, 17.000 sinadura jaso, eskoletako segregazioarekin amaitzeko, zein 130.000 sinaduraraino iristea, azpikontratetan lan baldintza duinak bermatzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak, sinadura txiki horiek guztiak zezerezean uzteko, argi dio: guk hauteskundeetan 389.000 bozka jaso genituen. Jendeak lau urtean behin bozkatzen du, eta gobernua da erabakiak hartzen dituena.

Eta halaxe egiten dute: arauak egokitu hiri inguruetan merkatalgune erraldoiak sortzeko, igande eta jai egunetan denden irekierak bultzatzeko, urteko egun guztietan 24 orduz zabaltzen duten saltokiak erakartzeko… Amancio Ortegarirekin akordioa egin Osakidetzako inbertsio eskasa apaintzeko, Euskaltel saldu, La Naval hiltzen utzi, Gipuzkoaren etorkizuna Trumpen American Enterprise Institute think tankarekin birpentsatu…

Hauteskundeak irabazten dituzte, boterea dute eta pentsatzen dutena egiten dute. Dena den, batzutan, iradokitzen dute zenbait erabaki ez dituztela gustuko, bereziki herritarrak  haserretzen direnean, baina azpimarratzen dute errealista izan behar dela eta beste erremediorik ez dagoela. Hau omen da dagoena.

Eduardo Galeano beste puntan zegoen. “Utopiak aurrera egiteko balio du”. “Jende txiki askok leku txikietan, gauza txikiak egiten mundua alda dezake”. Eta sindikatu eta herri mugimenduek hortik edan dugu. Alternatiben herriak, Iraultza Txikien Akanpada, Argia txikitik eragiten… Handien erabakiek hondatzen dutena, erabaki txikiekin konpontzen. Bai, boterearen erabakiak baldintzatzeko indarrik ez dugun bitartean, txikitik eraikitzen joan behar dugu indar metaketa.

Badakit dena erlatiboa dela. Guretzat Lazkao Txiki Andy García baina handiagoa dela. EBBrentzat porrota izan den galdeketa GBBrentzat ahalduntze sozialerako erreferentzia bat dela. Baina “Erosi bertan. Aktiba itzazu gauza txikien SUPERBOTEREAK (Eusko Jaurlaritza)” irakurri dudanean, mundua gelditu zait.

Ez, ez dut Boletin Ofizialean irakurri. Autobus geltokiko iragarki taulan baizik. BM supermerkatuak, Fortaleza kafea, Black Friday eta beste hainbat propaganda jartzen duten leku berean. Mundua biratzen hasi zait berriro.

Infantilismoa aitzakia gisa?

Edu Apodakak, Lenin gogora ekarriz, ezkerraren infantilismoaren arriskuaz idatzi du Garako artikulu batean, eta “errealismo eta pragamatismoaren konpromiso iraulzailea”ren aldeko aldarria egin du. “Ziurtasun absolutua ezabatu behar dugu geure burutik”; “utopiak eta konpromiso praktikoak kontrajartzea baino erreakzionagorik ez dago”; “garaipena beti aurrerago dagoela sinistea inoiz ez garaitzeko desioa baino ez dela ahaztu barik”. Bat nator berarekin. Horregatik harritu nau infantilismo hori ELAri egokitu dionean, hain justu, ELAren jarduna errealismoan eta pragmatismoan oinarritzen denean.

ELA Hego Euskal Herriko lehen sindikatua da, alde handiarekin, ordezkaritzaren %35arekin eta 100.000 afiliaturekin. Sindikatuak emaitza horiek lortzen ditu errealitatean oinarrituta langileen beharrei pragmatismoz erantzuten dielako; erreminta baliagarria delako langileen eguneroko beharrei erantzuteko.

Garaipenak lortzen ditugu, azkena Beasaingo Antzibar kiroldegian. Ez dute soldatapeko esplotazioarekin amaitu, ez dute sozialismoa lortu, baina beren lan baldintzak hobetu dituzte.

Garaipen hauek, ospatu eta zabaldu egiten ditugu, antzeko egoeran dauden beste zentroetako langileak ere helburu zehatzen bila antola daitezen eta borrokatu dezaten. Eta emaitzak lortzen ditugu.

