Digitalizazioa: Zein da lasterketa zoro honen helmuga?

Atzo Baionako Zizpa Gaztetxean Bizi! mugimenduak Digitalizazioari buruz antolatu zuen mahai inguruan hitz egitera gombidatu ninduten. Hemen duzue esandakoa:

Gabon guztioi eta mila esker gonbidapenagatik. Ni Unai Oñederra naiz Manu Robles-Arangiz fundazioko zuzendaria. Dakizuenez fundazio hau Hego Euskal Herriko ELA sindikatuaren fundazioa da. Digitalizazioak arlo sozialean dituen eraginetaz hitz egiteko eskatu didate. Ingurumenean eta gizakiongan duen eraginaz, beraz, ez naiz arituko.

Denbora gutxi daukat eta gaia oso zabala da. Beraz, zertzelada batzuk ematera mugatuko naiz. Zerbaitetan sakondu nahi baduzue amaieran galdetu lasai eta xehetasunetan sartuko naiz.

Dena den, transmititu nahi dudan ideia nagusia hau da:

Gero eta azkarrago goaz
jakin gabe nora
lasterketa eroan jarri gaituztenak
gure lan eta datuekin
jaun eta jabe bihurtu bitartean

Gure proposamena da multinazional teknologikoen esku dagoen lasterketa zoro hau gelditzea, guztiona eta guztiontzat onuragarria den digitalizazio eredua eraikitzeko.

Hiru zatitan banatu dut hitzaldia:

  1. Digitalizazio lasterketa ero hau ez da oraingo kontua. Gu atzetik gabiltza.
  2. Lasterketa ero honek guztia birpentsatzeko aukera eman digun geldialdi bat izan du.
  3. Geldialdi ondoren azelerazio berria etorri da. Baina, azelerazioa, norantz?

Digitalizazioa ez da oraingo kontua

Lasterketa teknologiko hau Gerra Hotzean hasi zen. Diru publiko mordoa erabilita eraiki zen Silicon Valley, eredu neoliberala erabiliz: multinazional pribatuentzat dirua, desregulazioa eta erraztasun guztiak, fiskalak barne, ahalik eta gehien irabaz dezaten. Horrelaxe garatu dira GAFAM deituak: Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft. Digitalizazio hori gabe ezin da ulertu globalizazioa; ezin da ulertu ekonomiaren finantziarizazioa; ezin da ulertu horrek guztiak ekarri zuen 2008ko krisia eta agintariek emandako erantzunak utzi dituen ondorioak.

Enpresa teknologiko hauek plataforma digitalak, zerbitzuak eta produktuak eskaintzen dizkigute, askotan musutruk, bizitza errazteko asmoz (teorian). Hau bai dela berria: doako zerbitzuak! Non dago sekretua? Apunta ezazue esaldi hau mesedez: zerbitzu bat doakoa bada, zeu zara produktua. Gure datuak dira bilatzen duten altxorra, gero iragarki pertsonalizatuak salduz dirua irabazteko, besteak beste.

Oparitzen dizkiegun datu guztiei esker, guk geuk baino hobe ezagutzen dituzte geure buruak. Facebookek badaki haurdun zaudela zuk jakin aurretik. Gure seme-alaben datu guztiak Google-ri oparitzen ari gara hezkuntzan. Eusko Jaurlaritzak 18 milioi eurogatik Microsoft kontratatu du administrazioko egitura teknologiko guztia kontrolatzeko. Pentsa zein botere eskuratzen ari diren!

Datu horiek guztiak, ere, adimen artifiziala perfekzionatzeko erabiltzen dituzte. Helburua gure lana ordezkatzeko robotak garatzea da; industria 4.0 izenez bataiatu dute etorkizun hurbil hori.. Lanaren amaiera aldarrikatzen dute eta mehatxu hori etengabe darabilte, lan baldintzak prekarizatzeko helburuarekin. Patronalaren betiko eskaera da: lanordu gehiago sartu diru gutxiagoren truke. Tubacexen argazkia jarri dut hor. 125 pertsona kaleratu nahi zituzten. 236 greba egun ondoren ez zuten inor kaleratu baina sinatutako akordioan lanorduak igotzera behartu zituzten langileak. Langileak soberan zirela zenioen, eta orain, inor kaleratu gabe, lanorduak igotzera behartu dituzu?

Enplegu galerarena egia izan daiteke, baina uka ezina dena da historikoki mehatxu bezala erabili dela. Bestela, begiratu biztanleria aktiboarekin historikoki gertatu dena:

Biztanleria aktiboa1980 (*1990)2019
Hego Euskal Herria991.9001.484.020
Espainiar estatua13.464.60023.027.100
Europar Batasuna192.634.757*217.001.640
Mundua2.325.055.698*3.467.973.718

2018ko Europako Batzordearen txosten batek zioenez “enplegu tasa ez da inoiz hain altua izan”. Eta Ronaldo Munck soziologo argentinarren hitzetan Hegoaldeko herrialdeetan 1995 eta 2005 urteen artean langile kopurua bikoiztu egin zen.

