Monthly Archives: ekaina 2014

Erabakitzeko giza-katetik giza-sarea erabakitzera

gureeskudago

Argazkia goiena.net-etik hartua

Norabidea blogerako idatzia

Gozatu egiten du amaginarrebak Aimar Olaizolak irabazten duenean. Askoz gehiago gozatzen du, ordea, garaipen horren irudiak behin eta berriz ikusita.Nik esango nuke garaipenaren gozamen iheskorra iraunarazteko modu bat dela. Eta halaxe gabiltza guztiok igandeko giza-kateko irudiekin, axolagabetasun zein amorrutik estasira doan eskal batean: Gure Esku Dagon parte hartu ez zutenetatik Gure Esku Dago antolatzen gehien inplikatu zirenetara.

Ez da alperrik azpimarratzen gaur egun irudiek eta komunikazioak duen garrantzia. Hor ibiltzen gara argazkiak, bideoak, eta txioak sarean partekatzen, ikusten, irakurtzen. Lagun katalan batek arazoak zituen 150 karakteretan #EstaEnNuestrasManos-ekin txio bat osatzen, luzeegia suertatzen zitzaion. Jar ezazu #podemos, bota nion.

Sinesmen horrekin, gure esku dagoela, ahal dugula, lor dezakegula, igandean eskua luzatu nionean bota zidan gezia alabak: zertarako emango dizut eskua ez du ezertarako balio eta!

Horixe bera esango zuen jendeak M25-ko hauteskunde aurretik ere, eta begira zer lortu duen Podemos-ek: Juan Carlos Borboiak ospa egitea. Hori bai, garaipen hori lortuta orain erronka handiena datorkio: antolakuntza, finantzazio-eredua eta estrategia definitzea.

Halaxe irudikatzen dut Gure Esku Dago ere, lan bikainaren fruitu den arrakastaren ondoren erronkarik zailenaren aurrean: nor gara, zer gara, zer egin eta nola. Egina dago giza katea, orain herritarren sarea, presarik gabe, Kataluniarrei kopuruak eta zeharkakotasuna ere kopiatzera iristeko. Lasai, Madrileko alderdi sistemikoek lagunduko digute.

Beraz, ez da lan makala falta zaiguna, igandeko mobilizazioak eta irudien gozamenak indarberrituta errazagoa izango zaigun arren. Gainera, alabak bota zidan geziari nire lagun katalanak jarri dio ukendua: Duran botatzea lortu duzue! Proposatu nion #podemos hura ez zitzaiola gustatu eta #Durango jarri zuela. Alderdi batzuk elebitasuna saihesteko ingelesa erabiltzeko joeraren ajeak…

Ah! Eta ez dizuet esan, baina igandean telebista kamera zekarren motoa gerturatzen ikusi zuenean, alabak gogor estutu zidan eskua. Irudiaren indarra.

Herri eta klase interesak

Blog bidez lasaiago hitz egin daitekeelakoan, posta hau @gazte_ekin-en txio hauei erantzuteko idatzi dut, gaia garrantzitsua iruditzen baitzait.

Endi-ren-txioak

  1. Testuingurua

PNV, PSE eta PPk eztabaida publikorik gabeko pribatizazioa nahi zuten. Oraingoz eztabaida piztea lortu dugu,baina orain pribatizazio prozesua gelditzea falta zaigu. Horretarako gaiari buruzko hitzaldi eta mahai inguruak ari gara antolatzen, eta ekainaren 21ean manifestazio nazionala deitu dugu Bilbon elkarrizketa sozialaren finantzazioaren menpe ez gauden sindikatuek eta hainbat eragile sozialek osatzen dugun Gune plataformatik.

Gauzak horrela, aurreko ostegunean, mahai inguru bat izan zen Bilbon: EH Bildu, ELA, LAB eta Ekai Center. Kutxabanken pribatizazio gelditu nahi duten lau eragile, mahai berean bakoitzak bere ikuspegia ematen, helburu bakarrarekin: jendea jabetzea Kutxabankekin egin nahi dutenaz, konturatzea gaiak duen larritasunaz eta mobilizatzea prozesu hau gelditzeko.

Twitterren Sortukide batek ELAkidearen esaldiak txiokatzen, eta @ELAsindikatua Sortukidearen txioak bertxiotzen. Halako mahai inguru batean espero den giroa. Orduan azaldu ziren posta hau sortu duten bi txioak.

Ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen zaidana. Orain lau urte (oraindik gogoan daukat, pentsa!) UEUk antolatutako desazkundeari buruzko ikastaro batean izan nintzen. Sindikatua trantsizio ekologikoaren erronkari heldu nahi dio, interesa du gaiak eta asko daukagu egiteko, horregatik eman genuen izen ikastaroan. Antolatzaileek ere deitu ziguten esanez garrantzitsua zela gu bertan egotea. Gustura joan nintzen.

Antzeko kezkek eta beharrezko dugun mundu hobe hori eraikitzeko gogo/zailatasunek batzen gintuen. Ongi zihoan kontua, harik eta hizlari bat pulpitutik sindikatuen kontra purrustaka hasi zen arte. Elkar ezagutzen genuen, aspalditik ez genuen elkar ikusten eta hitzaldi aurreko kafean agurtu ginen “Aspaldiko! Non zabiltza?”. Hanka sartu ei nuen ELAn nenbilela esan nionean. Biraoka hasi zen. Ez nuena espero zen, kontura etorri gabe hitzaldi amaieran berdin hastea. Badakit hori ez dela nahita egiten. Hori atera egiten da, pentsatu gabe, barneko amorru batek bultzatua.

Iruditzen zait kasu honetan ere halako zerbait izango dela, bestela ezin baitut ulertu elkarrekin goazen gai batean, elkarrekin jendea mobilizatu nahi dugunean eta mahai inguru atsegin batean solasean gabiltzala, ELAren kontrako txio hauek botatzea.

  1. ELAk zailtasunak ditu gazteak mobilizatzen

Guztiz ados. ELAk zailtasunak ditu gazteak mobilizatzen. Baina ez gazteak soilik, eta ez ELAk soilik: ez dugu nahi adina jende mobilizatzen oro har, nahi duguna lortzeko. Gizarte eraldaketarako askoz jende gehiago atera behar da kalera. Lan erreformak ezin izan ditugu gelditu. Pentsio erreforma ere ez. Murrizketak ere ez. Ezin izan ditugu presoak Euskal Herrira ekarri, eta ez dugu burujabetza lortu.

Demokrazia politiko eta ekonomikoaren alde borrokatzen dugunok zailtasunak ditugu egun pairatzen dugun indar-harremana iraultzeko.

  1. ELAk kontrabotere bakartzat du burua

Aurrerago esandakoarekin kontraesanean dago hau. Inozoa litzateke ELA halakorik pentsatuko balu. Lan munduan LABekin aliantza bilatzen dugu etengabe. Bistan da teoria eta praktika erreala arras diferentea direla: errealitatea beti da askoz ere konplikatuago, eta LAB-ELA harremana gorabeheratsua da, are gehiago hauteskunde garaia datorrenean. Dena den, nahia, bai alde batetik zein bestetik elkarrekin aritzea da, ezinbestekoa baita Euskal Herriko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetu nahi baditugu.

Lan munduan ELAk ez badu bere burua kontrabotere bakartzat, are gutxiago gizarte ereduan. ELA, beste sindikatu eta gizarte eragileekin batera, hainbat greba eta mobilizazio bultzatu dituen plataforma zabal batean dabil lanean, beti ere ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, doikuntza politiken kontrako indar metaketa helburu. Urte bete eman dugu ere Euskal Herriko eskubide sozialen karta adosteko. Urte bete, garrantzia eman zaiolako prozesuari berari, ahalik eta gizarte eragile gehienengana iristeko, eta guztiak prozesuaren parte senti zitezen. Urte luze honetan alternatiben alde gaudenon artean harremanak saretzen saiatu gara, lan honek bere fruituak emango dituela sinetsita.

  1. ELA bere zilborrari begira dago

Eusko Langileen Alkartasunari esatea bere zilborrari begira dagoela, irain handia da, sindikatuaren betebeharraren justu kontrakoa baita zilborrari begiratzea. Elkartasuna eta lan kolektiboa ezinbestekoa duen erakunde bati bere buruan bakarrik pentsatzen duela esatea, berekoia dela esatea, min egitea da. Ez dakit nahita edo nahi gabe, baina esango nuke egin daitekeen kritika gogorrena dela: langileak erabiltzen dituzue zuen urdaila betetzeko.

Gauzak gaizki egin ditzakegu, hanka sartu, egin nahi dugun gauza guztietara ez iritsi… baina langileak ditugu gogoan, ez gure zilborra. Ezinbesteko iruditzen zaigu Euskal Herriko langileek erakunde indartsu bat izatea. Herri interesa eta klase interesa ditugu gogoan erabakiak hartzean. Honetaz idatzi izan dut lehenago: Eztabaida piztu nahi dut, Zertan dabil ELA? eta Permach-ek ELAri luzatu eskuaz.

