Monthly Archives: uztaila 2013

Gorputzak eskatzen diguna komeni zaigu?

ekintz-démesure-ferrari-200x200

Aspalditik buruan galdera bat dabilkit, eta ez dut lortu, oraindik, erantzunik. Zergatik desiratzen du gorputzak kalte egiten diona? Seme-alabek, esaterako, zergatik irrikatzen dituzte litxarreriak, jaki koipetsuak, gozoak, eta ez, aldiz, fruta eta barazkiak? Inork erantzunik balu, gustura jasoko nuke.

Ez da adinarekin konpontzen den kontua, gainera. Handikiekin ez gara asko egoten, baina beraien luxuak liluratzen gaitu, beraien bizimoduaren xehetasun guztiak gertutik segitzen ditugu: arte bihurtu duten janari estratosferiko fina, kotxe dotore hegalariak, ametsetako etxeak azken detaileraino apainduak. Lagunen baten ezagun halakoren batek palko batera gonbidatzen gaituenean, cocktail eta guzti, edo bere oporretako etxeetako batera, a zer gozatua. Bai garbiak denak, zein lurrin goxoak, protokoloa nola errespetatzen duten, zein hitz goxoak, zer dotorezia keinuetan, jantzietan, zein kultura fina, nolako harmonia, hori bakea… Dena erraza, dena eroso, etzan eta eramaten utzi…

Zer usain txarra, ordea, etxerik gabe gelditu direnak, kalean bizirauten dutenak. Ze zaratatsuak eta zikinak pankarta atzean kontzentratuak, megafonoarekin oihuka eta paper zein pegatinaz inguruak nazkagarri utziz. Bai biolentoak greba mugagabean dauden horiek. Zer gaizki hitz egiten duten, zer kultura gutxikoak, zelako hanka sartzeak beren idatzietan!

Kontuz baina! Goikoen zelofanezko irribarre, patxada eta elkartasun, bake, elkarrizketa hitzek kalkulu hotz eta bihozgabeak ezkutatzen dituzte. Gure kontrako biolentzia neurrigabea erabiltzen dute inposatzen dizkiguten politika neoliberalekin (ustelkeria kontuak ez aipatze arren), hori bai, ezarian bezala, gu konturatzeke, eskura dauzkaten medio guztiak erabiliz, gauza zatar guztiak guri leporatzen dizkiguten bitartean.

Luxua esplotaziotik dator. Gustura joango ginateke Barcenasek gonbidatutako bazkari batera, behartuago jangela sozial batera. Hain justu, kaltetzen gaituenak erakartzen gaitu. Baina elikagai osasuntsu eta kaltegarriena kontu natural bat den bitartean, luxua eta miseria gauzak eraikiak dira. Hau da, alda dezakegu.

Aldaketa komeni zaigu baina gorputzak ez du nahi. Zikina, konplikatua, gogorra da aldaketa, ziurtasunik gabea, bertigo eragilea. Nahiago dugu geure bizitza goikoen esku utzi, eta hori zuritzeko beren argudioak geureganatzen ditugu: kalean amaitu duena ez da nahikoa saiatu, langabetuak alperrak dira, laguntza sozial gehiegi jasotzen dituzte, etorkinei etxeak oparitzen dizkiete, mobilizazioak ez du ezertarako balio, enpresariak lan baldintzak mantenduko dizkigu, goikoek eskatzen dizkiguten sakrifizioak eginez aurrera egingo dugu…

Ezin dugu inoren zain egon. Komeni zaizkigun aldaketak geuk behartu behar ditugu, izan hitzarmen kolektiboak, izan burujabetza, izan alternatibak. Bizitza ez konplikatzeko esango diguten sirena kantuak entzungo ditugu, baina Itakara iristeko Ulisesek kantu horiek gainditu behar izan zituen.

Advertisements