Ekonomia soial eraldatzailearen alde ere egiten dugu. EHko Laborantza Ganbaran, Euskoa moneta sozialean, I-Enerren, Goienerren, Fiaren, Koop57-n… parte hartzen dugu. Alternatiba “txiki” hauek zabaltzeko Alternatiben herria antolatu genuen Bilbon EHko Eskubide Sozialen Kartaren baitan, eta aurten Iruñean egingo dugu ekainaren 2an.

Sistema aldatzen dute alternatiba hauek? Ez. Baina eguneroko bizitzan sistemaren logikatik aparte bizitzeko, urrats zehatzak emateko, aukera eskaintzen digute eta indarra metatzeko, jendea erakartzeko, proiektu garrantzitsuak dira.

Bai negoziazio kolektiboan, bai EHko Eskubide Sozialen Kartan, bai ekonomia sozial eraldatzailean, bai greba feministan… utopiak eta konpromiso praktikoak uztartzen ditugu.

Apodakak dio, ere, Ezker Abertzaleak “kontrabotere hutsean jarrai dezala” nahi dugula. Ezker Abertzaleaz ari denean alderdi politikoaz edo hautes-koalizioaz ari bada, alderdi edo hautes-koalizioen helburua hauteskundeak irabazi eta gobernatzea dela jakinda, esaten duenari ez diot zentzu handirik aurkitzen. Beste kontu bat da, irabazteko asmoz, aukeratutako estrategiarekin bat gatozen edo ez. Hori beste kontu bat da.

Ostegunean Tuteran izan nintzen bertako ELAko 20 ordezkari berriri ikastaroa ematen (Erriberan %21eko ordezkaritza dugu). 20 horietatik hiru migranteak ziren. ELAren autonomia politikoaz ari nintzela, esan nien “hemen galdezka hasiko banintz, bakoitzak agian alderdi politiko desberdin bati eman dio bozka”, eta afrikar jatorriko batek esan zuen “edo agian ez dio inori bozka eman”. Pertsona horrek ez du topatu bere behar edo interesei erantzuten dion alderdi edo hautes-koaliziorik. Zein hautesle mota bilatzen du EH Bilduk irabazteko?

Suposatzen dut Apodakaren artikulua Ezker Abertzaleko barne eztabaidetan-edo kokatu behar dela. Agian bere asmoa eztabaida horretan hausnarketan sakondu eta bide bat marraztea izan da. Baina niri behintzat, artikuluaren lehen irakurketaren ondoren, soilik hiru gauza gelditu zaizkit buruan: Lenin, infantilismoa eta ELA. Agian hori ere zen bere intentzioa: “ELAren sirena kantu” horiek gainetik kentzeko sindikatua infantilismoarekin lotzea. Agian.

“Qué hay de lo mío”

Errenteriko-TAO

Argazkia Oarsoaldeako Hitzatik hartua

Errenteriako udalak TAO zerbitzua publifikatzea erabaki du. Albiste ona. Zerbitzu publikoak pribatuak baina hobeak, demokratikoagoak eta eraginkorragoak dira. Pribatizaziok, azpikontratazioak, zerbitzuen garestitzea dakar. Eta zerbitzua garestitzen ez duen kasuetan, langileen prekarizazioa.

TAO zerbitzua enpresa pribatu batek eman du Errenterian azken 25 urteotan. Horrek esan nahi du zerbitzu hori ematen pertsonak aritu direla, gizonak eta emakumeak, langileak. Eta hemen topatzen gara gakoarekin: publifikazioan zer gertatuko da langile horiekin? Bi aukera daude: udalak tokia ematen die publifikatuko duen zerbitzuan (zerbitzuan duten esperientzia kontuan hartuta) edo kalera doaz.

Dirudienez, Errenteriako udalak bigarren aukera hartu du, eta TAOko bederatzi langileak kalera doaz. Beraien artetik denbora gutxien daramanak 15 urte egin ditu lanean TAOn. Badaude hasiera hasieratik, 25 urtez beraz, bertan lan egin dutenak ere. 50 urte inguruko gizon eta emakumeak dira, batzuk urte gehixeago dituzte, beste batzuk gutxixeago. Hartu denbora tarte bat. Jarri zaitezte une batez haien azalean.
Langile hauek ez zuten aukeratu enpresa azpikontratatu batean lan egitea ideologiagatik. Langile hauek lanean hasi ziren Udalak azpikontratatutako enpresa pribatuan bizitzeko soldata behar zutelako. Soldata bat beren bizitza aurrera atera ahal izateko.