Hanka sartze eta huts egiteez gain, egiten ditugu ere zenbait gauza ongi, eta garaipen batzuk eskuratu ditugu borroka gogorren bidez, zailtasunak handiak izan arren: Gipuzkoako eta Bizkaiko zaharren egoitzak, Donostiako Tabakalera, Bizkaiko ehungintza, Bizkaiko eta Gipuzkoako gasolindegiak, Urnieta eta Iruneko ITV, Marie Brizard, Gasteizko Ariznabarra, Iruñeako Asimec, Atarrabiako Newark, 300dik gora enpresa hitzarmen Lan Erreformaren kontra, … Hemen daude gure lanaren zenbait fruitu irakurri-ikusi nahi badituzue.

Lanean gabiltza Hego Euskal Herriko langileen beharrei erantzuten saiatuz, langileak antolatuz, ideologikoki trebatuz, eta borroka kolektibora bultzatuz. Zailtasunak handiak dira, jendea beldurrez dago eta, normalean, ez du bizitza konplikatu nahi, baina beste biderik ez dagoela iruditzen zaigu. Enpresatan langileak kolektiboki antolatu behar ditugu; sindikatuak ez badu indarrik enpresetan, ez dauka indarrik inon. Eta iruditzen zaigu egiten dugun lan hau guztia oso garrantzitsua dela langile klasearentzako eta Euskal Herriarentzako oro har.

Fardapollas burujabeak

30k6oie

Ez zinen igerilekura bainujantzi horrekin joango ezta? Fardapollas bustia esekitzen ari nintzen, ezezkoak ez zuen balio. Arrazoia zuen funtsean, halako arropa nik ez daukadan gorputza dutenek eraman dezakete soilik. Nork esan behar zidan niri auzokideen aurrean halako piurekin ibiltzen ausartuko nintzenik?

Frantziako kanpinean behartzen zutelako irribarre lotsati batekin erosi nuenean, ziurtzat nuen soilik eta bakarrik, inork ezagutzen ez ninduen kanpaleku galiarretan erabiliko nuela. Oraindik gogoan dut kanpineko igerilekuan galtza motzak kendu eta slip haiekin biluzik gelditu nintzenean. Ezin nuen begirada altxa, bizkarra ohi baina makurtuago, begirada guztiak izainak bezala itsasten zitzaizkidan gorputz osoan. Eta begira, igeriketa teknika berritzaileak irakasten dituen talde batean nabil orain pitopiscinas-arekin, etxe ondoan.

Hasieran puntako kirolariak zebiltzan ikastaro honetan. Matxakiak, kirola egin ondoren kirol gehiago egiten duten horiek. Denborak, sailkapenak eta gorputza mimoz zaintzen dituztenak. Pozik zebiltzan, baina haiek beste erreinu batekoak ziren.

Taldea hazten joan zen, ordea. Fenomeno berezia bihurtu zen. Jende gehiagoz osatutako geroz eta talde ugariago.Triatloilariak apuntatu ziren, Duatlolariak gero, eta pozik zebiltzan ere. Monotloilariak apuntatu ziren azkenik, gustura hauek ere.

Aizu, honek egiten badu zuk zergatik ez duzu egingo? Halaxe zen, nire mailako jendea ikusten nuen. Denborarik ez dut, baina horiek egin badezakete nik ere. Eta hantxe azaldu nintzen nire mikrobainujantzi galiar sekretuarekin.

Azalpen hau bi mekanismotan laburbilduko lukete zientzia politikoetan: Antzekotasun esleipena (ikastaroan dabiltzanak ni bezalakoak dira) eta Emulazioa (nik ere ikastaroa egingo dut fardapollasarekin).

Amerika, Asia eta Afrikako herrialde kolonizatuak hasi ziren independizatzen. Beste mundu bat ei zen hura. Europako herrialdeek jarraitu zieten. Gurearekin ez omen zuten zerikusirik. Kataluniako herri mugimenduak kontsultarako galdera eta data lortu ditu, besteak beste Katalunia iparretik hegora eskuz esku lotu ondoren. Guk igandean Durango eta Iruñea lotuko ditugu. Antzekotasun esleipena eta Emulazioa.

Ai, ez dakigu ongi nolako garrantzia duen Kataluniako prozesuaren arrakastak gure etorkizunean! Independente garenean katalanek erabiltzen dituzten bainujantziak gomendatuko ditugu kanpinetan.