Orain dela 100 urte, borroken bidez, langileek lortu zuten zortzi orduko lan egunarekin jarraitzen dugu. Eta ez hori bakarrik! Plataforma digitalek, ere, libre gelditzen zaigun denbora tartea lantxoak eginez betetzera gonbidatzen gaituzte (Glovo, Deliveroo, Uber, AirBnb…), soldata estratxo bat eskuratzeko. Baina kontzienteki izan gabe ere, aisialdian, konektatuta gauden uneoro, beraientzat lanean ari gara, gure datuak oparitzen…

Ikusi dugun bezala, lan orduak ez dira murrizten. Hedatzen ari dena prekaritatea da, hori baita mehatxu honek bilatzen duena: lan baldintzak birrintzea. Antonio Casilli soziologoak dioen moduan: kontua ez da lanaren desagerpena, bere degradazioa baizik.

Eta lan baldintza kaskartzean desberdintasun ekonomikoek gora egiten dute. %10 aberatsenak munduko aberastasunaren erdia du; 100 pertsona aberatsenek 4.000 milioi biztanle pobreenek baino aberastasun handiago dute. 2.018an GAFAMen negozio bolumena Saudi Arabiaren BPGren mailara iritsi zen: 700.000 milioi euro. Frantziaren BPGaren herena.

Are gehiago, administrazio publikoak erabaki asko enpresa hauen eta beraien algoritmoen esku uzten ari dira eraginkortasunaren eta objektibotasunaren izenean. Hautaketa prozesuak, laguntza sozialak, zerbitzuen efizientzia… Arrisku ikaragarri du horrek demokraziaren ikuspegitik. Erabakimena esku pribatuetan uzten ari garelako, enpresa pribatuek diseinatutako algoritmoen esku. Algoritmo hauen helburua ez da guztion onura bilatzea, lana erraztea eta salerosketak biderkatzea baizik. Eta bide horretan kalteak, bazterketak eta arrakalak sortzen badira, bost axola. Ikusten da, beraz, abiada bizian mugilduta gauden lasterketa zoro enpresa teknologiko handi hauek behintzat aberastasun eta botere asko metatzen ari direla.

Bizitza erraztera omen zetozen, baina hiperkonektatuak egonda, minutu oro produktiboa izateko mandatuarekin, eta enpresek gure lana kontrolatzeko garatu dituzten erremintek eragiten duten jazarpenarik, antsietatea, estresa, buruko gaixotasunak eta suizidioak areagotu dira. Ondo ezagutuko duzuen France Telecomen kasua paradigmatikoa izan zen.

Sare sozialak politizaziorako erremintak izango zirela uste genuen, baina gehiegizko informazio jarioarekin, fake news-ak tartean, kontrakoa gertatu da. Berehalakotasunak, ikusgarritasunak eta mezu laburren exijentziak eztabaidak pobretu egin ditu. Berdin pentsatzen dutenen burbuilak sortu dira. Desberdin pentsatzen dutenekin eztabaida eraikitzailea plaza baino, irabazteko edozerk balio duen gudu zelaia bihurtu dira sare sozialak. Eta ikusi da ere, algoritmo eta robotek hauteskunde emaitzak alda ditzaketela.

Abiada bizian gindoazenela, aipatu dugun honekin guztiarekin ezinegona hedatzen zihoan eta kaleak betetzen, bapatean, dena gelditu zen arte.

Geldialdia

Guztiak etxean sartu ginen. Beno, guztiak ez. Lan batzuk ezin ziren gelditu, funtsezkoak ziren bizitzak aurrera jarrai zezan. Bapatean, agerian gelditu zen funtsezko lanak zeintzuk ziren, eta agerian gelditu zen lan horietako gehienak oso prekarioak zirela.

Ikasgai asko utzi zizkigun geldialdi horrek. Zuek Bizin ikasgari horiek biltzen zituen lan ederra egin zenuten, Etorkizuna hemen balitz izenburupean. Gure ustez merkatuaren logika zentzugabea agerian usteaz gain arlo hauek duten garrantzia azaleratu zuen konfinamenduak: zaintza lana, sistema publikoa, birtokiratzea, mugikortasuna baretzea, burujabetzak berreskuratzea (teknologikoa barne)… Azken finean, guztia birpentsatzearen garrantzia mahai gaineratu zen: Zer baliabide ditugu? Zer lortu nahi dugu? Nola eraikiko dugu nahi dugun hori?