Baldintza kaskarrak zituzten hasieran. Sindikatuan antolatu, borrokatu, eta urteetan zehar lan baldintzak hobetzen joan dira. Zerbitzu azpikontratatua da, baina baldintza txukunak lortu dituzte urteekin,antolakuntza eta borrokari esker. Urteetan kolektiboa indartu egin da.

Urte hauetan guztietan Errenteriako udalarentzat, urtez urte, egunez egun, goiz eta arratsalde lanean ibili dira, enpresa pribatu batean, azpikontratatuak, baina zerbitzua udalari ematen. Gogoratu udalaren erabakia izan zela pertsona hauek langile publiko ez, baizik enpresa pribatuko soldatapeko izatea. Bada, orain, udalak zerbitzua publifikatuko duela, teorian zerbitzuak eta lan baldintzak hobetzeko, orain ez du langile hauekin kontatzen. Ez die aukerarik ematen orain arte pilatu duten esperientzia guztia udalaren zerbitzura erabiltzen jarraitzeko. Kalera doaz.

Kalera doaz, horrek sortzen duen beldur, ezegonkortasun, inpotentzia, amorru, haserre, ezintasun guztiarekin. Baina urte hauetan lortu duten indar kolektiboa ez da alperrik, eta ez dira burumakur, etsita geldituko. Borrokara jo dute, beraientzat irtenbidea baitagoelako. Beste herri batzuetan badaude adibideak. Borondate politikoa behar da: elkartu, bildu, eta irtenbidea bilatu.

Atzo 5 eguneko greba abiatu zuten. Manifestazioa egin zuten eta kartelak jarri zituzten kalean. Horren harira @birasuegi lagunak (Errenteriako udalean lan gatazka dagoenean arerio bihurtzen gara; arerio sano, esango nuke), txio hau bota zuen:

QueHayDeLoMio
Borroka batek ez ditu beste borroka batzuk estali behar. Badago lekua kartelak jartzeko batak bestea zapaldu gabe. Askotan, gainera, borroka horiek osagarriak dira. Beraz, argi dago kartel horiek ez zirela hor jarri behar. Izan ere, ELAk barkamena eskatu eta kartelak kendu zituen.

ELAtxioa

Dena den, @birasuegi-ren txio horretan pare bat gauzek deitu zidaten arreta:

1. Langile hauek seguru aski ez dira ibiliko egunerokoan borroka desberdinetan kalean. Langile hauek borrokan ari dira soldata behar dutelako, eta urte asko lanpostu berean egon ondoren oso adin txarrean (langabeziara joateko adin onik badago) kalera joateko arriskua dutelako.

2. “#quehaydelomio hutsa”. Borrokalarien eskala, efectivamente, que hay de lo miotik has daiteke. Langile borroka que hay de lo miotik hasten da. Sindikalismoa que hay de lo miotik abiatzen da, bizitzeko soldata behar duten langileen que hay de lo miotik que hay de lo nuestrora. Behin nolabaiteko segurtasuna daukanak borrokalari eskalan gora egin dezake… edo ez.

Kalera joan daitekeen langile batek bere lehen manifestazioa orduantxe egin dezake, bere ogibidea galtzear delako. Kalean lehen oihuak orduan bota ditzake. Orduantxe jar dezake bere lehen kartela kalean (toki desegokiren batean, agian).

Akaso, lehen aldiz egiten dituen gauza horiek guztiak bere lehen urratsa izango dira eraldaketaren alde abiatuko duen borrokan. Edo ez. Baina ez da horregatik gutxietsi behar.

