Monthly Archives: maiatza 2015

Mila aukera edo bat

AlternatibenHerrixka

Eguraldia ez dute beti asmatzen. Egia da, bai, bizpahiru egun lehenago jakin dezakegula zer eguraldi egingo duen fidagarritasun handiz, baina ez beti. Ikusgarriak dira tifoiak edo hurakanak Estatu Batuetara gerturatzen erakusten dituzten irudiak. Kostaldera iritsi arteko ibilbidea marrazten dute detaile guztiekin, hirigunera noiz eta zer indarrarekin iritsiko diren zehaztasun osoz iragarriz. Horrela, ebakuazio planak jar daitezke martxan hondamendia gertatu aurretik.

Asko aurreratu da, tifoi edo hurakanen nondik norakoak kontrolatzen ditugu, baina hurakanaren sorrera ez (apur bat ekonomiarekin gertatzen den moduan). Esan beharrik ez dago, hurakanen zein lurrikaren ondorioak oso desberdinak direla herrialdetik herrialdera. Estatu Batuetan edo Japonian eragin dezaketen kalteak ez du zerikusirik Haitin, demagun, eragin dezaketen triskantzarekin. Desberdinatsun hori ez da naturala, gizakiok eragin dugu, eta hurakanak, ere bai. Klima aldaketa geu ari gara eragiten.

Gogoratzen duzue aukera bakarra, edo asko jota bi, genuen garaia? Ez, ez naiz ari frankismoaz, edo bipartidismoaz. Telebista zuribeltzeko katea aldatzeko besaulkitik jaiki behar ginenekoaz baizik (VHF ala UHF). Edo kafetegian, infusioa eskatzean, kamamila ateratzearekin batera “gaizki zaude?” galdetzen ziguten garaiaz. Orain infusioa eskatzen baduzu, mila eta bat gauko lurrinez beteriko menu bat jartzen dizute esku artean. Okindegian, ere, ogi handiak edo txikiak besterik ez zeuden.

Liluragarria da. Aukerak biderkatu dira, supermerkatura, okindegira, izoztegira sartzea besterik ez dago hortaz jabetzeko. Telebista kateak, telefono konpainiak, ginebra markak… Mila eta bat aukera dauzkagu, bai, baina golik ez dugu sartzen.

Kutsatu dezakegu jantzita daramagunarekin, kutsatu dezakegu jaten dugunarekin, kutsatu dezakegu erabiltzen ditugun trasteekin. Gure arropek, elikagaiek eta aparatuek kilometroak eta kilometroak pilatzen dituzte, travell club txartela bailiran. Zaborra ere bost edukiontzitan banatzen dugun arren, petrolioa botatzen dugu edukiontzi urdinera, petrolioa horira, petrolioa edukiontzi marroira. Petrolioa janzten dugu, petrolioa jaten dugu, petrolioz betea dugu etxea. Zer egingo dugu petrolio merkearen garai amaitu den honetan?

Etengabea izan da gizakiak natura menderatzeko egin duen borroka. Bide horretan eraginkorragoak izateko gizaki gehienak esplotatzera iritsi da sistema, natura gehiago esplotatu ahal izateko. Hala, urtaroekin amaitzea lortu dugu. Meloia jan dezakegu neguan, eskiatzera joan udan. Inoiz baina elikagai gehiago ekoizten da, eta inoiz baino gosetu gehiago dago. Harritzekoa da. Geroz eta gehiago esplotatu behar da natura, geroz eta jende gehiago esplotatu behar da, sistemak naturaren gainetak aurrera egin dezan. Geroz eta desberdintasun handiagoak daude, geroz eta tenperatura altuagoak. Gutxi batzuen ametsak gehiengoen amesgaizto bihurtzen ari dira. Erne! Atzeraezina izan daitekeen aldaketa baten arriskuan egon baikaitezke. Uste dugu natura garaitzear garela, baina, gu ere ez al gara natura?