Baina guztiak etxean ginela, plataforma digitalek ere jauzi kualitatibo bat eman zuten. Etxetik lanean, ikasten jarraitu behar genuen. Jatekoak eta edateko internet bidez eskatzen eta erosketak online egiten hasi ginen. Hori guztia software librea eta ekonomia sozial eraldatzaileko kooperatiben txikiak erabiliz egin genezakeen, baina, berriro ere, normala den bezala, multinazional pribatuak gailendu ziren. GAFAM indartzeaz batera, NATU (Netflix, Airbnb, Twitter eta Uber) eta banaketa plataforma digitalek (Glovo, Deliveroo, Just Eat…) jauzi bat eman zuten, eta gure egunerokoan normalizatu ziren.

Azelerazioa berria: zerura begira?

Aurreko krisian bezala, gauza bat da zer esaten den, eta beste bat zer egiten den (gogoratu 2008an Sarkozyk esan zuena: kapitalismoa oinarri etikoen gainean birfundatu behar da). EB-k oraingoan Next Generation funtsak eskaintzen dizkigu, proposamen honekin: trantsizio ekologiko eta digitala, multinazionalen eskutik. Hau da martxan jarri berriro, lasterketa zoroan, nora goazen jakin gabe.

Beno, lasterketa honekin jaun eta jabe bihurtzen ari direnak badakite nora joan nahi duten. Eta horretarako prestatzen ari dira: etorkizunean espazioan biziko garela dio Jeff Bezosek eta, esango nuke, eraikiko duten bizileku horretan ez dutela guretzat lekurik izango…

Zerura begira gelditu ordez, lasterketa zoro hau gelditu egin behar dugu, HyM-ko langileak gelditu ziren bezala. HyM-k pandemia garaian online salmentak asko handitu zituen, irabazi handiak lortuz, baina gehiago nahi du: salmenta guztien %25a online egin. Horretarako langileak soberan zituela esan eta Madrilen CCOO eta UGT sindikatuekin kaleratzeak adostu zituen. Hego Euskal Herrian, ordea planto egin zuten langileek. 50 eguneko grebaren ondoren, Hego Euskal Herrian inor ez kaleratzea lortu zuten. Hemen ez dago inor sobera!

Orain dela mende bat zortzi orduko lan egunaren alde borrokatu zen moduan, orain ere, behar izanez gero, 30 orduko lan astearen alde borrokatu beharko dugu. Produktibitatea hazi bada, eta makinek gure ordez lan egin behar badute, gutxiago lan eginda eta soldatak mantenduta, hobe biziko gara. Horretarako gertutasuna, kolektibo antolatua, politizazioa eta grebak behar ditugu.

Digitalizazioa multinazionalen esku utzi ordez, gure esku hartuta, eta gure artean zertarako erabiliko dugun erabakita, etorkizun oparoa izan dezakegu. Eztabaida hori mahai gainera ekartzeko sortu dugu eragile desberdinek Euskal Herria Digitala ekimena.

Mozorovek dio neoliberalek merkatuaren alde egiten zutela sistema eraginkorrena zelako. Gaur badugu merkatua baina eraginkorragoa den teknologia. Kontua da zeinen esku dagoen eta zertarako erabiltzen den. Burujabetza teknologikoa berreskuratuz gero izan dezakegu amesten dugun mundua eraikitzeko aukera. Jakina, ez da batere erraza izango munduan agintzen duten multinazional teknologiko erraldoi hauei boterea kentzea. Baina, ez ginen errazkerietan ibiltzeko jaio ezta?

Bibliografia

ABDELNOUR, SARAH eta MÉDA, DOMINIQUE (2020), Cuando tu jefe es una app, Iruñea, Katakrak.

BERTHELOT, BENOÎT (2019), El mundo según amazon. Tres años de investigación, Madrid, Popular.

BROSSAT, IAN (2019), Airbnb. La ciudad uberizada, Iruñea, Katakrak.

CANCELA, EKAITZ (2019), Despertar del dueño tecnológico. Crítica sobre la derrota de la democracia frente al capital, Madrid, Akal.

GNUTTI, RUDY (2017), El mundo sin trabajo. Pensando con Zygmunt Bauman, Barcelona, Icaria.

LETERME, CÉDRIC (2020), El futuro del trabajo visto desde el Sur. Crítica a la “CUARTA REVOLUCIÓN INDUSTRIAL”, Madrid, Popular.

MORENO, JORGE (2018), No tengo tiempo. Geografías de la precariedad, Madrid, Akal.

O’NEIL, CATHY (2017), Armas de destrucción matemática. Cómo el BIG DATA aumenta la desigualdad y amenaza la democracia, Madrid, Capitán Swing.

SRNICEK. NICK (2018), Capitalismo de plataformas, Buenos Aires, Caja Negra.

WARK, McENZIE (2021), El capitalismo ha muerto. El ascenso de la clase vectorialista, Barcelona, Holobionte.

Tagged: , , , , ,

Utzi iruzkina