 

Maltzaga hil da, gora Maltzaga!

ehburujabe-368x339“Estatutua hil da” esan genuen Gernikan 1997an. Estatutuaren kontra geunden? Ez. Estatutuak tresna baliagarria izateari utzi zion? Ez. Orduan, zergatik esan genuen hilda zegoela? Espainiako estatuak erabaki zuelako, aldebakartasunez, estatutua ez zela beteko, ez bizitza honetan, ez eta hurrengoan ere. Guk aldebiko prozesu bat nahi genuen, eta nahi dugu, baina Madrilek ez.

20 urte joan dira inflexio puntu bat izan zen ekitaldi hartatik; ez alferrik. Estatuak orduan esan genuena berretsi besterik ez du egin; EAEn gehiengo osoz onartu zen estatutu berriaren proposamena baztertuz, Kataluniako legebiltzarrean ia aho batez onartu zen estatutu berria mesprezatuz, EAEn zein Nafarroan gehiengoz onartzen diren legeak aldebakartasunez balio gabe utziz… Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere: indar-harreman kontua da.

Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi badugu, indar metaketa prozesu bat abiatu beharko dugu; prozesu mobilizatzaile bat, helburu zehatz eta partekatuekin, zeinaren bidez iritsi behar dugun Estatua negoziatzera behartzera, eta ezezkoan tematzen bada, independentzia aldebakartasunez aldarrikatzera, Katalunia egiten ari den moduan.

Bide horretan, uste genuen, behin ETAk borroka armatua utzita, bi familia abertzale nagusiak gai izango zirela burujabetza prozesua abian jarriko zuen estrategia minimo bat adosteko. Ez zen horrela izan, eta denbora gelditu egin da.

EAJk, egun, ez du halako prozesu bat abian jartzeko asmorik, gogorik. Bere aurpegi soberanista lozorroan gordeta, hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu; kaleetan ez du jendetzarik topatzen burujabetza prozesua aldarrikatuz; eta Kataluniara begiratzen duenean, bere alderdi anaiaren gainbehera ikusita, “abentura soberanistetan” sartzeko tentazio oro uxatzen zaio.

EH-Bildu saiatzen da, bai; ez da eskaintza faltagatik izango: akordio proposamen bat hemen, beste akordio proposamen bat han, EAJ erakarri nahian, bere zenbait helbururi uko egiteko prestutasuna erakutsiz, akordioren batean esplizituki uko eginez, balizko burujabetza prozesu bat martxan jartzeko esperantzarekin, Maltzaga abiapuntu bakarra bailitzan. Eta halaxe gaude, geldirik, Maltzagako geltokian, zain.

Argi dago: Gernikako ekitalditik 20 urte beteko diren honetan, beste inflexio puntu bat behar dugu. Gernikan “Estatutua hil da” esan genuen; oraingoan “Maltzaga hil da” esan genezake. Maltzagaren kontra gaude? Ez. Maltzagak tresna baliagarria izateari utzi dio? Ez. Orduan, zergatik diogu hilda dagoela? EAJk azken hamarkadan argi utzi duelako ez duela burujabetza prozesu bat abiatzeko inolako asmorik. Estatutuaren heriotzatik Lizarra-Garazi etorri zen. Orain galdera da: Maltzaga ondoren, zer?

Azken hamarkadan agerian gelditu da geure bizitzan eragin kaltegarria duten erabakiak hartzen ari direla, gero eta urrunago, gero eta jende gutxiagok. Burujabetza egunez egun, urtez urte, galtzen gabiltza arlo guztietan, eta multinazionalen mesedetan desberdintasunak, prekarietatea, pobrezia eta sufrimendua zabaltzen ari dira. Inor gutxik jarriko du hau ezbaian.

Dena den, batzuk diote hau dela dagoena, ezin dela besterik egin, sakrifizioak ezinbestekoak direla, austeritate politikak zintzo-zintzo eta liskarrik gabe onartuta, gauzak bere onera itzuliko direla. Esan genezake gauzak diren bezela mantentzearen aldekoak direla hauek.

Beste batzuk, ordea, aldaketaren aldekoak gara. Diogu gauzak beste modu batera egin daitezkeela, geure bizitzetan burujabetza berreskuratu behar dugula, eta Europatik datozen erabaki politikoei entzungor eginez, guri komeni zaizkigun erabakiak hartzen joan gaitezkeela.