Jarraituko dute esaten libre garela, eta egun baina aukera ugariago ez dugula inoiz izan. Arrazoi dute, libreak gara, baina aukera bi besterik ez ditugu: ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu, gure kontsumoak pertsonengan zein ingurumenean eraginik izango ez balu bezala, ala kontsumo konszientea eta arduratsua egin, hartzen dugun erabaki bakoitza mundu hobea eraikitzen duen adreilu bihurtuz.

Gauzak dauden bezala egonda, azken finean, aukera bakarra dugu, baina aurkera hori egunero jarri behar dugu praktikan. Ekainaren 6an Donostiako Antigua auzoan ospatuko dugun Alternatiben herrixkan asko ikasiko dugu horretaz, planetaren mugak errespetatuz eta klima aldaketa apalduz mundu hobea eraikitzen joateko egunero har ditzakegun erabakietaz, bizitza ez baitago aukeraz beteta, bizitza da aukera bakarra.

Menos samba e mais trabalhar

VIACAMPESINA

Samba, hilo dental eta caipirinha topatzea espero nuen, hori errepikatzen baitzidaten etengabe Brasilera nindoala esatean. Topiko tipikoak, guztion ahotan daudenak baina ez dutela zertan errealitatearekin bat egin.

Esaterako, nori ez diote esan janariarekin ez dela jolasten? Bada, horixe da egunero egiten dutena burtsan. Osasunarekin ere ez omen da jolastu behar, eta begira zer egin duen Nafarroako Erregimenak berarekin, CANekin egin zuen gauza bera: jolastu eta desagerrarazi.

Jolastu, boterea duenak soilik jolas dezake nahi duenarekin. Boterea duenak aukeratzen du zer den jolasgai, zeinek har dezakeen parte, arauak zeintzuk diren. Beraien esku dago erabakia; galdetu bestela Varoufakisi: Grezia independientea da, baina ez burujabea. Eta hori ez da patua, ez da halabeharra. Hori azken hamarkadetan hartu diren erabaki politikoen ondorioa da.

Multinazional eta finantza mundua hankapean jartzen joan da politika Reagan eta Thatcherren garaietatik hona. Baina ez da nahikoa, ez da amaitu saioa, prest da azken kolpea: TTIP du izena, estatuak muturreraino makurrarazi nahi dituen hitzarmena.

Euskal Herrian, ere, aspaldi saldu genuen burua txapela erosteko. Kontsumitzen dugun energiaren %95a kanpotik dator. Jaten ditugun elikagaien ehuneko txiki bat baino ez dugu ekoizten. Midasen bertsio pobrea gara, ikutzen dugun guztia hormigoi bihurtzen da.

Caipirinha batzuk hartu genituen, Samba apur bat dantzatu genuen, baina ez genuen hortzetako haririk topatu, ez behintzat Rio de Janeiron topatzen diren modukoak. Gu, EHNE Bizkaia eta Bizilurrek gonbidatuta Euskal Herritik joandako dozenatik gorako taldea, Brasil hegoaldean izan ginen, eta bertan bi eredu kontrajarri topatu genituen: agronegozioa vs. agroekologia.

Lehena multinazionalena da. Brasil osoaz jabetu nahi dute, enplegurik sortzen ez duen esportaziorako monokultiboak hedatu, lurrak agrotoxiko eta transgenikoz pozoitzeko. Brasil hustu eta zikindu, Suitzako banku garbietan kontu korronteak betetzeko.

Bigarrena La Vía Campesina da. Lurrak nekazarientzat berreskuratu nahi dituzte, Brasilgo jendea modu garbi eta osasuntsuan elikatzeko. Enplegua sortuz, bertako haziak eta produktuak pozoirik gabe landatu eta ekoitzi, Brasilgo jendea hobe bizi dadin.