Eliteak kezkatuta daude azken aldian aldaketaren aldekoak gailentzen ari direlako. Populista ezizena jarri diete, eta zaku berean sartu dituzte Eskozia, Brexit, Le Pen, Podemos, Katalunia eta Trump, tranpa beraiek eginez. Aldaketa nahi dugunok burujabetza berreskuratzearen alde gaude, baina bi burujabetza mota daude:

  1. Izuan, autoritatean, seguritatean, arrazakerian, desberdintasunean, erresistentzian oinarritutako burujabetza kontserbadorea, atzera bueltatu nahi lukeena, ezer ez aldatzeko.
  2. Demokrazian, parte-hartzean, aniztasunean, parekidetasunean, iraunkortasunean, itxaropenean oinarritutako burujabetza sozial eraldatzailea, herri berria, bizitza berriak eraikitzeko.

Bizi ditugun garai interesgarri hauetan, arazoa politika neoliberala da (jarraitasuna aldarrikatzea arazoan sakontzea da). Aldaketa autoritarioa ez da soluzioa, arriskua baizik (bizitzaren kontrakoa; Le Pen, Trump…). Arazoarentzako irtenbidea eta eskuin muturraren arriskuarentzako antidotoa aldaketa demokratikoa da, burujabetza sozialean oinarritua. Hain justu, hau aldarrikatzen dugu gehiengo sindikalak, mugimendu feministak eta ekologistak, aniztasunaren eta errefuxiatuen aldeko mugimenduek, ekonomia sozial eraldatzaileak, inklusioaren eta giza eskubideen aldekoek, ezkerreko alderdi eta mugimendu politikoek…

Hortaz, “Maltzaga ondoren, zer?” galderari, hala erantzungo nioke nik: burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta.

Martxan jarri. Korrontea sortu. Denborarekin, agian, korronte horrek indar nahikoa hartuko du, eta orduan, beharbada, Maltzaga berpiztu egingo da, Katalunian bezala. Nork daki, ez gara igarleak. Garrantzitsuena, orain, prest gaudenak abian jartzea da.

Convenio propio en Telemarketing

Esta es la respuesta a @sergio_almah a la pregunta que ha hecho en Twitter (el blog da la opción de hablar con más detalle y más sosegadamente; como la intención es que nos entedamos bien, ha optado por escribir tranquilo en el blog; espero sirva de ayuda).

telemarketing

A nivel estatal se ha hecho una huelga en telemarketing (#SaturaTelemarketing) por el convenio estatal, que en Euskadi no se ha secundado. Como es lógico, por lo que he entendido, @sergio_almah se ha sentido identificado con las huelguistas (normal), y se ha preguntado por qué aquí no se ha hecho huelga.

No se si trabajas en Telemarketing, o, sin más, ha sido la solidaridad de clase la que te ha llevado a identificarte con las huelguistas, cosa que aprecio.

La huelga es por el convenio estatal de Telemarketing. Cualquier convenio estatal, de cualquier sector, siempre tiene unos contenidos muy probres con respecto a los convenios propios (hasta ahora normalmente han sido convenios provinciales, pero también pueden ser autonómicos). Un ejemplo de muestra: el convenio estatal de restauración establece una perdida de salario del 50% y 50 horas de trabajo más al año, con respecto al provincial de Bizkaia.

Es normal que las trabajadoras de Telemarketing del resto del estado luchen por un convenio estatal, porque ello mejora sus condiciones de trabajo, pero en nuestro caso, en Bizkaia por ejemplo, lo que de verdad mejoraría sustancialmente las condiciones de trabajo de las trabajadoras de Telemarketing sería abrir ámbito propio de negociación.

Se hizo un intento de abrir negociación en el ámbito autonómico, pero la patronal prefiere negociar el estatal, porque le sale más barato. Es normal que CCOO, UGT y CGT luchen por el convenio estatal, ya que representan a las trabajadoras de todo el estado, y para la mayoría de trabajadoras del estado, el convenio estatal es una mejora sustancial. Pero aquí, la mejora sustancial se daría abriendo ámbito propio de negociación, tal y como existe en el resto de sectores. Esa es la lucha que tenemos que lidiar aquí.