Elikadura burujabetza da La Vía Campesinak proposatzen duen alternatiba. Alternatiba, ez soilik agronegozioari, kapitalismoari berari baizik. Elikadura burujabetza ez da nekazarien kontua soilik, langile klase osoarena da. Brasilen ikusi dugu La Vía Campesina eta zenbait sindikaturen arteko elkarlana, nekazariek ekoizten dituzten produktu agroekologikoak enpresetako eta zerbitzu publikoetako jangeletan zerbitza ditzaten. Hori lortuz gero, langile zein zerbitzu publikoetako erabiltzaileak ongi eta osasuntsu elikatuko dira.

Brasilen nekazaritza agroekologikoa esaten zaionari Ipar Euskal Herrian nekazaritza iraunkorra esaten zaio. Han ikusitakoa, beste indar batekin, beste errealitate batekin, hemen ere martxan da. Elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua sortzen ari da, Etxalde izenarekin: Euskal Herriko Vía Campesina. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, ere, elikadura burujabetzaren alde egin du. Gauzak horrela, orain, sindikatu eraldatzaileon erronka da nekazaritza iraunkorreko produktuak enpresa, eskola, ospitale, unibersitate eta zaharren egoitzetako jangeletan sartzen joatea. Bi aukera besterik ez baititugu: burujabeak izan ala burugabeak.

Zu ez zara mundu hobe baten alde lanean ari?

mundonuevo

Baditut hiru lagun. Bata ingenieroa, bestea Ezker Abertzalekoa eta hirugarrena komun garbitzailea, edo agure zaintzailea edo zabor biltzailea.

Ingenieroak ikusten nauen bakoitzean, “zer, konpondu duzu mundua?” galdetzen dit irribarrea ahoan duela. Liatuta nabilela esaten badiot, militante berriak detektatu eta antolatzen, “ni kalera botatzen banaute, militante bihurtuko naiz eta joango naiz enpresariari esplotatzaile deitzera” esaten dit ironikoki. Ez ditu sindikatuak gogoko eta umekerietan nabilela deritzo, ametsetan gehiago, mundu errealean baino gehiago.

Ezker Abertzalekoak barre egiten du ere ELAkoa naizela esaten diodanean. “Zer egiten duzu ELAn? Horiekin ez da eraldaketarik emango, horiek bere buruan baizik ez dute pentsatzen; sindikatu korporatiboa da, afiliatuen bila besterik ez dabilena. Hitz egin bai, kritikatu ere bai, baina ez dute ezer egiten”.

Komunak garbitzen, edo agureak zaintzen, edo zaborra biltzen dabilenari “zertan zabiltza?” galdetzen diodanean, “besteen kaka garbitzen” esaten dit, eta mirespen aurpegi batekin akaso, oso behetik begiratuko balu bezala, gehitzen du “zu bai ari zarela lanean mundu hobe baten alde…”.

Hiru lagunei, jende desberdinak beraiek, galdera berbera egingo nieke: mundu hobe baten alde lan egiteko monopolioa batek bakarrik al dauka? Eta lehen eta hiruagarren lagunei gehituko nieke: zu ez zara mundu hobe baten alde lanean ari?

Ah! Eta laugarren laguna ahaztu zait! Pertsona ona bera, maitagarria. Balore eta ideia hoberenen alde lanean beti, behar dutenei laguntzen, irribarrearekin ahoan. Ez daki zer den TTIP, ez daki zer den NDF edo zorraren sistema, ez dio garrantzirik ematen lan erreformari, ezta pentsio errefromari ere. Murrizketak ez zaizkio gaizki iruditzen, gehiegi daukagula eta gutxiagorekin moldatu behar dugula uste baitu, beste batzuk askoz okerrago daudelako. Elkartzen garenean esaten dit “Txiki beti haserre aurpegiarekin ateratzen da telebistan; sindikalistak beti kopetilun, beti borrokan, zarata egiten, gatazkan; nire ustez gatazkarekin ez da ezer konpontzen.” Gertatzen dena da, gatazkak azaleratu edo ez, beti daudela, baina berak beti bere gain hartzen ditu. Nahiago du tragatu, eztabaida bat edo giro txarra sortu baino. Ogi puska.

Azken galdera azken lagunarentzat: mundu hobea eraikitzerik badago gatazkarik gabe? Benetan?