Hace unos meses me decía un delegado de ELA (no me acuerdo del sector, pero sé que sus condiciones laborales las regulaba el convenio de Bizkaia): yo soy de Melilla, trabajo aquí, en Bilbao, y sé dónde se tienen que decidir mis condiciones laborales, aquí, en Bizkaia. Por eso es por lo que tenemos que luchar.

Nosotrxs trabajamos por mejorar las condiciones de trabajo y de vida de lxs trabajadorxs de Euskal Herria. Está claro qué interesa a las trabajadoras de Bizkaia, o de Euskadi de Telemarketing: abrir ámbito propio de negociación, aquí, y luchar por una mejora sustancial de sus condiciones de trabajo. En eso estamos.

No obstante, a los sindicatos CCOO, UGT y CGT les interesa más la lucha por el convenio estatal, lo que también es lógico, dado que es lo que le interesa a la inmensa mayoría de sus representadas.

Espero que esta explicación sirva…

 

Langile klasearentzako ekonomia sozial eraldatzailearen bila

20161110_164907

Cesar Renduelesek hitzaldi gogoangarria eman zuen atzo Ekonomia Sozial Solidarioaren Kongresuan. Hona gehien gustatu zaidan zatia dakart (espero dut kongresuko webean hitzaldi osoa jarrito dutela).

Ekonomia sozial solidarioa luze eta zabal goraipatu ondoren, dudarik gabe, esan zuen, ezker eraldatzailea bide horretatik eta kooperatibismotik joan behar da. Baina erronka bi paratu zituen gure aurrean:

1.Ekonomia soziala diogunean, zer da soziala? Soziala ez da hitz neutroa, eta arrisku bat ikusten du: klase ertainean soilik pentsatzea. Ekonomia sozialak arriskua du klase ertain deitua izan den errenta altuenak dituzten(gun) populazioarren %30 horrentzako erreminta bihurtzea. Jende gehiena ez dago kooperatiba sortzeko baldintzetan. Langile klaseaz ari zen: teleoperatzaileak, garbitzaileak, supermerkatuetako dependientak… lan baldintza eskas eta prekarioenak dituztenak.

Arriskua, beraz, ekonomia sozialak langile klasea baztertzean ikusten du, eta hori argiago ikusteko adibide bat jarri zuen: hezkuntza kooperatibak. Guraso aurrerazale batzuk eskola bat sortzen dute, hezkuntza publikoan ematen diren eduki, metodo eta baloreekin ez datoztelako bat. Hori oso ongi dago. Baina gertatzen da, eskola horiek klase ertaineko ikasle zurientzako eskola berezitua bihurtzen dela, langile klasea baztertuz. Ikastoletaz gogoratu nintzen.

2.Klase ertainaren sumindura motor eraldatzaile oso mugatua da, eraldaketa, normalean, galtzeko ezer ez dutenen aldetik etortzen baita (etxeetatik kaleratutakoen borroka aipatu zuen). Hemen oroitu nituen egun greban dabiltzan hainbat sektore eta enpresetako langileak (Gipuzkoako errepideak, Kaiku km0, Bizkaiko erresidentziak, Unibertsitate eta institutuetako garbitzaileak…). Egoera prekarioenean daudenek duten bizitasun, indar, kemena nahiz eta greba hilabeteetan luzatu.

Horregatik, ekonomia sozialak eraldatzailea izan nahi badu, sindikalismoaren eskutik joan behar duela esan zuen, unibertsala izan dadin. Sindikalismo eraberrituaren eskutik esan zuen zehazki, CCOO eta UGT egun ez baitira eraldatzaileak. Aipatu zituen estatu maila lan ona egiten diren sindikatu txikiak.

LAB eta ELA ez zituen espreski aipatu, baina badakit sindikatu txiki horien barnean kokatzen gaituela, beste estatuko ikerlari batzuek egiten duten moduan. Eta konturatu naiz ekonomia sozial solidarioaren erronka berbera dugula guk ere: egoera prekarioenean dauden langileentzako erreminta eraldatzaile baliagarria izaten asmatzea. Ez da erronka makala, alajaina!

Hitzaldia amaitu zenean gerturatu nintzen beregana. Trukatu genituen emailak, eta esan nion hona berriro ekarri behar dugula sindikalistoi hitzaldi berbera eman diezagun.